1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
207/2023 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Los Arcosko udal-mugartean goi tentsioko instalazio elektriko baterako aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela, hain zuzen, deklaratzen baita.
2022ko azaroaren 11n, Héctor Sánchez Segra jaunak, Berrueza SA ordezkatuz, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzeko abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ingurumen Eraginen Ebaluazioa hasteko eskaera aurkeztu zuen, goi tentsioko instalazio elektriko honetarako:
–Eskatzailea: Berrueza SA.
–Espedientea: SAT7896-2.
–Instalazioaren kokalekua: Los Arcosko udal-mugartea.
–Xedea: Los Arcosko industrialderako argindarraren hornidura bermatzea.
–Ezaugarri teknikoak: aire-lurpeko linea mistoaren proiektua (13,2 kV), zirkuitu bikoitz eta bakunekoa, Los Arcos-Perguita Industrialdea TBA izenekoa. Linea berria eraikitzea tarte jakin batzuetan, eta kableak eta euskarriak ordeztea lehendik dauden beste tarte batzuetan, honela geldituta:
- Lurpeko tartea, zirkuitu bikoitzekoa, 80 metroko luzerakoa, Berrueza SAren jabetzakoa den Los Arcos azpiestazioaren eta 01 euskarriaren artean.
- Aireko linea berriaren tartea, zirkuitu bikoitzekoa, 855 metroko luzerakoa, 01 euskarriaren eta 06 euskarriaren artean, zeina joanen baita Los Arcos-Invernaderos izeneko 13,2 kV-ko oraingo aireko linearen ibilbidearen paraleloan.
- Aireko tartea, zirkuitu bakunekoa, 1.744 metroko luzerakoa, 06 euskarriaren eta 16 euskarriaren artean.
- Lurpeko linea berriaren tartea, zirkuitu bakunekoa, 1.480 metroko luzerakoa, 16 euskarriaren eta Los Arcosko industrialdeko 1. transformazio zentroaren artean.
–Obra gauzatzeko aurrekontua: 475.392 euro.
Eskaera hori Ingurumen Eraginaren Atalari igorri zitzaion 2023ko urtarrilaren 13an.
Halaber, 2023ko maiatzaren 17an, eskatu zituen aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa instalazio horretarako, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
2023ko maiatzaren 29an eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 118. artikuluan xedatutakoa betez, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera igorri zen espedientearen dokumentazioa, lurzoru urbanizaezinean jarduera baimengarrien baimena izapidetzeko.
Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, jendaurrean jarri ziren hogeita hamar egunean proiektu aurkeztua eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda; horretarako, iragarkia argitaratu zen 2023ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 18koan, 2023ko uztailaren 19ko Diario de Noticiasen, eta Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia webgunean.
Iragarkia Lor Arcosko Udalari igorri zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezaten. Egintza hori egiaztatzen duten eginbideak daude espedientean; ez da alegaziorik jaso.
Halaber, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127. eta 131. artikuluetan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko maiatzaren 15ean kontsulta egin zitzaion Los Arcosko Udalari, ukitutako erakundea baitzen, baina ez du txostenik eman egindako kontsultaren gainean.
2023ko maiatzaren 23an, dokumentazioa Lurraldearen Antolamenduaren Atalera bidali zen, lurzoru urbanizaezinetako jarduera baimengarrietarako baimena izapidetzen hasteko.
Espedientean, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 6ko 276E/2023 Ebazpena jaso da, eta ebazpenean bertan jasotako determinazioak bete beharko dira. Ebazpen horrekin batera dago Arkeologia Zerbitzuko Erregistro, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak emandako txostena, 2023ko ekainaren 20koa, zeinak adierazten baitu hiru aztarnategi arkeologiko katalogatu daudela lurzatien inguruan eta bidean, baita aurkikuntza bat ere, eta gerta liteke horiek ukiturik gertatzea proiektuaren obrak egin bitartean. Ondorioz, kautelazko neurriak jaso ditu, haien kontrol arkeologikorako kontuan hartu beharrekoak.
Espedientean dago, orobat, ingurumen ukipenen aldeko txostena, proiektuaren aldekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 17ko 91E/2023 Ebazpenaren bidez formulatua, honako neurri hauek aplikatzeko baldintzarekin:
Abifauna elektrokutatzeko arriskua gutxiagotzeko, gutxienez 1,5 metro egonen dira eroaleen artean; metro horizontal bat eroalearen eta pausatzeko eremuaren artean, eta 0,6 metro bertikalean. Gainera, zirkuitu bikoitzeko linean, 1,5 metro egonen dira gutxienez beheko erdigurutzetaren eta goiko eroalearen artean.
Beharrezkoak diren obrak bukatu ondotik, ukitutako eremu guztiak lehengoratu eginen dira.
Zerbitzutik kanpo geratzen diren azpiegitura guztiak (euskarri zaharrak barne) kendu beharko dira.
Proiektuak baimena du, jabari publiko hidraulikoa eta korronteen araubidea babesteko ondorioetarako Confederación Hidrográfica del Ebro a Berrueza SAk emana, Odrón ibaiaren gaineko aireko erdi tentsioko linearekin gurutzatzeko lanak gauzatzeko, Los Arcosen.
Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 378/2023 Ebazpenaren bidez baimena eman zitzaion Berrueza SAri kableak eta euskarri zutoinak ordezteko lanak gauzatzeko; hain zuzen ere, foru-komunitatearen intereseko errepideekin dauden aireko lau gurutzatzetan: NA-129 Acedo-Lodosa, NA-1110 Galar-Viana, NA-8401 eta NA-6335; azken biak Los Arcosko herrigunerako sarbideko errepideak dira.
Halaber, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren azaroaren 16ko 1120/2022 Ebazpenaren bidez baimena eman zen aireko gurutzatzea egiteko A-12 Donejakue bideko autobiako linearekin.
Proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrendan ez da aldaketarik izan espedientea izapidetzeko aldian, eta jatorriz 2023ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 18koan, argitaratutako bera da.
Adierazitakoarekin bat, eta Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa) erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betetzeko,
EBAZTEN DUT:
Berrueza SAri baimen administratiboa ematea aipatutako instalaziorako.
Instalazioari onura publikoaren deklarazioa ematea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Berrueza SA enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.
Onestea instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Héctor Sánchez Segura industria ingeniari teknikoak izenpetua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.
Instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta haren eranskinaren arabera gauzatu beharko dira, eta honako arau hauetan xedatutakoa bete beharko dute: goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta goi tentsioko linea elektrikoetan hegazti faunaren talken eta elektrokuzioen aurka babesteko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretua.
Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuaren abiarazte agiria eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek izenpetua.
Aurretiazko administrazio baimena, eraikitzeko administrazio baimena eta onura publikoaren deklarazioa emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.
Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusira, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurraldea eta Paisaia Zerbitzura, eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura.
Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezaten.
Ebazpen hau jakinaraztea Berrueza SAri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.
Ebazpen hau Los Arcosko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, honako hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
Iruñean, 2023ko azaroaren 17an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.
Iragarkiaren kodea: F2316396