260. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

480/2023 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibideak onesten baitira honako deialdi honetarako: deialdia, eskolaldi modalitatea hautatzeko (jarraitua edo malgua) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatuetan eta pribatu itunduetan, 2024-2025 ikasturterako.

Hezkuntzako kontseilariak azaroaren 9an emandako 106/2023 Foru Aginduaren bidez, eskolaldi motak erregulatu ziren Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetarako.

Foru agindu horren xedapen iragankor bakarrean xedatutakoaren arabera ("Eskolaldi modalitatea 2024-2025 ikasturtean"), eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua modalitate esperimentalak zirenez 2023-2024 ikasturtera arte, 2024-2025 ikasturtean, eskolaldi zatitua izanen da ikastetxe guztietarako aurrez zehaztutako eskolaldi modalitatea. Hala ere, ikastetxeek aukera izanen dute 2024-2025 ikasturtean eskolaldi zatitua ez den beste modalitate bat ezartzeko. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak ikasturte horretarako eskolaldia hautatzeko egiten duen deialdiari heldu beharko diote. Deialdi hori ebazpen bidez eginen da 2023-2024 ikasturtean.

Eskolaldia eskatzeko prozedura ezarrita dago Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren V. kapituluan, baina hura ez da aplikagarria Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatu eta pribatu itunduen kasuan.

Hala ere, aurretik azaldutakoa gorabehera, Hezkuntza Departamentuak jakin behar du zein eskolaldi izanen duten 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetan, herritarrei zerbitzu ezin hobea ematen lagunduko duen informazio guztia behar bezala kudeatu ahal izateko.

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren xedapen iragankor bakar horretan ezarritakoa betetzeko, eta oinarri harturik ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetako titularren eskumenak, Hezkuntza Departamentuak, ebazpen honen bidez, aukera eman nahi die ikastetxe pribatu eta pribatu itunduei erabaki dezaten 2024-2025 ikasturtean eskolaldi jarraitua ala eskolaldi malgua ezarri nahi duten. Era berean, modalitate horietako bat aukeratuz gero, Hezkuntza Departamentuak informazio hori eskuratu beharko du ebazpen honetan ezarritako epean.

Ikusirik Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen deialdi bat egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetan eskolaldi modalitatea (jarraitua edo malgua) hautatzeko 2024-2025 ikasturterako.

Dagozkidan ahalmenak erabiliz, hala ematen baitizkit Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Honako deialdi honetarako jarraibideak onestea: deialdia, eskolaldi modalitatea hautatzeko (jarraitua edo malgua) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetan, 2024-2025 ikasturterako. Hona hemen:

I.–Xedea eta aplikazio-eremua.

Ebazpen honen xedea da jarraibideak onestea honako deialdi hau egiteko: deialdia, eskolaldi modalitatea hautatzeko (jarraitua edo malgua) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxe pribatu eta pribatu itunduetan, 2024-2025 ikasturterako.

II.–Eskolaldi motak.

1. Bat etorriz Hezkuntzako kontseilariaren 106/2023 Foru Aginduaren 2. artikuluan xedatutakoarekin, eskolaldia honako modalitate hauetako batean gauzatuko da:

a) Eskolaldi zatitua.

b) Eskolaldi jarraitua.

c) Eskolaldi malgua.

2. Eskolaldia zehazteko eta antolatzeko, aintzat hartuko dira, batez ere, ikasleen eta haien familien zein legezko ordezkarien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

Halaber, curriculum saioak astean zehar banatzeko, arrazoi pedagogikoak hartuko dira kontuan.

3. Eskolaldi zatituaren, eskolaldi jarraituaren eta eskolaldi malguaren ezaugarriak ezarrita daude, hurrenez hurren, Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren II., III. eta IV. kapituluetan.

III.–Hezkuntza Departamentuari jakinarazteko epea.

2024-2025 ikasturtean eskolaldi jarraitua edo eskolaldi malgua ezarri nahi duten ikastetxe pribatu eta pribatu itunduek horren berri eman beharko diote Hezkuntza Departamentuari. Horretarako, mezu elektroniko bat bidali beharko dute jornadasescolares.sie/hiz@navarra.es helbidera, kopian jarrita ordenacion.academica@navarra.es helbidea. Mezua bidaltzeko muga-eguna 2024ko martxoaren 1a da. Epe horretan jakinarazpenik jaso ezean, ulertuko da eskolaldi zatitua egonen dela indarrean 2024-2025 ikasturtean.

IV.–2024-2025 ikasturtean ezarritako eskolaldiaren indarraldia.

2024-2025 ikasturtean ezartzen den eskolaldi modalitatearen indarraldia mugagabea izanen da, harik eta beste modalitate bat jakinarazi arte (Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen dituen egunetan eginen da hori).

V.–Jarraipena, ebaluazioa eta gainbegiratzea.

Eskolaldien jarraipenari, ebaluazioari eta gainbegiratzeari dagokienez, Hezkuntzako kontseilariaren azaroaren 9ko 106/2023 Foru Aginduaren VI. kapituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntza Zerbitzuen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.

Iruñean, 2023ko azaroaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

Iragarkiaren kodea: F2316990