2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ETXABARRIKO KONTZEJUA
Aldaketa, honako honetan: ordenantza, arautzen dituena udal hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubideak eta tasak. Behin betiko onespena
Etxabarriko Kontzejuak, 2022ko uztailaren 27ko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa bat honako ordenantza honetan: ordenantza, arautzen dituena hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubideak eta tasak.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 15ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea). Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.
Etxabarrin, 2023ko azaroaren 8an.–Kontzejuko burua, Ignacio Galdeano Ancín.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA UDAL HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDEAK ETA TASAK
LEHENBIZIKO KAPITULUA.–HILERRIA ERABILTZEA ETA ERABILTZEKO ESKUBIDEAK
1. artikulua. Etxabarriko Kontzejuari dagozkio kontzejuko hilerria administratzea, zuzentzea eta zaintzea, galarazi gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak; hori dena, jarraikiz Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluei, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4., 29., 30. eta 39. artikuluei, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluei.
2. artikulua. Administratzeak, zuzentzeak eta zaintzeak honako ahalmen hauek dakartza berekin:
a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin ikusteko duen guztia.
b) Hilotzak eramateari lotutako guztia eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
c) Lurrak eta hilobiak antolatzea, banatzea, erabiltzea eta aprobetxatzea.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
e) Erregistratzea hilobiak, kolunbarioak, ehorzketak, hobitik ateratzeak, lekualdaketak eta hilerrian ematen diren beste zerbitzu batzuk, eta beharrezko neurriak hartzea datuen segurtasuna bermatzeko, eta eragozteko datu horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatzea, edo horietara inor iristea.
3. artikulua. Kontzejuaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua.
Kontzejuaren ebazpen bidez onartuko dira hilobien eta kolunbarioen erabileraren gaineko eskubidearen emakidak, eskualdaketak eta azkentzeak, eta ebazpen horrek horren berri emanen die interesdunei, paperean edo euskarri telematikoan.
4. artikulua. Hilerria okupatuko da lehendik zeuden hilobiak altxatuz, antzinatasun ordenaren arabera, salbu eta familiak ehorzketa berria egin nahi badu lehendik dagoen familiaren hilobi batean, legezko epeak beterik, betiere.
5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horiengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak.
6. artikulua. Hilotzak hobitik atera daitezke hilerrian bertan lekualdatzeko edo beste hilerri batera eramateko.
Nolanahi ere, atera behar dira jarraikiz osasunaren gainean indarra duten xedapenei, behar diren neurri guztiak hartuta osasunaren aldetik.
7. artikulua. Antzinatasun ordenaren arabera hustu behar diren hobiei dagokienez, ez da beharrezkoa izanen inolako abisurik ematea.
Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak. Alkatetzari horren berri emanen dio aurretik, hark ikuskatu beharko baititu lanak.
8. artikulua. Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian paratuko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.
9. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik izan ez bazekarren, baltsamatu gabeko hilotzak desobiratu ahal izanen dira, baldintza hauetan:
a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.
b) Hilobi mota guztietan, zinkezko hilkutxan ehortzi bada, noiznahi ateratzen eta lekuz aldatzen ahalko da, baldin hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.
Horiek baino epe laburragoetan ez da emanen hilotzik ateratzeko baimenik, epaile baten aginduz ez bada.
Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da desobiratzerik eginen, epaileak agindu ezean.
10. artikulua. Noiznahi baimendu daiteke hilotz baltsamatuak desobiratu eta lekualdatzea, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria paratu beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.
11. artikulua. Hilerriko lurrak doan erabiltzen ahalko dira, behin ordaindurik ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak egiteko Kontzejuak ezarritako tasak. Ez da inoiz ere emanen epemugarik gabeko kontzesiorik.
12. artikulua. Hilerriko lurra erabiliko da lurperatzeko eta hilobietako elementuak paratzeko, ez bestetarako, honako honen arabera:
a) Lurreko hilobiak:
1.–Hilarriak eta gurutzeak paratzean, honako neurri hauek beteko dira:
–Diseinu mota: librea.
–Garaiera, gehienez: 65 cm.
–Zabalera, gehienez: 55 cm.
2.–Laukiak edo hobiak lurrez edo belarrez estalirik egonen dira, eta debeku da lauzak jartzea eta edonolako fabrika-obrak egitea.
3.–Erdiko ilaran, hilobietako hilarriek mugigarriak izan beharko dute, makinen lana errazteko.
b) Kolunbarioak:
1.–Kolunbarioa da hilotz erraustuak dauzkaten kutxatilak paratzeko tokia, eta errauts-kutxatiletan edo -kutxetan paratu beharko dira. Errautsak kolunbarioan paratu beharko dira nahitaez, inoiz ez lurrean.
2.–Kolunbarioaren hasierako erabilera eskatu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da eskatzailea Etxabarrin jaio izana edo bertan erroldatuta egotea.
3.–Kolunbarioaren hasierako erabilerarako eskubidea izanen dute, orobat, kolunbarioei buruzko apartatu honen 2. puntuko bi inguruabarretako edozein betetzen dutenen ezkontideek eta lehen eta bigarren mailako ahaideek.
4.–Kolunbario bakoitzean gehienez 4 pertsonaren errautsak uzten ahalko dira. Horien okupazio ordena: zutabeka, goitik behera, goiko ezkerreko aldetik hasita.
5.–Kolunbarioak familiarrak izanen dira, eta lehenbiziko errauts-kutxatila paratu duen familiari dagokio hurrengo errauts-kutxatilak paratzeko baimena ematea.
6.–Kolunbarioak erabiltzeko ordena heriotza berriaren arabera ezarriko da, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.
7.–Familia bat kolunbarioa okupatzen ari bada eta hilobi batean edo beste leku batean errautsak baditu, eta familiaren kolunbarioan sartu nahi baditu, erabilera berritzat joko da, eta dagozkion tasak ordaindu beharko ditu.
8.–Granitozko estalkiaren gainean egin beharko dira identifikatzeko grabazioak, eta dagokion familiak ordainduko ditu.
Betiere, begirunea eta apaindura gordeko dira hilerri barnean, beste lurzatiak/hilobiak inbaditu gabe eta kasu eginez Kontzejuko buruak mantentzeari buruz ematen dituen jarraibideei.
13. artikulua. Kontzejuaren kargura izanen dira hobien kokalekua, lur-erauzketen gastuak eta hobiak ireki eta ixteko kostuak.
14. artikulua. Titularren betebeharra da hilobiak eta kolunbarioak seguru, xahu eta apain edukitzea.
15. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:
a) Hilerria desagertzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.
d) Kolunbarioak gehienez ere 30 urtez okupatuko dira; Udalak epe hori laburtu ahal izanen du komeni zaion neurrian, baldin aipatutako epea iragan baino lehen kolunbario guztiak okupaturik badaude.
BIGARREN KAPITULUA.–TASAK, HILERRIAN ZERBITZUAK EMATEAGATIK
16. artikulua. Zerga-egitatea sortzen da zerbitzu hauek gauzatzean:
a) Ehorzketak.
b) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.
c) Hilotzak hobitik ateratzea.
17. artikulua. Tasa hauen subjektu pasiboak izanen dira ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.
18. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean ageri dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
19. artikulua. Lizentziak ematen ahal dira hobi berean batera lurperatzeko bi hilotz edo hilotz-hondakin edo gehiago, baldin eta ehorzketa lekuak behar bezain zedarriturik badaude. Alabaina, partikularraren kargura izanen dira hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak.
20. artikulua. Baldin hilerri honetako hilobi batetik gorpuzkiak ateratzen badira eta bertako beste batean ehortzi, hilobitik ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Hondakinak beste hilerriren batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.
21. artikulua. Ordenantzaren 17. artikuluaren a), b) eta c) letretan aipatzen diren zerbitzuei dagozkien tasak ordaindu beharko dira zerbitzuak egin baino lehen, salbu premia larriko kasuetan edo Kontzejuko bulegoek jaieguna dutenetan. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die Kontzejuko bulegoei, behar den tarifa ordainaraz dezaten.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatuari jarraikiz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko, bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
ERANSKINAK.–LURREKO EHORZKETAK ETA KOLUNBARIOAK
1.–Lurreko ehorzketak.
a) Etxabarrin erroldatuta daudenak eta bertan bizi direnak: salbuetsita.
b) Etxabarrin erroldatuta ez daudenak: zerbitzuaren kostua + 300 euro.
2.–Kolunbarioak.
a) Etxabarrin erroldatuta daudenak eta bertan bizi direnak: 300 euro lehenbiziko errauts-kutxatilagatik.
b) Etxabarrin erroldatuta ez daudenak eta bertan bizi ez direnak: zerbitzuaren kostua + 500 euro. Lehenbiziko errauts-kutxatilarako.
c) Bigarren, hirugarren eta laugarren errauts-kutxatilarako:
–Etxabarrin erroldatuta daudenak eta bertan bizi direnak: 50 euro.
–Etxabarrin erroldatuta ez daudenak edo bertan bizi ez direnak: 200 euro gehi zerbitzuaren kostua.
3.–Hobitik ateratzea: zerbitzuaren kostua.
Iragarkiaren kodea: L2315768