260. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANDOSILLA

Zerga kontrolerako udal plana 2024-2025 aldirako

Andosillako Udalak, 2023ko azaroaren 6an egin osoko bilkuran, zerga kontrolerako udal plana onetsi zuen 2024ko eta 2025eko ekitaldietarako, Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan zehaztutako norainokoa eta edukia izanik.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, argitara ematen da planaren testu osoa, behar diren ondorioak izan ditzan.

Andosillan, 2023ko azaroaren 7an.–Alkate udalburua, José Manuel Terés Azcona.

ANDOSILLAKO ZERGA KONTROLERAKO UDAL PLANA 2024KO ETA 2025EKO EKITALDIETARAKO

Atarikoa

Lehena.–Andosillako Udaleko zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko udal zerbitzuentzat beharrezkoa da zerga kontrolerako udal plana egitea 2024ko eta 2025eko ekitaldietarako.

Zerga kontrolerako udal plana funtsezko tresna da, planifikatu dadin udal administrazioak urtero egin behar dituen egiaztapen eta ikerketa jarduketak. Planak zehazten ditu zenbat eta nolakoak izanen diren kontrol jarduketak, eta horiek, hain zuzen, ahalbidetuko dute ekitaldian ezarritako helburuak lortzea.

Bigarrena.–Zerga Kontrolerako Udal Planak, funtsean, bi helburu nagusi izan behar ditu. Batetik, zerga justizia bermatzea, Konstituzioak agintzen duen bezala, 31.1 artikuluak hauxe baitio hitzez hitz: "Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera, tributu-sistema justu baten bitartez; berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituko da sistema hori, eta ezein kasutan ez da iritsiko konfiskatzeraino". Eta bestetik, Konstituzioaren 142. artikuluan azaltzen den helburua, toki entitateen nahikotasun ekonomikoaren printzipioan oinarritua: "Toki-ogasunek behar adina baliabide izan beharko dute legeak korporazio bakoitzari esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzeko. Baliabide horiek, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomia-erkidegoenetan parte hartuz bilduko dituzte".

Beraz, modu koordinatuan planifikatu behar da zerga betebeharrak kontrolatzeko eta balioak egiaztatzeko eginkizunak betetzen dituzten organoen jarduna, eta ikuskaritza unitateen ahaleginak bideratu behar dira zerga-iruzurrak atzematera eta eraginkortasunez erregularizatzera.

Hirugarrena.–Udal tributu guztietan iruzurrak atzematea izanen da planaren helburua, baina arreta eta ardura bereziarekin zainduko dira honako hauek:

–Ekonomia-jardueren gaineko zerga.

–Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga.

–Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga.

–Jabari publikoaren erabilera pribatiboa egiteko tasa.

Nolanahi ere, kontua ez da hemen zehatz-mehatz azaltzea zerga kontrolerako planaren indarraldian egin beharreko jarduketak. Aitzitik, zerga kontrolerako plan honetan aipatzen dira xedatzen diren jarduera ildo nagusiak, eta, orobat, zer arlotan zentratuko diren, lehentasunez, Udalaren zerga ikuskaritzaren ekintza nagusiak, deusetan ukatu gabe ekonomia-jardueren gaineko zergaren arloan Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren eskuordetzea behar duten eskumenak. Honako hauek zehaztuko dute zein izanen diren jarduera horiek: aplikatzekoa den araudiak, udalerriko errealitate fiskalak eta udalerriak eskura dituen baliabideek.

Finean, kudeaketa eta ikuskapen prozeduraren bidez egiaztatu eta ikertuko da ea zergapekoek ongi betetzen dituzten toki ogasun publikoarekiko betebeharrak.

Bestalde, jarduketen norainokoa partziala edo orokorra izaten ahal da. Jarduketa orokorrak eginen dira zergapekoaren zerga egoera bere osoan egiaztatzeko, toki ogasunaren edozein baliabideri dagokionez; eta jarduketa partzialetan, berriz, zerga bakar bat edo zergetako batzuk aztertuko dira.

Kudeaketa arloan, honelakoak eginen dira: zerga kudeaketako egiaztapen eta ikerketa lanak; egiaztapen mugatuko prozedurak; edo, kontraesanezko peritu-tasazioko prozesuak baliatuz, balioak egiaztatzeko prozedurak, hori egitea bidezko bada.

Zerga Ikuskaritzak, bere jarduketetan, egiaztatuko du ea zehatzak eta egiazkoak diren zergapekoek adierazitako egitateak eta inguruabarrak, tributu bakoitzerako eskatzen diren aitorpen eta jakinarazpenetan. Halaber, ikertuko dute ea baden egitatezko elementuren bat edo zerga arloan garrantzitsua den beste aurrekariren bat, administrazioak ezagutzen ez duena osoki edo hein batean. Azkenik, aztertuko dute ea zehatzak diren zergapekoek egindako zerga likidazioko eragiketak eta, era berean, ezarriko dute haien zerga egoeran egokitzat jotzen duten erregularizazioa.

Informazioa lortzeko jarduketen helburua da pertsona edo erakunde baten esku dauden datu edo aurrekariak ezagutzea, baldin eta informazio hori zerga arloan garrantzitsua bada beste pertsona edo erakunde batzuei dagokienez, oro har informazio hori zerga administrazioari aitorpen bidez jakinarazi beharrekoa ez bada.

Deusetan ukatu gabe administrazioko beste organo batzuen eskumenak, emanen dira argibideak eta aholkuak, hala eskatuz gero, ekonomia eta finantza gaiez, gai juridikoez edo gai teknikoez.

Aplikatzekoa den legeria

Udalaren zerga ikuskaritzaren eginkizuna da subjektu pasiboen eta gainerako zergapekoen zerga egoera aztertzea, jakiteko ea zehazki betetzen dituzten Udalarekiko zerga betebeharrak eta eginbeharrak eta, hala balegokio, beharrezko erregularizazioa egiteko.

Udalaren zerga ikuskaritzak egin beharreko jardueren norainokoa eta edukia honako arau hauetan daude zehaztuta: Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren bidez.

Organo eskudunak onetsitako zerga kontroleko planetara egokituko dira Udalaren zerga ikuskaritzaren eginkizunak.

Zerga kontrolerako plan bakoitzean zehaztu behar da zer irizpide hartu behar diren kontuan subjektu pasiboak hautatzeko eta planaren barnean sartzeko.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira zerga kontrolerako plan bakoitzak oinarritzat dituen irizpide orokorrak, eta, horrela, betetzen da ezartzen den betebeharra hala Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan nola ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamendua).

Zerga kontrolerako udal planaren funtsa eta indarraldia

Espainiako Konstituzioak, 31. artikuluan, inplizituki babesten du zerga kontrolerako plana beharrezkoa dela Konstituzioaren agindua gauzatzeko: "Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia-ahalmenaren arabera".

Zerga arloko ez-betetzeak kontrolatu eta iruzurrari kontra egitea, horra hor tributuen udal administrazioaren oinarrizko jarduketa lerroetako bat, ezarri dioten eginkizuna betetzeko, alegia, Espainiako zerga-sistema eraginkortasunez aplikatzea bere eskumeneko lurraldean.

Funtsezko xedea da egiaztapen eta ikerketa jarduera sustatu eta areagotzea, tributua orokortze aldera, eta, horrenbestez, zergen kudeaketa eraginkorrago bihurtzea. Horrela herritarrek zerga kontuetan beren arteko justizia eta berdintasuna bermatuak izanen dituzte, eta likidatu eta biltzen diren eskubideak ahal den neurrian gehituko dira.

Zerga kontrolerako udal plan hau indarrean egonen da 2024ko eta 2025eko ekitaldietan.

Isilpekotasuna.

Kudeaketa eta ikuskapen jarduketek gauzatu beharreko planak isilpekoak dira, eta ez zaie publizitaterik emanen.

Zerga kontrolerako udal plana baimen orokor bat da, epe jakin batean ekin ahal izateko egiaztapen eta ikerketa jarduketei, edo informazioa lortzeko jarduketei, zergapekoen gainean. Hark biltzen ditu zergapekoak hautatzeko erabiliko diren irizpideak, sektorearen eta lurraldearen araberakoak, kuantitatiboak nahiz konparatiboak, bai eta jarduketen iraupena ere.

Jarduketak baimentzeari nahiz antolatzeari dagokionez, zerga kontrolerako planetan ahalik eta hobekiena kudeatzen dira zerga ikuskaritzak dituen material eta giza baliabide mugatuak, berma dadin behar bezala banatuko dela zergen karga. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez. Hori dela eta, ikuskatuko diren zerga-egitateak hautatu beharra dago. Zerga kontrolerako udal planak, beraz, lana arrazionalizatzen du, Udaren zerga ikuskaritzaren ahalegina bideratuz ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara.

Ikertu beharreko zergadunak hautatu ondoan, ikuskatzaileek edo kudeatzaileek, bai eta gainerako langileek ere, beren eginbeharra bete beharko dute, eta horretarako lan-kargak finkatzen dira: estrategia jakin bati dagozkion espedienteak esleitzen zaizkio aktuario edo ikuskapen-unitate bakoitzari, epe jakin batean instruitzeko. Lana ezin da orduka edo emaitzen arabera neurtu, baizik eta jarritako ahaleginari eta gogoari erreparatuta, eta horiek batzuetan espedienteetan gelditzen dira.

Plan hau egitean honako alderdi hauek landu behar dira:

–Ausazko alderdia: Iruzurra eragotziko da, baldin eta egiaztapenetako batzuk egiten bazaizkie itxuraz nabarmenak ez diren zenbait zergapekori.

–Barne alderdi diskriminatzailea: Alderdi honetan, kontuan hartuko dira, zergapekoen aitorpenetako datuak erkatzean, iruzurra egin dela susmatzeko moduko kontu deigarriak agertzen dituzten kasuak.

–Sektorekako adierazle ekonomikoen alderdia: Azterketa sektorialetan oinarrituta, sektore bakoitzeko ratio normalak ezartzen dira, eta desbideratzeak zerga iruzurraren seinaletzat har litezke.

–Zerbait oker dagoela erakusten duten datu zehatzen alderdia: Kasu honetan, gauza jakina da jarduera izan badutela, baina ez dutela bidezko den aitorpenik aurkezten.

Zerga kontrolerako plana betetzeko behar diren baliabideak

Baliabide materialak:

Behar den laguntza teknikoa emanen dute udal alor hauek: Hirigintzakoak eta Ogasun eta Ondarekoak.

Funtzionarioei utzi eginen zaie zerga kudeaketako datu-baseak erabiltzen, behar-beharrezkoa baitute zergapekoen egoera aitortua ezagutzea, jakiteko nolako egoeran dagoen zergapekoa tributuen aldetik, bai ikuskapena hasi aurretik, bai haren tributu-egoera erregularizatzeko orduan, azken hori bidezkoa balitz. Izan ere, erregularizazio-proposamenetan kontuan hartu beharko da zergapekoak zer aitortu duen.

Funtzionarioen eskura jarriko dira katastroko informazioa, jarduera kaltegarrien espedienteak, jarduerak irekitzeko eta obrak egiteko lizentzien espedienteak eta, halaber, jarduerei buruzko askotariko datuak, besteak beste, lehiaketa jakin batzuetan aurkeztu izanari buruzkoak.

Funtsezko informazioak dira honako hauek: obra handiak eta txikiak egiteko lizentzien espedienteak, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, eta ondasun higiezinen gaineko zergan alta ematen dutenen kontrola. Esan bezala, horrelako informazioak funtsezkoak dira, besteak beste, ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaindu behar duten zenbait jarduera kontrolatzeko.

Baliabide guztiak emanen zaizkie udalerrian barrena mugitzeko, eta beren xedeak betetzeko behar dituzten bitarteko guztiak izanen dituzte.

Alkate udalburuak txartela edo beste identifikazio-bideren bat emanen die ikuskatzaileei, lanpostuan aritzeko.

Giza baliabideak:

Zerga Administrazioko funtzionarioek eta gainerako langileek eginen dituzte kudeaketa eta ikuskapen jarduketak; zehazki, zerga kudeaketa eta ikuskapenaren arloko eginkizunak dituzten organoetako halako lanpostuetan aritzen direnek. Era berean, funtzionario ez diren langileen esku uzten ahalko dira prestakizunak egiteko ardura eta zerga arloan garrantzia duten egitate edo inguruabarrak egiaztatzeko edo frogatzeko jarduketen ardura, baldin zerga administrazioaren zerbitzuan ari badira.

Andosillako Udaleko alkate udalburuak beteko du Ikuskaritzako buruaren kargua, eta Andosillako Udaleko Kontu Hartzailetzak, berriz, ikuskatzaile aktuarioarena. Laguntza jasoko dute ikuskapen lanetan aritzeko.

Kudeaketa arloan, egiaztapen eta ikerketa egintzetarako arduraduna Udaleko ikuskatzaile aktuarioa izanen da. Alkate udalburuak edo, eskuordetza emanik, hura ordezkatzen duenak izanen ditu errekurtsoen ebazpenen gaineko eskumenak.

Zerga kontrolerako plan hau ongi betetzeko, ezinbestekoa da Udaleko departamentuen arteko lankidetza estua. Berariaz aipatu behar dira Zerga Kudeaketaren Alorra eta Hirigintza Alorra.

Prestakuntza:

Baimena emanen da erakunde publikoek nahiz pribatuek antolatzen dituzten zerga arloko ikastaro eta mintegietara joateko.

Helburu orokorrak

1. Egiaztapen eta ikerketa jarduketa orokorrak. Talde honetan programa multzo hauek sartzen dira:

A.–Orokorrak. Gaikakoak, sektorekakoak edo ikuskaritza bulegoek proposaturikoak izan daitezke, jarduketaren eremu geografikoak dituen berezitasun ekonomikoen arabera.

B.–Zergapekoen gaineko jarduketa programa, udal tributu jakin baten arloan.

2. Bestelako egiaztapen jarduketak. Talde honetan sartu dira jarduketa partzialak eta laburtuak. Halakoek, gehienbat, zerga kudeaketaren alorrean hasitako espedienteetan izaten dute abiaburua.

3. Jarduketa osagarriak. Txostenak egiteko eta aholku emateko jarduketak.

Sektore edo jarduera berariazkoak

Jarduera motetan oinarritutako estrategia:

Zergak kudeatzeko eta ikuskatzeko berezko eginkizunak aurrera eramanen dira kasu bakoitzean hautatutako sektoreetara egokituz, deusetan ukatu gabe aktuarioen ekimena, bat etorriz eraginkortasun eta egokitasun irizpideekin.

–Sektore edo jarduerak:

  • Eraikuntzak, instalazioak edo obrak salmentarako eta/edo alokairurako sustatu dituzten enpresak.
  • Merkataritza-sektorea, 100 metro koadrotik gorako lokaletan.
  • Fabrikazio jarduerak.
  • Merkataritza mistoko jarduerak, edo azalera handiko saltokietan integratutako jarduerak.
  • Energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu eta banatzeko jarduerak.
  • Energia eta gasa merkaturatzeko jarduerak.
  • Ondasun higiezinen alokairuan aritzen diren enpresak.
  • Goitik behera eraikitzen, eraikinak konpontzen eta zaharberritzen edo igeltserotzan eta oro har eraikuntzako lan txikietan aritzen diren enpresak.
  • Finantza erakundeak eta aseguru entitateak, udalerrian jendeari irekitako bulegoak badituzte.

Azken urteotan higiezinen sektoreak izan duen hazkundea dela eta, jarduera horri buruzko zergen kontrola beharrezkoa da ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan.

Gainera, jarduera horrek, aipatutako zergarako, kuota bat du finkoa eta beste kuota bat aldakorra, metro eraikien araberakoa. Zati aldakor horretan egiten dira iruzurrik handienak. Izan ere, subjektu pasiboak aitortu behar du zer aldakuntza izan den aurreko urtean besterendu diren metro koadro eraikietan edo eraikitzekoetan, urbanizatuetan edo urbanizatzekoetan. Horretarako, aitorpena aurkeztu behar dio zerga administrazio eskudunari, urte natural bakoitzeko lehen hilabetean. Zergapekoak aurkezten ez dituenean besterendutako metroen aitorpen horiek, bere diru-sarreren zati handi bat eskuratu gabe gelditzen ari da Udala.

Halaber, gaur egungo eraikuntza-tipologia baten ondorioz (familia bakarreko etxebizitza), horrelako eraikuntzen salmentan aritzen diren erakunde sustatzaile batzuek ez dute aitortzen higiezinen sustapena lurrei dagokienez; alegia, metro eraikiak bai, baina ez dituzte aitortzen etxebizitza horiei lotutako lurzatien metro eraiki gabeak.

Egiaztapenak egiteko, funtsean, erabiliko dira hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergarako aurkeztutako aitorpenak, notarioen eta Jabetza Erregistroaren jakinarazpenak, obra proiektuak eta higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentziak. Horrez gain, sustatzaileei errekerimenduak eginen zaizkie. Egiten ari diren obretan ikustaldiak eginen dira, bai eta jarraipena ere, eman diren lizentzietatik abiatuta; berehala egiaztatuko da ea lizentziaren titularrak alta eman duen higiezinen eraikuntzaren eta sustapenaren epigrafeetan.

Ezinbestekoa izanen da koordinatzea Udaleko organo eskudunaren agindupean ari diren hirigintza-ikuskaritzako zerbitzuekin eta Udaltzaingoarekin.

Ikuskatu beharreko sektoreetako bat izanen da 100 metro koadrotik gorako lokaletan egiten den merkataritza jarduera, lokal horietan handizkako merkataritza jarduerak kokatu ohi direlako. Jarduera horiek kuota handiagoa dute ekonomia-jardueren gaineko zergan, eta egiaztatu beharko da ea behar bezala aitortzen duten beren lokalaren azalera.

Fabrikazio jardueren artean, xedetzat hartuko dira kilowatt kopuruaren araberako zerga kuota duten jarduerak, jarduera horien iruzurrak bi esparrutan atzematen baitira. Alde batetik, ekonomia-jardueren gaineko zergaren esparruan egiten dira iruzurrak, kuota handieneko elementuetako bat aitortu gabe utziz eta, bestetik, establezimenduak irekitzeko lizentziaren tasaren esparruan; izan ere, jarduerak hasiera batean lizentzia jasotzeko baldintzak betetzen baditu ere, jarduerarako makinerian aldaketak egiten direnean, enpresen bilakabidean ohikoa denez, ez zaio Udalari aitortzen potentzia instalatua handitu dela eta enpresak jarduera irekitzeko lizentzia zabalagoa behar duela.

Jakiteko ea fabrikazio jarduera horiek benetako egoerarekin bat datozen, proiektu tekniko ikus-onetsi eta egiaztatuak erabiliko dira, halakoak Industriako espedienteetan egoten baitira, irekitzeko lizentzien eskaerak direla eta.

Udalen diru-sarreren artean, ekonomia-jardueren gaineko zerga kontrolatzea garrantzitsua da. Izan ere, zerga horretan edozein erregularizazio egiten denean, unean uneko diru-sarrerak ez ezik etorkizuneko ekitaldi ekonomikoetarako diru-sarrera arruntak ere handitzen dira. Horregatik, aukeratzen diren sektoreak aukeratzen direla, eta kudeatzaileen ekimena ezertan eragotzi gabe, zergapekoen gaineko egiaztapena egin behar da udalerri osoan.

Lurraldean oinarritutako estrategia:

Udalerriko kale, sektore edo esparru hauetan jarduerak irekitzeko lizentziaren tasa egiaztatuko da:

–Industria sektoreak.

–Sektore sakabanatuetan kokatutako jarduerak.

Bistan da estrategia horren arrazoia: eremu horietan gauzatzen dira udalerriko industria- eta merkataritza-jarduera gehienak.

Irekitzeko lizentziarik ez duten jarduerak atzeman beharra dago, egiaztatzeko ea industria eta merkataritza establezimenduek betetzen dituzten segurtasun, osasun eta osasungarritasun baldintzak eta eskatzen diren beste baldintza guztiak, eta haien zerga egoera erregularizatzeko edo, hala behar denean, departamentu eskudunak jarduera itxiarazteko.

Zerga-oinarrian oinarritutako estrategia:

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga eta hirigintzako lizentziaren tasa egiaztatuko zaizkie tributu horien zerga-egitateak egiten dituzten zergapekoei, baldin eta horiek obratzat kalifikaturik badaude dagokien ordenantzan.

Ahalik eta hobekiena kudeatu nahi dira zerga ikuskaritzak dituen giza baliabide nahiz baliabide material urriak, emaitza egokiak bermatzeko. Baliabide mugatu horiekin egiten diren jarduketak ere mugatuak izanen dira ezinbestez, eta hautatu beharko da zer zerga egitate ikuskatu. Beraz, lana arrazionalizatu nahi da, haren ahalegina bideratuz ekonomiaren sektore edo eremu jakinetara; kasu honetan, bideratuko da hirigintza gehien garatzen ari den udalerriko eremu geografikora, hortxe gerta daitezkeelako arau-hausterik astunenak. Arau-hauste horien artean, zerga ikuskaritzaren ahaleginen xede izanen dira munta handienekoak, bereziki zenbateko jakin bat gainditzen dutenak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera.

Iragarkiaren kodea: L2315918