26. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

2/2023 FORU AGINDUA, urtarrilaren 24koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Barañain eta NA-30 errepidea Landabenen lotzeko bide berria eraikitzeko proiektua.

Lurralde Kohesiorako kontseilariaren azaroaren 8ko 84/2022 Foru Aginduaren bidez, behin-behinean onetsi zen Barañain eta NA-30 errepidea Landabenen lotzeko bide berria eraikitzeko proiektua.

Jendaurreko aldia bukaturik, alegazio batzuk jaso dira. Hona hemen haien edukia eta emandako erantzuna:

1.–1. alegazioa, Rafael Pachón Arroyok aurkeztua, Volkswagen Navarra SAren izenean.

Adierazi du prest dagoela Foru Komunitateko Administrazioarekin eta proiektuaren sustatzaileekin akordio bat lortzen saiatzeko, nahiz eta ez den aurrez tramitatu zegokion hirigintza-tresna, partaidetza prozesu baterako aukera ekarriko zuena. Adierazi du hasiera batez onetsitako proiektuak erabilera produktiboetarako hiri-lurzoruak ukitzen dituela –merkataritza-, ostatu- eta zerbitzu-erabilerarekin bateragarria den ekipamendu gisa, eraikitako 11.264 m²-ko eraikigarritasunarekin– eta ez dela proiektuan aurreikusi erabilerak bateratzeko aukera, edo, kasua bada, ez dela aztertu jarduketa konpentsatzeko aukera, hirigintza-kudeaketarako dauden kasuan kasuko formulen bidez.

Erantzuna:

Kontuan hartuko da zein den lurzoru mota balio justua ezartzeko orduan, hura balioztatzeko. Halaber, balioztatzeko kontuan hartuko dira proiektuarekin bateragarriak diren hirigintza-eskubideen gaineko balizko akordioak.

2.–2. alegazioa, Rafael Pachón Arroyok aurkeztua, Volkswagen Navarra SAren izenean.

Kontuan hartu behar da Iruñeko Udalari esleitu zaion PA-02 lurzatia (katastroko 1416.a) formalki Volkswagen Navarra SArena dela, baina indarrean dagoen UGPSak xedatutakoari jarraikiz lagatzekoa den zatia izatez laga zaiola udal horri. Areago, plangintzak baimentzen duena baino okupazio handiagoa izan da, eta hortaz, behar ez zen moduan okupatu den zatia Volkswagen Navarra SAren jabetzatzat hartuko beharko da. Gauza bera gertatzen da Aratzuriko Kontzejuari esleitutako CO-01 lurzatiarekin (katastroko 195.a), neurri handi batean dagoeneko lagata baitago eta partez behar ez zen moduan okupatuta.

Erantzuna:

Proiektuak ukitutako eremuen titulartasuna Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan jasotakoarekin bat ez badator, ukitutako titularrak premiatuko dira jabetza tituluak edo lagatze agiriak aurkeztera, titulartasuna ebazteko.

Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legearen 20.4 artikuluan ezarritakoarekin bat, bidezkoa da proiektua behin betiko onestea.

Hori horrela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52.2 artikuluari jarraikiz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 26. artikuluaren g) letraren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Jendaurreko aldia ebaztea, azalpen zatian adierazi bezala, ukitutako ondasun eta eskubideen ondorioetarako, proiektu honetan: Barañain eta NA-30 errepidea Landabenen lotzeko bide berria eraikitzeko proiektua.

2. Behin betiko onestea Barañain eta NA-30 errepidea Landabenen lotzeko bide berria eraikitzeko proiektua, 3.491.107,06 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuaren web-orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia bidaltzea Foru Komunitatean hedapen handiena duten egunkarietako bitara.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari, Azpiegitura Berrien Zerbitzuari eta Barañaingo, Iruñeko eta Oltza Zendeako udalei, eta premiatzea iragarki-taulan argitara dezaten.

5. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta partikularrek gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dutela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, foru agindu honek amaitzen du administrazio publikoentzako administrazio bidea. Dena dela, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 24an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Bernardo Ciriza Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2301307