26. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

95/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez erabaki hau argitaratzeko agintzen da: "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen nazioarteko programen eta nazioarteko aipamenen arauak onesten dituena".

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2023ko urtarrilaren 23an onetsitako Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko ikasketen nazioarteko programen eta nazioarteko aipamenen arauak onesten dituena.

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETEN NAZIOARTEKO PROGRAMEN ETA NAZIOARTEKO AIPAMENEN ARAUAK ONESTEN DITUEN ERABAKIA

Goi Mailako Hezkuntzaren nazioartekotze prozesuaren bidez, nazioarteko dimentsioa, kulturartekoa edo globala txertatzen da goi mailako hezkuntzaren helburu, funtzio edo prestazioetan, ikasle eta irakasle guztientzat hezkuntzaren eta ikerketaren kalitatea sustatzeko eta gizarteari ekarpen esanguratsua egiteko.

Irakaskuntzaren nazioartekotzearen helburua irakaskuntzako eta ikaskuntzako esperientziak gero eta testuinguru globalago batean garatzea eta gauzatzea da, curriculuma nazioartekotuz, ikasleek mugikortasun egonaldiak eginez eta unibertsitate elkartuetatik datozen irakasle eta ikasleek eskaintzen dituzten aukera akademikoak aprobetxatuz.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioartekotzearen aldeko apustua egiten du, erakundeak ondoz ondo onetsitako plan estrategikoen zeharkako jarduera-esparruetako bat den aldetik, eta, besteak beste, atzerriko hizkuntzen erabilera sustatzen du graduko eta masterreko tituluak emateko, prestakuntza hobetzearren, enplegagarritasuna eta ekintzailetza bultzatzearren eta ikasleen artean gaitasun pertsonalak garatzearren.

Ildo horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioarteko programak sortu zituen graduko eta masterreko irakaskuntza berriak ezarri zirenetik, eta emaitzak arrakastatsuak izan dira, programa horiek zenbait titulutara zabaldu baitira. Gaur egun, programa horiek araudi espezifikoak dituzte, eta titulu eta ikastegi bakoitzaren zirkunstantzietara egokitzen dira. Araudi honen xedea araudi horiek homogeneizatzea da, ikasleek NUPen nazioarteko programa guztietan jasotzen duten prestakuntzak kalitate- eta nazioartekotze-estandar berberak bete ditzan. Gainera, nazioartekotzea areagotzeko beste elementu batzuk jasotzen ditu, nazioarteko aipamenak, alegia.

Araudi hau honako bi artikulu hauetan ezarritakoaren babesean eman da: batetik, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 15. artikulua, zeinak Gobernu Kontseiluari esleitzen baitio irakaskuntzaren antolamenduaren eremuan ildo estrategikoak eta programatikoak ezartzeko eskumena eta haiek aplikatzeko jarraibideak eta prozedurak ezartzekoa; eta, bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikulua, zeinaren arabera Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean baitago jarraibide orokorrak eta ikasketak antolatzeko arloetan jarraibideak aplikatzeko prozedurak onestea –maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa)–.

Erabakia hartu aurretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeak aztertu du araudi hau, 2022ko abenduaren 16an egindako bileran.

Honako hau da Gobernu Kontseiluak, Irakaskuntzako errektoreordeak proposaturik, bere kideek aldez aurretik eztabaida eginda, 2023ko urtarrilaren 23an egindako bileran, hartu duen

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta unibertsitate masterreko nazioarteko programa eta nazioarteko aipamenen arauak onestea –erabaki honen eranskinean dago atxikita–.

Bigarrena.–Erabaki hau helaraztea Irakaskuntzako errektoreordeari, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeari, Nazioartekotzearen Lankidetzaren errektoreordeari, ikastegi eta sailetako zuzendaritzei, eta Irakaskuntza Zerbitzuko zuzendariari. Erabaki hau Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea.

Hirugarrena.–Agindua ematea erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko.

Laugarrena.–Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 6.4 artikuluak eta Unibertsitatearen Estatutuen 144.1 artikuluak ezarritakoaren arabera, erabaki honek administrazio bidea agortzen du. Interesdunek zilegi dute erabaki honen aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzea Gobernu Kontseiluari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegietan, zuzenean.

Bosgarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra erabaki honek.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 23an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO ETA UNIBERTSITATE MASTERREKO IKASKETEN NAZIOARTEKO PROGRAMEN ETA NAZIOARTEKO AIPAMENEN ARAUAK

Zergatikoen azalpena.

1. artikulua Araudiaren xedea.

2. artikulua Aplikatzeko eremua.

3. artikulua Definizioak.

4. artikulua Nazioarteko programa baten araubide akademikoa.

5. artikulua Nazioarteko programa baten irakaskuntza-programazio espezifikoa.

6. artikulua Nazioarteko programa batean sartzeko eta onartua izateko baldintzak.

7. artikulua Nazioarteko programa bateko matrikula.

8. artikulua Nazioarteko programa bateko ebaluazioa.

9. artikulua Nazioarteko programa bateko errendimendu akademiko espezifikoa.

10. artikulua Nazioarteko programa bukatzerako hizkuntza-gaitasuna.

11. artikulua Nazioarteko programa baten zuzendaritza akademikoa.

12. artikulua Nazioarteko aipamen baten araubide akademikoa.

13. artikulua Nazioarteko aipamen bat eskuratzeko aukera.

14. artikulua Nazioarteko programen eta nazioarteko aipamenen ziurtagiriak.

Zergatikoen azalpena

Goi Mailako Hezkuntzaren nazioartekotze prozesuaren bidez, nazioarteko dimentsioa, kulturartekoa edo globala txertatzen da goi mailako hezkuntzaren helburu, funtzio edo prestazioetan, ikasle eta irakasle guztientzat hezkuntzaren eta ikerketaren kalitatea sustatzeko eta gizarteari ekarpen esanguratsua egiteko.

Irakaskuntzaren nazioartekotzearen helburua irakaskuntzako eta ikaskuntzako esperientziak gero eta testuinguru globalago batean garatzea eta gauzatzea da, curriculuma nazioartekotuz, ikasleek mugikortasun egonaldiak eginez eta unibertsitate elkartuetatik datozen irakasle eta ikasleek eskaintzen dituzten aukera akademikoak aprobetxatuz.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioartekotzearen aldeko apustua egiten du, erakundeak ondoz ondo onetsitako plan estrategikoen zeharkako jarduera-esparruetako bat den aldetik, eta, besteak beste, atzerriko hizkuntzen erabilera sustatzen du graduko eta masterreko tituluak emateko, prestakuntza hobetzearren, enplegagarritasuna eta ekintzailetza bultzatzearren eta ikasleen artean gaitasun pertsonalak garatzearren.

Ildo horretan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioarteko programak sortu zituen graduko eta masterreko irakaskuntza berriak ezarri zirenetik, eta emaitzak arrakastatsuak izan dira, programa horiek zenbait titulutara zabaldu baitira. Gaur egun, programa horiek araudi espezifikoak dituzte, eta titulu eta ikastegi bakoitzaren zirkunstantzietara egokitzen dira. Arau hauen xedea araudi horiek homogeneizatzea da, ikasleek NUPen nazioarteko programa guztietan jasotzen duten prestakuntzak kalitate- eta nazioartekotze-estandar berberak bete ditzan. Gainera, nazioartekotzea areagotzeko beste elementu batzuk jasotzen ditu, nazioarteko aipamenak, alegia.

Araudi hau honako bi artikulu hauetan ezarritakoaren babesean eman da: batetik, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 15. artikulua, zeinak Gobernu Kontseiluari esleitzen baitio irakaskuntzaren antolamenduaren eremuan ildo estrategikoak eta programatikoak ezartzeko eskumena eta haiek aplikatzeko jarraibideak eta prozedurak ezartzekoa; eta, bestetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20.b) artikulua, zeinaren arabera Gobernu Kontseiluaren eginkizunen artean baitago jarraibide orokorrak eta ikasketak antolatzeko arloetan jarraibideak aplikatzeko prozedurak onestea –maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren Estatutuak (NAO, 63 zk., 2003ko maiatzaren 19koa), eta Nafarroako Gobernuak 2011ko martxoaren 21ean hartutako erabaki baten bidez aldatu (NAO, 70 zk., 2011ko apirilaren 11koa)–.

Erabakia hartu aurretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasketa Batzordeak aztertu du araudi hau, 2022ko abenduaren 16an egindako bileran.

1. artikulua. Araudiaren xedea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko ikasketen nazioarteko programek eta nazioarteko aipamenek bete behar dituzten irizpideak finkatzea da araudi honen xedea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Araudi honetako xedapenek honakoak finkatuko dituzte: araubide akademikoa, eskolen antolamendua, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, nazioarteko programen eta nazioarteko aipamenen alderdi akademiko guztiak. Xedatu gabeko kasuetan, berriz, NUPeko ikasketa ofizialen arau orokorrak aplikatuko dira.

3. artikulua. Definizioak.

1.–Titulu baten nazioarteko programa (aurrerantzean NP) dagokion graduko edo masterreko tituluaren irakaskuntza-programazio espezifiko bat da. Sarbide berezia du, eta programa horretan matrikulatutako ikasleek titulu ofiziala lortzeaz gain nazioarteko prestakuntza-profil bat egiaztatzeko aukera izan dezaten dago diseinatua. NP batean, titulua osatzen duten kredituen %50 gutxienez atzerriko hizkuntza batean emanen dira, eta ikasleek nazioarteko mugikortasun egonaldi presentzial bat egin beharko dute seihileko batez gutxienez.

2.–Titulu baten nazioarteko aipamena (aurrerantzean NA) tituluaren programazio arruntaren barnean eskuratzen den prestakuntza-ibilbide bat da. NUPen tituluaren 30 ECTS gutxienez atzerriko hizkuntza batean egin eta seihileko batez gutxienez nazioarteko mugikortasun egonaldi presentzial bat egin ondoren lortzen da.

4. artikulua. Nazioarteko programa baten araubide akademikoa.

1.–NP batek bi baldintza bete behar ditu:

a) Titulua osatzen duten kredituen %50 gutxienez atzerriko hizkuntza batean ematea.

b) Ikasleek nazioarteko mugikortasun egonaldi presentzial bat egin behar dute sei hilabetez gutxienez.

2.–NP batean matrikulatutako ikasleak titulu ofizialeko ikasletzat hartuko dira ondorio guztietarako.

3.–Gradu edo master baten NPan onartua izateak esan nahi du ikasleak haren erregimen akademiko espezifikoa onartzen duela, xedapen hauekin bat etorrita.

5. artikulua. Nazioarteko programa baten irakaskuntza-programazio espezifikoa.

1.–NP baten ikasketa-plana eta irakaskuntza-gidak dagokion graduko edo masterreko titulu ofizialaren berdinak izanen dira.

2.–NP batean matrikulatutako ikasleak beren irakaskuntza-programazio espezifikoko irakasgaietan baizik ez dira matrikulatuko ikasturte bakoitzean.

6. artikulua. Nazioarteko programa batean sartzeko eta onartua izateko baldintzak.

1.–Tituluaren ardura duen ikastegiak NPetan onartuko den ikaspostu kopuruaren muga proposatuko dio irakaskuntzen arloko eskumena duen errektoreordetzari, gradu edo master bakoitzari dagokion kupoaren barnean, Gobernu Kontseiluak onets dezan gainerako titulu ofizialetan sartzeko ikaspostu kopuruaren mugak onartzearekin batera.

2.–Onartuak izan nahi duten ikasleek "(...) Graduaren, Gradu Bikoitzaren, Unibertsitate Masterraren edo Master Bikoitzaren Nazioarteko Programa" aukeran formalizatu beharko dute aurreinskripzio eskaera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko edo masterreko gainerako titulu ofizialetan onarpena eskatzeko ezarritako epe berberetan.

3.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasteko onartuak izateko prozedurak ezartzen dituzten arau orokorretan ezarritakoa betez onartuko dira ikasleak.

4.–Ezarritako ikaspostu kopuruaren mugaraino onartuko dira ikasleak, aurreinskripzioan artikulu honen 2. puntuan aipatutako aukera hautatu zutenen artetik, Unibertsitatean sartzeko notaren arabera ordenatuta. Nolanahi ere, NP batean onartua izateko gutxieneko nota dagokion graduko edo masterreko atalase notaren berdina edo handiagoa izanen da.

5.–Onarpenaren unean, ikasleek B2 maila edo hortik gorakoa egiaztatu beharko dute NPa ematen den atzerriko hizkuntzan.

7. artikulua. Nazioarteko programa bateko matrikula.

1.–NPetan onartutako ikasleek programaren beraren ikasketa-plan espezifikoan formalizatuko dute matrikula.

2.–Matrikulatutako ikasleek behar den zenbatekoa ordainduko dute, gai hori arautzen duen foru-arauak ezartzen duenaren arabera, eta bertan aurreikusten diren edo legearen arabera zilegi diren salbuespenen onuradunak izanen dira, halakorik badagokie.

3.–Ikasturte bakoitzean, gainerako titulu ofizialetako ikasleentzat ezarritako epe berean eta prozedura bera erabiliz matrikulatuko dira ikasleak.

8. artikulua. Nazioarteko programa bateko ebaluazioa.

Ikasleek NPetako irakasgaietan dituzten ezagutzak ebaluatzeko edo egiaztatzeko, titulu ofizialetako ikasleentzat ezarritako prozedura arrunta erabiliko da, dagozkien irakaskuntza-gidetan xedatutakoari jarraikiz eta Gobernu Kontseiluak onetsitako egutegi akademikoan ezarritako epe berberetan.

9. artikulua. Nazioarteko programa bateko errendimendu akademiko espezifikoa.

1.–NP bat egiten duten ikasleei errendimendu akademiko berezia eskatuko zaie hura egiten segitzeko:

a) Lehenbiziko urtearen bukaeran, irakaskuntza-programazio espezifikoko kredituen %60 gutxienez izan behar dituzte gaindituak.

b) NPak ikasturte osoko mugikortasun egonaldia exijitzen badu ikasle guztientzat, honako hauek eskatuko dira:

–Mugikortasun egonaldiaren aurreko ikasturte bakoitzean egindako kredituen %80 gutxienez gainditu izana.

–Ikasturterako programatutako irakasgai guztien eta aurreko ikasturteetan gainditu gabekoen matrikula egitea urtero.

2.–Exijitutako errendimendu akademikoa bete ezean, ikasleek kasuan kasuko graduko edo masterreko tituluan amaitu beharko dituzte ikasketak.

3.–NPan eskatutako errendimendu bereziak ez du inor salbuetsiko ikasketetan jarraitzeari buruzko araudi orokorra betetzetik.

4.–Titulu bikoitzen NPen kasuan, eskatzen ahalko den errendimendu akademikoa Gobernu Kontseiluak programazio bikoitzari buruz hartutako erabakian ezarritakoa izanen da.

10. artikulua. Nazioarteko programa bukatzerako hizkuntza-gaitasuna.

1.–NPari dagozkion graduko edo masterreko ikasketak amaitu aurretik, ikasleak titulua egiaztatzeko memorian eskatzen den gaitasun maila egiaztatu beharko du atzerriko hizkuntzan.

2.–Baliozko egiaztapentzat hartuko dira bai Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziako hizkuntza-mahaiek mailak aitortzeko argitaratutako tauletan jasotakoak, bai Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian ikastaro bat gainditu izana eskatutako mailan, bai tituluaren programazio espezifikoan bertan maila horretako hizkuntza-irakasgairen bat gainditu izana.

11. artikulua. Nazioarteko programa baten zuzendaritza akademikoa.

1.–Batzorde Akademikoa arduratuko da NPen zuzendaritza akademikoaz.

2.–Batzorde Akademikoa hauek osatuko dute gutxienez:

–Ikastegiko dekanoa edo zuzendaria, edo hark eskuordetutako pertsona, zeina buru izanen baita.

–Tituluaren arduraduna.

–Ikastegiko nazioartekotzearen arduraduna.

–Tituluaren nazioarteko mugikortasuneko koordinatzailea, zeina idazkari arituko baita.

3.–Batzorde Akademikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Ikastegiari proposatzea NPetan onartuko den ikaspostu kopuruaren muga, bai eta programazio espezifikoa ere, Gobernu Kontseiluak onets ditzan.

b) NParen irakaskuntza-programazio espezifikoaren antolamendu akademikoa.

c) NParen irakaskuntza-programazio espezifikoaren irakaskuntza-kalitatearen ardura eta segimendua.

d) 9. artikuluan ezarritakoaren arabera exijitutako errendimendua lortzen ez duten ikasleek NPan jarrai ez dezaten xedatzea.

e) Errektoreak edo irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzak ikastegiko zuzendaritzari aditzera eman ondoren ematen dizkion beste eginkizun batzuk.

4.–Batzorde Akademikoa urtean behin bilduko da gutxienez. Batzordeburuak eginen du bilerarako deialdia, edo, bestela, bi kidek gutxienez eskatu beharko dute.

5.–Dagokion ikastegiko edo tituluko nazioartekotzearen arduradunak, aldi berean, Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betearazteko ardura izanen du.

12. artikulua. Nazioarteko aipamen baten araubide akademikoa.

NUPeko gradu edo master bateko ikasleek NA bat lortzen ahalko dute tituluan baldin eta ikasketak amaitzean bi baldintza hauek betetzen badituzte:

a) NUPeko ikasketa-planean atzerriko hizkuntzan eskaintzen diren irakasgaietan 30 ECTS gutxienez matrikulan hartu eta gainditu izana.

b) Nazioarteko mugikortasun egonaldi presentzial bat egin izana sei hilabetez gutxienez.

13. artikulua. Nazioarteko aipamen bat eskuratzeko aukera.

Hala nahi duten eta 14. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten ikasleek, ikasketak amaitzean eta titulu ofiziala eman aurretik, aukera izanen dute egin duten graduan edo masterrean NA aitor dakien eskatzeko.

Eskaera Graduko edo Graduondoko Ikasketen Atalera zuzendu beharko da, dagokionaren arabera.

14. artikulua. Nazioarteko programen eta nazioarteko aipamenen ziurtagiriak.

1.–NP batean parte hartu izana berariaz jasoko da Tituluaren Europako Gehigarrian, berariazko aipamen baten bidez, non adieraziko baita ikasleak ikasketak amaitu dituela dagokion gradu, gradu bikoitz, master edo master bikoitzaren NParen irakaskuntza-programazio espezifikoaren barnean, eta atzerriko hizkuntzan egin dituen irakasgaiak ere azalduko dira, nazioarteko mugikortasun egonaldian egindakoak barne. Halaber, hori bera Ziurtagiri Akademiko Ofizial Pertsonalean ere jasoko da.

2.–NA bat lortu izana berariaz jasoko da Tituluaren Europako Gehigarrian, berariazko aipamen baten bidez, non adieraziko baita Unibertsitateko errektoreak aipamen hori ematen diola ikasleari, eta atzerriko hizkuntzan egin dituen irakasgaiak ere azalduko dira, nazioarteko mugikortasun egonaldian egindakoak barne. Halaber, hori bera Ziurtagiri Akademiko Ofizial Pertsonalean ere jasoko da.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Xedapen hau garatzeko gaikuntza

Irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzari baimena ematen zaio araudi hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren ebazpenak emateko. Erabaki horiek Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira.

Xedapen iragankorra

Gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko NP batean matrikulatuta dauden ikasleek dagozkien ikasketak hasi zituztenean aplikatzekoa zen araudia betetzen jarraituko dute baldin eta araudi hori erabaki honen bidez onetsitakoa baino onuragarriagoa bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauak indargabetzea

Indarrik gabe gelditzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak 2016ko maiatzaren 23an hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko ikasketetako nazioarteko irakaskuntza-programek bete behar dituzten oinarrizko irizpideak ezartzeko araudia onetsi zuena.

Indarrik gabe gelditzen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu edo master bakoitzaren nazioarteko programak arautzen zituen araudiaren aurreko edo ondorengo araudi guztiak.

Indarrik gabe gelditzen dira erabaki honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAN BIGARRENA

Indarra hartzea

Arautegi honek 2023-2024 ikasturtean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: F2301278