1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
416E/2023 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita hondakin ez arriskutsuen transferentzia-gunea eta zabortegia den instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Arbizuko udal-mugartean dago, eta Sakanako Mankomunitatea da titularra.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 888/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 304E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuak bere xedapen iragankor bakarrean ezarri zuen ezen, errege dekretuak indarra hartu eta gehienez hamabi hilabeteko epean, honako hauek baimena berrikustea eskatu beharko diotela autonomia erkidegoko organo eskudunari, errege dekretu horren 10., 11. eta 12. artikuluei jarraikiz: errege dekretua indarrean jartzean jardunean zeuden hondakindegi guztien titularrek, lehendik zeuden hondakindegienek barne (Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren 15. artikuluaren arabera baimendutakoak), eta hondakindegi horiek ustiatzen dituzten entitate guztiek. 646/2020 Errege Dekretua 2021eko uztailaren 9an sartu zen indarrean.
Hori dela eta, instalazioaren titularrak beharrezkoa den dokumentazio teknikoa aurkeztu zuen 2021eko apirilaren 14an, eta horrekin batera ingurumen baimen integratuaren berrikuspena eskatu; beraz, baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioari hasiera eman zitzaion.
Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.
Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean eta lege horren erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Berrikustea hondakin ez arriskutsuen transferentzia-gunea eta zabortegia den instalazio baten ingurumen baimen integratua; horrenbestez, instalazioak eta jarduerak bete beharko dituzte ingurumen baimen integratuaren proiektuan eta ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak. Instalazioa Arbizuko udal-mugartean dago, eta Sakanako Mankomunitatea da titularra.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Sakanako Mankomunitateari eta Arbizuko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 7an.–Klima Aldaketaren Ataleko burua, Javier Vera Janín, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ordez, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 291E/2019 Ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2315945