259. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4/2023 EBAZPENA, azaroaren 28koa, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuko tarifen aldaketa onesten duena 2024. urterako.

Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 40.1 artikuluak ezartzen duenez, Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremu bakoitzeko udalei edo toki entitate eskudunari dagokie hiriko taxi zerbitzuei aplikatu beharreko tarifak onestea. Onespen horrek indarra duen legeriaren arabera baimendutako prezioen araubidea izanen du. Onespenaren aurretik, betiere, entzunaldia eman beharko zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta tokian-tokian erroturik dauden kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei.

Foru lege horren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen du zer udalerrik osatzen duten Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremua, eta, orobat, ezartzen du Iruñerriko Mankomunitatea izanen dela horren gaineko toki entitate eskuduna.

Aurrekoarekin bat etorriz, Iruñerriko Mankomunitateak 2023ko azaroaren 16ko Batzar Orokorraren erabakia aurkeztu zuen 2023ko azaroaren 17an, taxi zerbitzuaren 2024. urteko tarifak eta osagarriak onesten dituena Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremurako. Batzar horretan, Iruñerriko Mankomunitateak erabaki zuen, aipatutako tarifak onartzeaz gainera, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusira bidaltzea, prezioak onar zitzan.

Halaber, Taxiari buruzko Foru Legearen 40.1 artikuluak xedatzen duena betez, eta 2023ko azaroaren 16an egin zen Iruñerriko Mankomunitatearen Batzarrak tarifak onesteko Erabakia hartu baino lehen, entzunaldia eman zaie taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide elkarteei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei, Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremuan erroturik daudenei.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 63. artikuluak ezartzen du Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzuak beteko dituela foru dekretu honetan aurreikusten diren eginkizunak gai hauei dagokienez: "ñ) Tramitatzea baimendutako prezioak".

Horrenbestez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñerriko Taxi Zerbitzu Bateratuaren Lurralde Eremurako honako tarifa hauek onestea 2024. urterako:

a) 1. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren A eremuan, lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: 1,12 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 25,05 euro.

b) 2. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren A eremuan asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: 1,30 euro.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: 27,95 euro.

c) 3. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren B eremuan, lanegunetan, egunez (07:00etatik 22:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin bat datorren balio aplikagarria, zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin bat datorren balio aplikagarria, zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

d) 4. tarifa: Iruñerriko Zerbitzu Bateratuaren B eremuan asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) aplikatzekoa den tarifa osatzen duten kontzeptuen balioak:

–Egindako kilometro bakoitzeko: hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin bat datorren balio aplikagarria, zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

–Itxaron beharreko ordu bakoitzeko: hiriarteko tarifetarako onetsitakoarekin bat datorren balio aplikagarria, zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 40.3 artikuluak jasotzen duen bezala.

e) Abiasaria. Honela aplikatuko da:

–Abiasaria, lanegunetan, egunez, 07:00etatik 22:00ak arte: 2,55 euro.

–Abiasaria, lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) eta asteburuetan eta jaiegunetan (08:00etatik 24:00ak arte): 3,70 euro.

–Abiasaria, asteburuetan eta jaiegunetan 00:00etatik 08:00ak arte. Baita uztailaren 6tik 14ra bitarte ere, biak barne, eta abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an (egun osoan), eta abenduaren 24ko eta 31ko eta urtarrilaren 5eko 18:00etatik aurrera: 5,05 euro.

f) Osagarriak:

–Aireportua: abiapuntua edo helmuga Noaingo aireportuan duten zerbitzuak: 2,85 euro.

–Tren geltokia: abiapuntua edo helmuga Iruñeko tren geltokian duten zerbitzuak: 1,80 euro.

–Autobus geltokia: Iruñeko autobus geltoki barruan hasten edo amaitzen diren zerbitzuak, edo kanpoko taxi geltokian hasten edo amaitzen direnak (barruko geltokirako sarrera itxita dagoenean): 1,50 euro.

–Telefono bidezko hitzartzea (T1): Telefono bidez edo antzeko beste sistema teknologiko baten bidez hitzartutako zerbitzuak, lanegunetan egunez (07:00etatik 22:00ak arte) hasten direnak: 1,80 euro.

–Telefono bidezko hitzartzea (T2): Telefono bidez edo antzeko beste sistema teknologiko baten bidez hitzartutako zerbitzuak, asteburuetan, jaiegunetan eta lanegunetako gauetan (22:00etatik 07:00ak arte) hasten direnak: 2,35 euro.

2. Tarifa eta osagarri horietan sartuta dago balio erantsiaren gaineko zerga.

3. 2024ko egutegiko jaiegunak zeintzuk diren ezartzearen ondorioetarako, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak ekainaren 5ean emandako 250/2023 Ebazpena hartu da aintzat, bertan ezarri baita Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko jaiegunen egutegi ofiziala. (2023ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 23koa).

Egun horiez gain, jaieguntzat hartzen dira Iruñeko Udalak finkatzen duen tokiko jaieguna, uztailaren 6tik 14ra doan sanferminetako aldia (bi egunak barne), eta abenduaren 24a eta 31 eta urtarrilaren 5a, 18:00etatik aurrera.

4. Espetxe eta aireportuko eskatu ahalako taxi zerbitzurako, bidaia eta pertsona bakoitzeko ezarritako prezioa 0,80 euro da, eta doakoa 5 urtetik beherakoentzat.

5. Tarifa horiek ibilgailuaren barrenean erakutsi beharko dira, erabiltzaileak aise ikusteko moduko toki batean, Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 26.2 artikuluan xedatutakoa betetzeko.

6. Tarifa hauek 2024ko urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra.

7. Ebazpen hau Kontsumo eta Arbitraje Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpen hau Nafarroan dauden taxilarien elkarte profesionalei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

9. Ebazpen hau Iruñerriko Mankomunitateari jakinaraztea, eta aditzera ematea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2023ko azaroaren 28an.–Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Pablo Ezcurra Fernández.

Iragarkiaren kodea: F2316948