258. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LESAKA

Aldaketa, honako honetan: ordenantza fiskala, tasa bat arautzen duena, aprobetxamendu berezia egin dezaten herriko jabari publikoan intereseko zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek. Behin betiko onespena

Lesakako Udalak, 2023ko maiatzaren 24an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea honako honetan: ordenantza fiskala, tasa bat arautzen duena, aprobetxamendu berezia egin dezaten herriko jabari publikoan intereseko zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 134. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 27an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.

Lesakan, 2023ko azaroaren 7an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.

ORDENANTZA FISKALA, TASA BAT ARAUTZEN DUENA HERRIKO JABARI PUBLIKOA PRIBATIBOKI ERABIL DEZATEN EDO HAREN APROBETXAMENDU BEREZIA EGIN DEZATEN INTERESEKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEK

1. artikulua. Ordenantza honen helburua da tasa bat arautzea, pribatiboki erabiltzeko Udalaren bide publikoetako lurzorua, lurpea edo lurgaina, edo haien aprobetxamendu berezia egiteko; hain zuzen ere, erabilera pribatibo hori edo aprobetxamendu berezi hori egin dezaten hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek, zerbitzu horiek direnean interes orokorrekoak edo eragiten dietenean herritar guztiei edo frankori. Hori dena, babes harturik Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak.

2. artikulua. Tasa honen zerga-egitatea da enpresa edo entitateek pribatiboki erabiltzea Udalaren bide publikoetako lurzorua, lurpea edo lurgaina, edo haien aprobetxamendu berezia egitea; hain zuzen ere, erabilera pribatibo hori edo aprobetxamendu berezi hori egiten dutenean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresek edo entitateek, zerbitzu horiek direnean interes orokorrekoak edo eragiten dietenean herritar guztiei edo frankori.

Bereziki, zerbitzu horien barnean sartzen dira honako hauen hornidura: ura, gasa, argindarra, telefonia finko eta mugikorra eta beste komunikabide mota batzuk. Zerbitzu horiek ematen dira Udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bidez, osorik nahiz partez.

3. artikulua. Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titular direnean, bai, sare horien titular izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresen artean sartzen dira banaketarako eta merkaturatzeko enpresak.

Telefonia mugikorreko zerbitzuak ez dira sartuko tasaren zenbatekoa zehazteko araubide berezi honetan.

4. artikulua. Hauxe izanen da tasaren zenbatekoa, betiere eta salbuespenik gabe: aipatutako enpresek udal-mugartean urtean lortzen duten fakturaziotik heldu diren diru-sarrera gordinen %1,5.

Fakturaziotik heldu diren diru-sarrera gordintzat hartuko dira entitate bakoitzari egozten ahal zaizkion diru-sarrera gordinak, jaso dituenak udal-mugartean egindako hornidura zerbitzuen ordain.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako partida edo zenbatekoak ere, baldin ez badira entitatearen diru-sarrera berekiak; alegia, ez badira tasaren zenbatekoa zehazteko araubide berezi hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berekiak. Orobat, ez dira fakturazioaren diru-sarrera gordinen artean sartuko hornidura zerbitzuek ekarritako zenbatekoak, baldin eta zerbitzu horiek erabiltzen badira Ekonomia Ministerioaren energia elektrikoa sortzeko instalazioen erregistro administratiboaren 1. eta 2. ataletan inskribatutako instalazioetan, beharrezko lehengai gisa, araubide berezi honen bidezko zergapetzea izan dezakeen energia sortzeko.

Hornidurak egiteko beste batzuen sareak erabiltzen dituzten enpresek beren fakturazioaren diru-sarrera gordinetatik kenduko dituzte beste enpresa batzuei ordaindu dizkieten zenbatekoak, haien sareak eskuratzeagatik edo haiei lotzeagatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioaren diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakarrenean toki-erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna beharturik dago ordaintzera horiek berreraikitzeko edo konpontzeko gastuen kostu osoa, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere, deusetan ukatu gabe tasa ordaindu beharra.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste ordainduko du onuradunak.

5. artikulua. Araubide berezi hau aplikatzeak dakarren zenbatekoa ezin izanen zaie jasanarazi interes orokorreko hornidura zerbitzuen onuradunei, edo herritar guztiei edo frankori eragiten dieten hornidura zerbitzuen onuradunei.

6. artikulua. Tasa sortuko da urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da, salbu erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan, kasu horietan proportzionalki hainbanatuko baita urte naturalaren zenbatekoa.

7. artikulua. Zerbitzu publikoak ustiatu eta tasa ordaintzera beharturik dauden enpresek hiru hilean behin aurkeztu beharko dute udal-mugartean erdietsitako diru-sarrera gordinen aitorpena, aurreko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatutako aitorpen horretan kalkulatu beharko da tasaren zenbatekoa, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

8. artikulua. Ordenantza honetan arautzen den tasa bateragarria da –independentea baita– toki-erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik edo zerbitzuak emateagatik ezar daitezkeen beste tasa batzuekin, salbu Udalaren bide publikoetako lurzoruan, lurpean edo lurgainean eratutako erabilera pribatibotik edo aprobetxamendu berezitik eratorritako beste tasa batzuk.

9. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki-erakunde honek hitzarmenak egin ditzake beste erakunde batzuekin, tasa kudeatzeko eta likidatzeko prozedura erraztearren eta arintzearren.

Iragarkiaren kodea: L2315717