Iragarkia
258. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 14a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Balkoiak eta terrazak ixtea arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena
Uharteko Udalak, 2023ko abuztuaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Uharteko udal-mugartean balkoiak eta terrazak ixtea arautzen duen ordenantza.
Onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 22an.
Jendaurreko epea iragan denez eta ez denez jaso inolako erreklamaziorik, kexarik edo oharrik, behin betiko onetsita gelditu da aipatutako ordenantza, ondoren ematen dena; hori dena, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325.c) artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak eman dion idazketaren arabera.
Uharten, 2023ko azaroaren 7an.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.
ETXEBIZITZEN ERAIKINETAN BALKOIAK ETA TERRAZAK IXTEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Zioen azalpena
Ordenantza honek helburu du balkoien eta terrazen itxiera arautzea hirigintzaren aldetik finkaturik dauden Uharteko etxebizitzen eraikinetan.
Kontuan hartuta balkoien eta terrazen itxiturek etxebizitzara etxebizitzaren azalera erabilgarri gisa zenbatu gabeko azalera bat (gutxienez osotara) gehitzea dakartela, higiezinaren eraikuntza aprobetxamendua handituz, orain arte Udalaren irizpidea izan da baimentzea balkoien itxiturak egitea, baina ez terrazenak, aukera hori ez baita jasotzen aipatutako plangintzan.
Jarduketa horiek kontuan hartzeko asmoz, Hirigintzako Batzordeak erabaki zuen horiek arautzeko ordenantza bat sustatzea, aurreikuspen faltari aurre egiteko, iritzi baita errealitate horri heldu behar zitzaiola.
Kontuan hartu behar da balkoiak eta terrazak ixteak ez dakarrela hirigintzako aprobetxamenduaren gehikuntza nabarmenik, eta baimentzen ez denez balkoi edo terraza itxi horiek gehitzea etxebizitzan jada dauden gelei, ez direla handitzen lehendik dauden gelen azalerak, eta ez dela aldatzen banaketa, eta, beraz, ez diela eragiten etxebizitzaren bizigarritasun-baldintzei.
Orain arte aipatutakoaz gainera, ez da ahaztu behar etxebizitzaren energia-efizientzia hobetu nahi izatea izan daitekeela balkoiak eta terrazak ixtearen xedea. Energiaren aldetik eraginkorrak diren etxebizitzen diseinuan jarduera ohikoa da espazio kristaldunak (galeriak edo behatokiak) sortzea gelen aurretik. Espazio horiek, hain zuzen, bide ematen duten eguzki erradiazioaren beroa biltzeko edo hotzaren kontrako babesgunea sortzeko, orientazioaren arabera.
Horrenbestez, administrazioak ari badira etxebizitzen energia-efizientziaren hobekuntza sustatzen (dirulaguntzen bidez eraikinen inguratzaile termikoaren birgaitze integrala edo berokuntza eta etxeko ur beroa ekoizteko elementuen ordezkapenak sustatuz), ez luke zentzurik izanen Udalak helburu hori lortzen lagunduko lukeen jarduketa bat eragozteak. Izan ere, helburu hori egikaritzearen kostuaren eta lortutako hobekuntzaren arteko erlazioa oso ona da, baina betiere eraikinarekin eta ingurunearekin bat datorrela bermatuz.
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek helburu du balkoien eta terrazen itxiera arautzea Uharten.
Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 65. artikuluaren (Eraikuntzako eta urbanizazioko udal ordenantzak) 1. puntuaren babesean egiten da. Bertan ezartzen denez, udalerriek hirigintza-ordenantzak onetsi ahalko dituzte, besteak beste, hirigintza-ordenantzen alderdiak arautzeko, eraikinen alderdi morfologikoak eta apaingarriak eta eraikuntza-obren baldintzak arautzeko, urbanizazio eta eraikinen eraginkortasun eta energia-efizientzia lortzeko zehaztapenak garatzeko eta osatzeko, maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentarauarekin bat, bai eta helburu horiek eta higiezin bakoitzean baimen daitezkeen jardueren baldintzak lortzen lagunduko duten neurriak ere; hori guztia, Udal Plan Orokorraren zehaztapenei kontra egin gabe.
2. artikulua. Esparrua.
Baimenduko da balkoiak eta terrazak ixtea hiri-lurzoru finkatuko bizitegi-erabilerako eraikinetan.
Jarduketa hauek joko dira egingarritzat:
–Balkoiak ixtea, balkoitzat hartuta fatxadaren planotik irteten den elementua, bere sakonera ez bada 100 cm-tik gorakoa, kontuan hartu gabe zer karel mota edo itxitura duen.
–Terraza sartuak ixtea, terraza sartutzat hartuta kanpora irekita egonik fatxadaren planoaren barrenaldera dagoen eraikuntzaren partea.
–Terraza ixtea, terrazatzat hartuta fatxadaren planotik irteten den elementua, bere sakonera 100 cm-koa edo handik gorakoa bada, kontuan hartu gabe zer karel mota edo itxitura duen.
–Atikoko terraza ixtea, atikoko terrazatzat hartuta eraikuntza bateko estalki lauaz osatutakoa, gutxienez etxebizitza batetik sarbidea duena, kontuan hartu gabe espazio horren jabetzari edo erabilerari buruzko beste puntu batzuk.
–Beheko solairuaren gaineko terraza ixtea, beheko solairuaren gaineko terrazatzat hartuta beheko solairuko forjatuaren gainean osatutakoa, gutxienez etxebizitza batetik sarbidea duena, kontuan hartu gabe espazio horren jabetzari edo erabilerari buruzko beste puntu batzuk.
–Beheko solairuko terraza ixtea. Terrazatzat hartuko da sotoko solairuko goiko forjatua edo, sotoko solairu horretako eraikinik ez badago, lurzati libre pribatu bat, eta gutxienez etxebizitza batetik izanen du sarbidea, alde batera utzita espazio horren jabetzari edo erabilerari buruzko beste kontsiderazio batzuk.
Ordenantza honetatik kanpo geratzen dira babes ekonomikoaren araubideren bati lotutako etxebizitzak (hala nola, babes ofizialekoak, prezio tasatukoak eta abar), betiere kalifikazio hori kenduta ez badaude, etxebizitzaren arloko legedian ezarritakoaren arabera.
Familia bakarreko etxebizitzak ere kanpoan geratzen dira, atxikiak edo isolatuak izan.
Aipatu diren kasu horietan agertzen ez diren salbuespenezko kasuetarako, kontuan hartzeko beharrezkoak diren agiriak aurkeztuko dira, beharrezkoak diren kontsultak edo bisitak eginen dira eta, egokia dela uste bada, Udaleko zerbitzu teknikoek Hirigintza Batzordean aurkeztuko dute kasua. Batzorde hori izanen da azken buruan jarduketari baietza edo ezetza emanen diona.
Nolanahi ere, ez da onartzen itxitako espazioak etxebizitzari eranstea.
3. artikulua. Balkoiak eta terrazak ixteko baldintzak.
Oro har, honako baldintza hauek bete beharko dira balkoiak eta terrazak ixteko:
–Jabeen erkidegoaren berariazko baimena beharko da, Jabetza Horizontalaren Legeak ezartzen duenaren arabera.
–Ez da baimentzen eremu itxiak etxebizitzari eranstea, eta eraikinaren fatxadak eta akaberak mantendu beharko dira kasu guztietan.
–Balkoiak eta/edo terrazak ixteko edozein jarduketak kasuan kasuko obra-lizentzia eskuratu beharko du.
–Obrak egiteko eremu publikoa okupatu behar bada, horretarako baimena eskatu beharko da Udalean.
4. artikulua. Jabeen erkidegoaren baimenaren ezaugarriak.
Balkoiak edo terrazak ixteko edozein jarduketak jabeen erkidegoaren berariazko baimena eduki beharko du, Jabetza Horizontalaren Legeak ezartzen duen moduan.
Honako hauek dira baimenaren ezaugarriak:
–Jaso behar dira jabeen erkidegoa identifikatzeko datuak (izena eta IFZ), horren ordezkariarenak (izena, NANa eta kargua) eta eskatzailearenak (izena eta NANa).
–Berariaz jaso behar da zein etxebizitzatan eginen den jarduketa. Terraza eta/edo balkoi bat baino gehiago izanez gero, zehaztu behar da zer elementutan jardun nahi den.
–Berariaz jaso behar da jabeen erkidegoak ez duela eragozpenik balkoia edo terraza ixteko, indarrean dagoen udal ordenantzarekin bat.
5. artikulua. Obra-lizentziaren eskaera.
Balkoiak eta/edo terrazak ixteko jarduketa guztietan, kasuan kasuko obra-lizentzia eskuratu behar da aldez aurretik.
Obra-lizentzia eskuratzeko, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da, behar bezala betetako obra-lizentziaren eskaerarekin batera:
–Jabeen erkidegoaren baimena, ordenantza honen 4. artikuluan adierazitakoaren arabera eta aplikatu beharreko araudian ezarritako baldintzetan.
–Jarduketaren azalpen-memoria, adierazita materialak, koloreak, transmitantzia termikoa eta kasu bakoitzean sor daitezkeen alderdi teknikoen ebazpen-proposamena, hala nola:
- Euri urak jaso eta ateratzeko modua.
- Eraikinaren hobekuntza energetikoa.
- Eraikinaren egitura nahikoa izatea gainkarga berriei eusteko.
- Aurreikusitako sistemen eta materialen eta, hala badagokio, karel berrien erresistentzia eta segurtasuna Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (EKT) arabera.
- Itxiturak garbitzeko sistema Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (EKT) arabera etab.
- Gainera bermatu beharko da inguruko etxebizitzen konfort akustikoa ez dela okerragotuko (esate baterako, itxituraren estalki gisa metalezko panel bat jartzeak eragozpenak sor ditzake euriaren edo txingorraren zaratagatik).
–Jarduketa egin nahi den etxebizitzaren egungo egoeraren oinplanoak, jarduketaren xede den elementuaren edo elementuen azalera eta kotak eta etxebizitzaren guztizko azalera erabilgarria adierazita.
–Jarduketa edo jarduketak egin nahi diren elementuak dauden eraikinaren altxaera osoaren egungo egoeraren planoa.
–Egungo egoeraren argazkiak, bai itxi nahi den elementuarena edo elementuena, bai hura dagoen altxaera osoarena.
–Jarduketaren xede den etxebizitzaren egoera eraberrituaren oinplanoak, honako hauek jasoko dituztenak: itxitako elementuaren edo elementuen azalera eta kotak, eta etxebizitzaren guztizko azalera erabilgarri berria.
–Eraikinaren altxaeraren planoa obrak egin ondoren, non elementu itxia edo itxiak dauden.
–Egin beharreko jarduketaren aurrekontu xehakatua.
Dokumentazioa aurkeztu ondoren, eta obra-lizentzia eman aurretik, Udal Zerbitzu Teknikoek ikuskapen bisita bat egiten ahalko dute, egiaztatzeko aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoa bat datorrela dagoenarekin.
Dokumentazio teknikoa paperean eta formatu digitalean aurkeztuko da.
Lehen aipatutako kasuetan jaso ez diren salbuespenezko kasuetan, hura ulertzeko behar den dokumentazioa aurkeztuko da, beharrezkotzat jotzen diren kontsultak edo bisitak eginen dira, eta, egokitzat jotzen bada, udaleko zerbitzu teknikoek kasua aurkeztuko diote Hirigintza Batzordeari, zeinak, azken batean, jarduketa baimenduko duen ala ez.
6. artikulua. Lanen bukaera.
Lanak bukatu ondoren, obraren azken dokumentazioa aurkeztu beharko da, obra-lizentzian bertan zehazten dena, eta gutxienez honako hauek osatuko dute:
–Jarduketa zer etxebizitzatan egin den, horren benetako oinplanoak, itxitako elementuaren edo elementuen benetako azalerak eta kotak eta etxebizitzaren azalera erabilgarri oso berria dakartzatenak.
–Itxitako elementua zer eraikinetan dagoen, horren benetako altxaeraren planoa.
–Itxitako elementuaren edo elementuen egoera aldatuaren argazkiak, baita bere altxaera osoarenak ere.
–Egindako jarduketaren benetako aurrekontua, fakturak aurkeztuta. Dokumentazio horrekin, eta Udalaren zerbitzu teknikoek kasuan kasuko ikuskapen bisita egin ondoren, bukatutzat joko da espedientea, eta katastroan beharrezko aldaketak eginen dira, jarduketaren ondoren etxebizitzak duen egoera berria jasotzeko.
7. artikulua. Itxituren baldintzak.
Balkoiak eta/edo terrazak ixteko jarduketa guztiek, oro har, honako baldintza hauek bete behar dituzte:
–Itxitura markorik gabeko elementuekin (kristalezko gortinak izenekoak) beiraztatu beharko da, premien arabera ireki edo itxi ahal izateko, eta fabrikako edo metalezko itxiturak erabat debekatuta egonen dira.
–Nolanahi ere, erorikoen aurkako babes-barandetan edo -kareletan dauden eraikuntza-materialak eta -irtenbideak mantendu beharko dira.
–Ez da baimentzen itxitako espazioak etxebizitzari eranstea.
Balkoien kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:
–Itxitura ezin da irten harlauzatik edo haren egiturazko elementutik.
–Itxitura erabat beiraztatzen ahalko da, eta aluminiozko gida-elementuak soilik edukitzen ahalko ditu, eraikinaren kanpoko arotzeriaren kolore berekoak edo zurezkoak, baina kasu guztietan fatxada bereko balkoi guztiak modu berean itxi beharko dira.
–Fabrikako karelaren edo barandaren bat baldin badago, mantendu egin beharko da, eta itxitura handik aurrera jarriko da.
Terraza sartuen kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:
–Itxiturak bat eginen du dagoen fatxadaren planoarekin.
–Itxitura erabat beiraztatzen ahalko da, eta aluminiozko gida-elementuak soilik edukitzen ahalko ditu, eraikinaren kanpoko arotzeriaren kolore berekoak edo zurezkoak, baina kasu guztietan fatxada beretik sartutako terrazak modu berean itxi beharko dira.
–Fabrikako karelaren edo barandaren bat baldin badago, mantendu egin beharko da, eta itxitura handik aurrera jarriko da.
Terrazen kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:
–Itxitura ezin da harlauzatik edo haren egiturazko elementutik irten.
–Itxitura erabat beiraztatzen ahalko da, eta aluminiozko gida-elementuak soilik edukitzen ahalko ditu, eraikinaren kanpoko arotzeriaren kolore berekoak edo zurezkoak, baina kasu guztietan fatxada beretik sartutako terrazak modu berean itxi beharko dira.
–Fabrikako karelaren bat edo barandaren bat baldin badago, mantendu egin beharko da, eta handik aurrera itxitura jarriko da.
– Terraza ixten ahalko da zati batean. Hala ere, terrazen itxitura uniformea izanen da altxaera osoan.
Atikoen kasuan, ezaugarri hauek izan ditzakete planteatzen diren itxiturek:
–Itxitura atzeraemanda egonen da, gutxienez, lehendik dauden fatxadetako edozeinen planotik 150 cm, eta inoiz ez da izanen 2,60 metro baino handiagoa eraikin nagusiaren gehieneko altuera baino. Era berean, ezinen da eraikinaren gehieneko inguratzailetik irten. Azken hori fatxada bakoitzeko gehieneko altuerako lerro horizontalak marraztutako 45º-ko plano batek definitzen du, betiere atikoaren solairua kontuan hartu gabe. Atzera eramate horren arrazoia da bide publikotik gehiegizko presentzia saihestea, bolumetria nabarmen alda dezake eta.
–Inolaz ere ez dira itxiturak eginen Uharteko "Auzo Zaharra" izenekoaren atikoetako terrazetan.
–Itxitura gutxienez 150 cm eramanen da atzera beste jabeen baoekin edo terrazekin dagoen edozein banaketari dagokionez.
–Itxitura erabat beiraztatu beharko da, hura osatzen duten egiturazko elementuak izan ezik, baina, kasu guztietan, eraikin bereko atikoko terrazak modu berean itxi beharko dira.
–Fabrikako karelaren edo barandaren bat baldin badago, mantendu egin beharko da, eta handik aurrera itxitura jarriko da.
–Atikoko terraza ixteko eskatzen duenaren ardura izanen da eraikineko estalkiko ura behar bezala biltzea, eta bere gain hartuko ditu itxitura elementuak paratzeak irazgaiztean sortzen ahal dituen kalte guztiak. Ez da inolaz ere baimenduko euri urak zuzenean eremu publikora bideratzea.
–Elementu horien estalkia ezin da itxi. Itxiturak soilik egiten ahalko dira ehun-elementuen edo aluminiozko lama mugikorren bidez, eraikinaren kanpoko arotzeriaren edo zurezko gainerako arotzeriaren kolore berean.
Nolanahi ere, bermatu beharko du inguruko etxebizitzen konfort akustikoa ez dela okerragotuko.
–Mota horretako elementuen gehieneko azalera 12,50 m²-koa izanen da.
Beheko solairuetako terrazen kasuan, planteatzen diren itxiturek honako ezaugarri hauek izan ditzakete:
–Itxitura gutxienez 250 cm eramanen da atzera, bide publikorako dagoen lurzatiaren mugatik. Horren arrazoia da bide publikotik gehiegizko presentzia saihestea, bolumetria nabarmen aldatzen du eta.
–Itxitura gutxienez 250 cm eramanen da atzera beste jabeen baoekin edo terrazekin dagoen edozein banaketari dagokionez.
– Itxitura bertikala guztiz beiraztatua izanen da. Ezin izanen da elementu horien estalkia itxi.
Itxitura horizontalak edo inklinatuak soilik egiten ahalko dira ehun-elementuen edo aluminiozko lama mugikorren bidez, eraikinaren kanpoko arotzeriaren edo zurezko gainerako arotzeriaren kolore berean. Nolanahi ere, bermatu beharko du inguruko etxebizitzen konfort akustikoa ez dela okerragotuko. Eraikin bereko beheko solairuko terrazak modu berean itxi beharko dira.
–Elementuak ezin izanen du inoiz ere 2,75 metro baino handiagoa izan elementuaren edozein puntutan beheko solairuko sestra baino. Atzera eramate horren arrazoia da bide publikotik gehiegizko presentzia saihestea, bolumetria nabarmen alda dezake eta.
–Beheko solairuko terraza ixteko eskatzen duenaren ardura izanen da eraikineko estalkiko ura behar bezala biltzea, eta bere gain hartuko ditu itxitura elementuak paratzeak irazgaiztean sortzen ahal dituen kalte guztiak.
–Mota horretako elementuen gehieneko azalera 15 m²-koa izanen da.
8. artikulua. Lurzati pribatuan hiri-altzariak jartzeko arauak.
Fatxadari atxikita dauden eta euskarri bertikalik ez duten olanak baimenduko dira.
Etxebizitza blokeetan, jabeen erkidego bakoitzak arautuko du olanaren mota, eredua, kolorea eta beste ezaugarri batzuk. Horiek modu independentean jarriko dira, eta kristalezko itxituren konponbidearekin bateragarriak izanen dira. Horretarako, obra-lizentzia eskatu beharko da aldez aurretik, toldoaren ezaugarri teknikoak jasotzen dituen erkidegoaren akordioarekin batera. Olanaren gehieneko hedadura, fatxadatik duen proiekzioan, 2,50 m-koa izanen da, eta beti lurzati pribatuaren barruan; gutxieneko altuera, berriz, 2,20 m-koa punturik baxuenean.
Girotzeko aparatuak paratzen ahalko dira kaletik ikusi ezin diren tokietan eta beti ezkutuan.
Beheko solairuan lorategiko altzariak paratzen ahalko dira.
Etxebizitza kolektiboetan guztiz debekaturik daude bizitegi erabilera komunitarioari ez dagozkion elementu eta eraikuntzak (adibidez, plastikozko berotegiak, barbakoak, egiturazko elementuen gaineko igerileku eramangarriak etab).
9. artikulua. Lehenago egindako itxiturak legeztatzea.
Lehenago egindako edozein itxitura legeztatzen ahal da, dela jabearen ekimenez, dela Udalaren ekimenez, baldin eta ordenantza honetan ezarritakoa betetzen bada eta bat etorriz Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan horri buruz ezarritakoarekin.
Horretarako, 5. artikuluko dokumentazioa aurkeztu behar da, etxebizitzaren jatorrizko egoeraren oinplanoarekin eta lehenago egindako itxitura legeztatzeko dela dioen eskaera batekin batera.
Ordenantza honetan ezarritakoarekin bat egiten ez duten itxituren kasuan, aipatu 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan kasu horietarako xedatutakoari jarraituko zaio.
10. artikulua. Eraikina ordeztea.
Balkoiak eta/edo terrazak ixtearekin lortutako azalerak ezin dira eskubide edo azalera finkatu gisa konputatu eraikina ordezten bada. Halakoetan, eraikinaren jatorrizko lizentziaren ondoriozkoak izanen dira eskubide edo azalera finkatuak.
11. artikulua. Eraikinaren jatorrizko egoerara itzultzea eta jada eginda dauden itxiturak ordeztea.
Hirigintza-legezkotasuna berrezartzeko udal-eskumenak alde batera utzi gabe, eraikina jatorrizko egoerara itzultzen denean eta egindako itxiturak ordezten direnean, nahitaezkoa izanen da jabeen erkidegoaren baimena, hala badagokio, eta obra-lizentziaren izapidea udalean egitea.
Itxituraren zati bat edo itxitura osoa ordeztu edo berritu nahi denean artikulu hauetan ezarritakoaren arabera egokitzeko, edo hondatuta dagoelako edo haren bizitza baliagarria amaitu delako, lehenbizikoz ezartzeko izaten den prozedura berari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: L2315739
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
