1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
363/2023 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Justiziako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan 2023ko azaroaren 30eko egun osorako deitutako greba orokorra dela eta, funtsezko zerbitzuak zehazten dituena eta gutxieneko zerbitzuak finkatzen dituena Nafarroako Justizia Administrazioaren esparrurako.
ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek greba orokorrerako deialdia egin dute, zeinak Nafarroako Foru Komunitatearen eremu geografikoan kokaturiko enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publikoen jarduera eta eginkizun guztiei eraginen baitie, zeinahi delarik ere langile horien enpresaren edo administrazioaren eremua. Deitutako greba orokor hori azaroaren 30ean eginen da.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak greba egiteko eskubidea aitortzen die langileei, beren interesak defenda ditzaten; hala ere, gizartearentzako ezinbesteko zerbitzuei eutsiko zaiela bermatu beharko da.
Bestalde, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak aldatutako Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 496.d) artikuluak ezartzen duenez, Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek greba-eskubidea baliatzeko, Estatuko legeria orokorrean funtzionario publikoentzat ezarritakoari jarraituko zaio, etaJustizia Administrazioaren ezinbesteko zerbitzuei eutsiko zaiela bermatuko da betiere.
2023ko azaroaren 30eko greba orokorrerako deialdi horrek ekarriko duen egoera ikusirik, zeinak eragina izanen baitu Justizia Administrazioko kidego orokorretako langileek eta auzitegi-medikuen kidego bereziko langileek Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko lurraldean egiten dituzten jarduera guztietan, bidezkoa da neurriak hartzea esparru horretan funtsezko zerbitzuak bermaturik egon daitezen; horretarako gutxieneko zerbitzu batzuk ezarriko dira, zeinak, greba eskubidearen edukia ahalik eta gutxien mugatuta, behar bestekoak izanen baitira Justizia Administrazioaren jarduna bermatzeko halako arloetan non etenak ezin konponduzko kalteak eragin baititzake herritarren eskubide eta interesetan.
Aurreko guztia kontuan harturik, eta bat etorriz Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluarekin, Justizia Zuzendaritza Nagusiak ebatzi du funtsezko zerbitzuak zehaztea eta funtsezko zerbitzu horietan arreta emateko behar diren gutxieneko zerbitzuak finkatzea, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esparruan.
Azaldutakoaren ondorioz, Langileen Batzordeari entzun ondoren, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileriaren arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak eta Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 254/2023 Foru Dekretuak esleitutako eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde esparruko Justizia Administrazioan honako hauek izanen dira funtsezko zerbitzuak 2023ko azaroaren 30ean, egun horretan greba orokorrerako deialdia egin baita:
a) Guardiako zerbitzua: epaitegiek, fiskaltzak eta Nafarroako Auzitegi Medikuntzaren Institutuak, guardiako zerbitzuan dihardutenean, guardiako zerbitzua egiten duten langile guztiak eduki beharko dituzte, izapidetzen dituzten gaiak eta horiek ebazteko presa kontuan hartuta.
b) Kautelazko edo behin-behineko neurriak, oinarrizko eskubideei eragiten dietelako eta berehala ebatzi behar direlako.
c) Zigor arloko ahozko epaiketak, edo presoren bat tartean dagoen beste edozein egintza edo agerraldi, askatasunaz gabetzeko egoeren ebazpena ez atzeratzeko.
d) Erregistro Zibilaren arloan, ehorzketa-lizentziak eta epea amaitzen den erregistroko inskripzioak (jaiotzak, heriotzak, ezkontzak).
e) Genero-indarkeriaren arloko jarduketak. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren arloko Iruñeko Epaitegiak eta genero-indarkeriaren arloan eskumena duten lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiek biktimei ezinbesteko arreta oro emateko behar diren langileak izan beharko dituzte.
f) Lan arloko jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legearen II. liburuko II. tituluko XI. kapituluan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen V. tituluko I. kapituluan aipatutako oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babesteko prozedurak.
g) Presako gaiak erregistratzea eta organo judizialei banatzea.
h) Adingabe batek edo gaitasuna judizialki aldatua duen pertsona batek parte hartu behar duen jarduketa prozesalei arreta ematea.
j) Abian diren hauteskundeek eragindako jarduketa judizialak.
2. Hauek izanen dira Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego orokorretako eta auzitegi-medikuen kidego bereziko langileen gutxieneko zerbitzu presentzialak, grebak irauten duen bitartean Nafarroako Foru Komunitatean ezinbesteko justizia-zerbitzua emanen dela bermatzeko:
ORGANO JUDIZIALA | KUDEAKETA | TRAMITAZIOA | LAGUNTZA |
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor arloko Sala | 1 | 1 | 1 hiru saletarako |
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Sala | 1 | 1 |
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko Sala | 1 | 1 |
Gobernuko Idazkaritza | 1 | 1 | |
Probintzia-auzitegia, 1. eta 2. atalak (zigor arlokoak), atal bakoitzean | 1 | 1 | 1 |
Probintzia-auzitegia, 3. atala (arlo zibilekoa) | 1 | 1 | |
Probintzia auzitegiko banaketa bulegoa | 1 | | |
Iruñeko Epaitegi Dekanoa | 1 Kudeaketa edo tramitazioa | 1 |
Iruñeko merkataritza arloko epaitegiak | 1 | 1 | 1 bi epaitegietarako |
Iruñeko lehen auzialdiko epaitegiak, 1, 2, 4, 5, 6, 7, 9 zenbakietakoak, epaitegi bakoitzean | 1 | 1 | 1 epaitegi guztietarako |
Iruñeko lehen auzialdiko epaitegiak, 3, 8, eta 10 zenbakietakoak, epaitegi bakoitzean | 1 | 1 | 1 |
Iruñeko instrukzio epaitegiak, epaitegi bakoitzean | 1 | 1 | 1 |
Iruñeko Guardiako Epaitegia | Guardiako zerbitzuan dauden langile guztiak |
Iruñeko zigor arloko epaitegiak, epaitegi bakoitzean | 1 | 1 | 1 |
Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegia | 2 | 2 | 1 |
Adingabeen Epaitegia | 1 | 1 | 1 |
Lan arloko epaitegiak, epaitegi bakoitzean | 1 | 1 | 1 lau epaitegietarako |
Administrazioarekiko auzien epaitegiak, epaitegi bakoitzean | 1 | 1 | 1 hiru epaitegietarako |
Espetxe-zaintzako Epaitegia | 1 | 1 | |
Iruñeko Erregistro Zibila | 1 | 1 | 1 |
SCACE | 1 | | 1 |
Tuterako lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak, epaitegi bakoitzean | 1 | 1 | 1 bost epaitegietarako |
Tuterako Erregistro Zibila | 1 | 1 | |
Tuterako Guardiako Epaitegia | Guardiako zerbitzuan dauden langile guztiak |
Lizarrako lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak, epaitegi bakoitzean | 1 Kudeaketa edo tramitazioa | 1 bi epaitegietarako |
Lizarrako Erregistro Zibila | | 1 | |
Lizarrako Guardiako Epaitegia | Guardiako zerbitzuan dauden langile guztiak |
Tafallako lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak, epaitegi bakoitzean | 1 Kudeaketa edo tramitazioa | 1 bi epaitegietarako |
Tafallako Erregistro Zibila | | 1 | |
Tafallako Guardiako Epaitegia | Guardiako zerbitzuan dauden langile guztiak |
Agoizko lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegiak, epaitegi bakoitzean | 1 Kudeaketa edo izapidetzea | 1 bi epaitegietarako |
Agoizko Erregistro Zibila | | 1 | |
Agoizko Guardiako Epaitegia | Guardiako zerbitzuan dauden langile guztiak |
Elkarteak eta bake epaitegiak | Funtzionario bat elkarte eta bake epaitegi bakoitzean |
Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutua. | Guardian dauden auzitegi-medikuak, tramitatzaile 1 eta laguntzaile 1 |
Iruñeko Fiskaltza | 1 | 3 | 1 |
Tuterako Fiskaltza | | 1 | |
3. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Langileen Batzordeari, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen eta Bulego Judizial eta Fiskalaren Zuzendaritzari, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzari, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzari eta Nafarroako Auzitegi-medikuntzaren eta Zientzia Kriminalistikoen Institutuari.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Atariko www.justicia.navarra.es helbidean argitaratzea.
5. Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio bideari, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuko Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2023ko azaroaren 24an.–Justiziako zuzendari nagusia, Maite Arenaza Sarasola.
Iragarkiaren kodea: F2316809