1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
282E/2023 EBAZPENA, azaroaren 7koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, behin betiko onesten duena Iruñeko 3. poligonoko 447. katastro-lurzatiaren xehetasun azterketa, "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokiona. Sustatzailea Inmobiliaria Universidad de Navarra SA da.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 29ko 119E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera batean onetsi zen Iruñeko 3. poligonoko 447. katastro-lurzatiaren xehetasun-azterketa, "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokiona. Sustatzailea Inmobiliaria Universidad de Navarra SA da.
Ebazpen hori argitaratu zen 2023ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 1ekoan, bai eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan ere, 2023ko abuztuaren 1ean, eta batera egin ziren hogei egunez espedientea jendaurrean jartzeko tramitea eta ukitutako udalari entzunaldia ematekoa. Epe horretan ez da alegaziorik aurkeztu.
Xehetasun azterketaren xedea da Nafarroako Unibertsitateak Iruñean duen campusaren udalez gaindiko plan sektorialean jasotako determinazioak betetzea, zehazki, UGPSaren planoetan zehaztu eta aurreikusirik ez dauden eraikin berrietarako, lizentzia eskuratu aurretik, xehetasun azterketa bat aurkeztu behar dela ezartzen duena. Horretarako eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikaren sotoko solairua eraberritu eta handitzeko, espedienteak eraikinaren gehieneko lerrokadurak aldatzea planteatzen du. Izan ere, eraberritzea eta handitzea egiteko, kanpoaldean 435,52 m²-ko bolumen erdilurperatu bat eraikiko da, II. faseko hegoaldeko fatxadari atxikita (Irunlarrea kalea), klinikako langileentzako aldagelen eremua handitzeko.
2023ko ekainaren 9an, Ingurumen Eraginaren Atalak txosten bat egin zuen, zeinetan honako hau adierazi zuen: "Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta jasotako xehetasun-azterketa ikusita, haren edukiak ez du ezartzen legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa bete behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua, eta, beraz, ez da eskatu behar haren ingurumen-ebaluazio estrategikoa".
Era berean, espedientean daude Iruñerriko Mankomunitateak, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak eta Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak emandako aldeko txostenak.
Zenbait aldaketa egin dira jendaurrean jarri zen dokumentu teknikoaren gainean, hasierako ebazpenaren determinazioekin bat etortzeko: hartutako irtenbideen egokitasuna eta zilegitasuna justifikatzen dira, handitu nahi den eremurako hirigintza zerbitzuetako sareak eta harguneak daudela justifikatzen da, eta dokumentazio grafikoan izkinen koordenatu geografikoak sartzen dira. Horrez gain, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiaren txostenean egindako oharrei erantzunez, dokumentua ofizioz aldatu da, Iruñeko aireportuko zortasun aeronautikoak mugatzen dituzten azaleren maila-lerroak txertatzeko.
Ikusita Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2023ko urriaren 17an egindako txostena, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin, eta dauzkadan ahalmenak baliatuz, zeinak eman baitizkit Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, eta ikusita Lurralde Kohesiorako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 69/2023 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarra, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. Behin betiko onestea Iruñeko 3. poligonoko 447. katastro-lurzatiaren xehetasun-azterketa, "Nafarroako Unibertsitatearen Campusa" udalez gaindiko plan sektorialeko Z-1 jarduketa-unitateari dagokiona. Sustatzailea Inmobiliaria Universidad de Navarra SA da.
2. Xehetasun-azterketaren eremuan obrak gauzatzeak uki ditzakeen azpiegiturei eta zortasunei edo, kasua bada, obrak gauzatzea baldintza dezaketenei dagokienez, sustatzaileak beharrezkoak diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoetan; besteak beste, zortasun aeronautikoen arloko baimena ematearen aldeko erabakia, aldez aurrekoa.
3. Adieraztea ebazpen honek amaiera ematen diola administrazio bideari eta honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzenduta, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluarekin lotuta.
Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentua eskuragarri egonen da Nafarroako Hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Iruñeko Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko azaroaren 7an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, José Antonio Marcén Zunzarren.
Iragarkiaren kodea: F2315810