256. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

46/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 21ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak.

Urriaren 30eko 59/2019 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko oinarri arautzaileak onetsi ziren, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamenduaren eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren esparruan eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programari jarraikiz. 1305/2013 (EB) Erregelamendua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bidez landa garapenari laguntzeari buruzkoa da.

Urriaren 30eko 59/2019 Foru Aginduan ezarritako prozedurarekin bat hautatu ziren entitate laguntzaileek akordio baten esparruari lotuta jardun dute. Akordio horrek lau urteko iraupena du, gehienez ere, tratamenduaren eragile izateko hitzarmena sinatu eta formalizatzen denetik aurrera, eta, horrenbestez, 2023ko abenduaren 31n amaituko da haren indarraldia. Hitzarmen horien iraunaldia amaitzear dagoenez, bidezkoa da foru agindu berri bat onestea, haren bidez ezartzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian parte hartuko duten entitate laguntzaileak deitzeko eta hautatzeko arauak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren bidez, batetik, arauak ezartzen dira Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoen laguntzetarako (NPEaren plan estrategikoak), zeinak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen baitira, eta, bestetik, 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak indargabetzen dira. Horrek aldaketa nabarmena ekarri du NPEan; izan ere, politika hori, orain, emaitza zehatzak lortzera bideratuta dago, hain zuzen ere, Erregelamenduaren 5. artikuluko hiru helburu orokor hauei loturiko emaitzak lortzera: nekazaritza sektore zentzuduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea, elikadura-segurtasuna bermatuta egon dadin epe luzean; ingurumenaren zaintza, biodibertsitatea barne, eta klima zaintzeko jarduketak babestea eta sendotzea eta Europar Batasuneko ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea (Parisko Itunean hartutako konpromisoak, besteak beste); eta landa eremuetako ehun sozioekonomikoa indartzea.

Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategiko Nazionalaren barnean daude, 2023-2027 aldirako, Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko zenbait esku-hartze, eta horien ezaugarri bereziengatik eta balizko onuradun kopuru handiagatik, komenigarria da esku-hartze horiek entitate laguntzaileen bitartez tramitatzea, datuak eskuratzeko programen bitartez.

Bestetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 154. artikuluarekin bat, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren egikaritza 2025eko abenduaren 31ra arte aplikatuko da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2020/2220 (EB) Erregelamenduan eta 1305/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera.

Maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuak Nekazaritza Politika Erkidearen plan estrategikoaren gobernantza sistema, haren antolakuntza eta funtzionamendua arautzen ditu, eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren egikaritza dela-eta, lehen xedapen iragankorrean ezartzen du ezen 2014-2020 aldirako onetsi ziren arauak aplikatuko direla Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren neurriak gauzatzeko, eta indarrean segitzen dutenez, horiek ere izanen direla aplikagarri, baldintza berberetan, 2025eko abenduaren 31ra arte, landa garapeneko programen esparruan onuradunek egin eta erakunde ordaintzaileak ordaindutako gastuetarako. Laguntza horien kudeaketa eta tramitazioa ere lankidetza honen xede izanen dira.

Bestetik, Nekazaritza Politika Erkidea kudeatzeko sistema eta hari loturiko beste gai batzuk arautzen dituen abenduaren 23ko 30/2022 Legeak honako hau ezartzen du: Espainiako ekonomiaren digitalizazio-prozesuan aurrerapausoak egin asmoz, kontuan hartu behar da nekazariek, abeltzainek eta administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko dituztela nekazaritza sektoreko laguntzak kudeatzeko edo sektore horiek antolatzeko behar den informazioa elkarri emateko.

Administrazioarekiko harremanak bitarteko elektronikoen bidez egin daitezke osorik, baina behar diren bitarteko telematikoak ez dituzten landa-eremuetako biztanleei bermatu behar zaizkie bai bitartekoak bai irispidea. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan daude jasota administrazio publikoekiko harremanak bitarteko elektronikoz izatera behartuak dauden subjektuak. Ezaugarri profesionalak direla-eta, ustiategien gainerako titularren edo operadoreen kasuan, pertsona fisikoak badira, betebehar hori bera ezartzen da aipatu lege horren 14.3 artikuluan ezarritakoaren babesean. Izan ere, sektore hori etengabeko digitalizazio prozesuan murgilduta dago eta baditu dagoeneko hainbat betebehar elektroniko eta horren aplikazio eragingarrirako behar besteko tresnak.

Prozedura horiek bitarteko elektronikoen bidez kudeatzea errazagoa eta sinpleagoa izan dadin, nekazaritzako ustiategien titularren esku jarri nahi dira, entitate laguntzaile horien bidez, haien betebeharrak eta eskubideak gauzatzeko behar dituzten tresnak eta zerbitzuak, baina galarazi gabe abenduaren 23ko 30/2022 Legearen 4. artikuluaren azken paragrafoan ezarritakoa halako kasuetarako non administrazio eskudunak ezin baitu froga bidez egiaztatu pertsona fisikoak behar diren bitarteko elektronikoak eskuragarri dituztela.

Asmo hori Konstituzioaren 40. eta 130. artikuluetan ere oinarritzen da, botere publikoei eskatzen baitzaie behar diren baldintzak susta ditzaten gizarteak eta ekonomiak aurrera egin dezaten eta errentaren eskualdekako zein bakarkako banaketa ekitatiboagoa izan dadin, ekonomiaren egonkortasuna eta sektore ekonomiko guztien modernizazioa eta garapena –bereziki nekazaritza eta abeltzaintzarena– xede dituen politika baten esparruan.

Datu pertsonalen babesari buruzko arauek ezartzen dute nor den datuen tratamenduaren arduraduna, eta tratamenduaren eragilerik egonez gero, hitzarmen edo bestelako egintza juridiko baten bidez arautu behar dela eragilearen eta arduradunaren arteko lotura hori; hartan ezarri beharko dira, baita ere, beste inguruabar hauek: xedea, iraupena, tratamenduaren izaera eta helburua, datu pertsonalen motak eta interesdunen kategoriak, eta arduradunaren eskubideak eta betebeharrak.

Horrenbestez, onuradunei halako laguntzak emateko behar diren datuak kudeatze aldera, nahitaezkoa da hitzarmen bat formalizatzea entitate laguntzaileen eta laguntza ematen duen organoaren artean, eta hitzarmen horretan arautuko dira aldeek onartzen dituzten baldintzak eta betebeharrak. Hori dela eta, aurrez ezarri behar dira entitateek laguntzaile izaera eskuratzeko egiaztatu behar dituzten betekizunak.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren bidez (hemendik aurrera, datuen babeserako erregelamendu orokorra: DBEO), pertsona fisikoen babesa arautu zen datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zen 95/46/EE Zuzentaraua. Erregelamendu horren 28.3 artikuluan xedatutakoa betetzeko, beharrezkoa da eragileak gauzatu beharreko tratamendua kontratu baten edo beste ekintza juridiko baten bidez arautzea, Europar Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbidearen arabera; kontratu edo ekintza juridiko horren bidez eragilea arduradunari lotuko zaio, eta zenbait alderdi ezarriko dira: tratamenduaren xedea, iraupena, izaera eta helburua, datu pertsonal motak eta interesdunen kategoriak, eta arduradunaren betebeharrak eta eskubideak.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 33.2 artikuluak xedatzen du tratamenduaren arduraduna izanen dela –eta ez eragilea– ukitutakoekin harremanak ezartzen dituena bere izenean, besteren izenean jarduten duela aipatu gabe, nahiz eta 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 28.3 artikuluan ezarritako edukia duen kontratua edo egintza juridikoa egon. Laburbilduta, onuradunei laguntzak emateko behar diren datuen kudeaketari begira, hitzarmen bat egin behar da entitate laguntzaile horien eta laguntza ematen duen organoaren artean, hartan arautuko baitira aldeek beren gain hartzen dituzten betebeharrak eta baldintzak. Hala ere, hasteko, laguntzaile izan nahi duten entitateek bete beharreko baldintzak ezarri behar dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz.

Foru agindu honetan araututakoa bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan jasotako printzipioekin. Hala, foru aginduak premiaren eta eraginkortasunaren printzipioak betetzen ditu, bermatzen delako araua modu homogeneoan aplikatuko zaiela hitzartutako harreman honetan parte hartzen duten guztiei, Nafarroako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren onerako. Araua proportzionala da, hots, estali behar duen beharrari erantzuteko ezinbesteko gutxieneko arauak ezartzen ditu, eskubide murrizketa edo hartzaileentzako betebehar gutxiago dakarren inolako neurririk ezarri gabe. Segurtasun juridikoaren printzipioa ere bermatzen da, koherentea baita Espainiako zein Europar Batasuneko gainerako ordenamendu juridikoarekin, eta esparru egonkorra, aurresangarria, integratua, argia eta segurtasunekoa sortzen du; hala, errazagoa izanen da hura ezagutu eta ulertzea, eta, ondorioz, parte hartu behar duten pertsonek eta enpresek jardutea eta erabakiak hartzea. Azkenik, gardentasunari buruzko arauak aplikatu beharrez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 133. artikuluan ezarritako tramiteak egin dira.

Aurreko guztia kontuan harturik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak foru agindu honen bidez antolatu nahi ditu zenbait entitateren nahitaezko parte-hartzea eta entitate horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren tratamendu jardueren erregistroan agertzen diren nekazari eta abeltzainen datu pertsonalak kontsultatzeko modua.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Arauak onestea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan laguntzaile izanen diren entitateak deitzeko eta hautatzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako laguntzen tratamenduan 2024-2027 aldian laguntzaile izanen diren entitateak deitzeko eta hautatzeko arauak onesten dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren esparruan eta Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren zenbait laguntzari loturik. Erregelamendu horretan, batetik, arauak ezartzen dira Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoen laguntzetarako, zeinak Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen baitira, eta, bestetik, 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak indargabetzen dira. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira arauok.

Lehen xedapen gehigarria.–Sinadura-eskuordetza, hitzarmenak formalizatzeko.

Landa Garapeneko zuzendari nagusia eskuordetzen da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta hautatutako entitate laguntzaileen artean datu pertsonalen tratamenduaren eragilearen hitzarmenak sinatzeko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Konpentsazio ekonomikoak kudeatu, kontrolatu eta aitortzeko eskuordetza.

Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia eskuordetzen da konpentsazio ekonomikoak kudeatu, kontrolatu eta aitortzeko. Konpentsazio horiek entitate laguntzaileei ordainduko zaizkie foru agindu honen I. eranskineko 1. artikuluko 1. puntuan ezarritako zuzeneko ordainketen bidezko laguntzen eta esku-hartzeen eskaera bakarra aurkezteagatik.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Datu pertsonalen tratamenduaren eragilearen hitzarmen eredua onestea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta entitate laguntzaileen artekoa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eta entitate laguntzaileen artean egin beharreko datu pertsonalen tratamenduaren eragilearen hitzarmen eredua onesten da, foru agindu honen II. eranskinean jaso bezala. Onesten dira, baita ere, III. eranskinetik VI.era artekoak, zeinak foru agindu honen parte baitira.

Laugarren xedapen gehigarria.–Aurrekontuko kredituak.

1. Foru agindu honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 300.000 euroko gastua baimentzen da, 2023ko gastu-aurrekontuko "Hitzarmena entitate laguntzaileekin NPEaren laguntza eskaera bakarrak izapidetzeko" izeneko 710001 71200 2276 414204 partidaren kargura, edo 2024an gaituko den partida baliokidearen kargura. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea.

2. Foru agindu honen ondorioz 2025ean eta hurrengo urteetan izanen diren gastuak, bai eta foru agindu honen 10. artikuluan aurreikusitako konpentsazio ekonomikoaren ezarpena ere, dagokien urteko deialdian baimenduko dira, hots, laguntzen eskaera bakarraren aurkezpena arautzen duen deialdian, zeinaren bidez, halaber, laguntza hauetarako deialdia eginen baita: Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren laguntza jakin batzuk; 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren (NPEPE) eskualdeko esku-hartzeak; patataren hazi ziurtatuaren ekoizleentzako estatuaren laguntzak, natura mugapenak dituzten eskualdeetan nekazaritzako jarduera horri eusteko; eta azukre-erremolatxaren laborantzarako de minimis araubideko estatuaren laguntza.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko azaroaren 21ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

I. ERANSKINA.–LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUAREN KONTURAKO LAGUNTZEN TRATAMENDUAN 2024-2027 ALDIAN PARTE HARTUKO DUTEN ENTITATE LAGUNTZAILEAK HAUTATZEKO ARAUAK

1. artikulua. Xedea.

Deialdi honen xedea da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren konturako jarduketa, laguntza eta esku-hartze hauen tratamenduan parte hartuko duten entitate laguntzaileak hautatzea:

1.–Nekazaritza Zerbitzuko eskumenen esparruan:

a) Laguntzen eskaera bakarra aurkeztea eta SIGPACen aldaketak egiteko eskaerak aurkeztea. Laguntzen eskaera bakarrean sartzen dira NBEUFek finantzatzen dituen esku-hartzeetarako zuzeneko ordainketen bidezko laguntzak (errentarako oinarrizko laguntza jasangarritasuna bultzatzeko; errentarako birbanatze laguntza osagarria jasangarritasuna bultzatzeko; errentaren laguntza osagarria nekazari gazteentzako; klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko erregimenak; eta errenta elkarturako laguntza); 2023-2027ko NPEPEan sartutako eskualde-mailako esku-hartzeak, LGENFek finantzatuak; Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programako zenbait laguntza; eta Estatuko laguntzak.

b) Nekazaritzako ustiategien inskripzioa eta datuen eguneratzea Nekazaritza Ustiategien Erregistroan (NUE), Nekazaritza Ustiategien Informazio Sistemari (NUIS) lotuta.

c) Laguntza eskaeren espedienteak osatzean eta haien kontrola egitean atzemandako gorabeheren informazioa jasotzea, eta gorabehera horien tramiteak eta zuzenketak egitea.

d) Entitateak tramitatutako espedienteengatik jasotako ordainketei buruzko informazioa jasotzea.

2.–Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparruan:

–"Nekazaritza ustiategietako inbertsioak" eta "Nekazari gazteak bere gain jartzea" azpineurrien ordainketa-eskaerak aurkeztea, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean.

–Nafarroako 2023-2027 aldirako NPEaren Plan Estrategikoan sartutako esku-hartze hauen laguntza- eta ordainketa-eskaerak aurkeztea:

  • 6961.1 esku-hartzea: "Nekazari gazteak ezartzeko laguntzak".
  • 6961.2 esku-hartzea: "Nekazari berriak ezartzeko laguntzak".
  • 6841.1 esku-hartzea: "Laguntzak, inbertsio produktiboak egiteko nekazaritza ustiategietan, klima-aldaketa arintzen eta hartara egokitzen laguntzeko, baliabide naturalak eraginkortasunez erabiltzeko eta animalien ongizaterako".
  • 6841.2 esku-hartzea: "Nekazaritza ustiategiak modernizatu eta/edo hobetzeko inbertsioak egiteko laguntzak".

3.–Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuaren eskumenen esparruan:

–Honakoen edozein azpineurritarako ordainketa-eskaera aurkeztea, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren esparruan: "Laguntzak nekazaritzakoak ez diren jardueretako enpresak sortzeko landa eremuetan, nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortu eta garatzeko inbertsioetarako babesa eta proiektu pilotuetarako eta produktu, praktika, prozesu eta teknologia berriak garatzeko babesa".

–Nafarroako 2023-2027 aldirako NPEaren Plan Estrategikoan sartutako esku-hartze hauen laguntza- eta ordainketa-eskaerak aurkeztea:

  • 6864 esku-hartzea: "Nekazaritzaren dibertsifikaziorako inbertsioak egiteko laguntzak"
  • 6962 esku-hartzea: "Landa enpresa berriak abiatzeko laguntza"
  • 7162 esku-hartzea: "AEI-Agri elkartearekin loturarik ez duten berrikuntzarako lankidetza taldeentzako laguntza"
  • 7119.02.01 esku-hartzea: "Partaidetzazko tokiko garapenaren estrategiaren (PTGE) esparruan hautatutako eragiketak gauzatzea: sustatzaile publiko eta pribatuak" Nafarroako 2023-2027 aldirako NPEPEaren esparruan (barne direla Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 16ko 177E/2023 Ebazpenean ezarritako tratamenduak).

4.–Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren eskumenen esparruan:

–"Abeltzaintzako toki azpiegituretako inbertsioak" azpineurriaren laguntzarako eta ordainketarako eskaerak aurkeztea, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean.

5.–Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren eskumenen esparruan:

–Toki entitateek eta eragile pribatuek "Basogintzako azpiegituretako inbertsioak" (M04.03.05) eta "Basoetako ekosistemen ingurumen balioa lehengoratzeko inbertsioak" (M.08.05.01) azpineurriei dagokienez sustatzen dituzten basogintzako lanen laguntzetarako laguntza- eta ordainketa-eskaera aurkeztea, Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programaren barnean.

–Nafarroako 2023-2027 aldirako NPEaren Plan Estrategikoan sartutako esku-hartze hauen laguntza- eta ordainketa-eskaerak aurkeztea:

6881.1 esku-hartzea: "Basoberritzeetarako eta Nekazaritza eta Baso Sistemetarako laguntzak".

  • 6881.4 esku-hartzea: "Ingurumen helburuak lortzeko baso-jarduketetarako laguntzak".
  • 2. artikulua.Entitate laguntzaileek bete beharrekoak.

1. Deialdi honen ondorioetarako, entitate laguntzaile izaten ahalko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 10.3 artikuluan ezarritako pertsona juridikoak, baldin eta foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta II. eranskinean ageri den ereduaren araberako hitzarmena sinatuz formalizatzen badute lankidetza.

2. Ezin izanen dira entitate laguntzaile izan aipatu foru legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan ageri diren inguruabarretakoren batean dauden pertsona juridikoak.

3. Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak eguneratuak izatea.

3. artikulua. Entitate laguntzaile izateko baldintzak.

Entitate laguntzaile izateko, entitate eskatzaileek frogatu beharko dute euskarri informatikoan biltzen ahalko dituztela laguntzaile gisa eginen dituzten eragiketetako datuak, eta bide telematikoetatik igortzen ahalko dituztela. Halaber, lana behar bezala gauzatzeko behar beste giza baliabide eta baliabide material dituztela frogatu behar dute, V. eranskineko ereduaren arabera.

4. artikulua. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Eskaerak Idazkaritza Tekniko Nagusiko Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalera zuzenduko dira, eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Orokorrean aurkeztuko, haren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa.

Eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta lau urtez egonen da zabalik, gehienez ere.

2. Eskaera aurkezteak berekin dakar entitate eskatzaileak deialdi honetako arauak eta baldintzak onartzea.

3. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Estatutuen edo eraketa-egintzaren kopia; entitatearen jarduera erregulatzen duten arauek agertu beharko dute bertan, eta, hala dagokionean, kasuan kasuko erregistro ofizialen inskribaturik egon. Entitateari laguntzaile izaera aitortu bazaio aurreko beste aldi batzuetan, eta estatutuetan ez bada aldaketarik izan, ez dira aurkeztu beharko.

b) Entitate interesdunaren izenean eskaera sinatzen duen pertsona fisikoari emandako ahalordea, eta ahalordedunaren NANa.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, foru agindu honen V. eranskineko ereduaren araberakoa, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2 eta 13.3 artikuluetan aipatutako inguruabarretatik bakar bat ere ez duela frogatzeko.

d) Entitateak lana egiteko bere esku izanen dituen langileen eta baliabideen zerrenda. Banku entitateek, zerrenda horren ordez, zerbitzua eginen duten bulego guztien zerrenda, foru agindu honen V. eranskineko ereduaren araberakoa, eta bulego horien helbideak jartzen ahalko dituzte.

e) Eskaera aurkeztuta, baimena emanen zaio organo eskudunari dagozkion organo administratiboengandik eskuratzeko eskatzailearen zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzakoei buruzko egiaztagiriak. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz kentzen ahal dio baimen hori, hala adierazten badu eskaeran, eta halakoetan, entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzakoei buruzko datuak.

4. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo akatsak baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzendu dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emanda, zeina 21. artikuluan ezarri bezala emanen baita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5. artikulua. Entitate laguntzaileen hautaketa.

1. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak ebatziko du deialdia, ebazpen bidez, Informazioa Kudeatzeko Atalak eta Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalak proposaturik. Aldez aurretik atal horiek egiaztatuko dute entitateek deialdi honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten.

2. Entitate laguntzaileek arduradunaren datu-baseetan sartzeko eskatzen den moduaren arabera tratatuko dituzte datuak.

3. Tokiko Ekintza Taldeek hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera tratatuko dituzte eskuragarri dituzten datu pertsonalak, ezertan galarazi gabe Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 16ko 177E/2023 Ebazpenaren bidez onetsitako lankidetza-hitzarmenetan aitortzen zaizkien funtzio administratiboak. Ebazpen horren bidez, Nafarroan, 2023-2027 NPEPEaren esparruan, baimena eman zen urte anitzeko gastu-konpromisoak egiteko, dirulaguntzen kontzesioa egin zen eta tokiko ekintza taldeekin egin beharreko lankidetza hitzarmenak onetsi ziren, partaidetzazko landa garapeneko estrategiak garatzeko (LEADER).

6. artikulua. Datuak babesteko ordezkaria izendatzea.

1. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari buruzko 34. artikuluarekin bat, datuen tratamenduaren eragile izanen diren entitate laguntzaileek datuak babesteko ordezkari bat izendatu beharko dute, baldin eta entitateak Kreditu-entitateen Antolamendu, Gainbegiraketa eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen 1. artikuluan jasotakoak badira. Kreditu-entitatetzat jotzen dira bankuak, aurrezki-kutxak eta kreditu-kooperatibak.

2. Aurreko puntuan aipatzen ez diren tratamendu eragileek zilegi dute datuak babesteko ordezkari bat izendatzea, borondatez. Ordezkari hori 2016/679 (EB) Erregelamenduaren eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritako araubidearen mende egonen da.

7. artikulua. Tratamenduaren eragilearen hitzarmena formalizatzea.

1. Hautatzen diren entitateek tratamenduaren eragilearen hitzarmena formalizatu beharko dute, 10 eguneko epean, entitate laguntzaile izateko hautatu dutela dioen ebazpena jakinarazten zaien egunetik hasita. Hitzarmen hori II. eranskinean jaso da.

2. Entitate laguntzailearen izaera aitortu ondoren, hautatutako entitateak hitzarmena formalizatzea eta laguntzen tratamendurako baimendutako pertsonei gaikuntza ematea eskatu beharko du; horretarako honako hauek igorri beharko ditu: datu pertsonalen tratamenduaren eragilearen hitzarmena (II. eranskina) eta laguntzak entitatearen izenean tratatzeko baimendu dituen pertsonen zerrenda –foru agindu honen III.a) eranskinean ezarritako moduan–.

Hautatutako entitateak zerbitzu hori azpikontratatu nahi badie berarekin integratu edo elkartutako entitateei, eskaerarekin batera igorri beharko ditu, II. eranskinaz eta III.a) eranskinaz gain, hori bidezkoa denean, bai III.b) eranskina, bai IV. eranskina (Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zerbitzua azpikontratatzeko baimena eskatzekoa).

3. Hala hitzarmena formalizatzeko eskaerak nola eranskinek elektronikoki sinatuta egon beharko dute, entitatearen ordezkariaren ziurtagiri digitalaren bitartez, eta Landa Garapenaren, Nekazaritzaren eta Abeltzaintzaren Araubide Juridikoaren Atalari zuzenduko zaizkio, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, haren egoitza elektronikoa baliatuta (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa).

4. Dokumentazioa aztertutakoan, eta eskaerek eta eranskinek foru agindu honetan ezarritakoa betetzen dutela egiaztatu ostean, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak hitzarmena sinatuko du, zazpi eguneko epean, eta entitate interesdunari jakinaraziko zaio gero.

5. Entitateei ez bazaie aurrez laguntzaile izaera aitortu foru agindu honetan ezarritakoaren arabera, ezin izanen dira haien tratamendu eskaerak kontuan hartu. Halaber, entitateak beharturik daude baimendutako pertsonen errolda eguneratuta edukitzera.

8. artikulua. Zehapen araubidea.

Tratamenduen eragileak 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritako zehapen araubidearen mende daude 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 83. artikuluko 4., 5. eta 6. apartatuek aipatzen dituzten arau-hausteak dakartzaten ekintza eta jarduketengatik, baita Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren aurkakoak direnengatik ere.

9. artikulua. 2024-2027 aldiko hitzarmenaren aplikagarritasuna.

Hitzarmen honek lau urteko iraupena du; 2024ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2027ko abenduaren 31n bukatuko, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean edo hitzarmenaren indarraldiaren azken urtean izaten diren aldaketek zehazten dutenean, aldaketa horiek ezarriko baitituzte laguntza eta esku-hartzeetarako kasuan kasuko deialdiak.

10. artikulua. Entitate laguntzaileentzako konpentsazioa.

1. Hautatutako entitate laguntzaileek konpentsazio ekonomikoa jasoko dute 2024an eta hurrengo urteetan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren kontura erregistratzen dituzten laguntza eskaerengatik.

2. Konpentsazio ekonomiko horrek bazter uzten du laguntzen eskatzaileari tramite horien ondoriozko edozein kostu jasanarazteko aukera.

3. Konpentsazio ekonomikoa emanen da, bakar-bakarrik, foru agindu honen I. eranskineko 1. artikuluko 1. puntuko a) letran ezarrita dauden eta Nekazaritza Zerbitzuko eskumenen esparruan erregistratu diren laguntza eskaerak kudeatu eta tramitatzeagatik, ez besterengatik; hau da, laguntzen eskaera bakarra aurkezteagatik eta SIGPACen aldaketak egiteko eskaerak aurkezteagatik. Laguntzen eskaera bakarrean sartzen dira NBEUFek finantzatzen dituen esku-hartzeetarako zuzeneko ordainketen bidezko laguntzak (errentarako oinarrizko laguntza jasangarritasuna bultzatzeko; errentarako birbanatze laguntza osagarria jasangarritasuna bultzatzeko; errentaren laguntza osagarria nekazari gazteentzako; klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko erregimenak; eta errenta elkarturako laguntza); 2023-2027ko NPEPEan sartutako eskualde-mailako esku-hartzeak, LGENFek finantzatuak; Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programako zenbait laguntza; eta Estatuko laguntzak.

Laguntzak kudeatzeak eta tramitatzeak berekin dakar telematikoki aurkeztea laguntza eskaerak eta onuradunei ordaintzeko eskaerak, eskaerak aldatzea (arauetan ezarritako epearen barnean), eskaerak zuzentzea (zuzenketak eskatzen direnean), deialdi honetako eta aurrekoetako datuetara sartzea eta behar diren bestelako jarduketa guztiak egitea laguntzen eskaera bakarra aurkezteko eta SIGPACen aldaketak egiteko eskaerak aurkezteko. Laguntzen eskaera bakarrean sartzen dira NBEUFek finantzatzen dituen zuzeneko ordainketen bidezko laguntzak (errentarako oinarrizko laguntza jasangarritasuna bultzatzeko; errentarako birbanatze laguntza osagarria jasangarritasuna bultzatzeko; errentaren laguntza osagarria nekazari gazteentzako; klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko erregimenak; eta errenta elkarturako laguntza); 2023-2027ko NPEPEan sartutako eskualde-mailako esku-hartzeak, LGENFek finantzatuak; Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 aldirako Programako zenbait laguntza; eta Estatuko laguntzak.

4. Ez da konpentsazio ekonomikorik emanen Nekazaritza Zerbitzua ez diren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko beste zerbitzu batzuen eskumenen esparruko laguntzak tratatzeagatik.

5. Konpentsazio ekonomikoaren zenbatekoa Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu bidez finkatuko da, edo aldatuko, kasua bada, erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera. Aldaketa horrek jasota egon beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu batean, zeinaren bidez honako deialdi hauek eginen baitira urtero: laguntzen eskaera bakarraren aurkezpena; Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren laguntza jakin batzuk; 2023-2027ko NPEPEan sartutako eskualde-mailako esku-hartzeak; patataren hazi ziurtatuaren ekoizleentzako laguntzak, natura mugapenak dituzten eskualdeetan nekazaritzako jarduera horri eusteko; eta azukre-erremolatxaren laborantzarako de minimis araubideko estatuaren laguntza.

II. eranskina.–Datu pertsonalen tratamenduaren eragilearen hitzarmena.

III.a) eranskina.–Entitatearen izenean datuak tratatzeko baimenduta dauden pertsonak.

III.b) eranskina.– Zerbitzuaren azpikontratazioa.

IV. eranskina.–Datu pertsonalak lagatzeko baimenaren eskaera.

V. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskina.–Laguntzen eskatzailearen baimena entitate laguntzaileari.

Deskargatu II. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2316481