1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
65/2023 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, 2023ko azaroaren 30erako aurreikusitako greba orokorraren deialdia dela-eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan gutxieneko zerbitzuei arreta emateko behar diren langileak zehazten dituena.
ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek grebarako deialdia egin dute azaroaren 30erako. Greba horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langile guztien (funtzionarioak eta lan-kontratudunak) jarduera guztiei eraginen die.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen zerbitzu publikoen eremuan, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko egoitza zentroek, pisuek eta zentroek berehalako erantzuna ematen dute larrialdiko egoeretan, oinarrizko eta funtsezko arreta eskainiz. Horren ondorioz, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri behar dira erabiltzaile diren emakumeei eta haien seme-alabei egunero behar bezalako arreta emateko ezinbestekoak diren zerbitzuak, programak eta tratamenduak bermatzeko, funtsezko zainketak eskaintzen jarraitzearren.
Adierazi beharra dago gutxieneko arretaren barruan erabiltzaileen oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak sartzen direla, hala nola elikadura, baina, baita ere, norberaren zainketari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesteari lotutako behar guztiak estaltzekoak.
Gutxieneko zerbitzu hauek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla emakumezko erabiltzaileei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.
Horregatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.
Horrenbestez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan eskudantziekin bat,
EBAZTEN DUT:
1. 2023ko azaroaren 30erako egindako greba deialdia dela-eta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak kudeatzen dituen baliabideen eremuan, gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da grebarako eskubidea:
–Genero-indarkeriaren biktimentzako harrera baliabideak: jaiegunetarako aurreikusitako langile kopuru bera arituko da.
2. Aurreko zenbakian adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.
Ebazpen honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan istiluak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.
3. Ebazpen hau Xilema Programas SLri jakinaraztea, erakunde hori arduratzen baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren harrera-baliabideak kudeatzeaz, bai eta deialdia egin duten sindikatuei ere, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5. Adieraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Iruñean, 2023ko azaroaren 15ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Patricia Abad Encinas.
Iragarkiaren kodea: F2316325