256. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

141/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 22koa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira departamentu honetako gutxieneko zerbitzuak eta horiei arreta emateko behar diren langileak 2023ko azaroaren 30erako iragarritako greba orokorrerako deialdia dela eta.

ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatuek greba orokorrerako deialdia egin dute 2023ko azaroaren 30erako.

Kontuan harturik Administrazioak orokorrean ematen dituen zerbitzu batzuen izaera publiko eta funtsezkoa (zenbait esparrutan bereziki), beharrezkoa da neurriak hartzea herritarrei konpondu ezinezko kalteak saihesteko. Kontuan hartu behar da, halaber, langile publiko guztiek eskubide konstituzionala dutela iragarritako lanuztean parte hartzeko ala ez, eta eskubide hori, orobat, Administrazioko zentroen eta bulegoen funtzionamendua bermatuz babestu behar da.

Ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuaren bidez, behar diren neurriak hartu ziren, greba deialdiak direla-eta, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko. Foru dekretu horrek, egoera honetan aplikatzekoa denak, lehen xedapen gehigarrian, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, betiere greba-deialdia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko organo eskudunek behar diren jarduketak egin dituzte Greba Batzordearekin, eta, hala, gutxieneko zerbitzuak emateko behar diren langileak zehaztu behar dira.

Herritarrek idazkiak eta dokumentuak aurkezteko eskubidea eta zerbitzu publikoetarako berdintasunezko sarbidea babesteko asmoz –biak ala biak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aitortuak daude, eta bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 102., 106. eta 108. artikuluetan–, erregistroen zerbitzua bermatu behar da, gutxieneko eta ezinbesteko langile kopurua zehaztuta.

Orobat, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eta lehendakariordeen bulegoen eta haien kabineteen arreta bermatzea Nafarroako Jauregian, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren eta Gobernuaren egoitza ofiziala delako ondorio guztietarako, eta erakunde horiek Foruaren Hobekuntzan ezartzen direlako.

Hortaz, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, horren bidez behar diren neurriak hartu baitziren, greba deialdiak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen funtsezko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko,

AGINTZEN DUT:

1. Ikusirik 2023ko azaroaren 30erako iragarrita dagoen greba orokorrerako deialdia, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dira Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuan:

–Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusia:

  • Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoan: administrari 1.

–Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusia:

  • Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuan: mandatari edo zerbitzu orokorretako langile bat goizeko txandan eta mandatari edo zerbitzu orokorretako langile bat arratsaldeko txandan.

2. Aipatutako langileen lanuzteak eta lan-gorabeherak ez-legezkotzat joko dira, eta kasuan kasuko legeriaren arabera zehatuko dira. Langile horiek kasuan kasuko unitate organikoaren arduradunak hautatuko ditu.

3. Foru agindu hau Greba Batzordeari, Gobernu Irekiaren eta Herritarrentzako Arretaren Zerbitzuko titularrari eta Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuko titularrari jakinaraztea, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira, Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira eta Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Gutxieneko zerbitzuak ezarri diren unitate organikoetako arduradunak arduratuko dira zerbitzu horiek emateko izendatutako pertsonei jakinarazteaz.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2023ko azaroaren 23an.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2316506