1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
18/2023 EBAZPENA, azaroaren 15ekoa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 1/2023 Ebazpena aldatzen duena. Ebazpen horren bidez arauak ezarri ziren 2023-2025 aldian lanbide prestakuntzako eta konpetentziak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko, eta 2024. urterako laguntzen deialdia onetsi zen. DDBN identifikazioa: 727543.
Batzordearen 2015eko azaroaren 18ko Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Landa Garapenerako 2015-2020 Programa onetsi zen, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren laguntzak emateari begira.
Programa horretako 1. neurriak "Ezagutzak eta informazioa transferitzeko jarduerak" du izena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 14. artikulua aplikatuz. Neurri hori horizontala da programazio estrategikoaren testuinguruan, eta lagungarria da landa garapenerako lehentasun guztiak eta EBko Focus Area direlakoen zerrenda luze bat aurrera eramateko, besteak beste honako hauek: nekazaritzari buruzko ezagutzen transferentzia eta berrikuntzak bultzatzea, ustiategien bideragarritasuna eta nekazaritza mota guztien lehiakortasuna hobetzea, nekazaritzari lotutako ekosistemak lehengoratzea, zaintzea eta hobetzea, baliabideen efizientzia sustatzea eta landa eremuen garapen ekonomikoa eta gizarte inklusioa sustatzea.
1. neurri horren barrenean zenbait azpineurri daude, hala nola 1.1 azpineurria, xedea duena lanbide prestakuntzako eta konpententziak eskuratzeko jarduerei sostengu ematea. Azpineurri hori erregulatzen duten arauak ebazpen honetan garatzen dira. Azpineurri horren jardueretan, berariazko saioak eginen dira talde hartzaileen prestakuntza helburuak erdiesteko arlo zehatzetan, edo gaiaren araberako bilerak edo foroak gai zehatz batzuei heltzeko.
Europako Batzordearen 2021eko ekainaren 29ko Betearazpen Erabakiaren bidez, Nafarroako Landa Garapenerako Programa aldatzea onetsi zen, LGENFko laguntzak emateari begira; onetsitako aldaketa horrek ekarri zuen, 2021-2022 aldi iragankorrean, 2023-2027ko funtsak 2014-2020ko aldian sartzea. Funts horiek 2025eko abenduaren 31ra arte erabil daitezke, betiere aurrekontua dagoen bitartean.
Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 1/2023 Ebazpenaren bidez, arauak ezarri dira 2023-2025 aldian lanbide prestakuntzako eta konpetentziak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko. Jarduera horiek beharrezkotzat jotzen dira nekazaritza arloko prestakuntza beharrezkoa delako ustiategiak egokiak eta lehiakorrak izan daitezen, elikagai seguruak eta kalitatezkoak lortzeko eta landa eremuei eta nekazaritzako industriaren jardunari eusteko.
Izandako esperientzia dela-eta, komenigarria da kudeaketaren zenbait alderdi aldatzea, onuradunek segurtasun juridiko handiagoa izan dezaten eta prestakuntzarako funtsen kudeaketa eraginkorragoa izan dadin. Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez eta laguntzen araubideak indarrean jarraitzen duenez 2025eko abenduaren 31ra arte, bidezkoa da deialdi hau onestea eskaerak aurkezteko epea noiz bukatuko den ezartzeko, ondoren ebaluazioa egin dadin; hori guztia urtarrilaren 10eko 1/2023 Ebazpenarekin bat.
Ebazpen honek Nafarroako Landa Garapenerako 2014-2020 Programaren kudeaketa agintaritzaren aldeko txostena du.
Ikusirik Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuko zuzendariaren aldeko txostena eta jarduneko ekitaldirako eskuragarri dagoen aurrekontua.
Kontuan hartuz ebazpen hau ematen dela Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren gobernantza sistema, haren antolakuntza eta funtzionamendua arautzen dituen maiatzaren 24ko 49/2023 Foru Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren babesean, Nafarroako 2014-2022 aldirako landa garapenerako programa gauzatzeko gobernantza-erakundeak baimendu eta konfiguratzen ditu.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, bai eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak ere,
EBAZTEN DUT:
1. Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 1/2023 Ebazpena aldatzea, ebazpen honen eranskinean jasotzen den bezala. Ebazpen horren bidez arauak ezarri ziren 2023-2025 aldian lanbide prestakuntzako eta konpetentziak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko.
2. Lanbide prestakuntzako eta konpetentziak eskuratzeko jardueretarako laguntzen 2024ko deialdia onestea. Laguntza hauek Landa Garapeneko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 10eko 1/2023 Ebazpenaren bidez arautuko dira, non arauak ezarri baitziren 2023-2025 aldian lanbide prestakuntzako eta konpetentziak eskuratzeko jardueretarako laguntzak erregulatzeko.
3. Eskaerak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da 2024an, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. 250.000 euroko gastua baimentzea, 2025eko aurrekontuetan Nafarroako Gobernuaren 2023ko gastu-aurrekontu orokorraren honako partida honen baliokidea izateko gaitzen den partidaren kargura, eta, betiere, kreditu egokia eta nahikoa baldin badago: 720006 72300 4400 412100 partida, "Prestakuntza jarduerak. LGP LGENF 2014-2020" izenekoa.
5. Oinarri arautzaile hauek eta dirulaguntzen deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
7. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iruñean, 2023ko azaroaren 15ean.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.
I. ERANSKINA.–LANDA GARAPENEKO ZUZENDARI NAGUSIAREN URTARRILAREN 10EKO 1/2023 EBAZPENAREN ALDAKETA. EBAZPEN HORREN BIDEZ ARAUAK EZARRI ZIREN 2023-2025 ALDIAN LANBIDE PRESTAKUNTZAKO ETA KONPETENTZIAK ESKURATZEKO JARDUERETARAKO LAGUNTZAK ERREGULATZEKO
1. Aldatu egiten da I. eranskinaren 6. oinarriko d) letra, konpromisoei buruzkoa, eta honela idatzita geratzen da:
d) Behar bezalako publizitatea ematea prestakuntza jarduerei, Europako ikurra ikusgai jarriz honako web-orri honetan aipatzen diren arau grafikoak betez: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols_es Are inprimatutako materialean, karteletan eta propagandan ere.
Jarduerei publizitatea emateko, entitateek beren webgunean erakutsi beharko dute, egun batez gutxienez, prestakuntza plana, argitara ematen den unean eguneratua, aurreikusita dauden ikastaro guztiak eta horiek emateko lekuak eta datak zehaztuta. Argitalpen hori 15 eguneko epean egin beharko dute, laguntza emanen zaiela jakinarazten denetik. Entitateen sare sozialetan edo egoki jotzen den beste hedabideetan ere ikusgai jartzen ahalko dute prestakuntza plana.
2. Aldatu egiten da I. eranskineko 7.3 oinarria, jarduera eta gastu diruz lagungarriei buruzkoa, eta honela idatzita geratzen da:
3. Neurri honen esparruan, diruz lagungarriak izanen dira bai antolaketa eta administrazio gastuak, bai irakaskuntza jarduerak egitekoak. Antolaketako eta administrazioko langileen gastuengatik egozten den zenbatekoa (soldaten kostua eta enpresaren kargurako gizarte segurantza) ezin da izan irakaskuntzako, administrazioko eta antolaketako langileen gastuen baturaren %30 baino gehiago. Kalkulu horretan kanpoko irakaskuntza konputatu ahal izateko, fakturan argi bereizi behar da irakasleari dagokion zenbatekoa.
Irakaskuntzak ez badu prestakuntza kosturik sortzen, koordinazioaren kalkulua egitean haren gastuaren erreferentzia gisa hartuko da irakaskuntzaren kostua, eta oinarri honetako 4 a) puntuan ezarritako erreferentziako kostuak aplikatuko zaizkio.
Irakasleen gastuen barnean, prestaketa-lanei eta joan-etorriei dagozkien orduak sartuko dira. Ratioa, gehienez, 3 ordukoa izanen da eskolako ordu bakoitzeko.
Iragarkiaren kodea: F2316387