253. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

136/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 10ekoa, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2023ko BERDINNA Sariaren deialdia egin, eta hura emateko oinarriak ezartzen baitira.

Urtarrilaren 10eko 1/2018 Foru Dekretuaren bidez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko BERDINNA Saria sortu zen, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokabidea azpimarratu eta publikoki aintzatesteko asmoz. Foru dekretu horretan ezarri zen sariaren deialdia urtero eginen dela, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez.

Hori horrela, xedatutakoa betetzeko asmoz, bidezkoa da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2024ko BERDINNA Sariaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitaratzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen abuztuaren 17ko 10/2023 Lehendakariaren Foru Dekretuari dagokionez,

AGINTZEN DUT:

1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko 2024ko BERDINNA Sariaren deialdia egitea eta haren oinarri arautzaileak onestea; foru agindu honen eranskinean jaso dira oinarri horiek.

2. Hiru mila euroko (3.000 euro) gastua baimentzea 2024ko gastu aurrekontuko "BERDINNA Saria" izeneko 080001 08200 4809 232300 partidaren kargura, edo 2023ko aurrekontuetako partida horren baliokidea den beste baten kargura, horretarako kreditu aski baldin badago.

3. Pertsona hauek izendatzea 2024ko Berdinna Sariaren epaimahaian aritzeko:

Epaimahaiburua:

–Félix Taberna Monzón jauna, lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria.

Epaimahaiburuordea:

–Patricia Abad Encinas andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Epaimahaikideak:

–María Ángeles García Briñol andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako zuzendariordea, eta, haren ordezko gisa, Sara San Julián Caso andrea, Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea.

–Emma Íñigo Huarte andrea, titular gisa, eta Magdalena Margarita Hernández Salazar andrea, ordezko gisa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluaren izenean.

–Cristina Sotro Belzarena andrea, titular gisa, eta Susana Labiano Bastero andrea, ordezko gisa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua ordezkatuz.

–Juan Jesús Echaide Baigorri jauna, titular gisa, eta Berta Enrique Cornago andrea, ordezko gisa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatuz.

–Yolanda Rodríguez Villegas andrea, titular gisa, eta Fernanda León Jiménez andrea, ordezko gisa, COMFIN erakundea ordezkatuz, erakunde horri eman baitzitzaion 2023ko Berdinna Saria.

Idazkaria:

–Marina Malvido Goñi andrea, Gai Juridikoen eta Kudeaketaren zuzendariordea, eta haren ordezko gisa, Xabier Soto Bermejo jauna, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sentsibilizaziorako eta Balio Aldaketarako Ataleko burua.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau jakinaraztea epaimahaiko kideei eta igortzea Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko azaroaren 10ean.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.

Nafarroako Gobernuak 2024ko BERDINNA Sariaren deialdia egin du, Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona edo erakundeen ibilbidea nabarmendu eta jendaurrean aintzatesteko asmoz. Hona hemen deialdiaren:

OINARRIAK

1.–2024ko BERDINNA Sariaren xedea.

Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanagatik nabarmendu direnen jokaera nabarmentzea eta jendaurrean aintzatestea da BERDINNA Sariaren xedea.

2.–Sariaren zuzkidura.

BERDINNA Sariak hiru mila euroko diru-zuzkidura du, 2024ko gastu aurrekontuko "BERDINNA Saria" izeneko 080001 08200 4809 232300 partidaren kargura ordainduko dena, edo haren baliokidea den beste baten kargura, kreditu aski eta egokia baldin badago.

Gainera, Nafarroako Gobernuak esker ona adieraziko dio saridunari jendaurreko ekitaldi batean.

3.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.

3.1. Hautagaitzak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezten ahal dira, edo aurrez aurre Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Erregistroan (Alondegi kalea 1, 2. solairua, 31002 Iruña).

Zalantzarik izanez gero, interesdunak harremanetan jar daitezke Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin, helbide elektroniko honetan: berdinna@navarra.es.

3.2. Hautagaitzak aurkezteko epea 2023ko abenduaren 23an amaituko da.

3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.

4.–Saria emateko irizpideak.

Erabakia hartzearren, epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzen balorazioa eginen du, irizpide hauen arabera, hautagaitza bakoitzarekin ponderazio berbera erabiliz:

a) Proposatutako pertsonak edo erakundeak, nork bere jarduera eremuan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan izan duen ibilbidea.

b) Emakumeen lana eta haien ahalduntzea aintzatesteko edo emakumeen eta gizonen arteko eskubide eta aukera berdintasuna sustatzeko asmoz egindako jarduketen, ekintzen, lanen edo proiektuen berezko garrantzia.

c) Proposatutako pertsonaren zein erakundearen jarduketak, ekintzek, lanek edo proiektuek edo ibilbideak gizartean duten oihartzuna eta eragina.

d) Hautagaitzak Nafarroako Foru Komunitatearekin duen lotura.

5.–Dokumentazioa.

Interesa duten erakunde edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:

a) Hautagaitza aurkezteko inprimakia, horretarako prestatu den ereduaren arabera, hautagaitzaren xedeko pertsona fisikoaren edo juridikoaren izena eta harremanetarako datuak azalduko dituena. Inprimaki hori Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren web-orrian egonen da eskuragarri.

b) Azalpen memoria bat (1.000 hitz gehienez), delako pertsonaren edo entitatearen hautagaitza aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena, baita egokitzat jotzen den gainontzeko informazioa ere, saria eskuratzeko kontuan hartuko diren merezimenduen frogagarri.

c) Hautagaitza lan edo proiektu jakin baten aldekoa, lan edo proiektu horrek deialdi honen aurreko azken bi urtean egina izan behar du, eta lana edo proiektua bera erantsi beharko da.

d) Hala nahi izanez gero, hautagaitzari sostengua emateko gutunak aurkezten ahalko dira, bai eta bestelako dokumentazio osagarria ere, alegatutako merezimenduak babestu eta egiaztatzeko bide ematen duena.

6.–Hautagaitzetan egindako akatsen zuzenketa.

Hautagaitzak erabat osatu gabe aurkezten badira, edo behar den dokumentazio guztia eransten ez bada, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak interesdunari errekerimendua eginen dio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak gehitu ditzan, eta adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ondorioztatuko dela.

7.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.

7.1. Sariaren epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua:

–Félix Taberna Monzón jauna, lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria.

Epaimahaiburuordea:

–Patricia Abad Encinas andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Epaimahaikideak:

–María Ángeles García Briñol andrea, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Emakumeen Herritartasun, Ahalduntze eta Partaidetzarako zuzendariordea, eta, haren ordezko gisa, Sara San Julián Caso andrea, Berdintasunerako Gobernantzaren zuzendariordea.

–Emma Íñigo Huarte andrea, titular gisa, eta Magdalena Margarita Hernández Salazar andrea, ordezko gisa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua ordezkatuz.

–Cristina Sotro Belzarena andrea, titular gisa, eta Susana Labiano Bastero andrea, ordezko gisa, Nafarroako Berdintasunerako Kontseilua ordezkatuz.

–Juan Jesús Echaide Baigorri jauna, titular gisa, eta Berta Enrique Cornago andrea, ordezko gisa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatuz.

–Yolanda Rodríguez Villegas andrea, titular gisa, eta Fernanda León Jiménez andrea, ordezko gisa, COMFIN erakundea ordezkatuz, erakunde horri eman baitzitzaion 2023ko Berdinna Saria.

Idazkaria:

–Marina Malvido Goñi andrea, Gai Juridikoen eta Kudeaketaren zuzendariordea, eta haren ordezko gisa, Xabier Soto Bermejo jauna, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sentsibilizaziorako eta Balio Aldaketarako Ataleko burua.

7.2. Epaimahaiak aurkezten diren hautagaitzak aztertuko ditu, eta bakoitzaren merezimendu aipagarriak baloratuko, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Epaimahaiak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak. Bilkuraren batera joaterik ez badute, epaimahaiko kideek botoa eskuordetzen ahalko dute. Berdinketarik gertatuz gero, epaimahaiburuak ebatziko du kalitateko botoa erabiliz. Epaimahaiko idazkariak adosten diren jarduketa eta erabaki guztiei buruzko akta eginen du, eta bertan agertuko dira hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak, deialdi honetan saria emateko jasotzen diren irizpideen araberakoak. Epaimahaiak saria nori eman proposatuko du, eta proposamen hori Nafarroako Gobernuari igorriko zaio, saria eman dezan.

7.3. Erabakia jendaurrean jakinaraziko da, eta bertan aditzera emanen da saria zein erakunderi edo pertsonari eman zaion, edo, kasua bada, saria eman gabe gelditu dela.

7.4. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.

7.5. Saria Nafarroako Gobernuko lehendakariak entregatuko du, 2024ko martxoaren 8ko ospakizuna dela-eta horretarako propio antolatuko den jendaurreko ekitaldi batean.

7.6. Diru-saria ordainketa bakarrean ordainduko zaio pertsona edo erakunde saridunari, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez, saria eman eta gero.

8.–Saritu gabeko hautagaitzak.

Deialdira aurkeztu arren saririk jasotzen ez duten hautagaitzen kasuan, interesdunek agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, saria nori eman ebazten den egunetik hasi eta 2024ko apirilaren 30era bitarte, salbu eta sarietara aurkezteko eskaera-orrian baimentzen baldin badute hurrengo bi edizioetan ere aintzat hartuak izatea.

9.–Errekurtsoak.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako BERDINNA 2024 Sariaren deialdi honen oinarrien kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, baita deialdia aplikatzeko egintzen kontra ere, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2316005