251. ALDIZKARIA - 2023ko abenduaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

84/2023 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi hau eta haren oinarri arautzaileak onesten baitira: 2023-2024 ekitaldian, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako eta lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza ekintza presentzialak gauzatzeko dirulaguntzak, dagokion prestakuntza entitateen erregistroan akreditatutako prestakuntza entitate pribatuentzat. DDBN identifikazioa: 723416.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren 2023ko abuztuaren 10eko txostena, deialdiaren oinarri arautzaileak onesteari dagokionez.

Bat etorriz Hezkuntza Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean xedatutakoarekin, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza publikoen deialdi bat onestea, baita haren oinarri arautzaileak eta eranskinak ere, dagokion prestakuntza entitateen erregistroan akreditatutako prestakuntza entitate pribatuei zuzenduta, 2024an 1., 2. eta 3. mailetako prestakuntza ekintzak finantzatzeko. Ekintza horiek, lehentasunez, langabezian dauden pertsonei zuzenduko zaizkie, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

2. 2024ko ekitaldirako 753.418,50 euroko gastua baimentzea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago, horretarako gaitzen den partidaren kargura. Partida hori, hain zuzen, honako honen baliokidea izanen da: 422001 43100 4709 322E00 "Enplegurako lanbide prestakuntzako ekintzak beste prestakuntza zentro batzuetan. Konferentzia sektoriala", PEP P-23/000601 "Enplegurako lanbide prestakuntzako ekintzak 2023".

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintzarako Atalera, Enpresako Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

Iruñean, 2023ko urriaren 25ean.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da dirulaguntza batzuk emateko prozedura arautzea, 2023-2024 ekitaldian profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako prestakuntza ekintza presentzialak gauzatzeko, langabeei zuzenduta, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

2. Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitate pribatuak izaten ahalko dira oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, baldin eta dagokion prestakuntza entitateen erregistroan akreditatuta badaude dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak irakasteko; horrez gain, diruz lagundutako ekintzaren zabalkunderako jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala akreditatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Entitate batek prestakuntza eman nahi baldin badu akreditatutakoez bestelako instalazioetan, adierazi beharko du, diruz lagundutako ekintzen zabalkunderako jarduerak egin aurretik, zer instalazio erabiliko dituen prestakuntza emateko, eta haiek eskura dituela dioen akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako akreditatuta egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen instalazioentzat ezarritako epe beretan.

2.2. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu publiko zein pribatuak.

2.3. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

3. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak.

3.1. Dirulaguntzaren xede diren prestakuntza ekintzak oinarri arautzaile hauen III. eranskinean jasotzen dira.

Laguntzak ematen diren egunetik 2024ko urriaren 15era bitarte egiten ahalko dira prestakuntza ekintzak.

3.2. Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan ezarritako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

3.3. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean emanen dira. Astean 40 ordu izanen dira gehienez, eta 8 ordu eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

3.4. Ekintzetarako dirulaguntza bi ediziotarako edo gehiagorako aurreikusten bada ere, entitate bakoitzak bi ediziotan eskatzen ahalko du dirulaguntza gehienez.

3.5. Irakasleek prestakuntzaren eta esperientzia profesionalaren arloetako aginduak bete behar dituzte, profesionaltasun ziurtagiri bakoitzaren IV. apartatuan biltzen direnak, eta frogatu behar dute ezen profesionaltasun ziurtagiriari buruzko errege dekretuak irakasteko eskatzen duen gaitasuna badutela, kontuan izanik martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak egin dituen aldaketak.

Prestakuntza entitateak egiaztatuko du irakasleek akreditatuta dituztela esleitutako modulua edo moduluak irakasteko behar diren baldintzak. Akreditatuta badituzte, entitateak haien parte-hartzea jakinaraziko du prestakuntza ekintzaren hasieraren jakinarazpenaren bidez. Hala izan ezean, berrikuspena eskatu beharko du, eta irakasleei buruzko dokumentazioa aurkeztu, "Irakasleak akreditatzea, profesionaltasun ziurtagiria lortzeko prestakuntzarako" agiriaren prozeduraren arabera; helbide honetan eskura daiteke: https://bit.ly/3IwMHAv

Dirulaguntza ematen den unetik aurrera, prestakuntza entitateak aukera izanen du onartutako moduluetako irakasleei buruzko agiriak aurkezteko eta berrikuspena eskatzeko. Prestakuntza ekintza hasi baino gutxienez 15 egun natural lehenago egin beharko da tramite hori.

4. Irakasleei ordaintzea.

4.1. Irakasleen kostuen barnean sartzen dira prestakuntza ekintza ematearen ondoriozkoak, bai eta irakaslanaren prestakuntza, jarraipena eta kontrola, irakaskuntza ebaluatzea, tutoretzak, joan-etorriak eta prestakuntza jarduerako irakasleek egotzitako beste edozein ere.

Oinarri honetan aipatzen den orduko kostua kostu gordina da, hau da, barnean hartzen ditu zergak, kenkariak edo legez egin beharreko beste edozein gastu.

4.2. Prestakuntza ekintza bakoitzean, irakasleen kostuak izanen dira, gutxienez, entitate onuradunak prestakuntza amaitu ondoren aurkeztu beharreko justifikazioko jarduketa memorian eskatzen duen dirulaguntzaren zenbatekoaren %35.

Eskatutako dirulaguntzan akatsen bat badago, irakasleen kostuak kalkulatzeko, akatsa zuzendu ondoren ateratzen den zenbatekoa hartuko da kontuan.

4.3. Orduko kostua kalkulatzeko, eskatutako dirulaguntzaren %35 aterako da, eta hori zatituko prestakuntza ekintzaren ordu guztien kopuruarekin. Kalkulu hori eginda ateratzen den emaitza 40 euro orduko baino gutxiago bada, orduko gutxieneko kostua 40 eurokoa izanen da.

Kopuru horrek ez du zerikusirik prestakuntza ekintzaren mailarekin, prestakuntza amaitzen duten pertsonekin edo entitateari azkenean ordaintzen zaion dirulaguntzarekin.

4.4. Prestakuntza ekintza batean irakasle bat baino gehiago badago, horietako bakoitzak kostu desberdina izan dezake entitatearentzat. Nolanahi ere, irakasle guztien guztizko gastuak eskatutako dirulaguntzaren %35ekoa izan beharko du gutxienez, eta irakasle bakoitzaren orduko kostuak, aurreko puntuan adierazitakoa.

4.5. Oinarri honetan aipatutako kostuak gutxieneko kostuak dira. Prestakuntza entitateak portzentaje eta orduko kostu handiagoak ordaintzen ahalko dizkie irakasleei.

4.6. Oinarri honetan adierazitakoa betetzen ez bada, entitateari eskatuko zaio hilabeteko epean zuzentzeko. Zuzentzen ez bada, entitateari eskatuko zaio eskatutako dirulaguntzaren %35 itzul dezala, gehi dagozkion berandutze-interesak, likidatutako dirulaguntza ordaindu zen egunetik itzulketaren ebazpena ematen den egunera artekoak.

Itzulitako zenbatekoak irakasleei ordainduko zaizkie, oinarri honetan ezarritakoa bete arte.

4.7. Oinarri honetan adierazitakoa noraino bete den kontuan hartzen ahalko da etorkizuneko deialdien balorazioan.

5. Dirulaguntzen zenbatekoa.

5.1. Emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, 753.418,50 eurokoa izanen da.

5.2. Profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko prestakuntza ekintza bakoitzagatik emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, parte-hartzaileen kopuruari (15 parte-hartzaileko mugarekin) berariazko modulu ekonomikoa aplikatuko zaio, parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko, lanbide arloka eta kualifikazio mailaka banatuta, koadro honen arabera:

LANBIDE ARLOA

MODULUA EUROAK/PARTE-HARTZAILEKO/ORDUKO

ADG

Administrazioa eta Kudeaketa

9,88

AFD

Gorputz eta Kirol Jarduerak

10,85

AGRA

Nekazaritza

12,60

ARTES

Arteak eta Artisautzak

11,80

ARTES GF

Arte Grafikoak

11,80

COM

Merkataritza eta Marketina

9,89

EDIF

Eraikuntza eta Obra Zibila

12,17

EEDD

Kirol Irakaskuntzak (araubide berezia)

11,19

ELE

Elektrizitatea eta Elektronika

11,00

ENERG

Energia eta Ura

11,29

FMEC

Fabrikazio Mekanikoa

12,35

HOST

Ostalaritza eta Turismoa

12,02

IA

Elikagaien Industriak

13,50

IE

Erauzketa Industriak

12,17

IFC

Informatika eta Komunikazioak

9,88

IMGPER

Irudi Pertsonala

12,77

IMS

Irudia eta Soinua

12,35

INSMANT

Instalazioa eta Mantentze-lanak

11,49

MMC

Zurgintza, Altzarigintza eta Kortxogintza

12,17

QUIM

Kimika

10,71

SAN

Osasuna

11,97

SYMA

Segurtasuna eta Ingurumena

10,71

SSC

Gizarte eta Kultur eta Komunitatearentzako Zerbitzuak

10,71

TEX

Ehungintza, Jantzigintza eta Larrugintza

12,35

TMV

Garraioa eta Ibilgailuen Mantentze-lanak

12,47

Kopuru horri 70 euro gehitu behar zaizkio, 2024ko azaroaren 15a baino lehen lanekoak ez diren praktikak egiten dituen ikasle bakoitzeko.

6. Prestakuntza ekintzetako parte-hartzaileak.

6.1. Honako hauek parte har dezakete deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan:

a) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala ezartzen badu, eta, zehazki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean ezarritakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Era berean, lan-eskatzaile gisa inskribatuta ez dauden langabeek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta, beren administrazio egoeraren ondorioz, ezin badute izena eman. Pasaportea baino ez dutenei identifikazio kode bat emanen die Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ekintzetan parte hartzeko.

Prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren pertsona guztien gutxienez %70 langabeak izan beharko dira. Ehuneko hori kalkulatzeko, administrazio egoera irregularrean diren pertsonak langabetzat joko dira.

b) Lana duten pertsonak, kolektibo hauen barruan badaude:

–Zerbitzu ordainduak administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dituztenak, baldin eta Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen badute.

–Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian egonik langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

–Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartuta dauden besteren konturako nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

–Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

Prestakuntza ekintza bakoitzean hasten diren pertsona guztien %30 gehienez izan daitezke talde horretakoak.

Aldizkako langile finkoak, lanik gabe dauden aldietan, eta enplegu erregulazioko espediente batean sartutako pertsonak ez dira landuntzat zenbatuko irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 20.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako.

Administrazio publikoen zerbitzuko langileek ezin dute ekintza hauetan parte hartu.

Prestakuntzaren hasieran zer lan egoera duten, horren arabera joko dira landuntzat ala langabetzat.

6.2. Prestakuntza ekintzak 15 laguneko taldeentzat dira. Entitate onuradunek zilegi izanen dute 20 parte-hartzaile bitarteko taldeak osatzea, horretarako izena emanda badaude. 15. ikaspostutik gora dauden pertsonak ez dira kontuan hartuko likidazioa egiteko, baina egiaztagiria jaso dezakete. Asegurua izan beharko dute, 14.1.d) oinarrian ezarritako moduan.

Prestakuntza-hartzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

6.3. Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

6.4. Entitate onuradunak hautatuko ditu parte-hartzaileak, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak identifikatutako beharrak eta, orobat, berdintasun eta objektibotasun irizpideak aintzat hartuta. Horrez gain, bermatu beharko du parte-hartzaileek betetzen dituztela parte hartzeko baldintzak, edo prestakuntza ekintza egiteko oinarrizko gaitasunen jabe direla.

Izen-ematea enpleguaren atariko prestakuntzaren atalaren bidez eginen da (https://formacion.navarra.es/eu/), edo enplegu agentzietan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.

6.5. Parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaeren kopuruak postu kopurua gainditzen duenean, entitate onuradunak hautaketa bat eginen du. Hautaketa horretan, irizpide eta lehentasun ordena hauek erabiliko dira:

a) Langabeek lehentasuna izanen dute landunen aldean. Salbuespenez, profesionaltasun ziurtagiri baten zati bat (hots, prestakuntza modulu batzuk, ez ziurtagiri osoa) programatzen den prestakuntza ekintzetan, lehentasuna izanen dute, langabeak nahiz landunak izan, jadanik akreditatuta dutenek ziurtagiri horren beste prestakuntza moduluren bat, prestakuntza ekintza horretan emanen direnez bestelakoa. Pertsona bat baino gehiago badaude egoera horretan, lehentasuna izanen dute modulu gehien akreditatuta dituztenek eta landunek %30eko mugarekin.

b) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko orientazio zerbitzuek edo orientazio zerbitzua ematen duten entitate laguntzaileek bidalitako pertsonak.

c) Ehuneko 33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortua dutenak.

d) Aurre-aurreko seihilekoan profesionaltasun ziurtagiriko prestakuntza ekintzarik egin ez dutenak.

Aurreko irizpideak aplikatu ondoren berdinketarik gertatuz gero, honako kolektibo hauei emanen zaie lehentasuna, hurrenkera honetan: emakumeak, kualifikazio apaleko pertsonak eta izen-ematearen data (zaharrenetik berrienera).

Kualifikazio apaleko pertsonatzat hartuko dira prestakuntza ekintza hasten denean kotizazio talde hauetako batean daudenak: 06, 07, 09 edo 10. Langabeak edo langile autonomoak badira, hauetako bat ere ez dutenak hartuko dira: lanbide txartela, 2. edo 3. mailako profesionaltasun ziurtagiria, lanbide heziketako titulua edo unibertsitateko titulua.

Entitateak hautaketa osatzen ahalko du elkarrizketak, mailaketa probak, hizkuntzen ezagutzakoak eta bestelakoak eginez, taldeko kideen artean antzeko maila dagoela ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituenak.

6.6. Hautaketa irizpideak aplikatuta onartutakoen artean, programatutako moduluren bat jadanik egiaztatua duten pertsonak badaude, pertsona horiek ez dute akreditatuta dituzten moduluetara bertaratu beharrik, eta prestakuntza entitateek inguruabar horren berri eman beharko diote Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari. Ondorio guztietarako, bertaratu izan balira bezala izanen da, salbu eta prestakuntza ekintzaren likidazioari dagokionez; izan ere, entitate onuradunak akreditatu gabeko moduluengatik bakarrik kobratuko du.

6.7. Hautaketa egin ondoren, prestakuntza entitateak haren emaitzen berri emanen dio Hezkuntza Departamentuari.

6.8. Moduluka ematekoak diren prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen badira, 14.4 oinarrian ezarritakoaren arabera, prestakuntzan beste pertsona batzuk sartzeko, programatutako prestakuntza modulu bakoitzaren hasieran aplikatuko dira hautaketari eta lehentasun ordenari buruzko irizpideak.

6.9. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira baztertuta gelditzeko arrazoiak:

a) Arrazoitu gabeko hiru bertaratze-hutsegite baino gehiago egitea hilabete batean.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintza normaltasunez egitea oztopatzea.

Begirune edo adeitasun falta irakasleekin, ikaskideekin edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekin.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian jasotzen den beste edozein.

6.10. Prestakuntza ekintza justifikatutako arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute izena eman edo parte hartu Hezkuntza Departamentuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten dutenetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

6.11. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eten dezake, prestakuntza normaltasunez emateko eragin nabarmena duten irregulartasunak atzematen direnean.

Aukeratutako ikasleek aukeratuak izateko betekizunak mantendu beharko dituzte sartzen diren egunean.

7. Bekak eta laguntzak.

7.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradun izaten ahalko dira, baldin betetzen badituzte arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran langabezian eta lan-eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka edo laguntza jasotzeko eskubidea eten eginen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Bekak eta laguntzak zuzeneko araubidearen arabera emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduak helaraziko dizkie. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen ataleko kasuan kasuko fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskaera ereduak.

Langabeek prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 egun naturaleko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskaerarekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

7.2. Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

Beka hau dagokie %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenei, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko entitateak egiaztaturik, edo ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia dutenei, Ezintasunak Baloratzeko Gizarte Segurantzako Taldearen ebazpen bidez egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta egoera hori honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuek emandako ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

c) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleak inskribatuta dauden enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi ohi den, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen lukete. Hiriarteko joan-etorrietan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen ohiko helbidetik prestakuntza entitatea dagoen tokira joateko garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek prestakuntza ekintzarako egokia den ordutegi erregularrik ez badu, garraiorako norberaren ibilgailua erabiltzeagatik laguntza bat jasotzeko eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketarako eskumena duen organoak aztertu beharko du. Garraiorako norberaren ibilgailua erabiliz gero, laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

d) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez egiten diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa), eta bizilekua ekintza ematen den herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

e) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta, joan-etorriak eskolak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, inguruabar hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aztertu beharko du. Gehienez ere 36 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu horrengatik. Gainera, langabeak hasieran eta bukaeran ohiko bizilekutik egiten dituen joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik. Laguntza hori ez da bateragarria izanen norberaren ibilgailuan edo hiriarteko garraioan egindako joan-etorrietarako laguntzarekin.

Ostatuko gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

f) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo mendekotasuna duen 2. gradurainoko ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lanbide sustapeneko, prestakuntzako edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-subsidioa edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

–Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoaren (OAEAP-IPREM) %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, OAEAParen %75 gainditzen ez badu, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 24. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko OAEAParen %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

7.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko bertaratze-hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

8. Lanekoak ez diren praktikak.

8.1. Deialdi honetan aipatzen diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten pertsonek lanekoak ez diren praktika profesionalak egiten ahalko dituzte, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 21. artikuluan arautzen diren baldintzetan.

8.2. Entitate onuradunak lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiten lagundu beharko die prestakuntza emateko unean profesionaltasun ziurtagiri baten modulu guztiak osatzen dituztenei, baldin eta egitetik salbuetsita ez badaude. Praktikak Nafarroako Foru Komunitatean egin beharko dira, salbu behar bezala justifikatutako arrazoiengatik eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak horretarako baimena ematen badu aldez aurretik.

Praktika horietan parte hartzen dutenek asegurua izan beharko dute, prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenen baldintza berberetan.

8.3. Lanekoak ez diren praktikak egiten dituzten langabeek 7. oinarrian ezartzen diren bekak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte. Langabetzat joko da praktika profesionalen hasieran langabezian eta enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan.

Prestakuntza ekintzaren likidazioan 500 euroko zigorra aplikatuko da lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua egiteko aukera eman ez zaion pertsona bakoitzeko.

8.4. Prestakuntza ekintza egin bitartean nahiz hori bukatu ondoren (baldin eta ebaluazio positiboa lortu bada) egiten ahalko dira praktikak. Prestakuntza ekintzarekin batera egin ahal izateko, praktikak azken modulua eman bitartean hasi beharko dira, edo profesionaltasun ziurtagiriaren prestakuntza moduluen iraupen osoaren %75, gutxienez, emana dagoenean. Prestakuntza ekintza bukatu ondoren hasten badira, ez dira 4 hilabetetik gora iraganen horren bukaeraren eta praktiken hasieraren artean. Epe hori luza daiteke bakar-bakarrik Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak horretarako baimena ematen badu aldez aurretik eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik bada.

Praktikak hasi baino lehen, haien berri emanen zaie enpresako langileen legezko ordezkariei, eta parte hartzen duten ikasleen eta tutoreen zerrenda igorriko zaie.

8.5. Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua ez da beharrezkoa izanen parte-hartzaileak frogatzen badu profesionaltasun ziurtagiriari lotutako lan esperientzia baduela.

8.6. Lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluak ez du lan harremanik sortzen enpresarekin, eta ez dakar parte-hartzaileentzako diru konpentsaziorik ere, langabeentzako beka eta laguntzetarako 7. oinarrian ezarritakoa salbu.

9. Eskaerak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

9.1. Eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira, "Profesionaltasun ziurtagiriak lortzearekin lotutako prestakuntza ekintza presentzialak 2023-2024an gauzatzeko dirulaguntzak prestakuntza entitate pribatuentzat" deialdiaren tramite-fitxaren ‘Tramitatu’ aukeraren bidez. Aukera hori Nafarroako atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen atalean dago. Eskaeraren inprimakia aipatu fitxan dagoen eskaeraren eredu normalizatua da.

9.2. Ekintzek bat etorri behar dute III. eranskinean jasotakoekin. Baldintza hori betetzen ez duten eskaerak ezetsi eginen dira.

9.3. Entitate eskatzaileek eskaera bakarra aurkeztu beharko dute. Entitate batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, aurkeztutako azkena bakarrik hartuko da kontuan.

9.4. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Adierazpena, dioena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Helburu bererako eskatu edo emandako dirulaguntzen gaineko adierazpena.

c) Adierazpena, dioena eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla eta eskatzen den dokumentazioa aurkezten duela.

Eskaera sinatzean hartuko dute indarra adierazpen horiek.

9.5. Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitateak eskatutako prestakuntza ekintza guztien laburpena, memoria eta aurrekontua, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

c) Entitateek prestakuntza eman nahi badute akreditatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztuko dute.

d) 11. oinarriko balorazio irizpideak frogatzea, hala badagokio.

e) Aurrekoaz gain, Hezkuntza Departamentuak espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri edo informazio osagarri eskatzen ahalko du.

9.6. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10. Errekerimenduak, eta tramitera ez onartzea.

10.1. Dirulaguntzarako eskaera aurkeztu ondoren, deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie eskaera zuzen dezaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskaerari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

10.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan, ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

11. Balorazio irizpideak.

11.1. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikoa egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, gehienez ere 70 puntu bitarte:

A) Jardueraren errendimendua.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Azken 5 urteetan Nafarroako Foru Komunitatean antolatu eta abian jarri diren profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko ikastaroak baloratuko dira. Egindako ikastaro bakoitzeko 2 puntu emanen dira, eta atal honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

B) Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan 2022. urtea hartuko da aintzat). Portzentajea %50 eta %10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

C) Kalitatearen eta enpresaren gizarte erantzukizunaren aitorpena.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

10 puntuko balorazioa emanen da baldin eta entitate eskatzaileak, eskabidea egiten duen egunean, kalitatea edo bikaintasuna egiaztatzeko sistema aitorturen bat badu (EFQM, ISO 9001, etab.), edo enpresaren gizarte erantzukizuna aitortzen duen indarreko zigiluren bat, bermatzen duena enpresak gizarte, ingurumen eta ekonomia jasangarritasunarekiko konpromisoa duela. Egiaztapen horiek indarrean egon beharko dute eskabideak aurkezten diren egunean, eta ospe handiko enpresek ziurtatu beharko dituzte.

D) Berdintasuna.

Irizpide honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez.

–10 puntu emanen dira, baldin eta entitate eskatzaileak, eskabidea egiten duen egunean, egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean eta Nafarroako Gobernuaren edo Espainiako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta edo, bestela, honako esparru hauetakoren batean genero-berdintasunaren arloko hiru neurri, gutxienez, gauzatu dituela adierazten duen txostena: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena; 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoretza barne; 6. Erantzunkidetasuna, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

–10 puntu emanen dira prestakuntza entitateak Reconcilia zigilua duenean, Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak (AMEDNA-NEEZE) sustatu eta bultzatzen duena, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko Lan Zerbitzuaren elkarlanarekin.

E) Prestakuntzaren lurralde oreka.

Irizpide honek 10 puntuko balorazioa izanen du.

10 puntu gehiago emanen zaizkie prestakuntza ekintzak Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren enplegu agentziak kokatuta dauden eragin eremu hauetan ematen dituztenei (Iruña eta Iruñerria ez dira sartzen): Tutera/Altsasu/Lizarra/Tafalla/Agoitz/Doneztebe/Lodosa.

Gogorarazten da prestakuntza emateko erabiliko diren instalazioek prestakuntza ekintzetarako akreditatuta egon behar dutela diruz lagundutako ekintzen zabalkunderako jarduerak egin baino lehen. Entitateak prestakuntza eman nahi badu akreditatutako instalazioak ez diren beste batzuetan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu beharko du.

F) Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Kalkulua honela eginen da:

–Puntu 1 emanen da prezioa beheratzen den ehuneko puntu bakoitzeko, oinarri arautzaile hauen 5.2 oinarriak biltzen duen prezioaren aldean. Beherapenaren ehunekoa ez bada zenbaki oso bat, dagozkion puntu proportzionalak emanen dira, bi dezimalekin, biribiltzeko arau matematikoa aplikatuz.

11.2. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako agirietan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

12. Adjudikaziorako irizpideak.

12.1. Dirulaguntzak III. eranskinean zerrendatutako lanbide arlo bakoitzari dagozkion ekintzetarako emanen dira. Horretarako, dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, 11. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera. Adjudikatuko zaizkie, erabilgarri dagoen kredituaren mugarekin, 11. oinarrian aipatzen diren irizpideak aplikatuz baloraziorik handiena lortu duten entitateei edo ikastetxeei.

12.2. 11. oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz egindako balorazioan puntu berdinketa gertatuz gero, ondoren aipatzen diren irizpideak aplikatuko dira berdinketa hausteko, hurrenez hurren, lehentasun-zerrenda ezartzeko:

–Puntuaziorik handiena ‘Jardueraren errendimendua’ irizpidean.

–Eskaera erregistroan sartzeko hurrenkera kronologikoa.

12.3. Baldin eta prestakuntza ekintza bat bertan behera utzi behar bada nahikoa ikaslek ez dutelako izena eman, entitate onuradunak lanbide arlo bereko beste prestakuntza ekintza bat jar dezake haren ordez. Dena den, prestakuntza ekintza horrek ezin izanen du gainditu hasierako ekintzari 15 ikaslerentzako gehienez emandako gehienezko zenbatekoa, eta ordezkapen hori egiteko Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren aldez aurreko baimena beharko du.

13. Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

13.1. Deialdi honetan jasotako dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.2. Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia da deialdi honen eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

13.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari dagokio.

13.4. Eskaerak baloratzeko ebaluazio batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

a) Batzordeburua: Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio batzordeak txosten loteslea eginen du, non, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko baita zerrenda batean.

13.5. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari bidaliko dio ebatz dezan.

13.6. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko epea 45 egunekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

14. Entitate onuradunen betebeharrak.

14.1. Deialdi honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ukatu gabe, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonentzat.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun ziurtagiri osoa edo haren ziurtapen partziala lortzea dakarren ala ez; eskubideak eta betebeharrak; eta ezarritako kontratazioen oinarrizko baldintzak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetan jasotako edozein prestakuntza jardueratara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du, edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, prestakuntza ekintzaren orduetan gertatutako edozein istriputarako –horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik prestakuntza ematen den tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da)–; gutxienez 36.000 euroko kalte-ordaina heriotzagatik, eta 72.000 eurokoa ezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek in itinere istripuaren ondoriozkoak badira, prestakuntza ekintzan eta hari laguntzeko antolatzen diren irteeretan edo bisitetan gertatua.

e) Irakasleei hilero ordainsaria ordaintzea.

f) Bertaratze ziurtagiri bat ematea prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari. Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak emanen ditu bi ziurtagiriak IRIS aplikazioaren bidez.

g) Hezkuntza Departamentuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozeduraren instrukzio fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzeko fasean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabiliz, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak.

h) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartuz gero, horren berri ematea Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, harturiko funtsen aplikazioa frogatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

i) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak egunean izatea.

j) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

k) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

l) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak beteko dira.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

14.2. Gardentasun betebeharrak:

14.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, foru lege horren 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute, entitatearen legezko ordezkariak sinatuta:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuka banakatuta. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Atal honetan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren atariko web-orrian argitaratuta badago.

14.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko ataleko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

14.2.3. Aurreko bi ataletan xedatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, aipatu dokumentazioa igorri beharko da Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Gardentasunari buruzko adierazpena" tramitearen bidez.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kasua bada, kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

14.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa hartuko dira kontuan.

15. Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

15.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan eta irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 18. artikuluan araututakoa beteko da.

15.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza gauzatzen den bitartean gertatzen bada.

Prestakuntza ekintzaren hasiera ezarritako epeetan jakinarazten ez bada, ez egintzat joko da dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

15.3. Prestakuntza ekintza hasi duten parte-hartzaileen zerrenda jakinarazi behar da, IRIS aplikazio informatikoaren bidez, lehendabiziko 5 eskola egunen barnean.

15.4. Prestakuntza modulu bakar bat programatzen den ekintzetan, prestakuntza ekintza hasi ondoren ikaspostu hutsik badago edo norbaitek bere tokia uzten badu, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, betiere prestakuntza ekintzak irauten duen denboraren %25 igaro baino lehen.

Prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen diren ekintzetan, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, programatutako modulu bakoitzaren hasieratik, baldin eta modulu bakoitzak irauten duen denboraren %25 gainditu ez bada.

Prestakuntza modulu bat baino gehiago programatzen badira eta modulu horiek aldi berean ematekoak badira, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira prestakuntzan, baldin eta programatutako moduluetatik gutxien irauten duenaren denboraren %25 gainditu ez bada.

Entitateak izen-emate berrietarako ireki nahi badu ikastaroa, aldez aurretik eskatu beharko dio Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, behar den aurrerapenarekin.

15.5. Prestakuntza ekintza hasi ondoren, entitate onuradunek ikastaroaren jarraipenerako dokumentazioa bete beharko dute, deialdiaren tramiteen fitxan, 9.1 oinarrian aipatzen den horretan, zehazten diren epeetan eta moduan.

16. Gastu diruz lagungarriak.

Prestakuntza entitateak bete beharko du irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduaren 14. artikuluan gastu diruz lagungarriei buruz ezarritakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

17. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

17.1. Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa prestakuntza ekintza bakoitzeko eginen da, eta akreditazio modalitatean, moduluka.

17.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hori eskatzen duen beste edozein legezko betebeharri erantzuteko ere.

17.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituta. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza ekintza hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere hura gauzatzeko eman den zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 gehiago ere aurrez ordaintzea ezar daiteke, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakar bat ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60koa gehienez, prestakuntza ekintza hasi dela egiaztatu ondoren.

b) Justifikazio partzialaren bidez ordaintzea. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko prestakuntza ekintzarako guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako ekintza bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

17.4. Diruz lagundutako prestakuntza ekintzaren azken likidazioa egiteko, honako justifikazio agiri hauek igorri beharko dira Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan dagoen "Ordainketak eta likidazioak" tramitearen bidez:

1.–Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela justifikatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 18.1 eta 18.2 oinarrietan ezarri bezala.

2.–Justifikazioko memoria ekonomiko bat, gutxienez honako hauek frogatuko dituena:

a) Entitate onuradunaren akreditazioa edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memorian adierazitako jardueren datuetan eta oinarri arautzaileetako moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

17.5. Dirulaguntza justifikatzeko, hilabeteko epea izanen da gehienez, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita. Prestakuntza ekintzak 2024an amaitu beharko dira.

Dirulaguntza justifikatzeko ezarritako epea iragaten bada aurreko ataletan adierazitako agiriak aurkeztu gabe, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak entitate onuradunari eskatuko dio agiri horiek aurkez ditzala, 15 eguneko epean. Epe hori luzaezina izanen da. Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak berekin ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 20. oinarrian ezarritako itzulketa-prozedura hastea.

17.6. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

17.7. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko gehieneko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

17.8. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada.

17.9. Oro har, ebaluazio probetara aurkezteko gutxieneko bertaratzea urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduaren 18. artikuluan ezarritakoa izanen da. Salbuespen gisa, eta behar bezala justifikatutako ez-bertaratzeengatik, modulu bakoitzaren ebaluazio probetara aurkezten ahalko dira modulu horrek irauten duen denboraren %65era gutxienez joan diren parte-hartzaileak.

Dirulaguntza zehazteko, ekintza presentzialetan, salbuespen gisa eta behar bezala justifikatutako arrazoi batengatik, ikasle batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da modulu bakoitzak irauten duen denboraren %65era gutxienez joan bada eta prestakuntza ekintza osatzen duten modulu guztiak ebaluazio positiboarekin gainditu baditu.

Ebaluaziorako eta dirulaguntzarako, justifikatutako hutsegitetzat joko da ikasleak ez bertaratzea eritasunagatik edo istripuagatik, familiakoak zaindu behar izateagatik edo prestakuntza entitatearen zuzendaritzak aintzat hartzen duen aparteko beste edozein inguruabarrengatik. Ikasleek ekarri beharko dituzte ez-bertaratzeen arrazoia egiazki justifikatzen duten agiriak. Nolanahi ere, modulu bakoitzeko bertaratzeen eta justifikatutako hutsegiteen baturak, gutxienez, haren iraupenaren %75 izan behar du.

17.10. Justifikazioaren ondorioetarako, ekintza presentzialetan, ulertuko da langabeen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela baldin eta ekintza bertan behera utzi behar izan badute lana, beka bat edo lanekoak ez diren praktikak aurkitzeagatik, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza jardueraren %25 egin badute.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

17.11. Prestakuntza ekintza presentzialetan, aurreko atalean ezarritakoez bestelako arrazoiengatik ekintzak bertan behera uzten badira prestakuntza orduen %25 eman ondoren, prestakuntza ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren %20ra arteko desbideratzeak onartuko dira, prestakuntza ekintza bakoitzeko.

Prestakuntza ekintzetan, ikasleek prestakuntza ekintza hasi dutela ulertuko da gutxienez egun batean joan badira, ekintza hasi zenetik %25eko tartearen barnean.

Dirulaguntzak justifikatzeari begira prestakuntza ekintza bukatu duten pertsonak nor diren zehazteko oinarri honetan ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzearen ondorioetarako, bat etorrita abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoarekin.

18. Dirulaguntzaren kontrola, ebaluazioa eta jarraipena egiteko plana.

18.1. Entitate onuradunek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte. Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso duten taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek barne hartuko ditu prestakuntza programako ekintzak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntza modalitate guztiak ere.

18.2. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako, "Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta" erabiliko da, tramiteen fitxan, 9.1 oinarrian aipatzen den horretan, eskura egonen den eredu normalizatua baliatuz bete beharko dena.

Entitate onuradunek Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren prestakuntza ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

18.3. Entitateak 17.4 oinarrian aipatzen den jarduketa memorian bilduko ditu emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak.

18.4. Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

1.–"Denbora errealeko" jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea ematen den tokian bertan, ebidentzia fisikoak eta testigantzak bilduz jarduera egin bitartean, prestakuntzaren arduradunak, ikasleak eta irakasleak elkarrizketatuz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko asmoz: prestakuntza ekintza nola egiten den, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, begiratuko da ea argitalpenetan eta bestelako hedabideetan adierazi den jarduerak Nafarroako Gobernuak finantzatu dituela.

2.–"Ex post" jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egiten ahalko dira. Entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketak eginen zaizkie, froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak jaso eta, beste batzuen artean, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko:

–Prestakuntza ekintzak egin diren.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua zein den.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaien.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak daudela ikusiz gero, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

Ez-betetzeak kontuan hartzen ahalko dira hurrengo urteetako deialdien balorazioan. Ondorio horietarako, deialdiko dirulaguntza emateko ebazpenean adierazi beharko da hori nola egin.

19. Azpikontratazioa.

19.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarren entitateekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza jarduera gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioa aipatzen denean, pertsona fisikoen kontratazioa baizik ez da ulertu behar. Halaber, ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko bere gain hartu behar dituen bestelako gastuak kontratatzea.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horrenbestez, hirugarren entitate batek egin ditzake.

19.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu diruz lagundutako jardueraren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, nolanahi ere, jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

20. Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

20.1. Ez baldin badira betetzen deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharko da, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa egiten denetik itzulketa egin beharra dagoela erabakitzen den egunera artekoak).

20.2. Aurreko atalean aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

a) Ez-betetzea prestakuntza ekintzetan: ez-betetzea erabatekotzat hartuko da baldin eta prestakuntza jardueraren %25 betetzera iristen ez bada (honela neurtua: ordu kopurua bider ekintza bukatzen duten pertsonen kopurua). Horrek dirulaguntza deuseztatzea ekarriko du. Prestakuntza partez gauzatzen bada, likidatu beharreko gehieneko dirulaguntza murriztuko da, gauzatu gabeko zatiari dagokiona kenduta, baldin eta prestakuntzaren %25 baino gehiago gauzatu bada.

20.3. Dirua itzultzeko ezarritako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/1905 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

20.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/1905 Foru Legean ‘dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei’ buruz ezarritakoa.

20.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak erabiltzen ahalko dira hasiera batean dirulaguntzarik jaso ez zuten entitateei dirulaguntza emateko, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

21. Datuen babesa.

21.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek komunikazioetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

21.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta diruz lagundutako jardueretan parte hartzen duten pertsonen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen erantzukizuna izanen da aipatutako EBren Erregelamenduaren 13. artikuluan ezartzen den informazioa ematea diruz lagundutako jardueran parte hartzen duten pertsonei.

22. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dagoen guztian, irailaren 23ko EFP/942/2022 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. Agindu horren bidez arautzen da administrazio eskudunek lanaren arloan egiten duten lanbide prestakuntzarako eskaintza, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalarekin loturikoa, eta haren oinarri arautzaileak eta finantzaketarako baldintzak ezartzen dira.

Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein xedapen arau-emaile.

23. Dirulaguntzen publizitatea.

23.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren interneteko atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa lehentasunezko toki batean agertu beharko da, eta ezin izanen da inola ere izan entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

23.2. Entitate onuradunak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

24. Errekurtsoak.

Pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute oinarri arautzaile hauen aurka eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoarekin. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA.–PENALIZAZIOEN ARAUBIDEA, EZ-BETETZEEN KASUAN APLIKATU BEHARREKOA

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak, deialdi honen oinarri arautzaileetan ezarritakoari jarraikiz, egiten dituen jarraipen eta kontrol jarduketetan aurkitutako ez-betetzeen kasuan aplikatu beharreko penalizazioen araubide hau ezartzen da:

1. Ez-betetzeengatiko penalizazioa deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %30era artekoa izan daiteke gehienez, honako mailaketari jarraikiz:

–Ez-betetze arin bakoitzagatik: %1eko penalizazioa.

–Ez-betetze astun bakoitzagatik: %5eko penalizazioa.

–Ez-betetze oso astun bakoitzagatik: %10eko penalizazioa.

2. Aipatutako ez-betetzeak metagarriak izanen dira, eta, guztiak batuta, penalizazioa ezin da sekula izan deialdiaren baremoan lortutako puntu kopuru osoaren %30 baino gehiago.

3. Aurkitutako gabeziak zuzenduz gero, 1. puntuan ezarritako penalizazioa %50 murriztuko da.

4. Hauek izanen dira ez-betetze arinak:

–Onartutako pertsonen eskaerarik ez izatea.

–Emandako material didaktikoaren hartze-agiririk ez izatea.

–Ez jakinaraztea prestakuntza jardueran izandako aldaketak, egunei, ordutegiei, emateko lekuei, irakasleei edo tutoreei dagokienez.

–Lanekoak ez diren praktiken kasuan:

  • Lanekoak ez diren praktiketako prestakuntza programak ez izatea jarraipena eta ebaluazioa egiteko irizpide eta prozedurarik (PNL-2).
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan (PNL-4) ez egotea haien sinadurarik, edo jarduera deskribatu gabe egotea.
  • Praktiketan dauden ikasleen kontrolerako eta segimendurako orrietan, jarduera ez egotea deskribaturik.
  • Praktiketatik salbuestea zilegi ez izatea.
  • Salbuespena eskatzeko aurkeztutako agiriak ez izatea egokiak.
  • Jasota ez egotea praktikei egindako ukoak, kasua bada.

5. Hauek izanen dira ez-betetze astunak:

–Ikasleen aseguruaren estaldura nahikoa ez izatea.

–Kontratatutako aseguruari dagokion aldia nahikoa ez izatea.

–Bertaratze-kontrolaren orriak ez bidaltzea egunero Hezkuntza Departamentura.

–Ikasleari "gai" kalifikazioa ematea nahiz eta prestakuntza modulu bakoitzeko orduen %75era ez bertaratu.

–Praktikak egiteko hitzarmenik ez izatea.

6. Hauek izanen dira ez-betetze oso astunak:

–Ikasleek asegururik ez izatea.

–Bertaratze-kontroletan ikasleen sinadura faltsuak egotea.

–Bat ez etortzea jatorrizko sinadurak eta Hezkuntza Departamentuaren gordailura bidalitakoak.

7. –Praktiken kasuan, sinadurak bat ez etortzea ikasleen ebaluazioa egiteko dokumentuan ageri den bertaratze-kopuruarekin (PNL-5).

III. ERANSKINA.–PRESTAKUNTZA EKINTZAK

EKINTZA ZK.

MAILA

ZIURTAGIRIAREN KODEA

PRESTAKUNTZA EKINTZA

PZ/PM

PRESTAKUNTZA ORDUAK

EDIZIO
KOPURUA

PREZIOA ORDUKO ETA IKASLEKO

PZ
PRESTAKUNTZAREN PREZIOA

PNL MODULUAREN (LANEKOAK EZ DIREN PRAKTIKAK) PREZIOA

(eurotan)

DIRULAGUNTZA, GUZTIRA

(eurotan)

1

1

SSCM0108

Gainazalak eta altzariak garbitzea eraikinetan eta lokaletan

Guztira

150

4

10,71

96390

4.200

100.590,00

2

2

SEAG0108

Hiri eta industria hondakinak kudeatzea

Guztira

270

1

10,71

43375,5

1.050

44.425,50

3

2

SEAD0412

Txakurren oinarrizko trebakuntza eta heziketa

Guztira

340

1

10,71

54621

1.050

55.671,00

5

1

AGAR0209

Jarduera osagarriak baso aprobetxamenduetan

Guztira

230

1

12,6

43470

1.050

44.520,00

6

1

AFDA0511

Eragiketa osagarriak kirol instalazioen funtzionamenduan eta jardueren antolaketan

Guztira

180

1

10,85

29295

1.050

30.345,00

7

3

AFDA0110

Egokitzapen fisikoa taldean, musikaz lagundurik

Guztira

470

1

10,85

76492,5

1.050

77.542,50

8

3

AFDA0311

Yoga heziketa

Guztira

430

1

10,85

69982,5

1.050

71.032,50

9

2

AFDA0109

Bizikleta-ibilbideetako gidaria

Guztira

340

1

10,85

55335

1.050

56.385,00

10

3

COMT0110

Bezeroaren, kontsumitzailearen eta erabiltzailearen arreta

Guztira

420

1

9,89

62307

1.050

63.357,00

11

2

SSCS0108

Higienea eta osasun-laguntza etxean

MF0249–2

170

1

10,71

27310,5

1.050

28.360,50

12

2

SSCS0108

Etxeko arreta eta laguntza psikosoziala

MF0250–2

210

1

10,71

33736,5

1.050

34.786,50

13

3

SSCE0110

Enplegurako lanbide prestakuntzaren irakaskuntza

Guztira

340

1

10,71

54621

1.050

55.671,00

13

2

SSCS0108

Etxeko laguntza eta familiako elikadura

MF0251–2

100

2

10,71

32130

2.100

34.230,00

14

3

ADGN0108

Kontabilitatearen eta aurrekontuaren azterketa

MF0498–3

120

1

9,88

17784

1.050

18.834,00

15

3

ADGN0108

Finantza produktuak, zerbitzuak eta aktiboak

MF0499–3

140

1

9,88

20748

1.050

21.798,00

16

3

ADGN0108

Diruzaintzaren kudeaketa

MF0500–3

100

1

9,88

14820

1.050

15.870,00

732.418,50

21.000

753.418,50

Iragarkiaren kodea: F2315421