25. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 3koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Berriozarko udal mugartean hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak. Jardueraren titularra Emausko Trapuketariak Fundazioa da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.

2021eko urtarrilaren 28an, titularrak martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 23. artikuluan adierazia, instalazioaren 3. eta azken irekiera egiteko (aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen eremua, administrazioa, zerbitzu-nabea eta erdiguneko solairuartea).

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du eskaera onargarria dela, bat datorrelako instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta eskuragarri dauden teknika onenak aplikatzearekin. Halaber, adierazi du instalazioaren ingurumen baimen bateratua egokitu behar dela, kontuan har daitezen goian aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean jasotako egokitzapenak eta aldaketak, bereziki isurketa batzuen aldaketa eta jarduerarik eza garajearen eremuan, eta baimena egokitu behar dela tresna elektriko eta elektronikoen hondakinen kudeaketari buruz indarrean dagoen legeriara, zeina Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan ezarrita baitago eta instalazioaren ingurumen baimena eman ondoren eguneratu baita, eta baimena egokitzeko, orobat, Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko eta Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legera.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Aldatzea Berriozarko udal mugartean hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak kudeatzeko dagoen zentro baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Emausko Trapuketariak Fundazioa da.

Bigarrena.–Mantentzea instalazioak hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko duen baimena, eta inskribatzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan 15G05803090192015 erregistro-zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen bitarteko kudeatzaile gisa (biltegiratzea), eta 15G04803090192017 zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa (tratamendu-instalazioa); eta hondakin arriskutsuak kudeatzeko duen baimena ere mantentzea, eta inskribatzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan 15G02803090192017 erregistro-zenbakiarekin, hondakin arriskutsuen tarteko kudeatzaile gisa (biltegiratzea), eta 15G01803090192017 zenbakiarekin, hondakin arriskutsuen kudeatzaile gisa (tratamendu-instalazioa).

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen I. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta automatikoki berrituko da beste horrenbeste urteko aldietarako, Ekonomia Zirkularra bultzatzeko eta Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 7/2022 Legearen 33 artikulua aplikatuz (Hondakinak tratatzeko eragiketen baimenei buruzkoa).

Sozietatearen helbidea dagoen autonomia erkidegoan ingurumen arloan eskumena duen organoak III. eranskinean adierazitako tratamenduak egiteko baimendutako entitate batek ustiatu beharko du instalazioa, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Instalazioan aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinen tratamendu bidezko kudeaketa-jarduera mugatuta egonen da, titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren aldeko txostena duten prozesuetara mugatuko baita. Txosten hori Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren 37.5.b artikuluan ezarritako aurretiazko probaren emaitzen balorazioaren ondorioz emanen da.

Laugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak edo bukatutako produktuen kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen bateratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Emausko Trapuketariak Fundaziora eta Berriozarko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 3an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2300278