249. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1022/2023 EBAZPENA, azaroaren 8koa, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baitira hilabetez "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zarataren mapa estrategikoak (4. fasea)".

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko ekainaren 25eko 2002/49/EE Zuzentarauak, Inguruneko zarataren ebaluazioari eta kudeaketari buruzkoa, hauxe ezartzen du 7.2 artikuluan: "Europar Batasuneko estatuek neurriak hartuko dituzte bermatzeko ezen, beranduenez 2012ko ekainaren 30ean, eta data horren ondoren bost urtean behin, agintaritza eskudunek zarataren mapa estrategikoak prestatuko dituztela eta, hala badagokio, onetsiko. Mapa horiek aurreko urteko egoeraren gainean eginen dira, eta lurraldeko hiri-aglomerazio, bide eta trenbide ardatz handi guztiak hartuko dituzte aintzat".

Zuzentarau hori aplikatuz, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren uztailaren 1eko 664/2022 Ebazpenaren bidez, DNOTA Medio Ambiente SL enpresari esleitu zitzaizkion "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zarataren mapa estrategikoak eta zarataren aurkako ekintza planak (4. fasea)" egiteko lanak.

Ondoren, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 689/2023 Ebazpenaren bidez, baimena eman zen DNOTA Medio Ambiente SLk Eurofins Cavendish SLU enpresari lagatzeko "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zarataren mapa estrategikoak eta zarataren aurkako ekintza planak (4. fasea)" egiteko lanen kontratua.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legearen 14.1 artikuluak ezartzen duenez, administrazio eskudunek zarataren mapa estrategikoak onetsi beharko dituzte, jendaurrean jarri ondoren.

Horregatik, Eurofins Cavendish SLUk aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak proposatzen du jendaurrean jartzea hilabetez Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zarataren mapa estrategikoen (4. fasea) dokumentazioa, behin betiko onetsi aurretik.

Horrenbestez, bat etorriz Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak txostenean jaso eta proposatu duenarekin, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak xedatzen duenarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Jendaurrean jartzea hilabetez "Nafarroako Foru Komunitateko bide ardatz handietako zarataren mapa estrategikoak (4. fasea)". Epe horretan, egokitzat jotzen diren ohar edo alegazioak egiten ahalko dira, idatziz. Interesdunek eskura izanen dute proiektua Lurralde Kohesiorako Departamentuko Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta departamentuaren web-orrian argitaratzea, eta dagokion iragarkia bidaltzea Foru Komunitatean hedapen handiena duten egunkarietako bitara.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuari.

Iruñean, 2023ko azaroaren 8an.–Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Pedro Andrés López Vera.

Iragarkiaren kodea: F2315873