249. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Udal ordenantza, "Basaburuko pasarelak" aisialdi gunearen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Basaburuko Udalak, 2023ko urriaren 25ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen "Basaburuko pasarelak" aisialdi gunearen erabilera arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia argitara eman zen 2023ko irailaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jendaurrean egon zen 30 egunean, interesdun batek ere alegaziorik aurkeztu gabe. Horrenbestez, behin betiko onetsi eta gero, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, oinarri hartuz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Etxalarren, 2023ko urriaren 26an.–Alkatea, Santos Etxegia Oronoz.

UDAL ORDENANTZA, IHABENGO "BASABURUKO PASARELAK" AISIALDI GUNEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

Ihabengo 3. poligonoko 250. eta 251. lurzatietan dagoen aisialdi gunea, "Basaburuko pasarelak" izenez ezagutua, urte osoan zehar erabiltzen da, eta udan bereziki, aisia eta jostetarako. Han, edonork goza dezake naturaz Basaburua ibaiaren ertzean. Gunean badira aparkalekua eta piknikgunea.

Gune horren erabilera arautzeko, ordenantza hau onetsi da.

ORDENANTZA, IHABENGO "BASABURUKO PASARELAK" AISIALDI GUNEAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio epea.

Ordenantza honek "Basaburuko pasarelak" aisialdi gunearen erabilera arautzen du –Ihabengo 3. poligonoko 250. eta 251. lurzatietan–, eta haren aplikazio epea urte osokoa da. Erabiltzaileek kontuan hartu beharko dute guneak aipatu lurzatiak baino ez dituela barne hartzen, eta debeku dela eremu mugakideetara edo inguruetako eremu hesitu eta itxietara sartzea, titulartasun pribatukoak baitira.

2. artikulua. Instalazioa erabiltzeko ordutegia.

Aisialdi gunea erabiltzeko ordutegia izanen da 9:00etatik 21:00ak arte, astelehenetik igandera. Debeku da bertan gaua pasatzea.

3. artikulua. Ibilgailuak.

Ibilgailu motordunek ez dute egon beharko aisialdi gunearen aparkalekurako esleituriko eremutik kanpo, salbu eta baimena badute konponketak, muntaketak eta abar egiteko. Nolanahi ere, aparkalekuaren eremuan aparkatzen ahalko dute instalazioa erabiltzeko ordutegiaren barnean soilik, alegia, 9:00etatik 21:00ak arte.

4. artikulua. Zaborrak eta hondakinak.

Aisialdi gunearen erabiltzaileek bildu egin beharko dituzte zabor, hondakin eta zakarrak oro, haiek sortutakoak zein gunean instalatu ondoren inguruan topatutakoak, paperezko musuzapiak barne, eta aisialdi guneko zakarrontzietan utzi beharko dituzte.

5. artikulua. Bolumen akustikoa eta soinu-aparatuak.

Gunearen beraren izaera naturalari eta beste erabiltzaileei zor zaien errespetuagatik, saihestuko dira bertan diren gainerako pertsonei, bai eta faunari ere, eragozteko moduko zaratak eta ahots bolumen goratuak, eta kasu eginen zaie pertsona horiek zentzu horretan egiten dituzten eskakizunei. Arrazoi beragatik, debeku da edozein soinu-aparatu edo -instrumentu erabiltzea, salbu eta norberaren gozamenerako direnak, baldin eta ez badute galarazten gunearen gainerako erabiltzaileen gozamena (zilegi izanen da soinu-aparatuak erabiltzea entzungailuekin edo gisakoekin).

6. artikulua. Sua.

Debeku da sua erabiltzea modu orotan, gasezko su txikiak edo gisakoak barne.

7. artikulua. Animaliak.

Aisialdi gunearen erabiltzaileen lagun egiteko animaliek kontrolpean eta loturik egon beharko dute une oro, Lagun Egiteko Animaliak Nafarroan Babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen 6.9 artikuluan ezarri bezala.

8. artikulua. Aulkiak eta mahaiak paratzea.

Instalazioa erabiltzeko ordutegian soilik onartuko da aulkiak, mahaiak eta bestelakoak paratzea, eta beti bainu-eremutik urruti. Debeku da eguzkitakoak, karpak eta gisakoak erabili eta paratzea.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Ordenantza Fiskal Orokorrean xedatutakoari lotuko zaio, edo, bestela, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan xedatutakoari.

Indarra duen legediaren arabera zehatuko da ordenantza honen aurkako arau-haustea, zehapen handienarekin, hain zuzen, eta berehala emanen zaio haren berri agintaritza eskudunari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan, aplikatuko da ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan.

Iragarkiaren kodea: L2315411