1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
947E/2023 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa ematen baita, aldekoa, "Alesbesko Arau Subsidiarioak aldatzea biztanlegunearen inguruko lurzoruan" proiektuari buruz. Sustatzailea Alesbesko Udala da.
Arau subsidiarioen aldaketa hori Udalak 2023ko maiatzaren 2an onetsi zuen hasiera batez, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2023ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 18koan.
Helburua da uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren araudia egokitzea, eta, zehazki, Alesbesko Arau Subsidiarioen 110.2 artikulua, "Biztanlegunearen ingurua" izeneko lurzoruetan baimentzen ahal diren jarduerei buruzkoa. Beraz, aldaketak eragindako eremua azpikategoria hori duten bi area dira: bata herrigunearen ekialdean dago, 40,3 ha inguruko azalera du eta A-12 autobiaraino hedatzen da; bestea, berriz, txikiagoa da, eta hegoaldean kokatzen da, industrialderako trantsizioan (5,3 ha). Nekazaritzako lurrak dira, nagusiki lehorreko laboreetarako erabiltzen direnak (zerealak), eta haien gainean bide interesgarriak daude, hala nola Donejakue bidea interes kulturaleko ondasuna eta hirugarren mailako zenbait ibilgu, hala nola Barranco del Prado izeneko sakana eta Arantzadia errekastoa.
Lurzoruen azpikategoria horren mugaketan ez da aldaketarik planteatzen; erabilera-araubidea baino ez da aldatzen, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110.2 artikulua esplizituki txertatuz, bai eta baimendutako eraikuntza-erabilerak gauzatzean kontuan hartu beharreko zenbait irizpide ere. Irizpide horiek bat datoz ingurumen dokumentu estrategikoan identifikatutako "Prebentzio eta zuzenketa neurriak, klima-aldaketa barne" izeneko atalean jasotakoarekin, eta, batez ere, honako hauei buruzkoak dira: lur mugimenduak minimizatzea; paisaiaren eta ingurumenaren gaineko eraginak prebenitzea, landaredi naturala duten eremuen okupazioa eta galera saihestuz; sarbide berriak sortzea; eta jarduera bukatu ondoren leheneratze lanak egitea.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Ingurumen txosten estrategikoa ematen da, aldekoa, "Alesbesko Arau Subsidiarioak aldatzea biztanlegunearen inguruko lurzoruan" proiektuari buruz, ingurumen ukipen nabarmenik eragiten ez duela iritzita. Sustatzailea Alesbesko Udala da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Alesbesko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko urriaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
Iragarkiaren kodea: F2315569