246. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

106/2023 FORU AGINDUA, azaroaren 9koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetako eskolaldi motak erregulatzekoa.

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 120.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi lantzen ahal dituzte: esperimentazioak, berrikuntza pedagogikoak, hezkuntza-programak, lan planak, antolatzeko moduak, bizikidetza arauak, eskola egutegia edo arloen zein irakasgaien eskola ordutegia zabaltzea; betiere hezkuntza administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan eginen dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, ez da inolako diskriminaziorik eginen, ez da familiei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta hezkuntza administrazioei eskakizunik eginen ere.

Ikastetxeen pedagogia eta antolakuntza autonomian oinarriturik, Hezkuntza Departamentuak aukera eman du eskolaldia berraztertzeko, oro har, goizeko eta arratsaldeko saioetan antolatu izan dena, salbu eta asteko egun batean, zeinetan goizekoa bakarrik baitzen (eskolaldi zatituaren modalitatea). Modu horretan, zenbait ikastetxetako hezkuntza sektoreek aurkeztutako eskaerei erantzun nahi zitzaien. Eskaera horiek deribatu dira gizartean etengabe gertatzen diren lan ordutegien eta baldintzen aldaketetatik, gizarte ohitura berriak ekartzen baitituzte eta horiek, era berean, zenbait kasutan, gatazkak eragiten baitituzte ezarritako eskola ordutegiekin.

Eskakizun horiek ikusita, batez ere ikasleen eta haien familien interesei, beharrei eta ezaugarriei arreta eman nahian, eskolaldi zatitua ezartzeaz gainera, Hezkuntza Departamentuak aukera eman die Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia ematen duten ikastetxeei beste bi eskolaldi modalitate ezartzeko 2007tik aurrera gutxika eta modu esperimentalean, urtebeteko luzapenekin: eskolaldi etengabea eta eskolaldi malgua.

Denbora hori igaro eta gero, ikastetxeek beraiek hezkuntza dinamikari buruzko urteroko autoebaluazioak eginda dituztela, Hezkuntza Departamentuaren jarraipena kontuan harturik, azken horrek egokitzat jo du esperimentaziorako aldia amaitzea, eta Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Hezkuntza Berezian eskolaldi jarraituari eta malguari eskolaldi zatituaren izaera ofizial berbera ematea (eskolaldi zatitua erregulatu zen Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren uztailaren 16ko 257/1998 Foru Aginduan, Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 62/2022 Foru Aginduan eta Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 63/2022 Foru Aginduan).

Halaber, ikastetxeen autonomia printzipioak errazteko, Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Legearen 120.1 eta 120.2 artikuluetan jasotzen direnak, Hezkuntza Departamentuak asmoa dauka eskolaldi mota guztiak erregulatzeko hezkuntza komunitateek beren eskolaldi modalitatea erabaki dezaten, ikastetxeen pedagogia eta antolakuntza autonomian oinarriturik.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuak, ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuak eta ekainaren 22ko 67/2022 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia irakasten duten ikastetxeetako eskolaldiak erregulatzeko da Foru Agindu hau.

2. artikulua. Eskolaldi motak.

1. Eskolaldia honako modalitate hauetako batean gauzatuko da:

a) Eskolaldi zatitua.

b) Eskolaldi jarraitua.

c) Eskolaldi malgua.

2. Eskolaldia zehazteko eta antolatzeko, batez ere ikasleen eta haien familien zein legezko ordezkarien interesak, beharrak eta ezaugarriak hartuko dira kontuan.

Halaber, curriculumeko saioak arrazoi pedagogikoak aintzat hartuz banatuko dira astean.

II. KAPITULUA.–ESKOLALDI ZATITUA

3. artikulua. Eskolaldi zatitua.

Eskolaldi zatituaren modalitatean ikasleentzako eskolak, urritik maiatzera bitarte, goiz eta arratsaldez ematen dira astean lau egunetan eta goizez, bestean. Irailean eta ekainean, ikasleentzako eskola jarduerak goizez emanen dira.

4. artikulua. Ikasleen eskola-ordutegia.

1. Urritik maiatzera bitarte, ikasleen eskolaldia astean 26 ordukoa izanen da, jolasaldiak barne hartuta. Eskolak astelehenetik ostiralera izanen dira, 50 minutuko saioetan, honela banatuta: lau saio goizez eta bi saio arratsaldez, astean lau egunetan. Bosgarren egunean, asteazkena edo ostirala, saioak goizekoak izanen dira bakarrik, eta saioetako bat 60 minutukoa izanen da. Egunero, goiz erdian, 30 minutuko jolasaldi bat izanen da.

2. Irailean eta ekainean, ikasleen eskolaldia astean 20 ordukoa izanen da. Eskolak astelehenetik ostiralera izanen dira, goizez, 4 orduz, goiz erdiko 30 minutuko jolasaldia barne. Oro har, egitura 50 minutuko hiru saiokoa eta 60 minutuko saio batekoa izanen da.

3. Eskolak 9:00etan hasiko dira. Hala ere, hasiera ordutegia aldatzen ahalko da eskola-garraioko eskakizunengatik.

4. Goizeko eta arratsaldeko saioen artean, gutxienez laurogeita hamar minutuko tartea izanen da. Hala ere, tarte hori aldatzen ahalko da eskola-garraioko eskakizunengatik.

III. KAPITULUA.–ESKOLALDI JARRAITUA

5. artikulua. Eskolaldi jarraitua.

1. Eskolaldi jarraituan ikasleei eskola jarduerak goizez ematen zaizkie, astelehenetik ostiralera, ikasturte osoan.

2. Eskolaldi hau hautatzen duten ikastetxeek diseinatu eta garatu beharko dute ikasleei astelehenetik ostegunera arratsaldeko ordutegian arreta emateko urteko jardueren programa bat, irailerako eta ekainerako izan ezik. Programa hori Urteko Programazio Orokorrean jaso beharko da, foru agindu honen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat.

6. artikulua. Ikasleen eskola-ordutegia.

1. Ikasturte osoan, astelehenetik ostiralera, egunero, eskolak sei saiotan gauzatuko dira, bakoitza 45 minutukoa.

2. Ikasleentzako eskola-ordutegia, astean 25 ordukoa izanen da, eguneroko goiz erdiko 30 minutuko jolasaldia barne hartuta. Asteko eskola-ordutegi hori 50 minutuz luzatuko da, jolasaldiak barne hartuta, baldin eta eguneko jolasaldia 40 minutukoa bada. Tarte hori bi saiotan banatzen ahalko da.

3. Eskolak 9:00etan hasiko dira. Hala ere, hasiera ordutegia aldatzen ahalko da eskola-garraioko eskakizunengatik.

4. Goizeko saioen eta ikasleei arreta emateko arratsaldeko saioaren artean, gutxienez laurogeita hamar minutuko tartea izanen da. Hala ere, tarte hori aldatzen ahalko da eskola-garraioko eskakizunengatik.

7. artikulua. Ikasleei arratsaldez arreta emateko jarduerak.

1. Ikastetxeek ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueren programa bat garatu beharko dute, irailerako eta ekainerako izan ezik. Jarduerok astelehenetik ostegunera eginen dira, 45 minutuko saio bakar batean.

2. Programa horretako jarduera guztiak ikasleentzako boluntarioak eta doakoak izanen dira.

3. Ikasleek eskubidea izanen dute asteko lau egunetan arratsaldez arreta jasotzeko, eta ikastetxeak eskaintzen dituen jardueretan aurreinskripzioa egiteko. Ikastetxeen betebeharra izanen da beti ikasle guztiei arreta ematen zaiela ziurtatzea.

4. Ikastetxeetako elkarbizitza erregelamenduaren aplikazioa, bai goizeko curriculum saioetan bai ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueretan, bat etorri beharko da abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzkoan, erregelamenduz xedatutakoarekin.

5. Ikasleen interesak eta ezaugarriak kontuan hartuz, ikastetxeek egunero gutxienez bi jarduera eskainiko dituzte ikasturte bakoitzerako. Horien artean honako hauetakoren bat jasoko da: hizkuntzak, teknologia berriak eta kirol edo kultur jarduerak.

6. Goizeko ordutegiko curriculumeko irakaskuntza jardueretarako ezarritako ratio berbera izanen da, kontuan harturik talde bat osatu beharko dela, izena eman duten ikasleen kopurua ratio horren 2/3era iristen bada.

7. Jarduera bakoitzean izena emandako ikasleen kopurua ikusirik, zuzendaritza taldeak erabakiko du zer jarduera gauzatuko diren, kontuan hartuta ikasleen interesak eta ezaugarriak eta ikastetxearen baliabideak.

8. Ikastetxeko zuzendaritzak irakasleen presentzia bermatu beharko du jardueretan: talde bakoitzeko irakasle bana gutxienez, horren arduradun eta dinamizatzaile gisa.

9. Ikastetxe publikoetako irakasleek ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueretako arduradun eta dinamizatzaile gisa ematen dituzten orduak eskola-ordutegiak izanen dira.

10. Oro har, jarduerak barnekoak izanen dira, eta hala kontsideratuko dira ikastetxeak curriculumeko arloak irakasteko erabiltzen diren espazioetan egiten direnak. Dena den, ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueren programan sartzen ahal dira espazio horietatik kanpo egiten direnak, betiere irakasleen presentzia bermatuta badago, baita joan-etorrietan ere, artikulu honetako 8. apartatuari jarraikiz. Ikasleak ikastetxera itzuli beharko dira barneko jarduerak amaitzeko aurreikusitako orduan.

11. Ikastetxeko zuzendaritza taldearen ardura izanen da ikasleen gurasoei zein legezko ordezkariei programako jarduera guztien diseinuaren eta edukiaren berri ematea. Era berean, hiru hilean behin, ikasleen tutoreek familiei edo legezko ordezkariei helarazi behar diete beren seme-alaben aprobetxamendu maila izena emanda dauden jardueretan, ikastetxeak horretarako ezarritako bitartekoak baliatuz.

12. Ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueren eguneroko eskaintzak ikasleen hizkuntza eredua errespetatuko du.

IV. KAPITULUA.–ESKOLALDI MALGUA

8. artikulua. Eskolaldi malgua.

Eskolaldi malguaren modalitatean ikasleentzako eskolak, urritik maiatzera bitarte, goiz eta arratsaldez ematen dira astean hiru egunetan eta goizez, gainerako bi egunetan (asteazkenak eta ostiralak). Irailean eta ekainean, ikasleentzako eskola jarduerak goizez emanen dira.

9. artikulua. Ikasleen eskola-ordutegia.

1. Urritik maiatzera, ikasleentzako eskolaldiak 26 ordu izanen ditu astean, jolasaldiak barne. Oro har, eskolak honela emanen dituzte:

–Astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan, 50na minutuko lau saio izanen dira goizez, eta bi, arratsaldez.

–Asteazkenetan eta ostiraletan, 50na minutuko lau saio eta 55 minutuko beste bat izanen dira, goizez guztiak.

Egunero, goiz erdian hogeita hamar minutuko jolasaldia izanen da.

2. Irailean eta ekainean, ikasleen eskolaldia astean 20 ordukoa izanen da. Eskolak astelehenetik ostiralera izanen dira, goizez, 4 orduz, goiz erdiko 30 minutuko jolasaldia barne. Oro har, egitura 50 minutuko hiru saiokoa eta 60 minutuko saio batekoa izanen da.

3. Eskolak 9:00etan hasiko dira. Hala ere, hasiera ordutegia aldatzen ahalko da eskola-garraioko eskakizunengatik.

4. Goizeko eta arratsaldeko saioen artean, gutxienez laurogeita hamar minutuko tartea izanen da. Hala ere, tarte hori aldatzen ahalko da eskola-garraioko eskakizunengatik.

V. KAPITULUA.–IKASTETXE PUBLIKOEK ESKOLALDIA ESKATZEKO PROZEDURA

10. artikulua. Aurretiazko jarduketak.

1. Ikastetxeek, foru agindu honen 16.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hautatzeko deialdi berri bati heldu ezin diezaioketenek izan ezik, aukera izanen dute, zuzendariaren bitartez, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko eskolaldiaren hautaketa, kontuan hartuta foru agindu honetan xedatutakoa, baita deialdiaren jarraibideak ere, xede horretarako zehaztuko direnak dagokien ebazpenean, Hezkuntza Departamentuan arlo honetako eskumenak dituen zuzendari nagusiak emanen duenean.

2. Aurreko apartatuan azaldutakoa aintzat harturik, ikastetxeetako zuzendariek urtero Eskola Kontseiluaren saio bat deituko dute, eskolaldia hautatzeko deialdiaren ebazpenean adierazitako datetan, eskolaldia aldatzeko aukera erabakitzeko. Horretan, zuzeneko bozketa eginen da, eskuordetzen ahal ez dena, prozedurari ekin aurreko jarduketekin jarraitu ahal izateko, zeinetan beharrezkoa izanen baita Eskola Kontseiluan erregelamenduz boto eskubidea duten pertsonen gehieneko kopuruaren gutxienez % 25en aldeko botoa.

3. Halaber, aurreko apartatuan ezarritako portzentajea lortuz gero, Eskola Kontseiluaren saio berean zehaztu beharko da zuzeneko bozketa eskurodetu ezinekoaren bidez, zer eskolaldi modalitate kontsideratuko den edo diren hautaketa prozeduran. Kasu guztietan, modalitate bakoitzak izan beharko du Eskola Kontseiluan erregelamenduz boto eskubidea duten pertsonen gehieneko kopuruaren gutxienez % 25en aldeko botoa. Azaldutako xedeetarako, bozketatik kanpo geratuko da ikastetxeak une horretan ezarrita daukan eskolaldi mota.

4. Eskola Kontseiluak eskolaldi modalitatea edo modalitateak erabaki ondoren, Hezkuntza Departamentuaren oniritzia behar izanen da honako alderdi hauen gainean:

–Aurreko apartatuetan adierazitako portzentaje-baldintza betetzea.

–Ikastetxeak proposatutako ordutegiaren bideragarritasuna ala ez, ikasleen ordutegi banaketari eta jangelako eta garraioko zerbitzu osagarriei dagokienez, aintzat harturik, halakorik bada, ikastetxearekin garraio zerbitzua partekatzen duten ikastetxeak. Garraioa partekatzen duten ikastetxe guztiek eskolaldi modalitate berera aldatzea eskatzen badute, prozedura abiarazten ahalko dute, betiere ikastetxe guztietako Eskola Kontseiluek onartu badute proposatutako eskolaldia, foru agindu honen 15.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

–Hezkuntza Departamentuan arlo honetako eskumenak dituen zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenean horretarako zehaztuko diren deialdiko jarraibideetako beste edozer eskakizun.

11. artikulua. Prozeduraren hasiera.

1. Hezkuntza Departamentuak eskolaldi bati edo biri oniritzia eman eta gero, eskolaldia aldatzeko prozedura abiarazi dela kontsideratuko da, eta, une horretatik aurrera, zuzendaria hezkuntza komunitateari dagozkion kontsultak egiten hasi beharko da. Kontsulta horietako emaitzak zein diren kontuan hartu gabe, ikastetxeak ez dio heltzen ahalko eskolaldia hautatzeko beste deialdi bati, foru agindu honetako 16.2 artikuluan adierazitako epean.

2. Proposatutako eskolaldi batek ere ez badu oniritzia lortzen, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu eta ezarrita duen eskolaldi motari eutsiko dio. Horrenbestez, eskolaldia aldatzeko prozedura ez da hasitzat joko, eta ikastetxea foru agindu honen 16.2 artikuluan adierazitako epea betetzetik salbuetsita egonen da.

12. artikulua. Kontsulta familiei eta legezko ordezkariei.

1. Ikastetxeko zuzendariak ikasleen gurasoei eta legezko ordezkariei kontsultatzeko prozedura abiaraziko du, bozketa sistema bidez, Eskola Kontseiluari helarazteko eskolaldiaren edo eskolaldien proposamenari buruz duten iritzia.

2. Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita ikastetxean ematen den Oinarrizko Hezkuntzako azken ikasmailakoenak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikaskuntzak ematen dituzten ikastetxeekin gobernu organo komunak dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek prozedura berari jarraituko diote.

3. Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute seme edo alaba bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen zaintza eta jagoletza bi gurasoek partekatzen duten egoera juridikoetan, edo biei badagokie eskolaratzearekin lotutako erabakiak hartzea, ados jarri beharko dira boto bakar bat emateko. Gurasoetako batek badauzka zaintza eta jagoletza horrek izanen du botoa emateko eskubidea, baldin eta eskolaratzearekin lotutako erabakiak hartzea horri badagokio soilik.

4. Botoa zuzenekoa, sekretua eta eskuordetu ezin daitekeena izanen da. Horretarako, familien boto eskubidea errazteko prozedurak arbitratuko dira, prozedura telematikoak barne.

5. Botazioen aurretik, nahikoa aurrerapenez egindako bilera batean, zeinaren akta egin beharko baita, zuzendaritza taldeak gurasoei eta legezko ordezkariei eskolaldi berriaren edo berrien arrazoien eta ezaugarrien berri eman behar die, baita deialdiaren ebazpenetan jartzen den informazioaren gainekoa ere. Eskolaldi jarraitua modalitatearen kasuan, gainera, jakinarazi beharko die ikasleei arratsaldez arreta emateko jarduerak eskola-ordutegitzat jotzeak duen inplikazioa eta horrek goizeko eskoletan duen eragina.

6. Bi eskolaldiren proposamena izanen balitz, ikasleen gurasoek eta legezko ordezkariek bakarra hautatu beharko dute bozketan.

7. Azkenik, proposatutako eskolaldia izanen da boto-emaileen erroldaren gutxienez 3/5 lortzen duena. Emaitza hori ikastetxeko irakasleen klaustroari jakinaraziko zaio, baita Eskola Kontseiluari ere, balizko onarpenerako. Portzentaje hori lortuko ez balitz, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu, eta eskolaldi aldaketa eskatzeko prozedura amaitutzat joko da. Beraz, ikastetxeak une horretan ezarrita duen eskolaldi motari eutsiko zaio, eta ez dio heltzen ahalko eskolaldia hautatzeko beste deialdi bati, foru agindu honetako 16.2 artikuluan adierazitako epean.

13. artikulua. Klaustroari kontsulta ez-loteslea.

Familiek eta legezko ordezkariek aurreko artikuluko 7. apartatuan ezarritako botoen aldeko portzentajea lortuz gero, irakasleen klaustroak proposatutako eskolaldi modalitatearen gainean duen iritzia ezagutze aldera, ikastetxeko zuzendariak organo horri kontsultatuko dio, zuzeneko eta eskuordetu ezin daitekeen boto bidez. Saio horren akta eginen da, eta horretan aldeko boto kopurua jasoko da, zeina Eskola Kontseiluari jakinarazi beharko baitzaio.

14. artikulua. Eskola Kontseiluak onartzea.

1. Foru agindu honetako 12.7 artikuluan ezarritako aldeko botoen portzentajea lortzen bada, bai familiek eta legezko ordezkariek, bai irakasleen klaustroak beren iritzia azaltzeko egindako kontsulta prozeduretan, Eskola Kontseiluak proposatutako eskolaldia onartuko du, baldin eta Eskola Kontseiluan erregelamenduz boto eskubidea duten kideen gehieneko kopuruaren gutxienez 2/3en aldeko botoa lortzen bada. Bestela, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu, eta eskolaldi aldaketa eskatzeko prozedura amaitutzat joko da. Beraz, ikastetxeak une horretan ezarrita duen eskolaldi motari eutsiko zaio, eta ez dio heltzen ahalko eskolaldia hautatzeko beste deialdi bati, foru agindu honetako 16.2 artikuluan adierazitako epean.

2. Eskola Kontseiluak hartutako erabakia edozein dela, Hezkuntza Departamentuak dagokion ebazpenean deialdi bakoitzerako zehazten duen dokumentazioa bidali behar dute ikastetxeek.

15. artikulua. Hezkuntza Departamentuak baliozkotzea.

1. Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa ikusirik, kapitulu honetan bildutako betekizun guztiak aztertu eta egiaztatu ondoren, Hezkuntza Departamentuan arlo honetako eskumenak dituen zuzendari nagusiak ebazpena emanen du dagokien ikastetxeek proposatutako eskolaldi aldaketa baliozkotzeko.

2. Hautemanen balitz ikastetxeak ez duela kapitulu honetan zehaztutako baldintzaren bat betetzen, ikastetxeari eskatuko zaio, egokia bada, betetzen ez den hori zuzen dezala. Ikastetxeak betetzen ez dituenak zuzenduko ez balitu, jarduketak artxibatu beharko ditu aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. Eskola-garraioa partekatzen duten eta eskolaldia aldatzeko prozedura modu baldintzatuan abiarazi duten ikastetxeen kasuan, aldaketa proposamena ez badute ikastetxe guztietako Eskola Kontseiluek onartzen edo ikastetxe horietan hautatutako eskolaldi modalitatea berbera ez bada Hezkuntza Departamentuan arlo honetako eskumenak dituen zuzendari nagusiak ez du aldaketa baimenduko.

16. artikulua. Eskolaldi motaren indarraldia.

1. Foru agindu honetan xedatutakoaren arabera ikastetxeek hautatutako eskolaldiaren indarraldia zehaztugabea izanen da Hezkuntza Departamentuak beste eskolaldi bat baliozkotzen ez duen artean.

2. Eskolaldia hautatzeko prozedura abiarazi ondoren, prozesu horren emaitza edozein dela, ikastetxeek ez diote beste deialdi bati heltzen ahalko lau ikasturte igaro arte, prozedura hasi den ikasturtetik zenbatzen hasita, ikasturte hori barne. Hala ere, epe hori igaro ondoren, ikastetxeek betebeharra izanen dute urtero foru agindu honetako 10. artikuluan jasotako aurretiazko jarduketak egiteko. Betebehar hori izanen dute prozedura berria abiarazten duten ikasturtera arte.

VI. KAPITULUA.–JARRAIPENA, EBALUAZIOA ETA IKUSKAPENA

17. artikulua. Eskolaldia zehaztea Urteko Programazio Orokorrean.

1. Ikastetxearen, ikasleen eta irakasleen ordutegi orokorrari buruzko alderdi guztiak, eskolaldi motak zehazten dituenak, Urteko Programazio Orokorrean jaso behar dira.

2. Era berean, eskolaldi jarraituaren kasuan, Urteko Programazio Orokorrean honako alderdi hauek zehaztu behar dira:

a) Ikasleei arratsaldez arreta emateko ikastetxeak proposatzen dituen jardueren hasierako eskaintza.

b) Jarduera horietako bakoitzean aurreinskripzioa egin duten ikasleen kopurua.

c) Ikasleei arratsaldez arreta emateko azkenean eginen diren jarduerak.

d) Jarduera horietako bakoitzean izena eman duten ikasleen kopurua.

e) Talde bakoitzaren ardura duen irakaslea.

18. artikulua. Ikastetxeen jarraipena eta ebaluazioa.

1. Urtero, ikastetxeko Eskola Kontseiluak eskolaldiaren barne-ebaluazioa eginen du, Urteko Programazio Orokorraren jarraipen eta ebaluazio markoan horretarako zehaztutako adierazleen arabera.

2. Eskola Kontseiluak egindako ebaluazioa Ikasturte bukaerako memorian txertatuko dute ikastetxeetako zuzendaritza taldeek. Halakorik badago, hobetzeko proposamenak ere erantsiko dituzte hurrengo ikasturteko Urteko Programazio Orokorrean sartzeko.

19. artikulua. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren gainbegiratzea.

1. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ikastetxeetako egutegiak eta ordutegi orokorrak onetsi edo ezetsiko ditu urtero. Halaber, eskolaldi jarraitua modalitatearen kasuan, ordutegi orokorrak barne hartuko du ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueren ordutegia.

2. Gainera, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak Urteko Programazio Orokorra eta Ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, foru agindu honetara eta horretatik deribatu daitezkeen xedapenetara egokitzen diren egiaztatzeko eta, behar izanez gero, zuzenketak eta doikuntzak eskatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Ikastetxeen zerbitzu osagarriak.

1. Ikastetxeak eskola jantokia edo eskola garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ez da aldatzen ahalko haien kalterako bada.

2. Eskolaldi jarraitua daukaten ikastetxe guztietan, ikasleei arratsaldez arreta emateko jarduerak egiteko zehaztu diren egunetan, garraio-zerbitzua jarduera horiek amaitu eta gero emanen da, garraio-ibilbideetako ikasleen familia eta legezko ordezkari guztien berariazko akordioa izan ezean. Zerbitzu osagarrien ordutegien aldaketak bateragarriak izan beharko dira aurretik dauden zerbitzuekin; gainera, Nafarroako Foru Komunitatean jangela zerbitzua eta eskola-umeen garraioa erregulatzen duen indarreko araudia bete beharko du.

3. Ekainean, irailean eta arratsaldeko curriculumeko jarduerarik gabeko astegunetan edo ikasleei arreta emateko jarduerarik gabekoetan, bidaia bakarra egiten dela bermatzeko, beste hezkuntza etapa batzuk ematen dituzten ikastetxeekin eskola garraioa partekatzen duten ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako garraioa baliatzen duten ikasleek diruz lagundutako eskola jantokiaren zerbitzua erabili beharko dute.

Bigarren xedapen gehigarria.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

Beste eskolaldi bat ezartzeak ez du ekarriko ikastetxe publikoetan ez giza baliabideak gehitzea ez funtzionamendu gastuak handitzea; ezta ikastetxe itundu pribatuei Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzazioa aldatzea ere.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Ordutegia luzatzea.

Ikastetxeek eskatzen ahal dute eskola ordutegia egunean gehienez ordubete luzatzea. Luzapen horrek ez du inola ere ekarriko ituna handitzea ikastetxe pribatu itunduetan, ez eta plantilla ere ikastetxe publikoetan, eta ez die inolako kosturik eraginen familiei eta legezko ordezkariei. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi edo ukatuko du, bideragarritasunaren arabera.

Laugarren xedapen gehigarria.–Eskolaldia ikastetxe publiko sortu berrietan.

Hezkuntza Departamentuari dagokio ikastetxe sortu berriek abiaraziko duten jardueraren eskolaldi modalitatea erabakitzea.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Eskolaz kanpoko ekintzak.

1. Eskolaz kanpoko ekintzak dira ikasleen curriculumeko ordutegitik kanpo egiten diren ekintza hezigarriak. Eskolaldi jarraituaren modalitatea ezarrita daukaten ikastetxeen kasuan, gainera, ikasleei arratsaldez arreta emateko jardueren ordutegitik kanpo egiten direnak izanen dira. Eskolaz kanpoko ekintzak eta curriculumeko jarduerak edo ikasleei arratsaldez arreta emateko jarduerak ez dira aldi berean gauzatzen ahalko.

2. Eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzea boluntarioa izanen da bai ikasleentzat bai irakasleentzat.

Seigarren xedapen gehigarria.–Ikastetxe pribatuen eta pribatu itunduen titularren eskumenak.

Foru agindu honetan xedatutakoa ikastetxe pribatuei eta pribatu itunduei aplikatuko zaie, ikastetxe horien titularrek dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Salbuespenak.

Foru arau honetan xedatutakoaren edozein salbuespen ikastetxeak eskatu beharko dio, behar bezala arrazoituta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, hark aztertu eta, egokitzat joz gero, onar dezan.

XEDAPENAK IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.–Eskolaldi modalitatea 2024/2025 ikasturtean.

1. 2023/2024 ikasturtera arte eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua modalitate esperimentalak zirenez, 2024/2025 ikasturtean, foru agindu honen eraginpeko ikastetxe guztietan aurrez zehaztutako eskolaldi modalitatea eskolaldi zatitua izanen da.

2. Hala ere, 2024/2025 ikasturtean, ikastetxeek eskolaldi zatitua ez den beste modalitate bat ezartzen ahalko dute. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak ikasturte horretarako eskolaldia hautatzeko deialdiari heldu beharko diote, zeina ebazpen bidez emanen baita 2023/2024 ikasturtean.

3. 2024/2025 ikasturtean ezarritako eskolaldi modalitateak indarrean jarraituko du Hezkuntza Departamentuak modalitate berri bat baliozkotu arte, foru agindu honetan ezarritako betekizunei eta horretatik deribatu daitezken xedapenei jarraikiz.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.

1. Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak emandako Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa garatzen duen 257/1998 Foru Aginduaren, uztailaren 16koaren, 2. artikuluko 1.b) apartatua indargabetuko da.

2. Maila bereko nahiz apalagoko xedapenen kasuan, indarrik gabe geratuko da foru agindu honetan xedatutakoaren kontra doan oro.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxeetan Haur Hezkuntzako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 62/2022 Foru Aginduaren 7. artikulua aldatzea.

Aipatutako foru aginduko 7. artikulua honela geratuko da idatzita:

"7. artikulua. Haur Hezkuntzako bigarren zikloaren ordutegiaren antolaketa.

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloaren ordutegia antolatzeko, foru agindu honen 5. artikuluan jasotako baldintzez gain honako irizpide hauek ere aintzat hartu beharko dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko maila bakoitzean eskola jarduerak 175 egun izanen ditu gutxienez.

b) Ordutegia antolatzeko, kontuan hartuko dira, batetik, ikastetxeen eskolaldien erregulazioari buruz Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa eta, bestetik, Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunaren ebazpen honetan ezarritako baldintzak: urtero Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetako egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak xedatzen dituen ebazpena, hain zuzen ere.

c) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan hasten diren ikasleen egokitzapen prozesua errazteko, ikastetxeek antolaketa neurriak eta neurri pedagogikoak hartzen ahalko dituzte, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan, eta ikastetxearen Urteko Programazio Orokorrean sartu beharko dira.

2. Ikasleak ikastetxean dauden denboran landu beharreko hiru arloak foru agindu honen 4. artikuluan aipatutakoak dira, eta, horrez gain, ohar hauek ere kontuan hartuko dira:

a) D ereduko ikasleek lau saio eman beharko dituzte, curriculumaren hiru arloetako saio guztietatik, curriculumaren zati bat gaztelaniaz lantzen. A ereduko ikasleek, berriz, lau saio eman beharko dituzte, curriculumaren hiru arloetako saio guztietatik, curriculumaren zati bat euskaraz lantzen.

b) Ikastetxeek lau saio erabili beharko dituzte, curriculumaren hiru arloetako saio guztietatik, curriculumaren zati bat atzerriko hizkuntzan lantzeko.

3. Foru agindu honen eranskinean ezartzen da Haur Hezkuntzako bigarren zikloari dagokion asteko saio kopurua. Eskolaldi jarraitua baimenduta duten ikastetxeen kasuan, astean beste bi saio eskaini beharko dizkiete hiru arloei, hau da, guztira, 29 saio izanen dira."

Azken xedapenetako bigarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 63/2022 Foru Aginduaren 8. eta 9. artikuluak aldatzea.

1. Aipatutako foru aginduko 8. artikulua honela geratuko da idatzita:

"8. artikulua. Ordutegia.

1. Ulertu behar da arloei edo, hala dagokionean, esparruei esleitutako eskola-orduak direla haietako bakoitzean lan egiteko beharrezkoa den denbora, etaparen izaera globala eta integratzaileari kalte egin gabe. Ondorio horietarako, esparru bakoitzaren eskola ordutegia hura osatzen duten arlo guztien batura izanen da.

2. Lehen Hezkuntzako etaparen ordutegia honako irizpide hauen arabera antolatu beharko da:

a) Etapako maila bakoitzean eskola jarduerak 175 egun izanen ditu gutxienez.

b) Ordutegia antolatzeko, kontuan hartuko dira, batetik, ikastetxeen eskolaldien erregulazioari buruz Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa eta, bestetik, Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunaren ebazpen honetan ezarritako baldintzak: urtero Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetako egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak xedatzen dituen ebazpena, hain zuzen ere.

3. Irakurtzeko ohitura sustatzeko eta irakurmena menderatzera iristeko, egunero denbora tarte bat eskainiko diote ikastetxe guztiek irakurketari, bakoitzak bere hezkuntza proiektuan jasotako moduan.

4. Ikastetxeen autonomia baliatuta eta konpetentzien integrazioa sustatzeko, ikastetxeek eskola ordutegiaren zati bat ikasleentzako proiektu esanguratsuak egiteko eta problemak elkarlanean ebazteko erabiliko da, autoestimua, autonomia, hausnarketa eta erantzukizuna indartzeko. Eskola ordutegiko denbora tarte horrek gutxienez astero hiru eskolaldi izanen ditu, eta bideratuko da etapako konpetentzia guztien garapen integratua bermatzera eta zeharkako edukiak esparru eta arlo guztietan txertatzera."

2. Aipatutako foru aginduko 9. artikulua honela geratuko da idatzita:

"9. artikulua. Lehen Hezkuntzako etaparen ordutegiaren egitura eta antolaketa.

1. Etapako maila bakoitzerako eta dagozkion hizkuntza ereduetarako arloen araberako ordutegiaren egitura eta antolaketa foru agindu honen I. eranskinean ezarritako asteko eskolaldien kopuruari egokituko zaio.

2. Etapako maila bakoitzerako eta dagozkion hizkuntza ereduetarako esparruen araberako ordutegiaren egitura eta antolaketa foru agindu honen II. eranskinean ezarritako asteko eskolaldien kopuruari egokituko zaio.

3. Eskolaldi jarraitua baimenduta duten ikastetxeen kasuan, astean beste bi eskolaldi gehituko dira, hau da, guztira, 30 saio izanen dira. Gehikuntza hori banatuko da astean beste eskolaldi bat eskainiz arlo bakoitzari, honela:

–G eta A hizkuntza ereduak (G/A): Matematika eta Gaztelania eta Literatura.

–D hizkuntza eredua: Matematika eta Euskal Hizkuntza eta Literatura.

4. Foru agindu honen 8.3 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, Gaztelania eta Literatura edo, hala badagokio, Euskara eta Literatura arloaren barruan, irakurketari astean eskolaldi bat eskainiko zaio. Ordutegia esparruka antolatzen bada, irakurtzeko asteko eskolaldi hori Hizkuntza Esparruaren barruan sartuko da.

5. Atzerriko Hizkuntzaren arloan, curriculum jarduerak Atzerriko Hizkuntzan garatzeko astean bi eskolaldi erabiliko dira. Ordutegia esparruka antolatzen bada, curriculum Atzerriko Hizkuntzan garatzeko asteko eskolaldi horiek Hizkuntza esparruaren barruan sartuko dira.

6. Era berean, Arte Hezkuntzaren arloan, astean eskolaldi bat eskainiko zaio Plastikako eta Ikusizko Hezkuntzari, eta gainerakoa Musika eta Dantzari.

7. Euskara eta Literatura arloa dagokion hizkuntza ereduak hala ezarrita duen kasuetan sartuko da. G/A ikastetxeetan, ordutegi horretan, G ereduko ikasleek Irakurmen Estrategiak eta Testuen Ekoizpena arloa ikasiko dute, bai eta Arrazoibide Matematikoa eta Problemak Ebaztea arloa ere, foru agindu honen III. eranskinean ikasle horientzat ezarritako curriculumaren arabera.

8. Lehen Hezkuntzako edozein mailatatik aurrera, ikastetxeek Atzerriko Bigarren Hizkuntza eskaintzen ahalko dute, astean bi eskolalditan, Hezkuntza Departamentuak baimena eman ondoren eta foru agindu honen bigarren xedapen gehigarrian araututakoaren arabera, honako hauek kontuan hartuta:

a) Eskaintza ikasle guztiei zuzenduko zaie.

b) Eskolak emateko behar diren bi eskolaldiak hauetatik etorriko dira: Irakurketatik eta curriculuma Atzerriko Hizkuntzan emateko eskolaldietako batetik. Era berean, eta soilik G ereduko ikastetxeetan, eskolaldi horiek Gaztelania eta Literatura arloko eskolaldi batetik eta Matematika arloko beste eskolaldi batetik ere etortzen ahal dira.

c) Ordutegia esparruka antolatzen bada, Atzerriko Bigarren Hizkuntza arloa Atzerriko Bigarren Hizkuntza duen Hizkuntza esparruan sartuko da.

d) Atzerriko Bigarren Hizkuntza foru agindu honen III. eranskinean jasotako curriculumera egokituko da."

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, 2023ko azaroaren 9an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2315943