243. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko urriaren 25ean hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat ezarritako 2022ko ordainsariak ehuneko 0,5 igotzen dituena, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei ezarriko zaiela Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2023rako ezartzen den gehieneko igoera globala, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskugarritasunarekin edo nekagarritasunarekin.

2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Lege horren beraren 7. artikuluak, bestalde, lehen apartatuan ezartzen du ezen, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, arestian aipatutako abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 9. artikuluaren 11. apartatuan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2023ko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

Horiek horrela, kontuan izanik Nafarroako Gobernuak nahitaez aplikatu behar dituela arestian aipatutako legezko xedapenak, behin 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legea onetsi eta indarra hartu ondoren, langile publikoen ordainsariak igotzeko beharrezkoak diren funtsak –kasuan kasuko legezko xedapenari jarraikiz– onetsi eta hartarako gaikuntza eman arte itxarotea besterik ez zegoen.

Ildo horretan, 2022ko abenduaren 24an, 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legea argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (308. zenbakia). Lege horren 19. artikuluko bigarren apartatuan xedatzen zenez, 2023an, sektore publikoko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 2,5etik gorako igoera orokorrik izan oinarritzat harturik 2022ko abenduaren 31n indarra zutenak, alderaketaren bi aldietarako homogeneotasunaren arabera, bai langileen kopuruari bai haien antzinatasunari dagokienez.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2022rako ezarritako ordainsariak ehuneko 2,5 igo zitzaizkien, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Bestalde, 2022ko azaroaren 22an, Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako "XXI. mendeko Administrazioa lortzeko Baterako Esparru Akordioa" argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, Funtzio Publikoko Estatu Idazkaritzaren 2022ko azaroaren 14ko Ebazpenaren bidez. Testu hori Administrazio Publikoen Negoziazio Mahai Orokorrean aurkeztu zen, 2022ko azaroaren 7an egindako bileran.

"Ordainsariak" izeneko atalean, eta administrazio publikoen eta haien sektore publiko instituzionalaren zerbitzura dauden langileentzat 2023an %2,5eko soldata-igoera aurreikusi ondoren, aurreko ekitaldian igotako ordainsariak oinarri hartuta, honako hau gaineratzen du: "2023an, 2022ko KPI harmonizatuaren eta 2023ko iraileko KPI harmonizatuaren arteko aldaketaren baturak gainditzen badu aurreko paragrafoetan 2022rako eta 2023rako ezarri den ordainsari-igoera finko metatua, gehienez ehuneko 0,5eko ordainsari-igoera gehigarria aplikatuko da. 2023ko balizko igoera gehigarri finkagarri horrek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak, eta 2023ko urrian ordainduko da".

2023ko urriaren 5ean, Ministro Kontseiluaren 2023ko urriaren 3ko Erabakia argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean. Erabaki horren bidez, sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariak ehuneko 0,5 igotzea onetsi da, aplikatuz 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 19.bi.2.a) artikuluan ezarritakoa.

Ondorioz, eta 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 6. artikuluaren 1. apartatuan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da onestea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordainsariak ehuneko 0,5 igotzea, oinarritzat harturik 2022rako ezarritako ordainsariak, eta betiere 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Kontuan hartuta badagoela aurrekontu kontsignazio nahikoa ordainsarien igoera horren ondoriozko zenbatekoak ordaintzeko, 7.800.000 euroan zenbatetsi den kostua baitu, 2023ko azaroko nominan ordainduko da, eta atzeraeragina izanen du 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2022rako ezarritako ordainsariak ehuneko 0,5 igotzea, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urriaren 25ean.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2315171