Iragarkia
240. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 20a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
Epaia ARGITARATZEA.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak 362/2022 Prozedura Arruntean emaniko irailaren 27ko 260/2023 Epaia betez, zeinaren bidez baliogabetzat jotzen baita 2022/2023 denboraldirako Ehiza Debekuen Xedapen Orokorraren 29.4 artikulua, aldizkari honetan argitaratzen da epaiaren testua osorik:
"000260/2023 EPAIA
Iruñean, 2023ko irailaren 27an.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salak, aurrez adierazitako magistratuek osaturik, 000362/2022 Errekurtsoaren autoak ikusi ditu. Errekurtso hura Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 19ko 166E/2022 Foru Aginduaren aurka jarri zen –zeinak onesten baitu 2022-2023 denboraldirako ehiza-debekualdien xedapen orokorra–, eta, zehazki, foru-agindu hartako 29.4 artikuluaren aurka (adingabeko ehiztarientzako segurtasun-neurriak). Hauek dira errekurtsoan esku hartzen duten alderdiak: errekurtsogile gisa, Nafarroako Ehiza Federazioa, Ana Gurbindo Gortari prokuradoreak ordezkatuta eta Nere Lertxundi Lizaso abokatuak zuzenduta; demandatu gisa, berriz, Nafarroako Foru Komunitatea, Foru Komunitateko aholkulari juridiko/legelariak ordezkatuta eta zuzenduta. Horiek horrela, errekurtsoa ebazten da, aurrekari eta zuzenbideko oinarri hauek kontuan hartuta:
AURREKARIAK
Lehenengoa.–Auzi-jartzaileak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko sala honetan aurkeztutako idazki baten bidez, eta ebazpen bidez erabaki zen ontzat ematea prozedura arrunt gisa izapidetzea eta administrazio-espedientea erreklamatzea.
Bigarrena.–Prozesuan zegokion unean, auzi-jartzaileak demanda formalizatu zuen sala honetan aurkeztutako idazki baten bidez. Idazki hartan, egoki iritzitako egitateak eta zuzenbideko oinarriak alegatu ondotik, baiesteko epaia emateko eskatzen zuen, jarraian azalduko diren baldintzetan.
Gero, demanda zabaltzeko idazkia aurkeztu zuen, eta eskatu zuen, orobat, ken zezatela bere demandaren bigarren egitatearen azken apartatua eta, haren ordez, jar zezatela zabaltze-idazkian jasotako lehenengo egitatea.
Hirugarrena.–Administrazioak garaiz eta forma egokian aurkeztutako idazki baten bidez erantzun zion demandari. Idazki hartan, egoki iritzitako gertakariak eta zuzenbideko oinarriak alegatu ondotik, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezesteko epaia eskatzen zuen.
Laugarrena.–Errekurtsoaren zenbatekoa zehaztu gabe gelditu da dekretuan.
Frogetarako aldia irekitzeko eskatu ondotik, izapide hori auto bidez erabaki zen. Hala, gauzatu da alderdiek proposamenean onartutako froga, eta autoetan jasotako emaitza lortu da (auzi-jartzailearen agiri- eta peritu-frogak bakarrik).
Froga-izapidea amaitu ondotik, alderdiei jakinarazi zitzaien, zegokien ordenaren arabera, ondorioak aurkez zitzaten. Izapide hura bi idazkiren bidez bideratu zen, zeinetan nork bere eskaerak zehaztu eta berretsi baitzituen.
Bosgarrena.–Azaldutakoaren ondotik, autoak seinalamenduaren zain gelditu ziren 2023ko ekainaren 19ko Ebazpenaren bidez; 2023ko ekainaren 27an, Hugo M. Ortega Martín magistratua izendatu zen txostengile, eta hark salaren iritzia adierazi zuen; uztailaren 24an, txostengileari bideratu zitzaizkion jarduketak; eta 2023ko uztailaren 31n, adierazi zuten 2023ko irailaren 26rako izanen direla errekurtso haren bozketa eta epaia.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.–Aurkaratutako administrazio-jarduera; alderdien uziak eta argudioak.
I. Organo jurisdikzional honetan aurkaratzen da 166E/2022 Foru Agindua, uztailaren 19koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 2022-2023 denboraldirako ehiza-debekualdiei buruzko xedapen orokorra (158. zenbakiarekin argitaratu zen 2022ko abuztuaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean). Aurkaratze hori, zehazki, 29.4 artikuluari zuzendua da (ehiztari adingabeendako segurtasun-neurriak).
Xedapen horrek, pasarterik garrantzitsuenean, galarazi egiten du adingabea eta haren adin nagusiko arduraduna postu desberdinetan aritzea; halaber, eragotzi egiten du adingabeak eta haren arduradunak su-arma aldi berean erabiltzea, eta agintzen du adingabearen armak deskargatuta egon behar duela arduraduna ehizan ari den bitartean.
II. Errekurtsogileak nahi du salak foru-agindu haren aurkako demanda jarritzat jotzea, eta, ildo horretan, eskatzen du "ehiztari adingabeen segurtasun-neurriei buruzko 29.4 artikulua baliogabetzea, eta, egin beharreko legezko izapideak egin ondotik –une honetatik aurrera egiten ari naizen froga-harrera barnean harturik–, aurkaratutako xedapena deusez deklaratzea eta deuseztasun hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea".
Demandak (aurkibide elektronikoko 26. gertakaria) aurrekarien zerrenda egiten du. Ildo horretan, nabarmentzen du Ehizako Aholku Batzordea elkartu egin zela, foru-agindua onesteko eta proiektua aurkezteko beharra eta egokitasuna justifikatzen duen txostena egin ondotik. 29. artikuluari dagokionez, adierazi zen "ehizari eta adingabeei buruzko atal esklusibo bat" gehitu zela, "iaz gai horri buruz hainbat kontsulta jaso ondotik eta gure zerbitzu juridikoari barne-kontsulta egin eta gero", ez besterik.
Kontatzen duenez, Baztango Ehiztari eta Arrantzaleen Kirol Elkarteak alegazioak aurkeztu zituen jendaurrean jartzeko izapidean (7. alegazioa), eta eskatu zuen, alde batetik, ikusmen-kontrola ahalbidetzen duen 120 metroko distantziara egon ahal izatea, eta, bestetik, adin-tarteen araberako bereizketa. Ehizako Aholku Batzordeak atzera bota zituen alegazio haiek, adingabeen segurtasun-arrazoiak argudiatuta, eta, hala, bere hartan eutsi zitzaion testuari.
Alegatzen du espedientean dagoen txostena, Ingurumeneko Zerbitzu Juridikoak emana, ez dela segurtasunari eta osasunari buruzkoa, eta arau-hausteak egiteko lehen arrazoia formulatzen du, sei apartatutan banatuta:
1.–Armen erabilerari dagokionez Estatuak duen eskumen esklusiboa urratzea (Espainiako Konstituzioaren 149.1.26 artikuluan jasoa).
2.–40/2015 Legearen 26. artikulua urratzea, azterlan eta kontsulta egokirik egin ez izanari loturik.
Demandaren arabera, aipatutako artikuluaren 1. puntuak ezartzen du erregelamendu-arauak egiterakoan beharrezkoa dela haien egokitasuna eta legezkotasuna bermatzeko egokitzat jotzen diren azterlan eta kontsulta guztiak egitea. Ildo horretan, auzi-jartzaileak kritikatu egiten du segurtasunari eta osasunari buruzko azterlanik egin ez izana.
Gainera, ohartarazten du ez direla betetzen Arau Inpaktuaren Azterketaren Memoriaren aurreikuspenak (26.3 artikulua), hautabideak aztertzeari, eskumenak banatzeko sistemari eta genero-inpaktuari buruzko txostenarekin loturik.
3.–Armei buruzko Erregelamenduaren 109. artikuluarekin bat ez etortzea.
Auzi-jartzailearen alegazioen arabera betiere, aurkaratutako 29.4 artikulua ez dator bat Espainiako erregelamenduaren araugintza-bokazioarekin, erregelamendu hark arma jakin batzuetarako ezartzen dituen ikuskapen-beharrekin, eta 17/2005 Foru Legeak ehizari buruz ematen duen definizioarekin, ez baita mugatzen arma bidezko ehizara. Eta ez dator bat, era berean, foru-lege haren 5. artikuluaren definizioarekin, zeinak ehizaren definizioaren barnean sartzen baititu prestaketa-ekintzak.
4.–Ehizari buruzko 17/2005 Foru Legearen 6. artikuluarekin bat ez etortzea, eta laguntzailearen figura.
Demandak jasotzen duenez, errekurritutako artikuluak orain arte existitzen ez zen betebehar bat sartzen du. Horren adibidetzat jartzen du hegazti harrapari bidezko ehiza, zeinak ez baitu eskatzen arma-lizentziarik; hala, 29.4 artikuluaren arabera, adingabeak lagunduta egon behar du, eta laguntzaileak une oro izan behar du arma-lizentzia indarrean –alabaina, 6. artikuluak ez du jasotzen halakorik, laguntzailearen figura deskribatzen duenean–.
5.–Adingabea ikuskatzearen kontzeptu zibila erregulatzea, zeina araututa baitago bai legez (Kode Zibilaren 1902. eta 1903. artikuluak), bai jurisprudentziaz.
Apartatu horretan, demandak agerian uzten du gurasoei, tutoreei eta zaintzaileei dagokiela adingabearen egintzen gaineko erantzukizuna, eta jasotzen du, orobat, auzitegiei egokituko zaiela interpretazioa, baina ez kontseilariari, estatuko erregelamendu bat aldatzen duen xedapen orokor baten bidez.
6.–Izapidetzean segurtasun- eta osasun-txostenik ez izatea.
Auzi-jartzaileak argudiatzen duenez, aurkeztutako peritu-txostenean frogaturik dago adingabearen ondoan egon beharra are arrisku handiagoa izaten ahal dela postuetan ehizatzea baino, askotariko ehiza-modalitateak direla eta. Ildo horretan, baieztatzen du ezen hurbiltasun fisikoa saihestu beharreko arriskua dela oro har.
7.–Adingabeak ehizarako gaitzea.
Demandatzaileak defendatzen du neurri hori ez dela beharrezkoa; izan ere, adingabeak baimena, lizentzia eta azterketa gainditu behar ditu ehizatu ahal izateko, eta, azken buruan, segurtasun-heziketa izan behar du.
Adierazten du, gainera, artikuluak ez dituela bereizten adin-tarteak, Armen Erregelamenduak egiten duen bezala.
8.–Erregulazioa beste autonomia-erkidego batzuetakoarekin alderatzea.
Azkenik, beste autonomia-erkidego batzuetako arauak aztertzen ditu, eta azpimarratzen du ez dagoela inon Nafarroak ezarritako betebeharrik; gaineratzen du, konparazio batera, Andaluziak berariaz debekatzen duela postu bikoitzean ehizatzea.
II.–Administrazio demandatua aurka dago.
Administrazio demandatuak emaniko erantzunean (aurkibide elektronikoaren 41. gertakaria), izapidetzearen aurrekariak berrikusi ondotik –auzi-jartzaileak egindako modu bertsuan, Baztango Kirol Klubarekin izandako iritzi-trukeari dagokionez–, argudiatzen da zirriborroa jarri zela jendaurrean eta auzi-jartzaileak ez zuela izan eragozpenik orduan, Nafarroan ehizarekin zerikusia duten beste subjektu batzuek ez bezala –haiek bai, aurkeztu zituzten gogoetak–. Aurka egiteko arrazoi hauek ematen ditu, zeinak bat baitatoz auzi-jartzaileak aurkezturiko puntuekin:
1.–Lehenengoan, baztertu egiten du auzi-jartzailearen planteamendua. Demandatuaren ustez, artikuluak ez du aldatzen Armen Erregelamendua, eta Foru Komunitateak ehizarekin loturik dituen eskumenen barruan jarduten du.
2.–Bigarrenean, puntuz puntu ukatzen du alegatutako txostenen ustezko beharra.
Hala, ez du beharrezkotzat jotzen, batetik, segurtasun-txostena egin beharra –adierazten duenez, premia hori auzi-jartzailearen iritzietan baino ez da oinarritzen, lege-babesik gabe–, bigarrenik, genero-inpaktuari buruzko txostena egin beharra –betiere Ingurumeneko Araubide Juridikoaren buruaren iritzia oinarri hartuta, zeinean adierazten baita errespetatzen dela 11/2019 Foru Legearen prozedura–, eta, hirugarrenik, eskumenei eragiteari buruzko txostena egin beharra –auzia Nafarroaren eskumenetan txertaturik dagoela ikusita–.
3.–Hirugarrenean, baztertu egiten du Armen Erregelamendua aldatu izana.
Argudiatzen du artikulua ez dela sartzen erregelamendu haren esparruan, eta berriro aipatzen du lehen aipaturiko Ingurumeneko Araubide Juridikoaren txostena; haren arabera, "armak erabiltzea ez dakarten jarduerek ez dute izanen eraginik inplizituki zalantzan jarritako artikuluan, artikulu hori berariaz adierazita baitago armen erregelamendua aipatuta". Horren ondotik, armarik gabeko ehiza-moduei buruz hitz egiten du, zeinak armak aldean eramaten dituzten ehiztariek praktikatu ohi baitituzte, hala nola uxatzaileek edo txakurzaleek. Amaitzeko, ohartarazten du ezen Foru Legeak galarazi egiten dituela demandak aipaturiko prestaketa-egintzak –artoa amu gisa baliatzea– eta salbuespenezko baimena behar duela.
4.–Laugarrenean, zentzugabetzat jotzen du arma-lizentzia eramateko betebeharra gaineratzeko planteamendua; haren ustez, arauaren idazketari dagokio, eta ez foru-legearekin kontraesanean egoteari.
Adierazten du ez dela urratzen Ehizari buruzko Foru Legea; "izan ere, ehiztari adingabe bat ehizara joanez gero, eta harekin batera ehiztari adindun bat izanez gero hura ikuskatzen eta gainbegiratzen, biek ala biek izan beharko dituzte ehiza-lizentzia eta arma-lizentzia indarrean".
5.–Bosgarrenean, irizten dio ez dela bidezkoa Kode Zibilean araututako erantzukizunari buruzko erreferentzia.
Honelaxe egiten dio kontra:
"Kode Zibilaren 1902. eta 1903. artikuluak aipatzen dira, eta ez dator harira aipamen hori egitea; izan ere, 29.4 artikuluan jasotako auzia ehiztari adingabeen ehizari buruzkoa da (segurtasun-neurriak), eta horrek ez du zerikusirik gurasoen, tutoreen edo zaintzaileen erantzukizunarekin –zeina Kode Zibilean baitago araututa–, eta, hori hala den heinean, baztertzekoa da auzi-jartzaileak horri buruz egindako planteamendua ere".
6.–Seigarrenean, segurtasun-txostenik behar ez izateari buruzko alegazioak egiten ditu.
Irizten dionez, ez da kontuan hartzen ahal aurkeztutako peritu-txostena –mendi-ingeniari batek emana–, eta Ingurumeneko Araubide Juridikoaren Atalaren txostenera jotzen du, zeinak ondorioztatzen baitu zaintza-modu eraginkor bakarrak etengabeko hurbiltasuna dakarrela –Auzitegi Gorenaren epai batekin funtsatuta–, eta gaineratzen du hirugarrenen segurtasunean ere pentsatu behar dela.
7.–Zazpigarrenean, onartzen du adingabeen prestakuntzarekin loturiko alegazioa, baina adierazten du ez dela beharrezkoa adin-tarteen araberako aldeak ezartzea.
Administrazio demandatuaren ustean, bereizketa hori ez dator aplikatzekoa den arauditik, zeinak 18 urtetik gorakoak eta adingabeak bakarrik bereizten baititu.
8.–Azkenik, zortzigarrenean adierazten du ezen Nafarroako sistemaren eta beste autonomia-erkidego batzuetako sistemen arteko balizko kontrakotasunak ez duela ezertan oztopatzen foru-eskumena erregulazio honetarako.
Bigarrena.–Aplikatzekoa den araudi orokorra eta partikularra.
I.–Espainiako 1978ko Konstituzioaren 148.1.11 artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoek gai hauen gaineko eskumenak hartzen ahalko dituzte:
"Barruko uretako arrantza, itsaski-bilketa, akuikultura, ehiza eta ibai-arrantza".
Eta, Konstituzioaren 149.1.26 artikuluaren arabera, estatuarena da gai honen gaineko eskumen esklusiboa:
"Arma eta lehergailuak ekoizteari, salerosteari, edukitzeari eta erabiltzeari buruzko araubidea".
Gainera, 1993ko Armen Erregelamenduaren 109. artikuluak ere heltzen dio adingabeen arma-baimen bereziari (2020an aldatu zuten erregelamendu hura, estatuko lege-ordenamendura ekarri ahal izateko zenbait zuzentarau, eta, bereziki, 2017/853 Zuzentaraua, 91/477/EEE Zuzentaraua aldatzekoa):
"1. Espainiarrek eta Espainian bizi diren atzerritarrek, hamasei urtetik gorakoak eta hemezortzi urtetik beherakoak badira, ehizarako edo kirol-tirorako soilik erabiltzen ahalko dituzte, baldin eta haien erregelamenduetan jasota badago ‘junior’ kategoria, baina ez dute eramaten ahalko ehiza larrirako edo, kasuaren arabera, 3.1 kategoriarako arma luze marraturik udalerrien barruan, betiere adingabeentzako armak erabiltzeko legezko baimen berezia badute eta D, E edo F arma-lizentziaren titular den heldu batek gainbegiratuta badihardute, kontuan izanik adindun horrek aldez aurretik konpromisoa hartu behar duela adingabeei laguntzeko edo ehizaldi edo kirol-ekintza bakoitzean adingabeok gainbegiratzeko, eta kontuan izanik, orobat, arma egokiro biltegiratzeko erantzukizuna hartu behar duela, 100.5, 101.5 eta 133.2 artikuluek ezartzen dutenari jarraikiz.
2 Baldintza eta betekizun berberekin, hamalau urtetik gorakoek eta hemezortzi urtetik beherakoek 3.2 kategoriako armak erabiltzen ahalko dituzte ehizarako, bai eta 3.2 eta 3.3 kategoriakoak ere ‘junior’ kategoria aitortuta daukaten kirol-lehiaketetarako, eta baimen berezia izanen dute adingabeendako armak erabiltzeko. (...)"
II.–Hauxe ezartzen du aurkaratutako xedapenak, auziaren xede den artikulu zehatzean (29.4):
"4. Ehiztari adingabeak:
Armen Erregelamendua onesten duen 137/1993 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, ehiztari adingabeekin adin nagusiko ehiztari batek egon beharko du une oro, eta haren gaineko ardura hartuko du. Adin nagusiko ehiztari horrek ehizarako eta armetarako lizentzia indarrean eduki beharko du, eta ehizan ari den bitartean hura zaintzeko eta laguntzeko konpromisoa hartzen duela dioen dokumentu idatzia eraman. Ondorio horietarako, adingabea eta arduraduna ezin dira postu desberdinetan egon ehizan ari diren bitartean. Era berean, arduradunak eta adingabeak ez dute erabiltzen ahal suzko arma aldi berean, eta adingabearen armak deskargatuta egon beharko du arduraduna suzko arma erabiltzen ari den bitartean.
Nafarroako Ehizari buruzko 17/2005 Foru Legearen 6. artikuluak, berriz, hauxe jasotzen du:
"6.bis. Ehizatzeko eskubidea.
1 Nafarroan ehizan aritzen ahalko dira 14 urtetik gorakoak, behar den gaitasun eta ezagutza frogatu ondotik lizentzia eskuratzen badute, epai judizialaren edo administrazio-ebazpen irmoaren bidez ehizarako ezgaiturik ez badaude, behar diren baimenak badituzte eta arauzko gainerako baldintzak betetzen badituzte. Adingabeek, jarduera horretan aritu ahal izateko, adin nagusiko ehiztariren bat lagun izan beharko dute uneoro, eta hark haien erantzukizuna izanen du.
2 Baimen berezia behar duten baliabideak edo armak erabili ahal izateko, kasuan kasuko baimena eduki beharko da. Gainera, armak erabiltzen dituzten ehiztari guztiek erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat eduki beharko dute, zeinak estalita edukiko baitu ehizan ari direnean eragin ditzaketen kalteen ordaina emateko betebeharra".
Bestalde, lege beraren 7. artikuluak honela arautzen du ehiza:
"7. Ehizan aritzea.
Nafarroan honela egin beharko da ehiza:
a) Berariaz mugatutako eremuetan edo ehiza kontrolatuko eremuetan.
b) Ehizarako aprobetxamendu-gai deklaratutako espezieen gain.
c) Indarra duen araudian erabiltzeko edo edukitzeko debekurik ez duten harrapaketa metodoak eta baliabideak erabiliz.
d) Debekualdiei buruzko xedapen orokorrari eta ehiza antolatzeko planari jarraituz.
e) Lizentzia, asegurua, arma-baimena, armaren arauzko dokumentazioa eta barrutiko baimena izanik".
Garrantzi bizikoa da 33. artikulua, debekualdiei buruzko xedapen orokorrak ezartzen dituena:
"1. Ehiza aprobetxamendua antolatzeko, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urtero onetsiko ditu aprobetxamendu-gai izan daitezkeen espezieak ehizatzeko debekualdiei buruzko xedapen orokorrak, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezen aginduko du.
2 Debekualdiei buruzko xedapen orokorretan berariaz aipatuko dira arrantzarako eremuak, garaiak, egunak eta epeak, espeziearen edo modalitatearen arabera, eta aprobetxamendu-gai diren espezieak babesteko muga orokorrak, bai eta haien kontrolerako prebentzio neurriak ere.
3 Aldizka, ehiza-espezieen populazioen jarraipena eginen da. Datu horien arabera ezarriko dira debekualdiak eta populazioen aprobetxamendu iraunkorra bermatzeko behar diren mugak.
4 Barruti intentsiboetako ehiza-aprobetxamendua barrutiaren ehiza-antolamenduko planean ezarritakoaren arabera eginen da".
Azkenik, aintzat hartu beharrekoak dira 39. artikulua (Baliabide debekatuak), 40. eta 41. artikuluak, 50. artikulua (Segurtasuna ehizan) eta 51. artikuluaren (Zaintza) g letra. Jarraian, 40. artikulua transkribatzen da (Beste muga eta debeku batzuk), eta, bereziki, haren 1. apartatua:
"1. Oro har, salbuespenezko baimenik izan ezean, debekaturik dago:
a) Debekualdiei buruzko xedapen orokorrean ezartzen diren debeku-garaietan ehizan aritzea.
(...)"
Eta hauxe xedatzen du, orobat, VI. kapituluaren (Mugak eta debekuak) 1. atala amaitzen duen 41. artikuluak:
"Ehiza-espezie bati edo gehiagori han edo hemen eragiten dieten gorabehera klimatologiko edo biologiko bereziak gertatzen direnean, ehizarako debekuak ezarri ahalko dira toki edo aldi jakinetarako".
Azkenik, segurtasunari dagokionez, 50. artikuluak erregelamendura jotzen du taldean eginiko ehizari dagokionez, istripuak edo eragozpenak saihesteko:
"Erregelamendu bidez ezarriko dira taldean eginiko ehiza larriko ehizaldiek bete behar dituzten segurtasun-neurriak, ehiztarien arteko istripurik izan ez dadin eta mendian dabilen jendeari traba edo arriskurik sor ez dakion".
Eta, hurrengo artikuluaren g letran, hauxe dago jasota:
"Edonola ere, barrutiak ehiza-zaintzako sistema bat eduki beharko du ondokoak egiteko:
(...)
g) Erregelamenduz gara daitezkeen bestelakoak".
Hirugarrena.–Jurisprudentzia.
Auzitegi Gorenaren apirilaren 24ko 1630/2009 Epaiak hegazti harraparien edukitza arautzeko eskumen autonomikoa egikaritzeari buruzko auzi bat jorratu zuen, eta zuzentzat jo zuen, hegazti harrapari bidezko ehizan eta ehizan inskribaturik baitzegoen.
Konstituzio Auzitegiak ere jorratu du zenbait epaitan ehizari buruzko eskumen autonomikoaren eta ingurumena babesteko oinarriei buruzko estatu-eskumenen arteko gurutzaketa (esate baterako, Konstituzio Auzitegiaren ekainaren 26ko 102/1995 Epaian, eta, zehazki, epai haren 26. oinarri juridikoan). Era berean, Konstituzio Auzitegiaren apirilaren 20ko 101/2005 Epaiak 9. oinarri juridikoaren d) letran jasotzen duenez, espazio fisiko berean xede juridiko desberdina duten eskumenak ageri dira aldi berean; hau da, ingurumena babesteko estatuaren eskumena (Espainiako Konstituzioaren 149.1.23 artikulua) eta baliabide hidraulikoen, ehizaren, ibai-arrantzaren eta barruko uretako arrantzaren, itsaski-bilketaren eta abarren arloko eskumenak (Andaluziako Autonomia Estatutuaren 13.12 eta 18. artikuluak). Eta gaineratzen du ezen, kasu horretan ere, kontuan hartu behar dela eskumen sektoriala ez hustearen kanona.
Laugarrena.–Espainiako Konstituzioaren 149.1.26 artikuluko estatu-eskumena urratzea; auzi-jartzailearen eta demandatuaren jarrerak. Salaren iritzia.
I.–Lehenengo arrazoian, auzi-jartzaileak alegatzen du urratu egiten dela estatuaren eskumen esklusiboa, Espainiako Konstituzioaren 149.1.26 artikuluan jasoa.
Debekualdiaren agindua emateko Nafarroako arau-oinarria aztertu ondotik (Autonomia Estatutua eta Ehizari buruzko 17/2005 Foru Legearen 7. eta 33. artikuluak), auzi-jartzaileak adierazten du ezen, Auzitegi Gorenaren 2011ko azaroaren 4ko Epaiaren arabera, agindua dela araugintzako azkeneko maila, sektorearen alderdi teknikoei eta antolaketakoei dagokienez, eta ezin dela parekatu erregelamenduarekin –ez kasu honetan, behintzat–. Hori horrela, gaineratzen du ez dela berritzailea araudiari dagokionez, eta urteko debekualdiak zehaztera mugatzen dela.
Horregatik, irizten dio, batetik, 29.4 artikuluak gainditu egiten duela xedea eta, bestetik, berrikuntza bat txertatzen duela Armen Erregelamenduari eginiko interpretazioarekin –eta, hortaz, aldatu egiten duela interpretazio hura, kontuan izanik Espainiako Konstituzioaren 149.1 26. artikuluak eta armen erabilerari buruzko estatu-eskumen esklusiboak debekatu egiten dutela hori–. Irizten dio debekualdien agindu orokorra ‘ultra vires’ erregelamendu bat dela, eta haren hierarkia-maila ez dela nahikoa sartutako berrikuntzetarako.
II.–Demandatuak ez du onartzen auzi-jartzailearen planteamendua. Demandatuaren ustez, 29.4 artikuluak ez du aldatzen Armen Erregelamendua, eta Foru Komunitateak ehizarekin loturik dituen eskumenen barruan jarduten du.
Gainera, Ehiza Ataleko buruaren txostenera jotzen du, zeinaren arabera eduki oso txikia baita 17/2005 Foru Legearen 33. artikuluak araututako debekualdiei buruzko aginduak jasotakoa, nahiz eta ez duen eragozten beste batzuk izatea, eta horien barruan dago aurkaratutako artikulua. Horretaz gainera, defendatzen du laguntzak baduela eraginik ehiza-espezieen kudeaketan, 6. artikulua aztertzen du –adingabeari une oro laguntzeko betebeharra–, bai eta Foru Legearen 7. eta 50. artikuluak ere. Amaitzeko, Armen Erregelamenduaren 109. artikuluaren edukia azaltzen du, eta gaineratzen du ezen, adingabea laguntzea ez ezik, beharrezkoa dela hura zaintzea ere.
III.–Jarreren laburpenean ikus daitekeenez, nahasian ageri dira, alde batetik, estatuaren edo autonomia-erkidegoen eskumenei buruzko alegazioak, eta, bestetik, erabilitako arau-tresnaren nahikotasunari buruzkoak.
Eskumen-banaketari dagokionez –erantzun beharreko lehen galdera eta auzirako funtsezkoa–, dagoeneko transkribatu dira Espainiako Konstituzioaren 148.1.11 eta 149.1.26 artikuluen edukiak, bai eta aurkaratutako artikulua (debekualdiei buruzko 29.4 artikulua) eta 1993ko Armen Erregelamenduaren 109. artikulua ere.
Artikulu horiek eta aplikatu beharreko jurisprudentzia aztertu ondotik, salak uste du eskumen sektoriala ez husteko irizpidea hartu behar dela oinarri (Konstituzio Auzitegiaren 101/2005 Epaia, apirilaren 20koa, aurrez aipatua).
Alde horretatik, bat datoz bi aldeak: ehizak metodo bat baino gehiago ditu; batzuk suzko armekin egiten dira, eta beste batzuk gabe. Premisa horretatik abiatuta, beraz, argi dago ehiza-jarduera orotan ez direla erabiltzen su-armak. Ezta alderantziz ere, su-armen erabilera orok ez baitio eragiten ehizari.
Eskumen-mugak aztertzerakoan, horrenbestez, suzko armak erabiltzeak –nahiz eta ehizarako izan– inbaditu egiten du estatuaren eskumena, Espainiako Konstituzioaren 149.1.26 artikuluak jasotako titulu esklusiboaren arabera.
Horrek ez du esan nahi eskumen autonomikoa kendu behar denik, nahiz eta ehiza modalitate horretakoa izan maiz. Kalterik gabe geldituko litzateke autonomia-erkidegoak suzko armarik gabeko ehiza arautzeko duen ahala, baita ehiza hori arautzekoa ere, betiere estatuko araudiari jarraikiz.
Baina aztergai den kasu zehatzari erreparaturik, estatuko Armen Erregelamenduaren 109. artikulua eta aurkaratutako aginduaren 29.4 artikulua alderatuta, pentsa liteke badela berezko eskumenetik haratago doan eta estatuko arau-esparrua inbaditzen duen erregulazio autonomiko bat, zeinak zehaztu egiten baitu adingabeek su-armak erabiltzea zein kasutan den bidezkoa. Itxuraz, aurkaratutako 29.4 artikuluak 1993ko estatu-erregelamenduaren xedapenetara jotzen badu ere, jarraian intentsitate nabarmeneko bi muga sartzen ditu (bata etengabeko presentzia fisikoari buruzkoa, eta bestea, berriz, arma aldi berean ez erabiltzeari buruzkoa), zeinak ez baitaude jasota 109. artikuluan: artikulu hartan, ehiztari heldu batek lagunduta eta hark zainduta eta gainbegiratuta aritu beharra baino ez da ezartzen.
Artikuluak eduki berria jasotzen du –horrek ez dirudi eztabaidagarria–, espedienteko kontsultak kontuan hartuta, eta erreferentzia egiten die, orobat, beste kanpaina batzuetan ere izaniko zalantzei.
Era berean, argi dago eduki berriak gainditu egiten dituela estatuko araudiaren eskakizun-parametroak. Kontzeptu horiek luze-zabal garatzen dituela ikusirik, gainera, debeku edo murrizketa nabariak ezartzen dira adingabeek armak erabiltzearen inguruan, zeinak ez baitira jasotzen estatuko arauan.
Eduki berritzaile hori izateak, alabaina, ez du sorrarazten salatutako eskumen-inbasioa salaren aburuz, hurrengo oinarrian erantsiko denaren kalterik gabe.
Ehizaren arloan, artikuluak jarduerara egokitu ditu estatuko arauan jasota zeuden lagun egiteko, zaintzeko eta gainbegiratzeko kontzeptuak. Bada eskumen-oinarririk, beraz, erasotako erregulaziorako, zeina ez baita sartzen argiro eta estatuaren eskumenean babesteko titulurik gabe; izan ere, ehiza-esparrura mugatzen da. Horrenbestez, salatutako eskumen-inbasioa ez da eska litekeen bezain garbia.
Horregatik guztiagatik, arrazoiak ez du aitzinera egiten ahal.
Bosgarrena.–Erabilitako arau-tresnaren gutxiegitasuna eta Ehizari buruzko 17/2005 Foru Legearekin kontraesanean egotea.
Aurreko kontsiderazioek ez dute egiten aurkaratutako neurria berresteko biderik.
Aztertu da –bai eta partzialki transkribatu ere– 17/2005 Foru Legean aplikatzen ahal den arau-multzoa, eta, zehazki, artikulu hauek: 6.a (Ehizan aritzeko eskubidea), 7.a (Ehizan aritzea), 33.a (Debekualdiei buruzko xedapen orokorrak), 39.a (Baliabide debekatuak), 40.a (Beste muga eta debeku batzuk), 41.a (Toki edo aldi jakinetarako debekuak), 50.a (Segurtasuna ehizan), bai eta 51. artikuluaren (Zaintza) g letra ere.
Multzo horretatik ondorioztatu behar da ez dagoela titulurik debekualdiei buruzko agindu baten bidez 29.4 artikuluak ezarritako mugak arautzeko –lehen azaldu dira muga horiek–, ez eta eduki osoa arautzeko ere.
Artikulu bakar batetik ere ez da ondorioztatzen behar adina erreferentzia edo gaikuntza halako erregulazio bat txertatzeko –ez erregelamendu gisa bakarrik, baizik eta erregelamenduz eta objektu materialetik deskonektatuta–, kontuan izanik, gainera, foru-legearen 6. artikuluak berak ezartzen duen ehiza-eskubidearen erregulazioarekin kontraesankortzat –gehiegiz– jotzen ahal diren mugak dituela.
Alde horretatik, eztabaidagarria da erasotako 29.4 artikuluak eragiten ote duen 6. artikuluan eta "berrikuntza- eta lankidetza-funtziotik" haratago doan (39/2015 Legearen 128. artikulua; ikusi, era berean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren martxoaren 7ko 327/2000 Epaia, eta garatzeko, osatzeko eta egikaritzeko funtzioaren aipamenak); eduki berritzailea eta mugatzailea ematen du, aurretik aipatu bezala.
Baina eztabaidaezina da, hori bai, debekualdien aginduaren edukiak ez duela 33. artikuluaren babesik, erabat bereizi baita haren arau-xedetik –ez da onartzen ahal, bide batez, demandatuaren alegazioa, ehiza-espezieek izan dezaketen inpaktuari buruzkoa eta adingabeei zuzendutako erregulaziotik eratorria–.
Foru-legearen 33. artikulua urratzeak 29.4 artikuluaren deuseztasuna deklaratzera garamatza, berekin baitakar adingabeek ehiza-eskubidea garatzeko funtsezko alderdiak arautzea, eginkizun horietarako legezko gaikuntzarik ez duen tresna bat baliatuz –alegia, debekualdiei buruzko agindu bat erabiliz–. Hala, 39/2015 Legearen 47.2 eta 128.2 artikuluetan xedatutakoaren arabera, bidezkoa da 29.4 artikulua deuseztzat jotzea, eta, deklarazio horren ondorioz, bidegabea da gainerako arrazoiak edo alegazioak aztertzea.
Seigarrena.–Kostuak.
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen 1998 Legearen 139.1 artikuluak xedatzen duenez, "lehen auzialdian edo auzialdi bakarrean, jurisdikzio-organoak, epaia ematean edo haren aurrean jarririko errekurtso edo intzidenteak auto bidez ebaztean, uzi guztiak ezetsi zaizkion alderdiari ezarriko dizkio kostuak, salbu eta irizten badio auziak egitatezko edo zuzenbideko zalantza asko zituela eta hala arrazoitzen badu.
Uziak partzialki baiesten edo ezesten diren kasuetan, alderdi bakoitzak ordainduko ditu berak sortutako kostuak, eta komunak, berriz, erdi bana, nola eta jurisdikzio-organoak ez dizkion ezartzen alde bakarrari, behar bezala arrazoituta, egintzari eustean edo errekurtsoa aurkeztean fede txarrez edo ausarkeriaz jokatzeagatik".
139. artikuluan xedatutakoaren arabera, demandatuari ezarri behar zaizkio kostuak.
Azaldutako aurrekariak eta zuzenbideko oinarriak aintzakotzat harturik, Felipe V.a erregearen izenean, eta Espainiako herriak ematen digun epaitzeko ahala baliatuz, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epai hau ematen du:
EPAITZA
Baietsi egiten dugu Nafarroako Ehiza Federazioaren ordezkaritzak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, 2022-2023 denboraldirako ehiza debekualdiei buruzko xedapen orokorra onesten duen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren uztailaren 19an 166E/2022 Foru Aginduari jarria (158. zenbakiarekin argitaratu zen foru-agindu hura, 2022ko abuztuaren 9ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean), eta, ondorioz:
Deklaratzen dugu aurkaratutako 29.4 artikulua ez datorrela bat Zuzenbidearekin, eta, beraz, deuseztzat jotzen dugu. Ebazpen hau aldizkari ofizialean argitaratu behar da.
Demandatuari ezartzen dizkiogu prozesuaren kostuak.
Jakinaraz bedi ebazpen judizial hau Botere Judizialaren Lege Organikoaren 248. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zehazturik kasazio-errekurtsoa bakarrik jartzen ahalko dela dagokion salan, betiere kasazio-interes objektiboa ageri duen kasazio-kasuren bat gertatuz gero eta ezarritako legezko betekizunekin, guztia ere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legearen 86. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz –eta, horri dagokionez, uztailaren 21eko 7/2015 Lege Organikoak emandako idazketari jarraikiz–.
Errekurtso hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sala honetan aurkeztu beharko da, epai hau jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean.
Alderdiei jakinarazten zaie ezen, kasu guztietan eta aurkezten diren kasazio-errekurtso guztietan, kasazio-errekurtsoari buruzko idazki guztiek nahitaez egokitu beharko dutela Auzitegi Gorenaren Gobernu Salak eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2016/04/20an (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 2016/07/06koa) eta 2016/06/27ko Erabakietan hurrenez hurren ontzat emaniko baldintza eta betekizun estrintsekoetara.
Erabaki horiek Justizia Auzitegi Nagusiaren iragarki-taulan daude irakurgai, bai eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren webgunean ere (www.poderjudicial.es), edonork eskuratzeko moduan.
Beraz, epai honen bidez, hori erabakitzen, agintzen eta sinatzen dugu.
Iruñean, 2023ko urriaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia, Tania Bernaldo de Quirós Miranda.
Iragarkiaren kodea: F2315475
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
