240. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

269E/2023 EBAZPENA, urriaren 23koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, "Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza" emateko oinarri arautzaileak eta 2023ko deialdia onesten dituena 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoaren 7162 esku-hartzearen esparruan (Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak, nekazaritzako produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloko proiektu pilotuak egitea sostengatzen dutenak). DDBN identifikazioa: 723077.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan. Bestalde, lege organiko horren 56.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, eta jarduera ekonomiko orokorraren oinarriekin eta antolamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio Nafarroaren barnean jarduera ekonomikoa planifikatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko eskumen esklusiboa.

Laguntzak eta haien ordainketak kudeatzeko sistemak ezarrita daude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2115/2021 (EB) Erregelamenduan, zeinak hizpide baitu Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak) egin beharreko plan estrategikoetarako laguntza (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen dena). Gainera, 77. artikuluan, berariaz garatzen dira "Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak" izeneko laguntzak.

Espainiako NPEaren 2023-2027 Plan Estrategikoa Europako Batzordeak onetsi zuen 2022ko abuztuaren 31ko C (2022) 6017 Azken Betearazpen Erabakiaren bidez. Dokumentu horretan jasotako neurrien artean, sektoreko eragileen arteko lankidetza dago, helburu duena nekazaritza eta landa-eremuak modernizatzea, ezagutza, berrikuntza eta digitalizazioa sustatuta eta amankomunean jarrita nekazaritza- eta landa-eremuetan, eta nekazariek horiek har ditzaten sustatuta, ikerkuntzarako sarbidea, berrikuntza, ezagutza-trukea eta prestakuntza hobetuz.

Dokumentu horrek ezartzen du lortu nahi den helburua Nafarroan garatzen dela, 7162 azpineurriaren bidez ("Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak"), eta hura gauzatzeko kreditua ezartzen du, finantzaketa-iturriaren arabera banakatuta: Nafarroako Gobernua eta Europar Batasuna. Gastu publikoaren %25 LGENFek finantzatzen du, eta dirulaguntza gisa ezartzen da, benetan egindako eta ordaindutako kostu diruz lagungarriak itzultzeko.

Neurri horri honako hauek aplikatu behar zaizkio: 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2115/2021 (EB) Erregelamendua, arauak ezartzen dituena Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak) egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruz (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen dena); eta hori garatzeko Estatuko araudia:

–1047/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Plan Estrategikoko esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena.

–1046/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren eta NBEUF eta LGENF nekazaritza funts europarren gobernantza arautzen duena Espainian.

–147/2023 Errege Dekretua, otsailaren 28koa, zeinaren bidez, batetik, zenbait arau ezartzen baitira Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko, eta, bestetik, zenbait errege-dekretu aldatzen baitira, 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidea Espainian aplikatzearekin lotutako alderdiak arautzen dituztenak.

7162 esku-hartzearen esparruan (Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak, nekazaritzako produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloko proiektu pilotuak egitea sostengatzen dutenak) nekazaritzako berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuei emandako laguntzaren bidez, diruz laguntzen dira nekazaritzako eta/edo basogintzako ETE-en eta nekazaritza eta basogintza sektorea ikertzera, esperimentatzera eta garatzera bideratutako entitateen arteko lankidetzako proiektu pilotuak. Laguntza kolektiboa da, talde onuradun batentzat. Interes orokorreko proiektu ez-produktiboak dira, nahitaez zabaldu beharrekoak, onuragarriak direnak batez ere nekazaritza eta basogintza sektorearentzat eta landa-eremuentzat. Era berean, esku-hartzearen bidez diruz lagun daitezkeen onuradunek eta proiektuek bete behar dituzte Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduak adierazitako laguntza kategoriarako ezarritako baldintzak (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa-eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena egin du ebazpen honi buruz.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 30eko 74/2023 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. "Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza" emateko oinarri arautzaileak onestea 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoaren 7162 esku-hartzearen esparruan. Oinarri horiek ebazpen honen I. eranskinean daude jasota.

2. "Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza" emateko 2023ko deialdia onestea 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoaren 7162 esku-hartzearen esparruan.

3. Deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. 1.500.000,00 euroko gastua baimentzea Nafarroako Gobernuaren 2023ko ekitaldirako Gastuen Aurrekontu Orokorraren "LGENF 2023-2027. Beste lankidetza-modu batzuk. Berrikuntzako proiektu pilotuak" izeneko 720007 72300 7700 412104 partidaren baliokide izanen den 2026. urteko partidaren kargura, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago.

5. Dirulaguntzen oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko urriaren 23an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, "NEKAZARITZA-BERRIKUNTZARAKO LANKIDETZAKO PROIEKTU PILOTUETARAKO LAGUNTZA" EMATEKO, 2023-2027KO NPE-AREN PLAN ESTRATEGIKOAREN 7162 ESKU-HARTZEAREN ESPARRUAN (BERRIKUNTZARAKO LANKIDETZA-TALDEAK, AEI-AGRI ELKARTEAREKIN LOTURARIK EZ DUTENAK, NEKAZARITZAKO PRODUKTIBITATEAREN ETA JASANGARRITASUNAREN ARLOKO PROIEKTU PILOTUAK EGITEA SOSTENGATZEN DUTENAK)

1. oinarria.–Xedea, aplikazio eremua eta helburua.

1. Oinarri hauen xedea da laguntza hauek arautzea: "Nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntza", 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoaren 7162 esku-hartzearen esparruan (Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak, nekazaritzako produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloko proiektu pilotuak egitea sostengatzen dutenak), eta 2023ko urteari dagokion deialdia onestea, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2115/2021 (EB) Erregelamenduaren 77. artikuluaren esparruan; baso-lankidetzarako eta landa-eremuetako lankidetzarako laguntza, Europako Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 54. eta 59. artikuluen esparruan (erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa-eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).

2. 2023-2027ko NPEaren Plan Estrategikoaren 7162 esku-hartzearen esparruan (Berrikuntzarako lankidetza-taldeak, AEI-Agri elkartearekin loturarik ez dutenak, nekazaritzako produktibitatearen eta jasangarritasunaren arloko proiektu pilotuak egitea sostengatzen dutenak), nekazaritza-berrikuntzarako lankidetzako proiektu pilotuetarako laguntzaren helburua da nekazaritza eta landa-eremuak modernizatzea, ezagutza, berrikuntza eta digitalizazioa sustatuta eta amankomunean jarrita nekazaritza- eta landa-eremuetan, eta nekazariek horiek har ditzaten sustatuta, ikerkuntzarako sarbidea, berrikuntza, ezagutza-trukea eta prestakuntza hobetuz, eta sektoreko eragileen arteko baterako lan-planen diseinua sustatuta, benetako konexio-mekanismoak sortzearren sektore profesionalaren eta ikertzailearen eta nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorearen artean.

2. oinarria.–Definizioak.

Deialdi honen ondorioetarako, hona zer den:

1. Proiektu pilotua: izaera esperimentala eta/edo frogagarria duen hedadura txikiko ekintza multzoa, denbora mugatuko ahalegina behar duena, ideia bat gauzatzeko benetako arazoak konpontzeko asmoz. Nekazaritzako elikagaien sektorearen onurarako ezagutza transferitzen du. Sektore edo azpisektore baten interes komunerako izan eta horretara bideratuta egon behar du. Lortutako emaitzak espero zirenak izan daitezke edo ez. Alde horretatik, hona hemen zenbait definizio:

a) Produktu berria; aurretik ez zegoen ondasun bat lortzea.

b) Jardunbide berria; aurretik ez zegoen zerbitzu bat lortzea.

c) Prozesu berria; aurretik bazegoen lehengai batentzat eraldatutako erabilera berri bat lortzea.

d) Teknologia berria; ekoizpen prozesu baten eraginkortasuna hobetzea.

2. Berrikuntza: arrakastaz gauzatu nahi den ideia berria, bere frogapenerako proiektu pilotua garatzea behar duena.

Ideia berria ezagutza berri edo tradizional batean oinarritzen ahal da, produktu, zerbitzu, prozesu, merkaturatzeko metodo edo antolatzeko metodo berriak edo nabarmen hobetuak sartzeko.

Era berean, berrikuntzatzat joko da ideia bat, berria ez bada ere, testuinguru berri batean garatzea, baldin eta balio bereizgarria ekartzen badu. Adierarik zabalenean hartzen da, hala nola sektore publikoaren berrikuntza, berrikuntza soziala, zerbitzuen berrikuntza, prozesuena eta lurraldearena.

3. Lankidetza: pertsona edo entitate taldeek garatzen duten lan estrategia bat, helburu bat partekatuta eta metodo kolaboratibo eta asoziatiboak erabiliz.

4. Lankidetza-taldea: aldi baterako elkartutako entitate multzoa, proiektu pilotu bat egiteko sektoreko edo lurraldeko arazo zehatz bat konpontzeko helburuz, edo aukera zehatz bat baliatzeko irtenbide berritzaile baten bidez eta metodo kolaboratibo eta asoziatiboak erabiliz, eta lortutako emaitzen transferentzia eta hedapena bultzatuz. Gutxienez elkarren independente diren bi entitatek osatuko dute, eta gehienez bost entitatek.

5. Ekipamendu pilotuaren ondasuna: proiektu pilotuaren beharretara eta neurrira egokituriko ondasuna, ezinbestekoa dena hura garatzeko eta frogatzeko, eta eredu gisa erabiliko dena teknologia, produktu, prozesu edo irtenbide berri edo hobetu baten bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baliozkotzeko.

3. oinarria.–Lurralde eremua.

Diruz lagungarriak izanen dira, soilik, Nafarroako nekazaritzaren eta/edo nekazaritzako elikagaien sektorearen beharrak eta erronka zehatzak konpontzera bideratuta egiten diren jarduketak.

4. oinarria.–Aurreikusitako ekintza motak.

Helburu hauek lortzen laguntzen duten ekintzak dituzten proiektu pilotuak izanen dira diruz lagungarriak:

1. Lehiakortasuna eta jasangarritasuna. Nekazaritzako ustiategiak hobeki orientatzea merkatura eta haien lehiakortasuna handitzea, arreta handiagoa eskainiz ikerketari, teknologiari eta digitalizazioari. Lehen mailako ekoizpenak balio-katean duen posizioa hobetzea eta banaketa-kanal laburrak sustatzea.

2. Klima-aldaketara egokitzea eta hura arintzea. Klima-aldaketara egokitzen eta hura arintzen laguntzea; berotegi-efektuko gasen isuriak murriztea; karbonoa atzematea hobetzea eta/edo energia jasangarria sustatzea.

3. Garapen jasangarria eta baliabide naturalen kudeaketa eraginkorra. Ura, lurzorua eta airea bezalako baliabide naturalen garapen jasangarria eta kudeaketa eraginkorra sustatzea, bereziki mendekotasun kimikoa murriztuz.

4. Balio natural handiko sistemen iraupena. Biodibertsitatearen galera geldiarazten eta alderantzikatzen laguntzea, zerbitzu ekosistemikoak indartzea eta habitatak eta paisaiak kontserbatzea.

5. Populazio berriaren, gazteen eta emakumeen atxikipena eta lekukotzea. Populazio berria bertan gelditu eta lekukotu daitezen sustatzea, bereziki gazteak eta emakumeak, landa-eremuen tokiko garapenaren bitartez, emakumeak nekazaritzan, bioekonomia zirkularrean eta basogintza jasangarrian parte har dezan bultzatuz.

6. Ekonomia zirkularra, elikagaien xahuketa eta/edo hondakinak murriztea. Elikadurari eta osasunari dagokienez, nekazaritzaren erantzuna hobetzea, kalitate handiko elikagaiak, seguruak eta nutritiboak modu jasangarrian sortuz, ekonomia zirkularraren eta agroekologiaren bidez eta/edo elikagaien xahuketa eta hondakinak murriztuz, bai eta animalien ongizatea hobetzea eta antimikrobianoekiko erresistentzien aurka borrokatzea ere.

5. oinarria.–Laguntzen hartzaile izanen diren entitateak.

1. Honako entitate hauek izan daitezke laguntzen hartzaile, baldin eta lankidetza-talde bat osatzen badute:

a) Nekazaritzako eta basogintzako ekoizleak eta horien taldeak edo elkarteak.

b) Nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren sektoreko enpresak edo industriak eta horien taldeak edo elkarteak.

c) Nekazaritzako kooperatibak eta horien elkarteak edo federazioak.

d) Ureztatzaile-elkarteak.

e) Ikerketa- eta esperimentazio-zentroak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta beren helburu sozialen artean nekazaritza eta abeltzaintzaren, nekazaritzako industriaren edo nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloetako ikerketa eta esperimentazioa dituzten beste entitate batzuk.

f) Entitate publikoak: landa-eremuetako udalak, mankomunitateak edo kontzejuak.

g) Landa garapenerako politiken helburuak eta lehentasunak lortzen laguntzen duten beste eragile batzuk.

2. Lankidetza-taldeko entitate guztiek lortuko dute dirulaguntzaren onuradun izaera, 8. oinarrian ezarritakoa betez gero, eta proiektuak 13. oinarrian eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen badu.

3. Jarduera ekonomikoa duten entitate onuradunek enpresa txiki edo ertaina izan beharko dute, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako Gomendioaren arabera, salbuespen direla zentro teknologikoak, unibertsitateak eta beren helburu sozialen artean nekazaritza eta abeltzaintzaren, nekazaritza eta industriaren edo nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloetako ikerketa eta esperimentazioa dituzten beste entitate batzuk.

6. oinarria.–Lankidetza-hitzarmena.

Proiektu pilotu oro garatzeko, lankidetza-hitzarmen bat ezarri behar da lankidetza-taldean parte hartzen duten entitate guztien artean. Entitate horiek guztiek sinatu beharko dute, eta, gutxienez, honako zehaztapen hauek bilduko ditu, laguntzaren gaineko tramiteen katalogoan dagoen ereduaren arabera:

a) Parte hartzen duten entitate guztien idatzizko konpromisoa, bakoitzaren arduradunaren izena eta helbidea adierazita, eta proiektua koordinatuko duen entitatea identifikatuta.

b) Gauzatu beharreko proiektu pilotuaren helburuak.

c) Helburu horiek lortzeko eginen diren ekintzak.

d) Proiektuaren garapenean entitate bakoitzak dituen eginkizunak, baita bakoitzaren ekarpen ekonomikoa ere.

e) Parte hartzen duten entitateen eskubide eta betebeharrak.

f) Kronograma, ekintzen eta gastu motaren arabera.

g) Balizko onuradunak.

h) Espero diren emaitzak.

i) Proiektu pilotuak Nafarroan izanen duen eragina.

j) Emaitzen zabalkundea egiteko konpromisoa.

k) Hitzarmenaren iraupena, indarraldia, aldaketa eta bukaera.

l) Gatazkak konpontzea.

7. oinarria.–Proiektua koordinatuko duen entitatea.

1. Lankidetza-taldeko entitate guztiek entitate koordinatzaile bat aukeratuko dute, adostasunez, eta hori lankidetza-hitzarmenean adierazi beharko da.

2. Entitate koordinatzailea administrazioarekiko harremanetarako bitarteko bakarra izanen da, eta haren bitartez bideratuko da dirulaguntza: laguntza eskaera lankidetza-taldeko entitate guztien izenean aurkeztuko du, proiektua gauzatzearen azken erantzulea izanen da, hari ordainduko zaio dirulaguntza, eta, gero, hark banatuko du gainerako parte-hartzaileen artean, bakoitzak proiektuan izan duen partaidetzaren arabera, ordezko ordaintzaile gisa. Era berean, administrazioak eskatzen ahal dituen itzulketak gainerako entitateei eskatzeko ardura izanen du.

3. Entitate koordinatzailearen eginkizunak:

a) Lankidetza-taldeko entitateen ordezkaria izatea, proiektuan gauzatu beharreko jarduerei dagokienez.

b) Laguntza eskatzeko eta ordaintzeko eskaerak sinatzea eta bidaltzea, lankidetza-taldeko entitate guztiak ordezkatuz.

c) Landa Dibertsifikaziorako Atalari baimena ematea, bidezkoa bada, lankidetza-taldeko entitateei buruz behar diren datuak bil ditzan Nafarroako Gobernuko edo beste administrazio publiko batzuetako (eskaera-orrian adieraziak) unitateen bitartez, eskatutako laguntza tramitatzeko eta ebazteko.

d) Proiektuaren diseinua zuzentzea eta koordinatzea, baita lankidetza-hitzarmena prestatzea eta proiektua aurkezteko datuak prestatzea ere.

e) Lankidetza-taldeko entitateen arteko komunikazio bideak eratzea, baita administrazioarekikoak ere; horretarako, proiektuaren inguruan jasotzen den informazio guztia bi aldeei bidaliko die.

f) Proiektuaren finantza kontuak koordinatzea.

g) Parte-hartzaile bakoitzaren finantza-beharrak biltzea eta informazioa Landa Dibertsifikaziorako Atalean aurkeztea.

h) Diruz lagunduriko jarduerak finantzatzeko parte-hartzaile bakoitzak jasotzen dituen bestelako laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea.

i) Proiektuan parte-hartzaile bakoitzaren ardurapean dauden lan guztiak zuzentzea eta koordinatzea, bermatzearren multzo osoa egoki gauzatzen dela, onetsitako proiektuaren arabera.

j) Proiektuaren alderdi guztiak sustatzea eta kontrolatzea (alderdi teknikoak, finantza arloa betearaztea, parte-hartzea, etab.).

k) Gastuaren betearazpenaren bilakaera kontrolatzea, egiten diren gastuak justifikatzeko behar diren agiriak prestatzea, eta bermatzea egindako gastuak proiektua gauzatzeari loturik daudela eta lankidetza-taldeko entitate guztiek adostutako jarduerekin bat datozela.

l) Parte-hartzaile bakoitzak bere gain hartutako konpromisoak betetzen dituela gainbegiratzea, proiektua egoki gauzatu arte.

m) Proiektuaren finantza arloko informazio guztia eta egiaztagiri guztiak zentralizatzea eta Landa Dibertsifikaziorako Atalean aurkeztea proiektua onartzeko ebazpenean zehazten diren epeetan.

n) Proiektuaren emaitzak argitaratuta egotea bere webgune ofizialean edo proiektuaren webgunerako estekan, gutxienez bost urtez, diruz lagundutako proiektua amaitzen den egunetik aurrera.

o) Diruz lagundutako proiektuaren emaitzak doan jartzea kasuan kasuko sektorean edo azpisektorean jarduerak egiten dituzten enpresa guztien eskura.

4. Koordinazio-gastutzat hartzen dira 7.3 oinarrian deskribatutako koordinazio-eginkizunak betetzean egindakoak. Kontzeptu honengatik ematen den laguntzak ezin izanen du 10.3 oinarrian finkatutako intentsitatea gainditu.

8. oinarria.–Laguntza jasotzeko baldintzak.

1. Laguntzen araubide honetan sartzeko, honako beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Proiektu pilotua gauzatzean, elkarlanean aritzea 5. oinarrian aipatutako bi entitate independente gutxienez. Hori helburu:

–Parte hartzen duten entitateetako bat, gutxienez, nekazaritzaren, abeltzaintzaren, basogintzaren edo nekazaritzako elikagaiak edo basogintzako produktuak eraldatu edo merkaturatzearen arlokoa izatea, eta Nafarroako Gobernuan behar den erregistroan inskribaturik egotea.

–Lankidetza ez da sostengatuko baldin eta ikerketa-entitateek baino ez badute parte hartzen taldeetan.

–Lankidetzako entitateak egokiak izanen dira proiektuaren helburuak lortzeko.

b) Lankidetzako entitateen artean hitzarmen bat ezartzea, beren legezko ordezkariek sinatua, proiektu pilotua 6. oinarrian ezarritakoaren arabera gauzatzeko.

c) 50 langile baino gehiago dituzten entitateen kasuan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plan bat izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Gainera, proiektu pilotuari dagokionez, honako betebehar hauek bete beharko dira:

a) Berritzailea izatea, eta erantzuna ematea 4. oinarrian zehaztutako helburuetako bati gutxienez.

b) Nekazaritzari buruzkoa, nekazaritzako elikagaiei buruzkoa edo basogintzari buruzkoa izatea.

c) Interes orokorrekoa izatea delako sektoreko edo azpisektoreko enpresentzat.

d) Laguntzaren xedeko jarduera Nafarroako nekazaritzaren edo nekazaritzako elikagaien sektorean gauzatzea.

e) Laguntzaren xedeko inbertsioak/gastuak hasiak ez izatea eskaera aurkeztu baino lehen. Horri dagokionez, bidezkoa bada, instrukzio organoak proiektuaren kokalekua bisitatuko du inbertsioak ez direla hasi egiaztatzeko, eta emaitzaren akta eginen du.

f) Ekintza-plan bat aurkeztea, non beharrak, helburuak eta espero diren emaitzak justifikatuko baitira, entitate bakoitzak plan horri lotuta eginen dituen gastuak bereizita eta deskribatuta. Plan horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu:

I.–Proiektuaren deskribapena.

II.–Lankidetza-taldearen osaketa.

III.–Proiektuaren ezaugarriak:

–Proiektuaren helburua.

–Egin beharreko ekintzak, kronograma eta gauzatzeko epeak.

–Enpresa plana eta/edo aurrekontua.

–Proiektuaren jarraipenerako dokumentazioaren deskribapena.

–Dibulgazio plana.

–Proiektuaren emaitzak eta eragina. Jarraipenerako adierazleak.

9. oinarria.–Konpromisoak eta betebeharrak.

Entitate onuradunek konpromiso hauek izanen dituzte:

a) Proiektua gauzatzea Europar Batasuneko, Espainiako eta tokiko araudiaren arabera.

b) Proiektua gauzatzea dirulaguntza emateko ebazpenean adierazten den epean, deusetan galarazi gabe bidezko arrazoiak daudenean onartzen ahal diren luzapenak.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

e) 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 38. artikuluaren arabera, proiektua hasi aurretik, sarbide publikoko webgune batean informazio hau argitaratzea:

a. Diruz lagundutako proiektua benetan noiz jarriko den martxan;

b. Diruz lagundutako proiektuaren helburuak;

c. Diruz lagundutako proiektuan espero diren emaitzak noiz argitaratuko diren, gutxi gorabehera;

d. Interneteko zer helbidetan argitaratuko diren diruz lagundutako proiektuan espero diren emaitzak;

e. Ohar bat, adierazten duena diruz lagundutako proiektuaren emaitzak doan jarriko direla delako sektorean edo azpisektorean jarduten duten enpresa guztien eskura. Emaitzak Interneten eskuragarri egon beharko dira gutxienez bost urtez, diruz lagundutako proiektua amaitzen den egunetik aurrera.

f) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan honako hauek frogatzea:

–Laguntza jasotzeko egindako gastuak eta ordainketak, laguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan eta epean egindakoak.

–Laguntzaren xedea eta helburuak bete direla. Horretarako, agiri zientifiko-teknikoak aurkeztu beharko dira, laguntza emateko arrazoiak badirela frogatzen dutenak.

g) Laguntza jasotzeko justifikazio agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, gutxienez ere hamar urtez, dirulaguntzaren azken ordainketa jasotzen den egunetik hasita.

h) Proiektuaren emaitzak sektoreko enpresei eta/edo ustiategiei jakinaraztea. Hori helburu:

a. Laguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuari atxikitako Landa Dibertsifikaziorako Atalari proiektuaren eta haren emaitzen zabalkundea egiteko Nafarroako Gobernuaren sareetan eta NPE sareetan.

b. Entitate koordinatzaileak 7.3.n) eta o) oinarriei jarraituz argitaratu beharko ditu proiektuaren emaitzak.

i) Kostuen moderazioaren gainean ezarritakoa betetzea, 17. oinarrian xedatutakoari jarraikiz.

j) Kontabilitate sistema berezitu bat edo kontabilitate kode egoki bat edukitzea diruz laguntzen den lankidetzako proiektuari lotutako eragiketa guztietarako.

k) Bidezkoa denean, dirulaguntzaren kobrantza erregistratzea kontabilitatean edo erregistro liburuan, Europar Batasunaren (LGENF) eta Nafarroako Gobernuaren partaidetza adierazita, testu hau aipatuz: 2023-2027 NPEPE (LGENF-NG).

l) Xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso izanaren berri ematea.

m) Jendeari eragiketaren helburuaren berri eta LGENFek emandako laguntzaren berri ematea, 27. oinarrian ezarritako errekerimenduak betez.

n) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari helaraztea esku-hartzearen ebaluaziorako eta jarraipenerako adierazleak prestatzeko behar diren datuak.

o) Laguntza ongi eman dela eta gerora konpromisoei eutsi zaiela egiaztatzeko behar diren kontrolak eta egiaztapenak onartzea. Honako hauek egin ditzakete egiaztapen lan horiek: Europako Batzordeak, NBEUF-LGENF laguntzak ordaintzen dituen erakundeak, Nafarroako NPEPEko 2023-2029 Plana kudeatzeko agintaritzak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak, Nafarroako Kontuen Ganberak eta Nafarroako Gobernuaren fiskalizazio-organoek.

10. oinarria.–Kostu diruz lagungarriak.

Eskatutako gastu hauek laguntzen ahalko dira diruz, betiere laguntza eskaeraren egunaren ondoren egiten badira:

1. Langileen zuzeneko gastuak: eragiketari egotz dakizkiokeen langileen ordainsariak, hitzarmen kolektiboei dagozkien gauzazko mozkinak barne, horretarako egindako lanaren truke ordaintzen direnak. Langileen Gizarte Segurantzako zergak eta kotizazioak ere sartzen dira, baita entitatearen gizarte-kotizazioak ere, borondatezkoak zein nahitaezkoak.

10.2 oinarrian aurreikusitako langileen gastuez bestelako zuzeneko gastuen %32ko tasa finkoaren arabera kalkulatuko dira, gehienez 40.000 euroko laguntzara iritsi arte.

Gastua hautagarria izan dadin, kasuan kasuko laguntza eskaeran eskatu beharko da. Era berean, proiektuko ekintza-planaren dokumentuak entitateetako langileek egin beharreko lanen deskribapena jasoko du.

Langileen gastuei dagokien aurrekontua proiektuan parte hartzen duten entitateen artean banatuko da, laguntza eskaeran adierazitakoari jarraituz.

2. Proiektuaren zuzeneko gastuak, hau da, langileen gastuak ez direnak eta proiektua gauzatzearekin zuzenean lotuta daudenak, halako moduz non zuzeneko lotura hori egiaztatu daitekeen:

a) Ondasun higiezinak egokitzea/hobetzea.

b) Ekipo pilotuen ondasunak: makina eta ekipo berriak erostea edo alokatzea.

c) Ekipo pilotuaz bestelako ekipo ondasunak: pilotajeaz bestelako ekipoen alokairua edo amortizazioa, ondare elementu horiek proiekturako erabiltzen diren neurrian eta aldian. Gastu horiei dagokienez, honako hau hartu beharko da aintzat:

I.–Ekipoen amortizazio kostuak kanpoan gelditzen dira baldin eta beste dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

II.–Erabilera orokorreko informatika-gailuen amortizazio kostuak kanpoan gelditzen dira (PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...).

III.–Laguntza hauen ondorioetarako, taulen araberako amortizazioa aplikatuko da, abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko zergaren Erregelamenduaren 3. artikuluan adierazitako koefiziente eta aldien arabera.

d) Kostu orokorrak, 2.a), 2.b) eta 2.c) ataletan jasotako kostu diruz lagungarriei lotutakoak (atal horien gaineko %12ra mugatuta): proiektuak idaztea, obra-zuzendaritzak, analisiak, saiakuntzak, muntaketa- eta eragiketa-ingeniaritza eta obra-lizentziak, jarduera sailkatuetarako lizentziak, lehen erabilerako lizentzia, irekitzeko lizentzia eta udal-tasak.

e) Proiektua egiteko instalazioak edo finkak alokatzea.

f) Laguntza teknikoak.

g) Programa informatikoen erosketa eta lizentziak.

h) Proiektuan erabilitako materialen gastuak: lehengaiak eta beste hornigai batzuk.

i) Dibulgazioa: webgunea, espazioen alokairua, jardunaldi eta/edo mintegietarako autobusaren alokairua, otordu-zerbitzua jardunaldi eta/edo prestakuntza-ekintzetarako eta bestelako dibulgazio-materialak.

3. Proiektuaren koordinazio gastuak, hots, proiektuaren diseinuaren koordinazio lanez arduratuko direnen ordainsariak. 7.3 oinarrian adierazitakoaren arabera, hauek dira lan horiek: lankidetza-hitzarmena prestatzea eta aurkeztu beharreko datuak prestatzea, informazioa administrazioan aurkeztea, informazio guztia bi norabideetan bideratzea, proiektuaren zereginak koordinatzea, egindako gastuaren betearazpenaren bilakaera kontrolatzea eta hura justifikatzeko eta aurkezteko beharrezkoak diren dokumentuak prestatzea.

10.2 oinarrian aurreikusitako proiektuko langileen gastuez bestelako zuzeneko gastuen %6ko tasa finkoaren arabera kalkulatuko dira, gehienez 8.000 euroko laguntzara iritsi arte.

Gastua hautagarria izan dadin, kasuan kasuko laguntza eskaeran eskatu beharko da. Era berean, proiektuaren ekintza-planaren dokumentuak egin beharreko koordinazio-lanen deskribapena jasoko du, deialdiaren 7. oinarrian adierazitakoari jarraituz.

Proiektua koordinatzeko aurrekontua osorik esleituko zaio proiektua koordinatzen duen entitateari.

4. Zeharkako gastuak dira eskatutako proiektuari zuzenean lotuta egon gabe edo lotu ezin izan gabe proiektua garatzeko beharrezkoak direnak (administrazio-gastu tipikoak, hala nola kudeaketa-gastuak, telefono-gastuak, ura, elektrizitatea, bulegoko materiala, eta abar). Langileen zuzeneko gastuen %15eko tasa finkoarekin kalkulatuko dira, eta 10.1 oinarrirako laguntza eskaeran adierazitakoaren arabera banatuko dira.

Gastua hautagarria izan dadin, kasuan kasuko laguntza eskaeran eskatu beharko da.

5. Honako hauek ekarritako kostuak ez dira diruz lagungarriak:

a) Oinarrizko ikerketa.

b) Lurrak erostea eta lurrak eskuratzearekin lotutako gastuak.

c) Higiezinak erostea.

d) Ordezpen huts diren inbertsioak, salbu eta erosten diren makinak edo ekipamendua aurrekoak ez bezalakoak badira, erabilitako teknologiagatik, haien errendimenduagatik edo 10 urtetik gorako antzinatasuna izateagatik.

e) Makinak eta ekipamenduak erosteko finantza errentamendua.

f) BEZa eta/edo entitate onuradunak berreskura ditzakeen beste zerga batzuk ordaintzeko gastuak, ez eta zorren interesak eta eskualdaketenak ere. Laguntzaren xede den jarduerarengatik BEZaren aitorpena egiten ez duten pertsona juridikoentzat baino ez da diruz lagunduko BEZa. Hori hala dela egiaztatzeko, pertsona juridikoek salbuespen-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, salbuespenaren kasuistika guztiekin. Pertsona juridiko horrek BEZaren aitorpena egitera behartzen duen beste jarduera mota bat egiten badu, kontrolatu beharko da ez dela zerga horren kenkaria egin diruz lagundutako fakturengatik. Kasu horretan, entitate onuradunak dagokion BEZaren aitorpena aurkeztu beharko du.

g) Bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldia eta joan-etorriak.

h) Animaliak erosteko eta landaketak egiteko gastuak.

i) Eskudiruzko ordainketak.

j) Laguntza eskaera agintaritza eskudunari aurkeztu aurretik egindako gastuak, edo proiektu pilotua gauzatzeko ezarritako epea bukatu ondoan sortzen direnak, salbu eta PFEZari dagozkionak, proiektu pilotua justifikatzeko ezarritako epearen barnean sortzen ahal direnak, alegia.

k) Diruz lagunduriko jarduerarekin bat ez datozenak.

l) Nafarroako Gobernuaren menpeko administrazio unitateek eskatutako gastuak; baldin eta unitate horiek, aplika daitekeen egitura organikoari buruzko foru araudiaren arabera, ikerketa eta esperimentazio jarduerak gauzatzen badituzte, zuzenean, honako arlo hauetan: nekazaritza eta abeltzaintza, nekazaritza industria eta nekazaritzako elikagaien kalitatea.

m) Proiekturako bizitza baliagarri osoan erabiltzen ez diren ekipoen gastuak, honako hauei dagozkienak: ikerketa- eta esperimentazio-zentroak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta beren helburu sozialen artean nekazaritza eta abeltzaintzaren, nekazaritza eta industriaren edo nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloetako ikerketa eta esperimentazioa dituzten beste entitate batzuk, 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 38. artikuluarekin bat.

11. oinarria.–Kanpoko laguntzak eta entitateen arteko loturak.

1. Ez da onartuko lankidetza-taldeko entitateen enpresa talde berekoak diren edo horrekin elkartuak dauden enpresa edo sozietateek emandako kanpoko laguntza. Ondorio horietarako ez dira onartuko lankidetza-taldeko entitateek elkarri egindako fakturak.

2. Enpresak "elkartutako enpresatzat" hartuko dira baldin Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritako erlazioetako bat bada haien artean. Mikroenpresen, enpresa txikien eta enpresa ertainen definizioari buruzkoa da 2003/361/EE Gomendioa.

3. Kanpoko laguntzen gastuak inolaz ere ezin du zehaztutako proiektuaren gastu osoaren %70 gainditu.

12. oinarria.–Laguntza/dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko sistema.

1. Zuzeneko kapital dirulaguntza da laguntza, eta haren zenbatekoa kalkulatzeko, kostu diruz lagungarriei aplikatuko zaie laguntza-intentsitate edo portzentaje bat. Behar bezala justifikatutako gastu hautagarriaren %90ekoa izanen da laguntza.

2. Proiektu bakoitzeko, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da laguntza.

3. Parte-hartzaile bakoitzaren jardueren aurrekontua ezin da izan lankidetza-proposamenaren guztirako aurrekontu diruz lagungarriaren %10etik beherakoa, salbu eta Nafarroako Gobernuaren menpeko unitate administratiboen kasuan, haien gastuak diruz lagungarriak ez direnean, baldin eta, egitura organikoari buruzko foru araudian, aplikatzekoa denean, ezarritakoarekin bat, ikerketa eta esperimentazio lanak zuzenean egiten badituzte arlo hauetan: nekazaritza eta abeltzaintza, nekazaritza industria edo nekazaritzako elikagaien kalitatea.

4. LGENFen parte-hartzea guztirako laguntzaren %25 izanen da.

13. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta hautatzeko irizpideak.

1. Norgehiagokako prozedurari jarraikiz emanen da laguntza hau, aurkeztutako eskaerak alderatuta, haien arteko hurrenkera ezartzeko.

2. Eskaeren hurrenkera prestatzeko, honako balorazio irizpide hauek aplikatuz lortzen diren puntuak batuko dira (gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira):

HAUTATZEKO IRIZPIDEA

BAREMAZIOA

Titulua

Deskribapena

Puntuazioa, gehienez ere

Kalkulua
edo graduazioa

Parte hartzen duten entitateen tipologia1

55

Zentro teknologikoak, ikerketarako agenteak eta instituzioak²

Ikerketa, esperimentazio, ezagutza eta/edo teknologia zentroak³

20

Parte hartzeagatik: 20 puntu

Lehen sektoreko ekoizpenarekin zerikusia duten elkarteak

Ekonomia sozialeko entitateak: eraldaketarako nekazaritza-sozietateak edo nekazaritzako kooperatibak

9

Parte-hartzaile bakoitzeko: 5 puntu

Fruta- eta barazki-ekoizleen erakundeak

Parte-hartzaile bakoitzeko: 4 puntu

Nafarroako abeltzaintza edo nekazaritza elkarteak4

Ureztatzaile-elkarteak

Nekazaritzako elikagaien enpresen elkarteak³

Bazkideen %25: kalitate ziurtapen bati atxikita (produkzio ekologikoa salbu) gutxienez horietako batean

2

Parte hartzeagatik: 2 puntu

Bazkideen %10: operadore ekologikoak gutxienez horietako batean

2

Parte hartzeagatik: 2 puntu

Bazkideen %25: nekazari profesionalak gutxienez horietako batean

2

Parte hartzeagatik: 2 puntu

Kontseilu arauemaileak

Kontseilu arauemaileak

10

Parte hartzeagatik: 10 puntu.

Beste batzuk

Nekazaritzako ekoizle indibidualak, nekazari profesional gisa katalogatuak daudenak, eta basogintzako ekoizleak

9

Parte-hartzaile bakoitzeko: 3 puntu

Nekazaritzako, elikagaigintzako eta basogintzako ETEak5

Nekazaritzako elikagaien enpresen eta basogintzako enpresen zerbitzu-enpresak eta teknologia- eta ondasun-hornitzaileak

Landa-eremuko udalak, mankomunitateak, kontzejuak eta tokiko ekintza taldeak

Ekonomia sozialeko beste entitate batzuk

Laneratze enpresak eta/edo enplegu-zentro bereziak

1

Parte-hartzaile bakoitzeko: puntu 1

Proiektuaren eragina eta berrikuntza-maila

25

Proiektuak lehentasunezko zer eremuri eragiten dion, 4. oinarriaren arabera6

1. Lehiakortasuna eta jasangarritasuna

14

--

2. Klima-aldaketara egokitzea eta hura arintzea

16

--

3. Garapen jasangarria eta baliabide naturalen kudeaketa eraginkorra

20

--

4. Balio natural handiko sistemen iraupena

25

--

5. Populazio berriaren, gazteen eta emakumeen atxikipena eta lekukotzea

20

--

6. Ekonomia zirkularra, elikagaien xahuketa eta/edo hondakinak murriztea.

14

--

Proiektuaren emaitzen zabalkundea

20

Erabilitako baliabideen eta zabalkunde planaren estalduraren ebaluazioa

Proiektuaren sare sozialetarako eta web-orrirako sarbidea entitate koordinatzailearen web-orri korporatiboaren bitartez

3

--

Dibulgazio jardunaldiak

5

--

Prestakuntza ekintzak7eta/edo erakuspen jardunaldiak edo learning labs8

12

--

1. Entitate parte-hartzaileen tipologietako bakar batean bakarrik baloratzen da partzuergoko entitate bakoitza.

2. Ikerketa instituziotzat hartuko dira, halaber, Nafarroako Gobernuaren menpeko administrazio unitateetatik, aplika daitekeen egitura organikoari buruzko foru araudiaren arabera betiere, zuzenean ikerketa eta esperimentazio jarduerak gauzatzen dituztenak honako arlo hauetan: nekazaritza eta abeltzaintza, nekazaritza industria eta nekazaritzako elikagaien kalitatea.

3. Ikerketa, esperimentazio, ezagutza eta/edo teknologia zentroak ere puntuagarriak izanen dira baldin eta aurrekontu diruz lagungarri osoaren %10 baino gehiagoko aurrekontuarekin kontratatzen badira.

4. Barnean sartzen dira basogintza arloko elkarteak eta/edo enpresa-elkarteak.

5. Nekazaritzaren edo elikagaien enpresa txiki eta ertainak dira haien EJSN kodearen arabera EBFTaren I. eranskinean jasotako nekazaritza produktuak ekoiztu, garatu, eraldatu edo merkaturatzen dituztenak, baldin eta horren emaitza den produktua I. eranskin horretan badago.

6. Baremazioaren ondorioetarako, laguntza eskaerak adierazitako lehentasunezko eremu nagusia besterik ez da hartuko kontuan, Landa Dibertsifikaziorako Atalak baliozkotzen badu.

7. Prestakuntza ekintzatzat hartzen da lanbide gaitasun teoriko eta/edo praktikoak eskuratzera bideratzen dena. Ekintzak unitate pedagogikoetan egituratua egon beharko du, eta berezko helburuak, edukiak eta iraupena eduki beharko ditu. Iraupena ezin da 10 ordu baino gutxiagokoa izan, eta gutxienez 10 lagunek hartu behar dute parte, Landa Dibertsifikaziorako Atalaren iritziz behar bezala justifikatuak dauden aparteko kasuetan izan ezik.

8. Erakuspen jardunaldiek edo learning labs direlakoek proiektu pilotuan garatutako teknikak eta/edo praktikak nola gauzatu erakustea eta horretaz gogoeta egitea dute helburu. Azken xedea da emaitzen zabalkundea egitea eta eredu izatea sektore guztia lehiakorragoa izan dadin.

3. Laguntza eskaera egiten duen entitate koordinatzaileak adierazi beharko du, berariaz, zer hautapen irizpideren arabera eskatzen duten aplika dakiela aurreko baremoa. Eskaera hori erantzukizunpeko adierazpentzat hartuko da laguntza eskaera aurkeztean irizpideak betetzeari dagokionez, edo, behar denean, eskaerak aurkezteko epea bukatzean betetzeari dagokionez.

4. Laguntza eskaera egiten duen entitate koordinatzaileak eskatutako hautapen irizpideek ekarritako puntuak bakarrik emanen dira. Baldin betetzeko zenbait modu onartzen dituen irizpide bat ezarri bada, puntu gehien ematen dituen egoera hartuko da aintzat, eskura dagoen informazioarekin egiaztatzen ahal bada.

5. Laguntza hartu ahal izateko, gutxienez ere 40 puntu lortu beharko dira. Hortik beherako puntuazioa lortzen duten eskaerak ezetsi eginen dira.

6. Berdinketa gertatuz gero, hautaketa irizpide hurrenkera honen arabera puntuazio handiena lortu duen proiektuak izanen du lehentasuna: entitate parte-hartzaileen tipologia, proiektuaren eragina, proiektuaren emaitzen zabalkundea. Bukatzeko, azken puntuazioan berdinketa izan duten eskaeren kasuan, inbertsio bolumen diruz lagungarri handiena duten proiektuei emanen zaie lehentasuna.

7. Norgehiagokako prozedura aplikatuta eskaeren hurrenkera lortu ondoren, deialdiaren aurrekontu-kreditua ez bada nahikoa laguntza eskaera guztiei erantzuteko, eskatzaileek, aurrekontu-zuzkidura badute, emandako laguntza berretsi beharko dute, edo horri uko egin beharko diote, jakinarazi eta 10 egun naturaleko epean.

8. Gerta daiteke, aurrekontu zuzkidura falta dela-eta, aipatutako hurrenkerako azken eskatzaileari eskatutakoa baino zenbateko txikiagoa egokitzea. Horrelakoetan, eskatzaile horrek 10 egun naturaleko epea du, gehienez ere, eman zaion laguntza berresteko edo hari uko egiteko. Berretsiz gero, konpromisoak eta baldintzak egokituko dira eman daitekeen dirulaguntzara. Berrestean, entitate onuradunak jaso ahal izanen du hartu gabe duen laguntzaren zatia, baldin eta beste batzuek laguntza jasotzeari uko egin badiote edo laguntza jaso duten beste proiektu batzuek gastu txikiagoak izan badituzte. Horretarako, organo emaileak emandako laguntza aldatu beharra dago aurretik.

9. Ezetsi eginen dira aurrekontuan zuzkidura nahikoa ez izateagatik erantzun ezin diren gainerako eskaerak. Gerta daiteke emakida berretsi ondotik onuradunen batek uko egitea laguntzari eta, horrenbestez, nahikoa kreditu askatzea. Horrelakoetan, kreditu hori bideratu ahal izanen da aurrekontu nahikoa ez egoteagatik ezetsi diren eskaeretara. Lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio eta, lehenik, dirulaguntza osatuko zaio hura osorik jaso ez duen eskatzaileari.

14. oinarria.–Laguntza eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitalpen egunaren hilabeteko egun baliokidean bukatuko da. Baldin mugaegunaren hilabetean ez badago zenbaketaren hasierako hileko eguna bezalako hileko egunik, ulertuko da epea amaitzen dela hilabeteko azken egunean. Epez kanpo aurkeztutako eskaerak ez dira onartuko.

2. Eskaera eta dokumentazioa telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako ezarritako programaren bidez. Programa Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian dago, tramiteen katalogoan dagokion fitxan (www.nafarroa.eus). Tramitea egiteko, entitate eskatzailea egiaz bera dela egiaztatu behar da, bere ziurtagiri digitalaren bidez edo Cl@ve sistema erabilita. Behin programaren bitartez izapidetuta, eskaerak administrazioan aurkeztutzat joko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan erregistratzen direnean, eta sarrera-idazpenetan datu hauek jasota daudenean: sarrera-erregistroko zenbakia eta aurkezpeneko data eta ordua.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileei tramitazioa errazteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren entitate laguntzaileen bidez egin daiteke laguntzaren tramitazioa. Entitate horiek tramiteen katalogoaren fitxan agertzen dira.

3. Laguntza eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira (dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, eta jatorrizkoen kopia zehatzak izanen dira):

a) Eskatzaile bakoitzari dagokionez:

I.–IFZ.

II.–Estatutuak eta eraketa eskriturak.

III.–Enpresa txiki edo ertaina izatearen deklarazioa, salbuespen direla zentro teknologikoak, unibertsitateak eta beren helburu sozialen artean nekazaritza eta abeltzaintzaren, nekazaritza eta industriaren edo nekazaritzako elikagaien kalitatearen arloetako ikerketa eta esperimentazioa dituzten beste entitate batzuk.

IV.–Ekonomia-jardueren gaineko zergaren ordainketan egunean egotearen ziurtagiria.

V.–Hala dagokionean, bazkideen ehunekoari buruzko egiaztagiria:

1.–Nekazari profesionalak.

2.–Nafarroako kalitate ziurtapenei atxikiak.

b) Proiektuari dagokionez:

I.–Lankide diren entitateen arteko hitzarmena, entitate horien guztien legezko ordezkariak sinatua.

II.–Laguntza eskatzeko akordioa.

III.–Ekintza-plana, tramiteen katalogoan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

IV.–Egin beharreko zuzeneko gastuen proformako fakturak.

V.–Transferentzia eta zabalkunde plana (proiektuarena, oro har, eta entitate parte-hartzaileetako bazkideei zuzndutakoa).

VI.–Hala dagokionean;

a. Proiektu teknikoa edo memoria baloratua.

b. Lizentziak eta baimenak, edo horiek eskatu izanaren agiriak.

c. Proiektuak ukituko dituen esparruetako erakunde eskudunen txostena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari jarraikiz, laguntza jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar entitate eskatzaileek Landa Dibertsifikaziorako Atalari baimena ematea zuzenean egiazta dezan oinarri hauekin zerikusia duen ezein dokumentazio, administrazioaren esku badago. Hala ere, entitate eskatzaileek berariaz ukatzen ahalko dute baimen hori; hala bada, entitate koordinatzaileak aurkeztuko du lankidetza-taldeko entitate guztiei dagokien dokumentazioa, eskaturiko laguntza tramitatu eta ebazteko.

4. Inola ere ezin izanen da zuzendu honako hauen gabezia: deskripzio-memoria, lankide diren entitateen arteko lankidetza-hitzarmena edo asmoen gutuna, edo proiektuaren aurrekontua, laguntza eskaeran eskatzen baitira. Halakoetan, laguntza eskaera ez da onartuko.

15. oinarria.–Instrukzio organoa.

Esku-hartze honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Landa Dibertsifikaziorako eta Garapenerako Zerbitzuari atxikitako Landa Dibertsifikaziorako Atalari dagokio.

16. oinarria.–Laguntza eskaerak egiaztatu eta baliozkotzea.

1. Landa Dibertsifikaziorako Atalak laguntza eskaerak jasotakoan, eskatzen den dokumentazio guztia duten egiaztatuko da. Akatsen bat baldin badago, proiektua koordinatzen duen entitateari eskatuko zaio 10 eguneko gehieneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Dokumentazioa oso-osorik dagoenean, behar diren kontrolak eginen dira deialdiko oinarriak betetzen diren egiaztatzearren. Landa Dibertsifikaziorako Atalak espedientea tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein argibide edo dokumentazio eskatzen ahalko du.

17. oinarria.–Kostuen moderazioa.

1. Dirulaguntzak ematean gastu publikoaren efizientzia bilatzen duen ekonomia-printzipioaren arabera, Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuen kudeaketa- eta kontrol-sistema arautzen duen abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 72. artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluak exijitzen dute proposatutako kostuen moderazioa egiaztatzea, eta horren ebaluaziorako metodologia zehazten dute.

2. Ondorio horietarako, kostuen moderazioaren printzipioa aplikatu dela bermatzeko, Landa Dibertsifikaziorako Atalak sistema hauek erabiliko ditu, kasuan-kasuan:

1.1. Erreferentziako kostuak: zenbateko diruz lagungarria izanen da entitate eskatzaileak aurkeztuaren eta modulu hauek aplikatzearen ondoriozkoaren arteko txikiena:

1.1.2. Proiektu teknikoaren edo memoria baloratuaren gainean:

1.1.2.1. Honela kalkulatzen da erreferentziako kostuaren balioa, euro/m² eraikitan neurtzen dena: eraikuntzako oinarrizko modulua (520 euro/m² eraikia) aurkeztutako proiektuaren bi koefizienterekin ponderatua –bata establezimenduaren tipologiari dagokiona (TK) eta bestea obra-intentsitateari dagokiona (IK)–, taula honetan agertzen den bezala:

Eraikitze/egokitzapenaren tipologia

OBRA-INTENTSITATEA

TK

IK

Eraikitze/egokitzapen orokorra

Egokitzapena, egitura eta
zimenduak
ukitu gabe

Eraberritze
partziala
(irisgarritasuna
edo energia
eraginkortasuna)
1

Lurrean
eraikitzea,
hargunerik gabe

IK (a) = 1

IK (b) = 0,75

IK (c) = 0,3

IK (d) = 1,15

Bulegoak eta merkataritzako lokalak

Higiezinak, bulegoetarako (administraziokoak zein teknikoak, banatuak zein ez banatuak) eta instalazio espezifikorik behar ez duten saltokietarako direnak.

TK (a) = 1,4

728,00

546,00

218,40

837,20

Ekoizpen zentroak

Higiezinak, ekoizpen jarduera jakin bat duten industria nabeetan kokatuak

TK (b) = 0,88

457,60

343,20

137,28

526,24

9. Eraberritze partzialeko bi motak dituzten obra proiektuetan, IK (b) motakotzat hartuko da obra-intentsitatea: egokitzapena, egitura eta zimenduak ukitu gabe.

1.1.2.2. Proiektuan sartutako instalazio fotovoltaikoen kasuan, gehieneko kostu hautagarria bi osagai hauen batura izanen da:

–Panel fotovoltaikoetan instalaturiko potentziari (P) dagokion erreferentziako kostua, formula honen arabera:

P
POTENTZIA PANELETAN (kWp)

ERREFERENTZIAKO KOSTUA
(euro/kWp) (BEZik gabe)

P<=5

4.082,50 + B

5<P<=20

2.850,00-(70 x P) + B

P>20

1.510,00-(3 x P) + B

–P instalatutako potentzia gorena da, eta B bateriak erabiliz gero gehitu behar den batura, erabilitako bateria motaren araberakoa:

BATERIA MOTA

B (euro/kWp) (BEZik gabe)

Litioa

750,00

Bestelako bateriak

200,00

Bateriarik gabe

0,00

1.1.3. Proformako fakturen gainean:

1.1.3.1. Analitikoak: 200,00 euro unitate bakoitzeko.

1.1.3.2. Web-orria (web diseinua eta sorrera, edukien edizioa, ostatatzea eta mantentze-lanak): 2.150,00 euro/partida bakoitzeko.

1.1.3.3. Dibulgazio-materiala sortzea (diseinua, maketazioa eta inprimatzea: flyerrak, triptikoak, kartelak, roll-upak, biniloak...): 2.150,00 euro/partida bakoitzeko.

1.1.3.4. Branding-a (diseinua: irudi korporatiboa, logotipoa, paper-gauzak, sare sozialak...): 1.900,00 euro/partida bakoitzeko.

1.1.3.5. Autobusa alokatzea dibulgazio jardunaldi, azoka, mintegi edo kongresu baterako: 380,00 euro unitate bakoitzeko.

1.1.3.6. Jardunaldien edo prestakuntza-ekintzen otordu-zerbitzua: 300,00 euro jardunaldi eta/edo prestakuntza ekintza bakoitzeko.

1.1.3.7. Aurrekoak ez diren beste ordainsari batzuk, laguntza teknikoa emateagatik proiekturako behar ziren lanei, ikerketei eta prozedurei: 45 euro/ordu.

1.2. Eskaintza desberdinak alderatzea: erreferentziako kostuak aplikatzekoak ez direnean erabiltzen da. Gutxienez hiru aurrekonturen artean hautatzean datza. Entitate eskatzaileak horiek aurkeztu beharko ditu eskaerarekin batera, baldin eta proiekturako eskatutako aurrekontu osoa 5.000 eurotik gorakoa bada.

Eskaintzak hornitzaile independenteek eginak izan beharko dira, eta obra, ondasun edo zerbitzu proiektu beraren gainean prestaturiko aurrekontu, eskaintza edo proformako fakturekin justifikatu behar dira, merkatuko preziora egokitzen dela justifikatzeko.

Zenbateko diruz lagungarria finkatzeko, ikuspuntu ekonomikotik onuragarriena den proposamenean agertzen den zenbatekoa hartuko da oinarri.

1.3. Ebaluazio batzordea: zerbitzuaren ezaugarri bereziak direla-eta ezinezkoa baldin bada xedeko lana edo hornidura egiten duten enpresa bat baino gehiago aurkitzea, eta, hortaz, eskaturiko gastuari ez bazaizkio aplikatzen erreferentziako kostuak, entitate eskatzaileak memoria bat aurkeztu beharko du eskaintza bakarra justifikatzeko. Ebaluazio batzorde batek txosten bat eginen du azaltzeko ebaluazioa nola egin den eta zein aurrekontu onartu duen: aurkeztutakoa edo ordezko beste aurrekontu bat. Batzorde hori Landa Dibertsifikaziorako Ataleko talde teknikoko hiru pertsonak osatuko dute.

1.4. Entitate eskatzailea administrazio publikoa edo parekoa denean, egin beharreko kontratazio prozeduraren konpromisoa aurkeztu beharko du laguntza eskaerarekin batera. Ondoren, gastua justifikatzeko orduan, arduradun juridikoaren ziurtagiri bat aurkeztuko da, kontratazio publikoaren araudia bete dela adierazteko, honako hauek aipatuta: aplikatutako prozedura, prozeduraren justifikazioa, argitalpenaren inguruko datuak eta, halakorik bada, kontratua formalizatzeko agiria eta behin betiko esleipena egiteko aintzat hartutako proposamenak.

Kostuen moderazioaren ondorioetarako, honako kasu hauek ezartzen dira:

1.4.1. Munta txikiko kontratuetarako, aplikatzekoa ez denean oinarri honen 2.1.1 atalean ezarritako erreferentziako kostuetako bakar bat ere, eskatuko da aurkez dadila hiru eskaintza alderatu izanaren egiaztagiria, 2.1.2 atalean adierazitakoaren arabera, edo, bidezkoa bada, ebaluazio batzordearen txostena, 2.1.3 atalean adierazitakoaren arabera.

1.4.2. Gainerako kontratazioetarako, aplikatzekoa ez denean oinarri honen 2.1.1 atalean ezarritako erreferentziako kostuetako bakar bat ere, kostuen moderazioa frogatuko da adjudikazio prozeduraren adierazpenaren bitartez, Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legeari jarraikiz. Halakoetan, aurrekontuaren ordez fede-emaile publikoak izenpetutako kontratuaren unitate kudeatzaileak egindako txosten arrazoitu bat aurkezten ahalko da, zeinean azalduko baitira ase nahi diren beharren izaera eta neurria, xedearen egokitasuna beharrak asetzeko, kontratuaren xede diren prestazioen ezaugarriak eta balio zenbatetsia, prezioa merkatuarekin bat datorren, kontrataziorako prozeduraren hautaketa eta, kasua bada, kaudimen irizpideak, adjudikazio irizpideak, eta kontratuaren xedearekin duten lotura, bai eta ondasun edo zerbitzuen hartzaile diren pertsonen beharrizan zehatzak eta haien inguruabarrak ere, eta beharrezkotzat jotzen diren beste guztiak.

3. Aurkeztutako aurrekontuek legeak eskatzen duen informazioa izan behar dute, entitate hornitzailea identifikatzen duten datuen informazio fidagarria bilduta eta, orobat, zehatz-mehatz azalduta entregatu beharreko ondasunaren ezaugarri teknikoak, lan egiteko gaitasunak, tamaina eta abar.

4. Entitate eskatzaileak aurkeztutako agiriak nahikotzat jotzen ez badira, kostuen moderazioa behar den bermearekin aplikatu ezin zaien kostuak ez dira diruz lagungarritzat joko.

5. Kostuen moderazioa aplikatu dela egiaztatzeko kontrolak laguntza esleitu aurretik eginen dira, laguntza eskaeran oinarrituta, eta, hala bada, azken ordainketa egin aurretik, entitate koordinatzaileak aurkeztutako ordainketa-eskaeran oinarrituta osatuko dira. Egiaztatze kontrolak eginen dira, orobat, entitate koordinatzaileak aldaketak egitea eskatzen duenean.

18. oinarria.–Laguntza emateko ebazpena.

1. Eskaerak baliozkotu eta ebaluatu ondoren, haien lehentasun ordena ezarriko da 13. oinarrian ezarritako hautaketa irizpideen arabera.

Ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen da, non jasoko baita entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza eskuratzeko behar diren baldintza guztiak.

2. Ordainketa bakar batean emanen dira dirulaguntzak, 2026ko ekitaldiko aurrekontuaren kargura.

3. Ebazpen proposamena ikusirik, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, entitate interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz. Horretarako, entitate koordinatzaileak lankidetza-taldeko entitate guztien adostasuna aurkeztu beharko du.

4. Ebazpenean, gutxienez, datu hauek agertuko dira: laguntza onartu zaien entitate eskatzaileen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa, proiektuak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak eta laguntza finantzatzeko funtsen jatorria. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, eta, horien artean, deialdiko aurrekontu-kreditu aski ez izatearen ondorioz ezetsitakoak.

19. oinarria.–Dirulaguntza emateko ebazpenaren ondoko aldaketak.

1. Laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean eta moduan gauzatu behar dira proiektuak, betiere laguntza eskaera egin ondoren. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabar zehatzak gertatzen direnean, aldez aurreko baimena eskatu beharko zaio Landa Dibertsifikaziorako Atalari.

2. Proiektuaren aldaketek errespetatu beharko dituzte dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta izanen dute laguntza eskaeran izandako xehetasun maila bera. Horrez gain, justifikatu egin beharko dira aldaketaren arrazoiak eta laguntzarekin onartutako baldintzak betetzeko ezintasuna. Honako hauek aldatzeko eska daiteke:

a) Proiektua gauzatzeko aldia, salbuespenez, eta, betiere, hasieran onartutako aldia bukatu eta bi hilabetera gehienez ere, salbu ezinbesteko arrazoiak tartean daudenean.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean diruz lagundutako kontzeptuak, betiere laguntzaren zenbateko osoa gainditu gabe eta 7., 10., 11. eta 12. oinarrietan ezarritako mugak errespetatuz. Entitate onuradunak behar bezala arrazoitu beharko ditu aldaketa horiek justifikazio agiriak aurkezten dituenean.

c) Lankidetza-taldea osatzen duten alderdiak, baldin parte-hartzaile batek proiektua uzten badu eta beste batek ordezten badu.

3. Aldaketa egin aurretik eskatu beharko da baimena, eta, betiere, gauzatzeko epea bukatu baino lau hilabete lehenago gutxienez.

4. Ez da inola ere baimenduko laguntzak lortzeko emaitza aldatzea ekartzen duen aldaketarik. Hasieran emandako laguntza ez da handituko.

5. Espediente bakoitzeko, ez dira bi aldaketa eskaera baino gehiago onartuko.

20. oinarria.–Ordainketa eskaera.

1. Laguntza jasotzeko, proiektua koordinatzen duen entitateak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du behar den dokumentazioarekin batera.

2. Laguntzak onartzeko ebazpenean ezarritakoa izanen da proiektu pilotua gauzatzeko proposatutako epea, eta, betiere, 2026ko urtarrilaren 1a baino lehen, ezertan galarazi gabe 19.2.a) oinarrian ezarritakoa.

3. 2026ko martxoaren 1ean bukatuko da ordainketa-eskaera aurkezteko epea, baita diruz lagundu beharreko ekintzen justifikazioa aurkeztekoa ere.

4. Ordaintzeko eskaera laguntza emateko ebazpenean ezartzen den epean aurkezten ez bada, ondorioztatuko da berariaz uko egiten zaiola emandako laguntzari, galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz bidezko diren erantzukizunak.

5. Inbertsio edo gastu bat diruz lagungarritzat jotzeko, baldintza hauek bete behar ditu: faktura edo froga gisa balio bera duen agiria izatea, sartutako kontzeptuak materialki gauzatu izana eta ordainketa, bankuko ziurtagiriaren bidez frogatua, gauzatzeko ezarritako epearen aurretik egin izana. Salbuespena 10.1, 10.3 eta 10.4 oinarrietan adierazitako gastuak dira, horietarako laguntzaren onuradun den entitateak ez baitu adierazitako kostu moten justifikaziorik aurkeztu behar.

6. Gastu hautagarriak sor ditzaketen entitate onuradunen izenean agertuko dira faktura guztiak eta ordainketa egiaztatzeko banku-agiri guztiak, eta bertan dirulaguntzaren xede diren kontzeptuak baizik ez dira jasoko.

7. Entitate onuradunek laguntza jaso ahal izateko, lankidetza-taldeko entitate guztiek eutsi beharko diete sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako konpromiso guztiei, eta proiektuan era aktiboan parte hartu, harik eta proiektu pilotua bukatu eta Landa Dibertsifikaziorako Atalean aurkeztu arte gutxienez, ezertan galarazi gabe 19.2.c) oinarrian ezarritakoa.

8. Ordainketa-eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztuko da (dokumentuak bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira):

a) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria, tramiteen katalogoan eskura dagoen eredu normalizatuaren arabera.

b) Langileen gastuez bestelako zuzeneko gastuetarako: egindako ekintzen fakturak edo froga gisa balio bera duten agiriak, eta ordaindu izanaren egiaztagiriak, hots, bankuko laburpenak.

c) Proiektuari egotzitako langileen kontratua.

d) Langileen arduradunaren ziurtagiria, proiektuari atxikitako langileen zerrenda eta proiektuan emandako orduak adierazten dituena.

e) Proiektuari atxikitako teknikarien lan agiriak, langileak eta arduradunak sinatuak.

f) Proiektuaren emaitzen transferentzia eta zabalkundea.

g) Proiektu pilotuan parte hartzen duten entitate guztiek sinatutako adierazpena, adierazteko ez direla zordunak itzulketa bidezkotzat jotzen duen ebazpen baten bidez.

Gerta daiteke entitate eskatzaileren batek baimenik ez ematea Landa Dibertsifikaziorako Atalari egiaztatzeko, Nafarroako Gobernuko edo beste administrazio publiko batzuetako unitateen bitartez, ordainketa-eskaeran adierazitako datuen artetik laguntza tramitatu eta ebazteko beharrezkoak diren horiek. Horrelakoetan, entitate horrek behar den dokumentazioa erantsi beharko du.

9. Landa Dibertsifikaziorako Atalak espedientea behar bezala tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein argibide edo dokumentazio eskatzen ahalko du, eta zuzenketa 10 eguneko gehieneko epean egin beharko da, eta hala egin ezean eskaera bertan behera utzi dela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela ohartaraziko da.

21. oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honen dirulaguntzak bateraezinak dira xede eta helburu bera duen beste edozein dirulaguntzarekin, non ez den horren deialdian espresuki eta berariaz adierazten ildo honekin bateragarria dela.

2. Laguntza hauen onuradun direnek, ordainketa eskaerarekin batera aurkeztu beharreko zinpeko aitorpenaren bidez, justifikatuko dute xede eta helburu bererako beste laguntzarik eskatu duten edo ez, Batasuneko, Espainiako eta Nafarroako araudian edo 2023-2027 NPEPEn ezarritakoaren arabera. Beste laguntzarik jaso badute, dokumentu horretan idatziko dute zein entitatek eman eta/edo ordaindu zuen dirulaguntza, baita haren zenbatekoa ere.

3. Bateragarriak badira, hartutako laguntzen zenbatekoa, bakarka edo beste batzuekin batera, ezin da inola ere izan egin beharreko ekintzaren kostua baino handiagoa.

22. oinarria.–Murrizketak eta zehapenak ordainketetan.

1. Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretuaren arabera, pertsona/entitate onuradunak eskatutako zenbatekoaren eta onargarritasuna aztertu ondoren ordaindu beharreko laguntzaren zenbatekoaren arteko diferentziek eragindako murrizketa honela aplikatuko da:

Administrazio kontrolak eta tokian bertan egin beharreko kontrolak egin ondoren, ordaintzeko eskaeran azaltzen den zenbatekoa %10 handiagoa bada onargarritasun azterketa egin ondoren ordaindu beharreko zenbatekoa baino, ordaindu beharreko dirulaguntza zenbateko onargarrira egokituko da, eta bi zenbateko horien arteko aldearen zenbatekoa duen zehapena aplikatuko da.

Murrizketa hori aplikatzearen ondorioetarako, espedientean aurkeztutako ordainketa eskaera guztien balioen batura hartuko da kontuan, eta, ordainketa eskaeran adierazten den zenbatekoa ematen den laguntzarena baino handiagoa bada, ematen den zenbatekoa hartuko da aurkeztutakotzat.

2. Ez da murrizketarik eta zehapenik aplikatuko baldin eta pertsona/entitate onuradunak frogatzen badu, unitate kudeatzaileak onartzeko moduan, bera ez dela onargarri ez den zenbatekoa sartu izanaren erantzulea, edo agintari eskuduna beste nonbaitetik jabetzen bada pertsona/entitate onuraduna ez dela horren erantzulea. Ez eta, oinarri arautzaile hauen arabera, ezinbestean gertatu direla frogatu daitekeenean ere, edo pertsona/entitate onuradunari egotzi ezin zaizkion eta gerora sortu diren arrazoien frogei buruzko justifikazioa aurkezten denean.

23. oinarria.–Ordaintzeko ebazpena.

1. Landa Dibertsifikaziorako Atalak behar diren kontrolak eginen ditu onuradunak hartutako konpromisoak bete dituen egiaztatzeko, bai, orobat, gauzatzen den proiektua onartutakoaren araberakoa den. Kontrolen emaitzak ikusirik, laguntza ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko du.

2. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena emanen du. Ebazpen horrek arrazoitua behar du izan, eta oinarriak egiaztaturik egonen dira. Laguntzaren onuradun diren entitateak jaso behar dira bertan. Administrazio egintza hori proiektua koordinatzen duen entitateari igorriko zaio, eta, bidezkoa bada, haren banku-kontuan ordainduko da laguntza.

3. Entitate koordinatzaileak proiektuko gainerako parte-hartzaileei igorriko die ordainketaren gaineko ebazpena.

4. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren funtsak jaso ondoren, proiektua koordinatzen duen entitateak behar den ordainketa egin beharko die gainerako parte-hartzaileei, banku-transferentzia bidez, gauzatu den proiektuan bakoitzak izan duen parte-hartzearen arabera.

24. oinarria.–Ez-betetzeen arrazoiak eta mailaketa.

1. Ezarritako konpromiso eta betebeharrak betetzen ez badira, laguntza doitu edo itzuli beharko da. Ez-betetzea nolakoa den, laguntza honenbeste murriztu edo itzuli beharko da:

a) Proiektua gauzatzen ez bada Europar Batasuneko, Espainiako eta tokiko araudiaren arabera: %100.

b) Proiektua gauzatzen ez bada laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean edo onartzen diren luzapenen barrenean: %100.

c) Kostuen moderazioari buruz ezarritakoa betetzen ez bada: horrek eragindako kostuei dagokien laguntzaren %100.

d) Kudeaketa agintaritzak egiten dituen kontrolak onartzen ez badira: %100.

e) Jarraipenari eta ebaluazioari buruzko datuak ematen ez bazaizkio kudeaketa agintaritzari: %25.

f) Publizitatearen gainean ezarritakoa betetzen ez bada: %25. Ez-betetze hori errepikatzen bada: %50.

g) Hautaketa-irizpideei lotutako konpromisoak ez betetzea, puntuazio berriak berekin balekar pertsona/entitate onuradun gisa baztertzea: %100.

h) Gainerako betebeharrak betetzen ez badira: %10.

2. Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Legea betetzen ez bada: Batzordearen 2019ko maiatzaren 14ko Erabakiaren 2. atalean ezarritakoaren arabera aplikatuko dira laguntzaren zuzenketa-portzentajeak. Erabaki horren bidez ezartzen eta onesten dira zenbait jarraibide, Batasunak, kudeaketa partekatuaren esparruan, finantzatutako gastuei Batzordeak aplikatu behar dizkien zuzenketa finantzarioak zehazteko, kontratazio publikoaren arloan arauak betetzen ez diren kasuetan.

3. Egiaztatzen bada pertsona/entitate onuradunak nahita egin duela gezurrezko adierazpen bat, emandako laguntza bertan behera utziko da, eta ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, neurri horretarako laguntzetatik kanpo geratuko da irregulartasuna detektatu zen urte naturalean eta hurrengo bietan, 147/2023 Errege Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, alde batera utzi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak edo adierazpen hori aurkezteko unean indarrean zeuden iruzurraren aurkako borrokaren ondoriozkoak.

4. 147/2023 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren arabera (errege dekretu horren bidez ezarri ziren Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak), ukitutako laguntzaren zatia kanpoan utziko da, baldin eta detektatzen bada pertsona/entitate onuradun batek artifizialki sortu dituela laguntza lortzeko eskatzen diren baldintzak, abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren 3. artikuluarekin bat.

25. oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Europar Batasuneko araudian xedatutakoa galarazi gabe, itzulketak, arau-hausteak eta administrazio zehapenak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriko dira.

2. Gaiaren arabera, arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko prozedura izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatzen dena.

26. oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen aplikazio eremu subjektiboko entitate onuradunak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia: https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf. Betebehar horretatik kanpo geratzen dira pertsona fisikoak, sozietate zibilak eta toki entitate publikoak.

2. Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren entitate publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontu-ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a. Aurreko urteko negozio zifra.

b. Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek eman beharko dute propio eginiko txantiloietan eskatzen den informazioa hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera.

4. Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

–Gardentasun ereduaren I. eranskina: https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion_cas_eus.pdf

–Gardentasun ereduaren II. eranskina: https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas_eus.pdf/

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, ezarritako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasun-printzipioa.

27. oinarria.–Publizitatea.

1. 9.e) oinarrian ezarritakoaz gain, oinarri arautzaile hauen esparruan ematen diren laguntzen publizitateari dagokionez, 2022/129 (EB) Erregelamenduan eta Europar Batasuneko, Espainiako eta eskualdeetako arauetan ezarritakoari jarraikiko zaio. Horretarako, entitate onuradunek Batasunaren laguntza finantzarioaren berri eman beharko dute:

–Eragiketaren exekuzioarekin lotutako informazio- eta komunikazio-jarduera guztietan.

–Onuradunaren webgune ofizialean, webgune hori baldin badago, bai eta sare sozialetako kontu ofizialetan ere.

–Laguntza publikoa 50.000 eurotik gorakoa baldin bada, azalpen-plaka bat jarri beharko da, tramiteen katalogoan ezarritako txantiloiaren araberakoa, jendeak erraz ikusteko moduan.

2. Laguntza hauen onuradunen datuak honako arau honekin bat argitaratuko dira: Nekazaritzako Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 2ko 2116/2021 (EB) Erregelamenduaren 98.1 artikulua.

3. Onuradunen datu pertsonalak erakunde nazionalek eta Europar Batasuneko erakundeek erabiltzen ahalko dituzte, baldin zerikusirik badute administrazioen kudeaketa, kontrol eta ikuskaritzako nahiz jarraipen eta ebaluazio betebeharrekin, bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 2ko 2116/2021 (EB) Erregelamenduaren 101. artikuluan ezarritakoarekin.

4. Ondorio horietarako, onuradunek honako arau hauetan ezarritako eskubideak dituzte: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzko arauak ezartzen dituena; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/1725 (EB) Erregelamendua, 2018ko urriaren 23koa, Batasuneko instituzio, organo eta organismoek datu pertsonalak tratatzeari eta datu horiek aske zirkulatzeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.

28. oinarria.–Ezinbesteko arrazoiak eta salbuespenezko inguruabarrak.

1. Konpromisoak ez dira urratutzat joko Kode Zibilaren 1105. artikuluan aurreikusitako ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen denean, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan aurreikusitako ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen denean. Agintaritza eskudunak ezinbesteko beste arrazoi batzuk eta salbuespenezko inguruabarrak ezar baditzake ere, honako hauek hartuko dira halakotzat beti:

a) Onuraduna hiltzea.

b) Onuradunak lanerako ezintasun luzea izatea.

c) Ezbehar klimatikoa, hondamendi naturala, ingurumen-hondamendia edo .gertakaria.

d) Jardueraren eraikinen eta/edo instalazioen suntsitzea, istripuz.

e) Enpresa osoa edo haren zati handi bat desjabetzea, baldin eta eskaera aurkeztu zenean ezin bazen desjabetzea aurreikusi.

2. Onuradunak edo haren eskubidedunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak, zuzenbidean onartutako bitartekoen arabera egokiak diren frogak erantsita, egitate horiek gertatu eta hurrengo hamabost egunen barruan, edo, haien izaeragatik komunikazioa modu larrian eragotzi edo zaildu bada, onuraduna edo haren ordezkaria hori egiteko moduan dagoen egunean.

Iragarkiaren kodea: F2315371