24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

451E/2022 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Corellako udal mugartean dagoen plater prestatuak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Instalazioaren titularra Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro SL da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 9.5 taldean.

Dena dela, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumentu bat biltzen dituena instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak. Badaude jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko hainbat ebazpen. Horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen-baldintzak, hurrenez hurren, denboran zehar.

Beharrezkotzat jo da eman diren jarduera sailkatuaren udal lizentzia guztiak eta haien aldaketak biltzen dituen dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen-baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuek hartu dute indarra, eta eragina dute aipatu instalazioan; esate baterako, apirilaren 8ko 7/2022 Legea, Ekonomia zirkularra bultzatzekoa eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Tarte horretan, titularrak ohar batzuk aurkeztu ditu, eta, horiei esker, ingurumen baimen integratuaren I. eta IV. eranskinen testua egokitu ahal izan da.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Corellako udal mugartean dagoen plater prestatuak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua eguneratzea. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro SL da.

Bigarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, ondoz ondoko aldietarako berritzeko aukera izanen da. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Hirugarrena.–Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan zentroak dituen inskripzio hauek mantentzea: hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P02077090012010 zenbakiarekin; eta hondakin ez-arriskutsuen sortzaile gisa, 15P03077090012017 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro, SLra eta Corellako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 23an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2300337