24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 25ekoa, Politika Ekonomikoaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez epea irekitzen baita enpresa eta entitate publikoetan "InnovaRSE" metodologiaren arabera gizarte erantzukizuna ezartzeko aholkularien akreditazioa eskatzeko.

Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiak (S4) bost lehiakortasun faktore aurreikusten ditu: ingurune lehiakorra, pertsonak eta talentua, I+G+b, enpresa garapena eta nazioartekotzea. Era berean, trantsizio ekologikoaren zeharkako lehentasunak enpresetan gizarte erantzukizuna integratzearen garrantzia nabarmentzen du.

Nafarroako Gobernua 2008. urtetik garatzen ari den kudeaketa sisteman, besteak beste, Nafarroako enpresen kudeaketan gizarte erantzukizuna ezartzeko metodologia bat aplikatzen da (InnovaRSE). Ondoren, metodologia berriak garatu dira: TAMIRSE (mikro-ETEentzat edo langile autonomoentzat), GOBERNARSE (sektore publikorako) eta IMPLICARSE (metodologia berekia, sustatzen dituena elkarrekiko konfiantzan, gardentasunean eta parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu eta lan-harreman berriak).

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak dituen eskumenen artean enpresen gizarte erantzukizuna bultzatzea eta sustatzea dago, halaxe xedatua baitago Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuaren 26.e) artikuluan.

Nafarroako Gobernua gizarte erantzukizuna sustatzen eta bultzatzen ari da, eta, horretarako, enpresentzako laguntzen deialdiak onesten ditu beren enpresa estrategietan gizarte erantzukizuna sar dezaten errazteko.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak azaroaren 22an emandako 769/2022 Ebazpenaren bidez, gizarte erantzukizuna sustatzeko 2023ko dirulaguntzen deialdia onetsi zen. Deialdi horretan aurreikusten da halako ekintzak diruztatzea hiru metodologiaren bidez: InnovaRSE, TAMIRSE eta ImplicaRSE. Metodologia horiek ezarri behar dira deialdi honetatik aterako diren bi zerrenda hauetako aholkulari akreditatuen bitartez:

–InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSErako kreditatutako aholkulariak;

–ImplicarSErako kreditatutako aholkulariak.

2023rako aurreikusitako dirulaguntzen deialdia argitaratu zenetik gaur arte, egiaztatu da ImplicaRSE metodologia ezartzeak akreditazio espezifiko eta konplexua eskatzen duela, eta oraingoz hori ezin izan da aurreikusitako denboran gauzatu. Beraz, metodologia horren akreditazio sistema diseinatzeko eta abian jartzeko denbora nahikorik ez dagoenez, ez dugu hura ezartzeko aholkulari kreditaturik izanen.

Dena dela, dirulaguntza eskatzen duten enpresek aukera izan dezaten harremanetan jartzeko InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSE metodologietan jarduketa diruz lagungarriak egiteko akreditazioa duten aholkulariekin, akreditazio epe bat irekitzen da.

Hauek dira aholkulari akreditatua izateko bete behar diren baldintzak:

–Hiru urteko esperientzia profesionala akreditatzea enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta-zerbitzuetan eta/edo aholkularitza lanetan.

–Jarduera profesionalaren zati handiena Nafarroan egitea.

–Lan Zerbitzuak emanen duen prestakuntza saiora joatea.

Akreditazioa lortu nahi duten pertsonek eskabide eredua aurkeztu beharko dute, eta bertan erantzukizunpeko adierazpen bat agertu beharko da aitortzeko hiru urteko esperientzia profesionala dutela enpresentzako eta/edo entitate publikoentzako kontsulta-zerbitzuetan eta/edo aholkularitza lanetan eta beren jarduera profesionala gehienbat Nafarroan egiten dutela. Eskaerarekin batera curriculum eguneratua aurkeztuko da.

Akreditaziorako eskabidea eta dokumentazioa hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, zerbitzu fitxa honen bidez: "Kanpo-aholkularitzako zerbitzuen akreditazioa InnovaRSE, TamiRSE eta GobernaRSErako". Fitxa hori Interneten dago eskuragai, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan (www.nafarroa.eus). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Goian aipatutako lehenengo bi baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen zerrenda prestatu ondoren, bertan agertzen direnei prestakuntza saio bat egitera deituko zaie.

Prestakuntza saioa egin eta gero, InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSE metodologiak ezartzeko akreditatutako pertsonen zerrenda argitaratuko da goian aipatutako zerbitzu fitxan.

Honako aholkulari hauek ez dute eskaera aurkeztu beharko, ezta prestakuntza saioa egin beharko ere: "Gizarte erantzukizuna sustatzeko 2022ko dirulaguntzak" tramitean, bai eta gizarte erantzukizunaren gaineko webgunean ere, 2022an akreditatutako pertsonen zerrenda osoan agertzen direnak.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 10 egun naturaleko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, enpresa eta entitate publikoetan gizarte erantzukizuna InnovaRSE, TAMIRSE eta GobernaRSE metodologien arabera ezartzeko aholkularien akreditazioa eskatzeko.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 25ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

Iragarkiaren kodea: F2301327