24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

140E/2022 EBAZPENA, abenduaren 12koa, Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dauden toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat eta hura arautuko duten oinarriak, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten, biztanleriaren finkapena eta inguruko lurralde garapena sustatzen dituzten, eta bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzen dituzten proiektuen ondoriozko inbertsioetarako. DDBN identifikazioa: 663529.

Hala ezartzen baitu bere 28. artikuluan urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren eskumena da "lurralde-garapen jasangarria lortzeko estrategiarako politika publikoak gauzatzea" eta "lurraldea ardazten duten, aurrerapena ekartzen duten, erreferente moduan jartzen duten eta haren baliabideen kudeaketa jasangarria egiten duten proiektu estrategikoak" sustatzea, laguntzea eta haien jarraipena egitea, "zeharkakotasunez eta beste departamentu eta erakunde batzuekin koordinatuz".

2017ko maiatzean eratu zen "Pirinioetako Mahaia", eskualde horretako toki erakundeek (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean jaso bezala) eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udalerriek osatua; mahai horren antolakuntzan tokia dute, halaber, inguru horietako erakunde sozialek eta herritarrek. Mahai horretatik sortu zen Pirinioetako egoerari buruzko ponentzia bat eratzeko proposamena, zeina begi onez hartu baitzuen Foru Parlamentuak.

Parlamentuko ponentziak egindako txostenak Nafarroako Pirinioetako eremuari buruzko diagnostikoaren elementu kritikoak ezartzen ditu: biztanleriaren eskasia eta sakabanaketa, zahartzea eta maskulinitatea, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen murrizketa, mugikortasun-zailtasunak, azpiegitura aurreratuen falta, egungo jarduera ekonomikoetan enplegu eta belaunaldi-aldaketa falta, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, etab. Horren aurrean, Pirinioetako lurralde garapen jasangarria eragin dezaketen aukerak dira hiria eta landa-eremua hurbiltzen dituzten bizimodu berriak, herrian bizitzeko nahia sustatu beharreko balio gisa, ondare eta ingurumen aberastasuna, jarduera sektore berriak, herritar taldeen bizitasuna, eta abar.

Parlamentuak emandako gomendioetako bat "Pirinioetako Plan Estrategikoa egin eta inplementatzea" da.

Parlamentuaren gomendio horiek aplikatuz, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak zenbait ekimen gauzatu ditu Pirinioetako Plana inplementatzeko, ekintzei nahiz antolaketari dagokienez Pirinioetako Mahaiaren jarraibideetan eta erakunde kualifikatuekiko elkarlanean oinarritu den estrategia bat erabiliz.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak Pirinioetako Planari dagozkion ekimenetan duen interes publikoaren erakusgarri, Nafarroako Lurralde Estrategiara jotzea besterik ez dago (Nafarroako Parlamentuak 2005eko uztailaren 4an onetsia). Bertan presentzia berariazkoa eta nabarmena dute Pirinioek, bai Nafarroako Lurralde Ereduaren definizioan (3.3.7. kapitulua, Pirinioak eta beste landa eta natura eremu batzuk), bai lurraldearen kultura berrirako estrategian (4.5.2. kapitulua, Pirinioak).

2016ko urtarrilaren 1ean, abian jarri zen Dirulaguntzen Datu Base Nazionala (DDBN), bat etorrita Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean xedatutakoarekin. Lege horretan xedatuta dago, hain zuzen, autonomia erkidegoek beren dirulaguntza deialdien berri eman behar diotela DDBNri.

Nafarroako Gobernuak, 2016ko urtarrilaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, jarraibideak eman zituen Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikoaren entitateek ematen dituzten dirulaguntzen eta laguntzen informazioa tratatzeko. Ezarritako sisteman, beharrezkoa da bereiztea gastua baimentzeko fasea eta dirulaguntza ematekoa, eta, orobat, ez da onartzen bi faseak batera tratatzen dituen kontabilitateko dokumenturik.

Horrenbestez, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuaren txostena ikusita, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Pirinioetako Planaren lurralde eremuan dauden toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten, biztanleriaren finkapena eta inguruko lurralde garapena sustatzen dituzten, eta bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzen dituzten proiektuen ondoriozko inbertsioetarako.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 250.000 euroko gastua baimentzea 2023ko gastuen aurrekontuan gaituko den eta 2022ko gastuen aurrekontuko "Pirinioetan bizitzeko eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak" izeneko 330000 33100 7609 921110 partidaren baliokidea izanen den partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalera, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzura eta departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatuari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 12an.–Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Rubén Goñi Urroz.

PIRINIOETAKO PLANAREN LURRALDE EREMUAN DAUDEN TOKI ERAKUNDEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, ETXEBIZITZA ETA ENPLEGUA LOTZEN DITUZTEN, BIZTANLERIAREN FINKAPENA ETA INGURUKO LURRALDE GARAPENA SUSTATZEN DITUZTEN, ETA BIZITZEKO ETA LAN EGITEKO ESPAZIOAK SORTZEN DITUZTEN PROIEKTUEN ONDORIOZKO INBERTSIOETARAKO

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Pirinioetako Planak jatorria du lurralde hartan sortu eta Nafarroako Parlamentuak babestu zuen ekimen batean, eta haren xedea da eremuari eragiten dioten zenbait elementu kritiko indargabetzea, honakoak alegia: biztanle gutxi eta sakabanatuak, populazio zahartua eta gehienbat gizonezkoek osatua, dinamika demografiko negatiboa, oinarrizko zerbitzuen gutxitzea, mugikortasunerako oztopoak, azpiegitura aurreratuen falta, egun dauden jarduera ekonomikoetan aritzeko enplegu falta eta belaunaldi berririk eza, etxebizitza lortzeko zailtasunak, etab. Plana lehenetsitako eta gaika antolatutako proposamenetan egituratzen da: turismo jasangarria, hurbileko merkataritza eta zerbitzuak; industriak, ekintzailetza berdea eta LGJ (Lurralde Garapen Jasangarria); abeltzaintza, nekazaritza eta basogintza; etxebizitza, garraioa eta azpiegiturak.

Aipatutako Plana garatzeko, ezinbestekoa da biztanleria inguru horretan finkatu ahal izateko espazioak daudela bermatzea (lurzorua, lokalak, etxebizitzak). Hala, eta oinarrizko zerbitzuen eta jarduera ekonomikoen garapena eta finkapena sustatzen duten neurrien bidez, despopulazioaren ondorioak arindu, edo, are leheneratzen ahalko dira.

Horrenbestez, deialdi honen bidez Pirinioetako lurralde eremuan dauden toki erakundeen inbertsioak babestu nahi dira, beren udalerrietako lan espazioekin lotutako espazio, lurzoru industrial, lokal, etxebizitza eraikin edo etxebizitza indibidualetan egiten dituztenak, eta, era berean, honako helburu hauetan aurreratu nahi da: kalitate handiko zerbitzu publiko eta azpiegituren sarbide unibertsala; landa erkidegoen berpizkundea; enplegu aukera berrien sorrera; landa inguruen bultzada; gizarte inklusioaren eta genero berdintasunaren sustapena; klima aldaketaren ondorioak arintzea, eta bizitza profesionalaren eta pribatuaren arteko oreka bilatzea, Pirinioetako Planaren helburuak lortzen laguntzeko.

Horretarako, etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta inguruaren lurralde garapena eta biztanleriaren finkapena sustatzen dituzten inbertsioak babestuko dira, honako ildo hauetan:

A ildoa: etxebizitza eta lana higiezin berean:

Espazioak, lurzoru industriala, lokalak, etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko bizileku iraunkor moduan eta lantoki komun moduan erabiltzeko:

A.1.–Coliving erakoa, hau da, etxebizitza osagarri eta elkartuen multzo bat, jarduera profesional bati lotutako espazio komunitarioak dituena.

A.2.–Etxebizitza indibidual erakoa, jarduera profesional bat garatzen den higiezinaren barnean kokatua.

B ildoa: etxebizitza eta lana higiezin desberdinetan.

Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, alokairu araubidean ohiko bizileku iraunkor moduan erabil ditzaten Pirinioetako Planaren lurralde eremuaren barruko beste eraikin batean bizi diren eta coworking erako lantokia (hots, elkarlanerako espazioa) partekatzen duten pertsonek.

C ildoa: etxebizitza eta zerbitzu publikoetako lana.

Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, Pirinioetako Planaren lurralde eremuan zerbitzua ematen duten sektore publikoko langileen ohiko bizileku iraunkor gisa alokatzeko (sektore publikotzat joko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan jasotzen diren erakundeak).

D ildoa: etxebizitza eta sektore pribatuko lana.

Etxebizitza eraikinak edo etxebizitza indibidualak erosi edo/eta birgaitzea, Pirinioetako Planaren lurralde eremuan lan egiten duten sektore pribatuko profesionalen ohiko bizileku iraunkor gisa alokatzeko.

Toki erakunde onuradunek horretarako sinatzen dituzten errentamendu kontratuen errentaren prezioa ez da izaten ahalko, inola ere, 2023. urterako etxebizitza babestuen errentarako ezarritako gehieneko prezioa baino handiagoa, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. oinarria.–Erakunde onuradunak.

Deialdi honetan eskaera egiten ahalko dute uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 3. artikuluan zehazten diren toki erakundeek, egoitza Pirinioetako Planaren lurralde eremuan baldin badute.

Pirinioetako Planaren lurralde eremua osatzen dute Pirinioetako Eskualdeak (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen I. eranskinean zehazten denak), eta Artzibarko eta Orotz-Beteluko udal-mugarteek, baita ondoren Pirinioetako Planean sar litezkeen guztiek ere.

3. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuraduna izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

4. oinarria.–Inbertsio finantzagarriak eta gastu diruz lagungarria.

4.1. Inbertsio guztiak bideratu behar dira etxebizitza eta enplegua lotzen dituzten eta 1. oinarrian aipatzen diren helburuak betetzen laguntzen duten ekimenetara.

4.2. Gastu diruz lagungarriak:

Dirulaguntzen bidez finantzatuko dira, bakarrik, diruz lagundutako inbertsioaren izaerarekin bat datozen eta 7. oinarrian ezarritako epean egiten diren gastuak. Zehazki, honako gastu kontzeptu hauek diruz lagunduko dira, betiere merkatuko balioetara egokitzen badira:

a) Ekintzak egiteko beharrezkoak diren obrak gauzatzeko gastuak, materialak, makineria, erakunde(eta)tik kanpoko laguntza teknikoaren ordainsariak eta obraren kartela.

b) Diruz lagundutako ekintzetan aurreikusitako erabilerak garatu ahal izateko ekipamenduak erostea.

c) Tributuak gastu diruz lagungarriak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Inola ere ez dira gastu diruz lagungarritzat joko berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

d) Ondasun higiezinak erosiz gero, erosketaren kostua, notario gastuak eta erregistratzekoak.

e) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako ekintzarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo gauzatzeko.

Honako hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Bitarteko propioekin gauzatutako jarduketen eskulan kostuak.

b) Banku kontuetako interes zordunak.

c) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

d) Prozedura judizialen gastuak.

e) Erakunde(ar)en be(ra)ren publizitatearekin edo sustapenarekin lotutako gastuak, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen ez bada.

5. oinarria.–Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Erosketak edo/eta birgaitzeak diruz lagunduko dira deialdira aurkeztutako inbertsio proiektuek lortzen duten puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Irizpide hauen arabera emanen zaie puntuazioa:

IRIZPIDEAK

GEHIENEKO PUNTUAZIOA
100 puntu

1.–Dirulaguntzaren ildoak.

40 puntu

–A ildoa: etxebizitza eta lana higiezin berean:

A.1. Coliving erakoa: 40 puntu.

A.2. Etxebizitza indibiduala, higiezinean garatzen den jarduera profesionalari lotua: 30 puntu.

–B ildoa: Etxebizitza eta lana higiezin desberdinetan, coworking eran: 30 puntu.

–C ildoa: etxebizitza eta zerbitzu publikoa: 20 puntu.

–D ildoa: etxebizitza eta sektore pribatua: 10 puntu.

2.–Proiektua.

60 puntu

2.1. Proiektuaren justifikazioa eta deskribapena.

–Inbertsioa gauzatzeko premia.

–Proiekturen deskribapena, inbertsioa erosketa edo birgaitzea izan den adieraziz.

10 puntu

2.2. Erositako edo/eta birgaitutako espazio edo etxebizitzen kopurua eta haiei lotutako lanpostuen kopurua.

–Erositako edo/eta birgaitutako espazio edo etxebizitza gehien duten proiektuak.

–Lanpostu gehien lotzen duten proiektuak.

–Erositako edo/eta birgaitutako espazioen azalera eta aurreko bi puntuekiko proportzioa.

–Tokiko ekonomiaren gaineko eragina, bai obrak gauzatzean bai ondoren: eraikuntza materialak, hornigaiak, udalerriko langileak, profesionalen erakarpena, udalerrian finkatzen laguntzea, eta abar.

10 puntu

2.3. Onuradunak.

–Etxebizitzak gazteen (16 eta 30 urte bitartean) edo/eta emakumeen ohiko bizileku iraunkor izatera bideratzeko konpromisoa.

–Etxebizitzetan bizi litezkeen familia unitateetako kideen kopurua eta etxebizitzen azalerarekiko erlazioa.

10 puntu

2.4. Memoria ekonomikoa eta aurrekontu erabilgarria:

–Kostuen taula.

–Egutegia, arlo teknikoari eta aurrekontuei dagokienez.

–Proiektuaren kudeaketa eta bideragarritasun plana.

10 puntu

2.5. Proiektuaren garapen maila:

Eskaera aurkezten den egunean proiektuak duen garapen maila, bertan aurreikusten diren faseei dagokienez; besteak beste, higiezinen eskuragarritasuna, memoria baloratua, birgaitze proiektua, aurretiazko azterlanak, hasitako obrak, proiektuaren inguruko elkarlaneko ekimenen garapen maila, eta abar.

10 puntu

2.6. Proiektuaren ingurumen, jasangarritasun eta eramangarritasun irizpideak.

–Proiektua beste udalerri batzuetara eramateko edo errepikatzeko aukerak.

–Proiektuaren jasangarritasun maila (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa).

–Energia-efizientzia.

–Bioeraikuntza.

5 puntu

2.7. Udalerriko biztanleen edo taldeen parte-hartzea.

Proiektuaren fase desberdinetan parte hartzea: beharrak hautematen, proiektuaren diseinuan, proiektuaren garapenean edo obrak gauzatzean autoeraikuntzako proiektuen bidez, azpiegituraren kudeaketan... Halaber, baloratuko dira tokiko boluntariotza ekintzak, elkarlana, belaunaldien arteko parte-hartzea, talde ezberdinen inklusioa...

5 puntu

Eskaeraren xedeko proiektu bakoitzari emanen zaion puntuazioa, guztira, aurreko irizpideak aplikatuz lortutako puntuen batura izanen da.

6. oinarria.–Deialdiaren zenbatekoa eta dirulaguntzen banaketa.

6.1. Deialdi honek, guztira, 250.000 euroko zuzkidura izanen du, 2023ko gastuen aurrekontuko "Pirinioetan bizi eta lan egiteko espazioak sortzeko dirulaguntzak" izeneko 330000 33100 7609 921110 partidaren kargura.

6.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako aurrekontuko gastu diruz lagungarrien %90 izanen da, eta gehienez 250.000 eurokoa.

6.3. Eskaerak lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera ordenatuko dira, 5. oinarriko balorazio irizpideei jarraikiz. Funtsak ordena horretan banatuko dira, aurrekontuko partida agortu arte. Erabilgarri dauden funtsak eskaera bati legokiokeen dirulaguntza guztia estaltzeko adinakoak ez badira, partidan gelditzen den diru kopurua esleituko zaio, partida agortu arte.

6.4. Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaie deialdiaren 5. oinarriko 1. atalean puntuazio handiena lortu dutenei. Berdinduta segitzen badute, lehentasuna emanen zaie 2.2 atalean puntuazio handiena lortu duten proiektuei; eta, hala eta guztiz berdinduta segitzen badute, 2.5 atalean puntuazio handiena dutenei.

6.5. Eman beharreko dirulaguntzak behin-behinekoz esleitu ondoren, esleitu gabeko soberakinik badago, soberakin horiek agortzeko, proiektuak birprogramatzeko eskatzen ahalko da, baldin eta proiekturik badago legokiokeen dirulaguntza guztia eskuratu ez duena aurrekontuan dirurik ez izateagatik.

6.6. Birprogramazio hori Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak eskatuko du, lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraikiz. Ofizioa igorriko dio erakunde eskatzaileari, eta hark proposatzen zaion birprogramazioa onartzen duen erantzun beharko du, horretarako emandako epean. Epearen barnean erantzuten ez badu, proposamena ez duela onartu ulertuko da.

6.7. Edonola ere, toki erakunde bat onuradun izan dadin, ezinbestekoa da eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren gauzatze-kostuaren %15 baino handiagoa izatea, salbu eta toki erakundeak berariaz ziurtatu eta egiaztatzen badu beste laguntza edo dirulaguntza batzuk ere jaso dituela, eta horiek, guztira, proiektuaren gauzatze-kostuaren %50 gutxienez egiten dutela.

6.8. Kreditu nahikorik ez egoteagatik dirulaguntzarik jasoko ez duten proiektuen eskaerak ezetsi eginen dira; horrek ez du galaraziko erreserban gelditzea, puntuazioaren araberako hurrenkeran. Uko egiteengatik edo bestelako inguruabarrengatik aurrekontu kreditu gehiago sortzen bada, honela banatuko da: lehenik eta behin, puntuazioaren arabera, aurrekontuan behar adina diru ez izateagatik legokiekeen dirulaguntza osoa eskuratu ez zuten proiektuen dirulaguntza osatuko da. Aukera hori agortuta, erreserban dauden proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, puntuazioaren hurrenkeran, Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez eta hartan adierazitako baldintzetan.

7. oinarria.–Gauzatze-epea.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioen gauzatze-epea 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era artekoa izanen da. Horrenbestez, 2022ko urtarrilaren 1etik sinatu diren erosketa edo/eta birgaitze konpromisoak ere sartuko dira, betiere horiek 2023ko azaroaren 15a baino lehen perfekzionatzen edo gauzatzen badira.

Gastuak epe horretan fakturatuta eta ordainduta daudenean joko da betetzat inbertsioa.

8. oinarria.–Erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko hasierako dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatzen duten toki erakundeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaera egiteko inprimakia, behar bezala betea, I. eranskinaren arabera. Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan eskuratzen ahalko da, laguntzen fitxan. Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, erakundearen ordezkariak II. eranskineko ereduaren arabera emana, honako hau adierazten duena:

1. Erakundeak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat bera ere.

2. Erakunde eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo erakunde pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

3. Erakunde eskatzaileak ez duela galdu dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, eta horretarako desgaikuntza dakarren legezko debekurik ez duela jaso.

4. Erositako edo/eta birgaitutako higiezina deialdi honetan aipatutako xedeetara bideratzeko konpromisoa, gutxienez 7 urtez. Epe hori laburragoa izaten ahalko da gerora sortutako inguruabarrak gertatzen badira. Horretarako, aurretik Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari jakinarazi behar zaio eta Nafarroako Gobernuak baimena eman behar du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.5.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Nafarroako Zerga Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztea, baldin eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari kontsulta egiteko baimenik ematen ez bazaio, I. eranskinaren arabera.

d) Toki erakundearen Idazkaritzako titularraren ziurtagiria, BEZaren gaineko aitorpenari buruzko III. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Birgaitze obra egin nahi den espazioaren, lurzoru industrialaren, lokalaren, etxebizitza eraikinaren edo etxebizitza indibidualen jabetza egiaztatzen duen agiria, edo hura erosteko konpromisoa, betiere 2022ko urtarrilaren 1aren ondotik sinatu bada eta erosketaren eskritura publikoa 2023ko azaroaren 15a baino lehen egin behar bada, edo alokairu kontratua edo beste edozein titulu, frogatzen duena dirulaguntzaren onuradun den toki erakundeak birgaitu asmo diren eraikinak gutxienez 7 urtez erabiltzen ahalko dituela dirulaguntzaren xederako.

f) Birgaitze jarduketetarako, aurreproiektua, memoria tekniko baloratua edo eraikuntza enpresaren aurrekontua, non zenbateko ekonomikoa agertuko baita, honako hauek barne, hala dagokionean: proiektuaren, segurtasun azterlanaren, obra zuzendaritzaren eta segurtasunaren koordinazioaren kostuak eta gainerako gastu diruz lagungarriak.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, Nafarroako Gobernuaren ereduaren araberakoa, baldin eta laguntza lehen aldiz eskatzen bada edo daturen bat aldatu bada.

Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo datuak administrazio horren esku daudenean, ez da eskatuko dokumentazio hori aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan xedatu bezala.

9. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

9.1. Eskaerak eta erantsitako agiriak telematikoki aurkeztuko dira, dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboari zuzenduta, Nafarroako Gobernuaren Atariko Tramiteen Katalogoko loturaren bitartez (www.nafarroa.eus), hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak erakunde interesdunaren gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

9.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, toki erakundeari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Akatsak zuzentzeko errekerimendua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako moduan eginen da, eta, horrez gain, abisu bat bidaliko da eskaera ereduan Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuarekin harremanetan egoteko lehenetsi den helbide elektronikoaren bitartez.

10. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura eta dirulaguntzaren balorazioa.

10.1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

Dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari dagokio.

10.2. Eskaerak 5. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz baloratuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak beste departamentu batzuetako pertsona batzuen laguntza izan dezake, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

10.3. Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuak ebazpen proposamena igorriko dio Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena erakunde onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

11. oinarria.–Ebazpena.

11.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

11.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean honako hauek adieraziko dira: erakunde eskatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta proiektu bakoitzerako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, kasua bada, zer eskaera ezetsi den eta zergatik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko dira, jakinarazi ondoko hilabetean, Gobernu Irekiaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntzak zer programaren eta aurrekontu-kredituren kontura ordainduko diren, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

12. oinarria.–Emandako dirulaguntzari uko egitea.

Toki erakunderen batek uko egiten badio emandako dirulaguntzari, uko egite horren ondorioz eskuragarri dagoen kreditua hurrengo proiektuari ematen ahalko zaio, 6.8 oinarrian ezarritakoaren arabera.

13. oinarria.–Aldaketak diruz lagundutako proiektuan.

13.1. Jarduketak eskaeran aurkeztutako kronograman zehaztutako denboran eta moduan gauzatu beharko dira, edo bestela, onartutako birprogramazioan ezarri bezala. Nolanahi ere, laguntza emateko orduan kontuan hartutako funtsezko baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten inguruabarrak gertatzen direnean, baimena eskatu beharko zaio organo kudeatzaileari aldaketa egin aurretik.

13.2. Baimentzen ahal diren aldaketak dira diruz laguntzen ahal diren kontzeptuei buruzkoak. Eskaeran adierazitako zehaztasun berberarekin adierazi beharko dira egin beharreko aldaketak.

13.3. Ez da beharrezkoa izanen aldez aurreko baimena eskatzea gastu diruz lagungarriak ez badira %10 baino gehiago handitzen, baldin eta beste batzuk jaitsiz konpentsatzen badira, urterako emandako laguntzaren guztirako zenbatekoa aldatu gabe.

13.4. Ez da inoiz aldaketa bat baino gehiago onartuko onuradun bakoitzeko, ezta baremazioan lortutako puntuazioa aldatzen duten horiek ere.

13.5. Aldaketa egin baino lehen baimena eskatu beharko da, Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzura eskaera-orri bat igorrita, erregistro elektronikoaren bitartez. Zerbitzu horrek, eskaera baloratu ondoren, aldaketarako baimena ematen ahalko du, aukeran eta aurrekontuko mugen arabera.

14. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzeko beharrezkoak diren frogagiriak eta epea.

Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak egin ondoren, erakunde onuradunek justifikatu beharko dituzte emandako dirulaguntza kalkulatzeko oinarri modura onartu diren gastu guztiak. Hala, 2023ko azaroaren 25ean bukatuko da inbertsioa justifikatzeko epea (egun hori barne). Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Proiektua egin dela justifikatzeko memoria, IV. eranskineko ereduaren arabera.

2. Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa, V. eranskineko ereduaren arabera.

3. Diruz lagundutako ekintzetan Nafarroako Gobernuren partaidetza agerrarazteko betebeharra betetzen dela egiaztatzen duten agiriak.

4. Egindako ekintzak frogatzeko dokumentuak edo argazkiak.

5. Beste edozein laguntza edo dirulaguntzaren berariazko adierazpena, VI. eranskineko ereduaren arabera.

6. Idazkariaren ziurtagiria, VII. eranskineko ereduaren arabera. Honako hauek jaso behar ditu:

–Toki erakundeak betetzen dituela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan aurreikusitako betebeharrak.

–Kontratistak aukeratzean, bete direla Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 6ko 6/1990 Foru Legearen aginduak.

7. Nafarroako Zerga Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiarekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, baldin eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiari kontsulta egiteko baimenik ematen ez bazaio, I. eranskineko eskaeraren arabera.

Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa eta haiek frogatzeko egindako ordainketena nahikoa ez bada, errekerimendua eginen dio erakunde eskatzaileari, beharrezko frogagiriak erants ditzan 10 egun balioduneko epean. Errekerimendu hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eginen da eta, horrez gain, ohartarazpena bidaliko da eskaera inprimakian adierazitako helbide elektronikora.

Errekerimenduari erantzun ezean, benetan justifikatutako gastuen eta ordainketen arabera eginen da ordainketa.

15. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntzaren ordainketa. Orokorrean, ordainketa bakarrean emanen da dirulaguntza, diruz laguntzen den inbertsioa egin ondoren, eta erakunde onuradunak 14. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren. Transferentzia bidez ordainduko da.

16. oinarria.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunak diren erakundeek Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak eta laguntzak jasotzen ahalko dituzte, haiek, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez badute.

17. oinarria.–Jarraipena eta kontrola.

Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzua arduratuko da proiektuen jarraipena egiteaz eta gauzatutako alderdi guztiak eta finkatutako helburuak noraino bete diren ikuskatzeaz eta ebaluatzeaz.

18. oinarria.–Betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten erakundeek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, dirulaguntzaren xedearekin loturiko honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzea, eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Higiezinen xedeari buruzko konpromisoak betetzea, bai epeari dagokionez, bai erabilerari dagokionez, bai eta sinatzen diren alokairu kontratuen errentaren gehieneko prezioa ere, 1. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Toki erakundeen ardura izanen da maizterrek baldintza horiek betetzen dituztela zaintzea eta hori Nafarroako Gobernuaren aurrean justifikatzea.

c) Dirulaguntzaren xede den edozein ekintza dela-eta sortzen den edozein gorabeheraren berri ematea Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, eta aurkeztutako ekintzen kudeaketa nahiz garapena aldatzeko baimena eskatzea idatziz, bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortzea barne.

d) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako inbertsioa egin dela, eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

e) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol teknikoa egiten uztea instrukzio organoari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaien informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, erakunde onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren edozein komunikabideren bidez egiten diren proiektuaren publizitate eta zabalkunde ekintzetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta testu hau agertu beharko dira: "Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen du". Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan jasotako ezaugarri teknikoak bete beharko dira.

i) Erakunde onuradunak dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badu, ahalik eta lasterren jakinarazi beharko dio Proiektu Estrategikoen Plangintza eta Garapenerako Zerbitzuari, uko egindako zenbatekoa aurrekontuan krediturik ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu ziren proiektuei esleitu dakien, lortutako balorazioaren araberako hurrenkeran, edo, halako proiekturik ez badago, onuradun atera diren proiektuen artean hainbanatu dadin.

j) Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek, baldin eta gardentasun betebeharra konplitu behar badute Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. artikulua aplikatu beharrez, 11. artikuluan ezarritako gardentasun betebeharrak konplitu beharko dituzte, foru lege horren 22. artikuluan araututako publizitate aktiboari dagokionez.

k) Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

l) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan ezarritako baldintzetan jasotzen diren zabalkunderako neurriak hartzea.

m) Debekatuta dago etxebizitza alokairu turistikorako edo biztanleria finkatzeko helbururik ez dute beste erabilera batzuetarako erabiltzea, eta baita etxebizitzaren azpierrentamendua ere.

19. oinarria.–Dirulaguntzak itzultzea.

19.1. Dirulaguntza emateko ebazpena baliorik gabe uzteko zioek (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 34. artikuluan bildutakoak) eta foru lege horren 35. artikuluan aipatzen diren kasuek ekarriko dute jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, itzuli behar izatea, baita berandutze-interesak pagatzeko eskatzea ere, dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli behar dela erabaki bitartean sortutakoak. Kasu horietan, itzulketa tramitatuko da toki erakundearen banaketa kontuan, dagokion espedientea instruitu ondoren.

19.2. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, diruz lagundutako jarduketa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo oinarri arautzaile hauetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze interesak ordaintzeko eskatzea. Itzulketa eskatzeko prozedura aipatu artikuluan xedatutakoaren araberakoa izanen da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak. Jardueraren benetako gastuaren %70 edo gehiago gauzatu denean, betebeharrak ia osorik bete direla iritziko zaio.

20. oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

21. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluarekin eta hurrengoekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.

22. oinarria.–Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari eta aplikagarria den gainerako araudiari jarraituko zaio.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

I. eranskina.–Eskaerak aurkezteko inprimakia.

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko.

III. eranskina.–Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria, BEZaren aitorpenari buruzkoa.

IV. eranskina.–Proiektuaren bukaerako memoria.

V. eranskina.–Justifikazioko kontua.

VI. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuen aitorpena.

VII. eranskina.–Toki erakundeko idazkariaren ziurtagiria.

Deskargatu I. eranskinetik VII.era bitartekoak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2216974