24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

477E/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien 2023. urtean Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna bultzatu eta sustatzeko proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. DDBN identifikazioa: 668670.

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eskumenen artean dago LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialerako politikak koordinatzea eta kudeatzea, haren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuarekin bat.

LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen xedea da oinarriak, bitartekoak eta neurriak ezartzea eta arautzea LGTBI+ pertsonen egiazko berdintasun eraginkorra eta eskubideak osoki bermatzeko, eta, horretarako, sexu-joera, genero-adierazpena edota sexu- edo genero-identitatea direla-eta izan daitekeen diskriminazio oro prebenitzea, zuzentzea eta deuseztatzea, Nafarroako Gobernuak eta toki erakundeek eskumena duten esparru publikoetan eta pribatuetan.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez, eta LGTBI+ pertsonen herritartasun osoaren garapena lagundu eta bultzatzeko legezko agindua betetzeko, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu LGTBI+ pertsonen elkarteen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloko gizarte ekintzako proiektuetarako. 2023an zehar Nafarroako Foru Komunitatean garatuko diren proiektuak dira, genero-ikuspegia dutenak eta berdintasuna bultzatzera eta sustatzera bideratuak daudenak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat eta haren oinarri arautzaileak onestea, dirulaguntzak emateko 2023. urtean LGTBI+ pertsonen gizarte berdintasunerako proiektuak egiten dituzten elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei. Ebazpen honen eranskinean biltzen dira oinarri arautzaileak.

2. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 39.000 euroko gastua erreserbatzea eta baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuetan honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura: "Entitateentzako dirulaguntzak, sexu- eta genero-aniztasunarekin lotutako proiektuetarako" izeneko 2022ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretako 080001 08300 4819 232206 partida. Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.

Salbuespen gisa, 20.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin beharrik gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

3. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko abenduaren 30ean.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak dirulaguntzak eman diezazkien Nafarroako Foru Komunitatean, LGTBI+ pertsonen eskubideen berdintasuna lortze aldera, proiektuak garatzen dituzten LGTBI+ elkarteei edo irabazi-asmorik gabeko entitateei, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat eta kredituek zehaztutako mugen barnean.

Dirulaguntza hauen helburua da sexu-eta genero-aniztasunarekiko errespetua eta berdintasuna sustatzen duten proiektuak bultzatzea eta, horrela, pertsona guztien giza eskubideak bermatzen laguntzea, bereizkeriarik gabe.

2. oinarria. Onuradunak.

Hona hemen deialdi honetan parte hartzen ahalko dutenak, betiere, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte: LGTBI+ elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak, baldin eta haien estatutuetan berariazko helburu gisa sartua badago bizitza sozial, ekonomiko, kultural edo laboralaren edozein esparrutan LGTBI+ pertsonen berdintasuna sustatzea edo defendatzea, edo Nafarroako Foru Komunitatean LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzera bideratutako proiektuak garatzen badituzte.

3. oinarria. Betebeharrak.

Dirulaguntza hauen onuradun izateko, elkarteek edo irabazi-asmorik gabeko entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte eskaera aurkeztean, eta baldintzak mantendu beharko dituzte diruz lagundutako jarduera egiten den aldian eta jarduera justifikatu arte:

3.1. Indarra duen legeriarekin bat eratuak egotea, nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuak egotea, inskripzio hori bakarrik publizitate ondorioetarako eskatuta ere.

3.2. Irabazi-asmorik ez edukitzea.

3.3. Nafarroako Foru Komunitatean jardutea.

3.4. Haien estatutuetan xede gisa agertzea LGTBI+ pertsonen egoera hobetzeko konpromisoa eta kolektibo horren berdintasunerantz aurrera egiten jarraitzekoa, bizitza sozial, ekonomiko, kultural, laboral edo politikoaren edozein esparrutan.

3.5. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeraren batean ez egotea.

4. oinarria. Gauzatzeko epea eta proiektu nahiz ekintza diruz lagungarriak.

4.1. Dirulaguntzaren xedeko proiektuak gauzatzeko epea 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra artekoa izanen da. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

4.2. Diruz lagunduko dira aurreko puntuan adierazitako epean gauzatzen diren proiektuak, barnean dituztenak bizitza sozial, ekonomiko, kultural eta laboralaren eremuetan, besteak beste, LGTBI+ pertsonen aukera berdintasuna –genero ikuspegiarekin ulertua–, parte-hartzea eta presentzia sustatzera bideratutako jarduerak, gizartean pertsona horien garapen pertsonal eta sozial osoa lortzeko helburuarekin.

4.3. Helburu hauek betetzeko jarduketa bat edo batzuk izanen dituzte proiektuek:

a) LGTBI+ pertsonen pertzepzio sozialari modu negatiboan eragiten dioten estereotipoak eta aurreiritziak gainditzen laguntzea.

b) LGTBI+ pertsonen eskubideei buruz informatzea eta sentsibilizatzea, eta kolektibo horrekiko errespetuzko jarrerak eta diskriminaziorik eza sustatzea.

c) LGTBI+ pertsonen artean berdintasunezko harremanak sustatzea.

d) LGTBI+ pertsonen eskubideekin eta aldarrikapenekin lotutako garrantzi bereziko datak ikusgarri egitea.

e) Sareko lanaren alde egitea, jarduteko estrategiak, esperientziak eta esku hartzeko moduak partekatzeko asmoz, eta LGTBI+ pertsonei lotutako egoera bereizgarriak gehiago ezagutzen laguntzeko.

f) Historian zehar eta gizartearen esparru guztietan LGTBI+ pertsonek egindako ekarpenak ikusgarri egitea.

g) Diskriminazio anizkoitzen gainean jardutea, zeinak sortzen baitira beste aldagai batzuekiko intersekzionalitatetik (hala nola adina, dibertsitate funtzionala, egoera administratiboa...).

h) LGTBI+ pertsonen parte-hartzea sustatzea, bereziki emakumeena, erabakiak hartzeko guneetan.

4.4. Elkarte edo entitate bakoitzak proiektu bakar baterako dirulaguntza eskuratzen ahalko du.

4.5. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntzak soilik erabiliko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat egiten duten gastuak finantzatzeko, oinarriotan ezarritako epean eginak. Zehazki, hurrengo gastu kontzeptuek jasoko dute dirulaguntza, merkatu balioa gainditu gabe.

4.5.1. Zuzeneko gastuak:

a) Laguntza teknikoa (enpresak kontratatzea, profesionalen eta hizlarien ordainsariak, joan-etorriak, dietak eta ostatu-hartzea).

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, frogatu beharko da laguntza teknikoa eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Alderdi horiek onuradunaren txosten baten bidez frogatuko dira (10. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria).

b) Diruz lagundutako jardueren publizitate edo zabalkunde gastuak.

c) Materialak argitaratzeko gastuak. Dena den, soilik programaren xedea lortzeko ezinbestekoa den material inprimatuak jasoko du dirulaguntza, betiere NABIk baimendu ondoren.

Egutegiak argitaratzeko eta inprimatzeko dirulaguntza eskatzen bada, soilik 2024koek jasoko dute dirulaguntza.

d) Jarduera egiteko erabiltzen diren lokalen edo ekipamenduen alokairu gastua edo material suntsikorrarena. Gastu hori ez da izanen emandako dirulaguntzaren %50 baino handiagoa.

e) Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean soilik, beren kabuz balia ezin daitezkeen pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar). Gastu hori ez da izanen emandako dirulaguntzaren %10 baino handiagoa.

f) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak eta antzekoak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta ezinbestekoak badira hura ongi prestatu edo egiteko.

g) Aisialdiko edo jostetako jarduerak, betiere horietan sexu- eta genero-aniztasuna lantzen bada. Gastu hori ez da izanen emandako dirulaguntzaren %30 baino handiagoa.

4.5.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Emandako dirulaguntzaren edo, hori baino txikiagoa bada, justifikatutako gastu guztiaren %10 erabil daiteke objektiboki, gehienez, zeharkako gastu hauetarako: kudeaketa administratiboa, entitatearen lokalaren alokairua, argia, ura eta telefonoa; baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera gauzatzen den epean egin badira. Halaber, zeharkako gastutzat joko dira proiektuetan aritzen diren elkarte edo entitateko langileen gastuak, baldin eta frogatzen bada diruz lagundutako proiektuan jardun dutela, haien dedikazio araubidea eta dirulaguntza honi aplikatu zaion ehunekoa zehaztuta.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren proiektuak, jarduerak eta gastuak:

4.6.1. Proiektu eta jarduera hauek deialdiaren esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinuan, abian jartzean eta ebaluazioan genero-ikuspegia txertatzen ez duten proiektuak.

b) Ikasleekin ikasgelan egindako proiektuak edo jarduerak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentutik gauzatzen ari den Hezkidetza Planean ezarritakoarekin bat.

c) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren programa eta jarduera berekiak.

d) Diruz lagundutako entitatearen edo elkartearen langileen nominak, 4.5.2 atalean ezarritakoa salbu.

4.6.2. Ezin izanen dira deialdi honetan sartu honako gastu hauek:

a) Banku kontuetako interes zordunak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratiboak eta penalak.

c) Prozedura judizialen gastuak.

d) Aperitibo, bazkari, arratsaldeko eta antzekoen gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Entitatearen edo elkartearen publizitateari edo sustapenari lotutako gastuak.

g) Jardueretan parte hartu dutenentzako esker-sariak edo opariak, edonolakoak.

h) Ordenagailuak, tabletak, inprimagailuak, gailu mugikorrak, telefonoak, USBak eta beste gailu digital batzuk erosteak dakartzan gastuak.

i) Jarduerak grabatzeko gastuak.

5. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Deialdi honetarako, 39.000 euro bideratu dira guztira.

5.2. 10.000 euroko dirulaguntza eman daiteke gehienez, proiektuaren kostua handiagoa bada ere. Eskatzen den zenbatekoa 10.000 eurokoa edo txikiagoa izanen da.

5.3. Dirulaguntzaren zenbatekoa ehuneko hauen arabera kalkulatuko da, betiere proiektuak gutxienez 50 puntuko balorazioa lortu badu:

–81-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %100.

–61-80 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %80.

–50-60 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %60.

5.4. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten elkarte edo entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntza hauen fitxan dauden ereduak erabiliz:

a) 3. eranskina. Eskaera eredua Helbide elektroniko bat adierazi beharko da, Administrazioarekiko harremanetarako lehenetsitako bide gisa.

b) 4. eranskina. Proiektua. Balorazioaren xede diren atalak zehaztu eta deskribatuko dira, oinarri hauen 2. eranskinean adierazitako irizpideekin bat, bakoitzari dagokion puntuazioa eman ahal izateko.

c) 5. eranskina. Erantzukizunpeko adierazpena, onuraduna izan daitekeela dioena, elkartearen edo entitatearen ordezkariak egina; bertan honako hau baieztatu edo adierazi behar da:

–Elkarte edo entitateak ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik.

–Elkarte edo entitate eskatzaileak ez duela galdu, zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, eta horretarako desgaikuntza ekartzen duen legezko debekurik ez duela jaso.

–Entitateak baimena ematen diola Nafarroako Berdintasunerako Institutuari egiaztatzeko elkarteak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak egunean dauzkala zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

–Elkarte edo entitate eskatzaileak beste edozein administrazio publikoren edo entitate pribatu baten laguntzak edo dirulaguntzak jaso edota eskatu dituen edo ez, xede eta helburu bererako, emanak nahiz ebatzi gabe egon.

d) 6. eranskina. Funtsak aurreratzeko eskaera (hala badagokio).

e) 7. eranskina. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, 10.3 oinarrian xedatutakoaren arabera.

f) Nortasuna egiaztatzen duten agiriak, estatutuak (horietan jasoko da elkarteak edo entitateak duen konpromisoa LGTBI+ pertsonen berdintasuna lortzeko proiektuak egiteko), eta dagokion erregistroko inskripzioa. Soilik aurkeztu behar da Nafarroako Gobernuari dirulaguntzak eskatzen zaizkion lehenbiziko aldia bada, edo dokumentazio hori aldatu bada.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera. Soilik aurkeztu behar da Nafarroako Gobernuari dirulaguntzak eskatzen zaizkion lehenbiziko aldia bada, edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla edo agiriak haren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Azken kasu horretan, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren agiriak.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

7.1. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), "Tramitatu" aukeratuz. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat (GEH) adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

7.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo akatsak baditu, elkarteari edo entitateari eskatuko zaio 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzala; halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera ezetsi, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekiko harremanetarako lehentasunezko bide gisa eskaeran adierazitako helbide elektronikoaren bidez eskatuko da akatsak zuzentzeko.

Proiektua deskribatzeko dokumentazioa (4. eranskina. Proiektua) ezin izanen da inola ere zuzendu. Halere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra, diruz lagundutako proiektu guztiei dagokiena proportzionalki murriztuta.

8.2. Eskaerak 2. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraikiz ebaluatuko dira, eta, horretarako, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko edo beste departamentu batzuetako teknikarien laguntza izaten ahal du, eta egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Gutxienez ere 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ezetsi eginen dira.

Proiektuak diruz lagundu ezin diren ekintzak baditu, soilik diruz lagungarriak direnak hartuko dira kontuan.

8.4. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio, adierazten duena entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko beharkizun guztiak betetzen dituztela.

9. oinarria. Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barnean egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematikoki eginen dira, onuradunek beren eskaeran adierazi duten gaitutako helbide elektronikoaren (GEH) bidez.

10. oinarria. Ebazpena.

10.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko azken egunetik 3 hilabeteko epean gehienez ere. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

10.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean, agertuko dira entitate onuradunen zerrenda, diruz lagunduriko proiektuak, proiektu bakoitzari emaniko dirulaguntzaren zenbatekoa, justifikatu beharreko zenbatekoa (NABIk onartu dituen proiektuaren aurrekontuko gastuekin bat etorriko beharko du), eta, kasua bada, ezetsitako gainerako eskaerak, arrazoia zehazturik.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak, jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, haiek jakinarazi ondoko hilabetean, Nafarroako Gobernuaren atarian eta web-orrian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntzak zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaizkion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10.3. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek gardentasun betebeharra dute, hain zuzen ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarrita dagoena, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetean Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Dirulaguntzen onuradun diren entitate guztiek aipatu foru legearen 12.4 artikuluan zerrendatutako informazioa eman beharko dute, dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, entitatearen ordezkariak sinatuta eta laguntzen fitxan eskuragarri dagoen 7. eranskinaren arabera (Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena).

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

11. oinarria. Gorabeherak proiektuak gauzatzean.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

Dena den, dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkezturiko eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, eta dirulaguntza ematea efizientea bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, ematen ahal den dirulaguntzaren arabera egokitu daitezen konpromiso eta baldintzak, betiere, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak eta gainerako eskaeren aldean ezarritako balorazio irizpideak errespetatuta. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako baterako finantzaketen batura baino (eskaeran ageri den baterako finantzaketaren portzentaje bera mantenduko da).

12. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

12.1. Oro har, dirulaguntza ordainduko da haren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondotik.

Hala ere, gizarte ekintzako programak direnez, dirulaguntza emateko ebazpenean erabakiko da dirulaguntzaren aurrerakina eskatu duten entitateei emandakoaren %100 aldez aurretik ordaintzea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, baldin eta justifikatzen bada funtsen hornidura beharrezkoa dela dirulaguntzaren xedeak betetzeko.

Funtsen hornidura beharrezkoa dela justifikatzeko, entitateak, funtsak aurreratzeko eskaerarekin batera (6. eranskina), txosten bat aurkeztu beharko du, frogatzen duena ez duela nahikoa baliabiderik diruz lagundutako jardueraren gauzatzea aldi batez finantzatzeko.

Edozein ordainketa egin baino lehen, gardentasun betebeharrak bete beharko dira.

12.2. Dirulaguntzaren xedeko jarduketak egin ondoren, entitate onuradunek diruz lagundutako proiektu guztia justifikatu beharko du. Horretarako, 2023ko urriaren 31n beranduenez, agiri hauek aurkeztu beharko ditu, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko laguntza hauen fitxan dauden ereduak erabiliz:

a) 8. eranskina. Memoriaren eredua.

b) 9. eranskina. Gastuen eredua (Excela). Gastuen frogagirien eta egindako ordainketen zerrenda.

Adierazi beharko dira diruz lagundutako jarduerak eta haien kostua, jarduerak gauzatzeko egin diren gastu guztiak zehaztuta, eta horiek bat etorri behar dute aurkeztutako fakturekin.

Jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, baita horiek benetan ordaindu direla frogatzen duten agiriak ere. Frogatzeko balio bera duten beste agiri batzuk eta faktura elektronikoak onartuko dira, baldin eta betetzen badituzte zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak.

c) 10. eranskina. Enpresaren hautapenaren ziurtagiria: Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, entitateak frogatu beharko du efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz hautatu dela enpresa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

d) Egindako jarduerak eta horiek egitetik edo zabalkundetik etorritako produktu oro frogatzeko agiriak. Horietan, agerian gelditu behar da bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra. Baldintza hori betetzeko, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta proiektuarekin lotuta sortzen den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu behar da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak zati batean aldatu zuen) xedatutakoari jarraituz.

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsi beharko da, "Subvenciona / Diruz laguntzen du" testuarekin batera. Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, tramiteen webgunean, eskuragarri izanen dira Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta zabalkunde lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, agertu beharko dira jarduerei buruzko dokumentu guztietan, publizitatean, hedabideetan eta honelako objektuetan: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza materialak, eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko bitartekoetan, webgunean eta jartzeko aukera ematen duten bitarteko guztietan.

12.3. Instrukzio organoak uste badu zuzentzeko moduko akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, eskaera egin duen elkarte edo entitateari errekerimendua eginen dio horiek zuzendu ditzan, bost egun balioduneko epean.

12.4. Diruz lagundutako proiektuaren behin betiko kostu osoa txikiagoa bada dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartutakoa baino, 10. klausulan xedaturiko kasuetan izan ezik, edo gastuen frogagirien eta ordainketen ziurtagirien bidez justifikatutako zenbatekoa txikiagoa bada justifikatu beharreko zenbatekoa baino, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, proiektua baloratzean ezarritako ehuneko bera aplikatuz.

12.5. Egindako gastutzat joko da, oro har, justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena. Aurrekoa gorabehera, ez da eskatuko finantza gastuak, zerga gastuak eta Gizarte Segurantzarekikoak benetan ordainduak izatea, borondatezko likidazio aldia irekita ez egoteagatik ordaindu ezin badira.

13. oinarria. Bateragarritasuna.

13.1. Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek zilegi izanen dute jasotzea Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk edo nazioarteko erakundeek helburu edo xede bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak eta sarrerak, baldin eta, guztira, proiektu bakoitzaren inbertsio edo gastuaren %100 gainditzen ez bada.

13.2. Aurrekoa gorabehera, dirulaguntzen deialdi hau bateraezina da dirulaguntza eskatu den proiektu edo jarduera bererako jasotako diru-sarrerekin, laguntzekin edo dirulaguntzekin, horiek jaso badira Nafarroako Gobernuarekin edo Nafarroako bestelako administrazio publiko batekin lankidetza hitzarmen bat edo kontratu bat sinatua izateagatik.

14. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten elkarte eta entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain:

a) Diruz lagundutako proiektua adierazitako epeetan gauzatzea eta deialdiaren helburua betetzea.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketak egiteko; izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

c) Frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, diruz lagundutako proiektua egin dela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den helburua bete dela.

d) Emandako dirulaguntzei buruz, egiaztatze lana eta kontrol tekniko eta ekonomikoa egiten uztea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, baita horretarako eskumena duen edozein organori ere; jarduketa horietan eskatzen zaion informazio eta dokumentazio guztia aurkeztu beharko du.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideak. Jakinarazpen horretan, lortutako zenbatekoa eta diruz lagundutako jardueren kontzeptu zehatza eta datak adierazi beharko dira. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

f) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

g) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.

h) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzaren berri ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere.

i) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, irudi diskriminatzaile oro eta estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzunkidetasunari eta genero-rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

j) Betetzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

15. oinarria. Inbertitu gabeko gerakinak.

15.1. Dirulaguntzaren helburuak bete ondoren, inbertitu gabeko gerakinik badago baliabideak efizientziaz erabili direlako (barnean harturik diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza etekinak), onuradunek baimena eskatzen ahalko diote Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari, gerakinak erabiltzeko izaera bereko edo antzeko beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile hauen arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta elkarte edo entitate onuraduna gauzatzen ari den jardueretan.

15.2. Inbertitu gabeko gerakinak erabiltzea baimentzeko eskaeran, abiatutako edo, hala bada, bukatutako proiektuaren helburuen zabalpena eta dagokion aurrekontua zehaztuko dira.

15.3. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak proposamena egin ondoren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du eta, horren bidez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da (zein dirulaguntzari aplikatuko zaion gerakina, hari dagokiona), edo azaldutako gerakinak itzuli behar direla erabakiko da.

16. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

16.1. Onuradunak ez baditu betetzen deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

16.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere deialdiaren 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–Ez badira gauzatzen edo betetzen aurkezturiko proiektu orokorreko jarduera bat edo batzuk, osorik itzuli beharko da jarduera horiei dagokien eta justifikatu gabe dagoen aurrerakina.

17. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

18. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

19. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

Proiektuari lotutako irizpideak (80 puntu bitarte):

IRIZPIDEAK

NEURTU BEHARREKO
ALDERDIAK

APLIKAZIOA

Kalitatea

(75 puntu)

Koherentzia.

(Gehienez ere 31 puntu)

–Jorratu nahi diren beharren deskribapena: 5 puntu bitarte.

–Helburu orokorra zehaztea (deialdiaren helburuekin lotuz): 5 puntu bitarte.

–Ekintzak deskribatzea, berariazko helburuekin eta hartzaileekin lotuz: 5 puntu bitarte.

–Egutegia: 3 puntu.

–Hartzaileak: 2 puntu.

–Ebaluaziorako adierazle neurgarriak: 6 puntu bitarte.

–Proiektuan baliabide propioak erabiltzea: 5 puntu bitarte.

Sexu- eta genero-aniztasuna txertatzea.

(Gehienez ere 16 puntu)

–Hizkuntza ez-sexista erabiltzea: 5 puntu bitarte.

–Analisian sexuaren arabera bereizitako datuak (emakumea, gizona edo beste batzuk) eta datuen ebaluaziorako adierazleak: 6 puntu bitarte.

–LGTBI+ pertsonen egoera aintzat hartzea abiapuntuko analisian: 5 puntu bitarte.

Proiektuan aniztasuna eta diskriminazio anizkoitza kontuan hartzeko aurreikusitako neurriak, ikuspegi intersekzionaletik.

(Gehienez ere 5 puntu)

–Programazioan irisgarritasuna aintzat hartzea (entzumen, gorputz, zentzumen... desgaitasuna dutenentzako irisgarritasuna): 2,5 puntu bitarte.

–Berariazko ekintzak ikuspegi intersekzionalarekin jorratzeko beste diskriminazio-ardatz batzuk (jatorri etniko edo soziala, adina, desgaitasuna...): 2,5 puntu bitarte.

Beste elkarte edo kolektibo batzuekin lankidetzan aritzea, proiektua prestatu eta gauzatzeko.

(Gehienez ere 5 puntu)

–Bi baino gehiagorekin: 5 puntu.

–Birekin: 4 puntu.

–Batekin: 3 puntu.

Espero den inpaktua/emaitza.

(Gehienez ere 3 puntu)

–Herri bat baino gehiago (eraginpeko eremua): 3 puntu bitarte.

–Herri bat: 1 puntu.

Elkartean 30 urtetik beheitikoen parte-hartzea sustatzea.

(Gehienez ere 5 puntu)

–Haien parte-hartzea sustatzeko ekintza berariazkoak programatzea: 2,5 puntu bitarte.

–Elkarteko gazteei buruzko adierazpena: 2,5 puntu.

Elkartean 60 urtetik beheitikoen parte-hartzea sustatzea.

(Gehienez ere 5 puntu)

–Haien parte-hartzea sustatzeko ekintza berariazkoak programatzea: 2,5 puntu bitarte.

–Elkarteko 60 urtetik goitikoei buruzko adierazpena: 2,5 puntu.

Elkartean LBT emakumeen parte-hartzea sustatzea.

(Gehienez ere 5 puntu)

–Haien parte-hartzea sustatzeko ekintza berariazkoak programatzea: 5 puntu bitarte.

Berrikuntza

(5 puntu)

Metodologiaren berrikuntza eta originaltasuna.

(Gehienez ere 5 puntu)

–Proiektuaren alderdi berritzaileak (helburuei, publiko hartzaileari, jarduerei, metodologiari... dagokienez): 2 puntu bitarte.

–Sare sozialetan agertzea: 3 puntu bitarte.

PROIEKTUA, GUZTIRA: 80 puntu

Elkarte/entitate eskatzaileari lotutako irizpideak (20 puntu bitarte):

IRIZPIDEAK

NEURTU BEHARREKO ALDERDIAK

APLIKAZIOA

Esperientzia

(5 puntu)

LGTBI+ pertsonen berdintasunaren arloan gauzatutako proiektuak. Egindako 2 lan deskribatzea.

(Gehienez ere 5 puntu)

Kalitatea, irismena, berdintasuna lortzeko ekarpena: 5 puntu bitarte.

LGTBI+ pertsonen elkarteak soilik

(10 puntu)

LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa.

(10 puntu)

LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsa izatea helburu bakarra: 10 puntu.

Kokapen geografikoa

(5 puntu)

Dirulaguntzaren xedeko proiektua non gauzatzen den. (Gehienez ere 5 puntu)

–Iruñerria: 3 puntu.

–Nafarroako gainerako eremuak: 5 puntu.

ENTITATEA, GUZTIRA: 20 puntu

DEIALDIAREN FITXA. FITXA HORRETAN ESKURAGARRI DAUDE OINARRI HAUETAN AIPATUTAKO ERANSKINAK, ETA BERTATIK TRAMITATZEN AHAL DA DIRULAGUNTZAREN ESKAERA ETA, ONDOREN, JUSTIFIKAZIOA

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/lgtbi-pertsonen-gizarte-berdintasuna-nafarroan-sustatzeko-proiektuak-garatzeko-2023ko-diru-laguntza

Iragarkiaren kodea: F2300314