24. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

474E/2022 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egin daitezen 2023an. DDBN identifikazioa: 668756.

Nafarroako Berdintasunerako Institutua (hemendik aurrera, NABI) erakunde autonomo bat da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari atxikita dagoena eta araututa dagoena Nafarroako Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren bidez. Haren eskumenak garatzeko, foru dekretuaren 3. artikuluak eginkizun hauek esleitzen dizkio, besteak beste: LGTBI+ pertsonak ez direla diskriminatzen bermatzeko, proposamenak eta gomendioak egitea politika publikoetarako, LGTBI+ arloko prestakuntzarako eta jarduketetarako; bultzatzea LGTBI+ pertsonen eskubideak txerta daitezela politika publiko sektorialen formulazioan, abiaraztean, jarraipenean eta ebaluazioan; eta bermatzea ongi aplikatzen eta benetan betetzen direla Nafarroako Gobernuak onetsitako jarraibideak, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko Ekintza Planari dagokionez.

Nafarroako LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Legearen 3. artikuluak aplikazio-esparrua eta betetze bermea jorratzen ditu. Zehatzago, 3.2 artikuluan, honako hau dio: "Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako toki entitateek eta haien mendeko edo haiekin lotuta dagoen edozein entitatek, zuzenbide publiko zein pribatukoak izan, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, foru legea betetzen dela bermatuko dute, eta eraginkorra izan dadin behar diren baldintzak sustatuko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan. Ildo horretatik, sexu-joerari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-identitateari buruzko ekintza positiboak lagunduko dituzte, eta, halaber, Erkidegoko LGTBI+ asoziazionismoari eta dituen proiektuei sostengua emanen diete."

Nafarroako Foru Komunitateko LGTBI+ pertsonek berdintasun soziala lortze aldera, LGTBI+ arloan eskudun den erakundeak laguntza eta aholkularitza emanen die Nafarroako toki entitateei LGTBI+ arloko politika lokalak sustatu eta bultzatu ditzaten, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea garatzeko 2019-2022 Ekintza Planean bildu diren alderdiei dagokienez.

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatu dadin, NABIk uste du bidezkoa dela dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat 2023. urterako, LGTBI+ arloaren sustapenaren eta babesaren proiektuak egiteko. NABIk badaki zeinen garrantzitsuak diren Nafarroako toki entitateentzako laguntzak LGTBI+ pertsonen eskubideak errazago erabil daitezen eta LGTBI+ pertsonek tokian tokiko gizartean parte har dezaten. Horregatik, babesten du LGTBI+ arloko plan eta diagnostiko lokalak egitea, LGTBI+ arloko azterlan sektorialak egitea eta jardueren programa berariazkoak diseinatzea alor horretan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira haien printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

NABIk jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, Nafarroako toki entitateei norgehiagokako araubidearen bitartez emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia tramitatzea.

Deialdi honek helburu du toki entitateei laguntzea gastu hauek finantzatuz: LGTBI+ arloko diagnostikoak, azterketak, planak eta jardueren programak egitearen ondoriozkoak, LGTBI+ pertsonen eskubideen berdintasun erreala sustatzen eta bultzatzen badituzte Nafarroan, eta arlo horretan herritar guztientzat 2023an ikusgaitasunean eta sentsibilizazioan egiten den lana.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 51. artikuluak eta NABI erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 260/2019 Foru Dekretuaren 12.h) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren dirulaguntzen deialdi bat onestea Nafarroako toki entitateentzat, LGTBI+ arloko sustapen eta babes proiektuak egiteko 2023an.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko gastua erreserbatzen eta baimentzen da, 10.010 eurokoa, 2023ko aurrekontuetan honako partida honen baliokide gisa gaitzen den partidaren kargura: 2022ko gastu-aurrekontuko 080001 08300 4609 232200 partida, "Nafarroako toki entitateei LGTBI+ sustapenerako eta babeserako dirulaguntza" izenekoa. Gastu hori egiteko baldintza da kreditu aski eta egokia egotea.

4. Salbuespen gisa, 20.000 euro gehiago bideratzen ahalko dira gehienez deialdi honetarako, kontuan hartuta zenbat eskaera aurkezten diren; horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, beste deialdi bat egin gabe, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-baseari jakinaraztea.

6. Ebazpen honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

Iruñean, 2022ko abenduaren 29an.–Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz García.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei LGTBI+ arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira.

Deialdi honetako dirulaguntzen helburua da Nafarroako toki entitateei laguntza ematea, honako ekintza hauen ondoriozko gastuak finantzatuz:

a) LGTBI+ arloko diagnostiko lokalak prestatzea.

b) LGTBI+ arloko plan lokalak prestatzea.

c) Herriaren errealitatera egokitzen diren LGTBI+ arloko azterlan sektorialak prestatzea.

d) Herritar guztientzat LGTBI+ arloan ikusgaitasunerako eta sentsibilizaziorako egiten diren jardueren programak gauzatzea, bai eta herriko LGTBI+ kolektiboak sustatzekoak ere.

Hona hemen zertan datzan deialdi honen onura publikoa: Nafarroako toki entitateei laguntza ematea LGTBI+ arloko politika publikoak garatzeko, LGTBI+ arloko eskubideak udalerrian garatu eta bete daitezen sustatzeko, betiere aukera berdintasuneko baldintzetan Nafarroako Foru Komunitate osorako.

Ekintza horiek 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira.

2. oinarria. Entitate onuradunak eta dirulaguntzaren modalitateak.

2.1. Arau orokor gisa, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek.

2.2. Dirulaguntza modalitate hauek daude:

a) 1. modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute LGTBI+ arloko diagnostiko lokalak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra egina izan beharko du.

Diagnostikoa deitzen zaio aldez aurretik egiten den eta beharrezkoa den azterketari, zeinak datuak eta informazioa biltzen baititu udalerrian LGTBI+ arloan dauden eskariei eta beharrei buruz, gerora LGTBI+ arloko plan lokala egiteko.

b) 2. modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute LGTBI+ arloko plan lokalak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra egina izan beharko du.

LGTBI+ arloko plan lokala agiri bat da, zeinetan modu estrategikoan biltzen baitira zenbait gidalerro, neurri, ekintza eta baliabide, epe jakin batean beharrezkoak izanen direnak udalerrian, proposaturiko LGTBI+ arloko politika publikoak gauzatu daitezen. LGTBI+ arloko diagnostiko lokala LGTBI+ arloko plana prestatu aurreko urratsa da; hortaz, modalitate hau aukeratzen duten toki entitateek LGTBI+ arloko diagnostiko lokala eduki beharko dute.

c) 3. modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute herrian LGTBI+ arloko azterlan sektorialak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra egina izan beharko du.

LGTBI+ arloko azterlan sektorialak dira herriko LGTBI+ pertsonen bizimodu orokorra edo eremu jakin batekoa islatzen dutenak, non haien iritziak (beren intereseko gaiei buruz) jasotzen baitira.

d) 4. modalitatea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute herrian LGTBI+ arloko jardueren programazioa 2023an diseinatu eta egiteak sortzen dituen gastuetarako.

LGTBI+ programazioa deitzen zaio udalerri batean LGTBI+ arloan herritar guztientzat zuzenduta egiten diren jarduera planifikatuen multzoari.

2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra egindako jarduerak izanen dira diruz lagungarriak.

3. oinarria. Betebeharrak.

Nafarroako toki entitateek dirulaguntza eskatzen dutenean 2. modalitaterako (LGTBI+ arloko plan lokal bat prestatzea), udalerriko LGTBI+ arloko diagnostikoa izan beharko dute, gehienez ere duela 5 urte egina.

4. oinarria. Exekuzio epea eta dirulaguntza izan dezaketen proiektuak.

4.1. Dirulaguntzen xede diren proiektuak 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31 bitartean egin beharko dira.

4.2. Toki entitateek proiektu bakarra aurkeztuko dute, modalitate bakar baterako: 1, 2, 3 eta 4.

4.3. Deialdian adierazitako modalitate bakoitzean, proiektu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

1. modalitatea: LGTBI+ arloko diagnostiko lokala.

LGTBI+ arloko plan lokalaren aurretik eginen diren LGTBI+ arloko diagnostikoek informazio hauek bilduko dituzte gutxienez: helburuak, azterketa soziodemografikoa, metodologia, LGTBI+ pertsonen eskari eta beharren identifikazioa, LGTBI+ pertsonek udalerrian duten parte-hartzearen azterketa, egungo politiken, zerbitzuen eta programen balorazioa eta egokitzapena, eta jarduketa ildoen definizioa.

2. modalitatea: LGTBI+ arloko plan lokala.

LGTBI+ arloko plan lokalaren azken agiriak honako informazio hau edukiko du gutxienez: udalerriko LGTBI+ pertsonen egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako, gutxienez. Plangintza horrek honako hauek izanen ditu: helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, ezarpenerako aurrekontu ekonomikoa eta ebaluazioa.

3. modalitatea: LGTBI+ arloko azterlan sektorialak.

Azterlan sektorialek honako informazio hauek jasoko dituzte gutxienez: helburuak, metodologia, azterlanaren analisia eta herriko LGTBI+ arloko intzidentzia.

4. modalitatea: Urteko programazioa LGTBI+ arloan.

2023. urterako programazioak informazio hauek bilduko ditu, gutxienez: helburuak, hartzaileak, jarduerak, lortu beharreko emaitzak, jarraipenerako adierazleak eta aurrekontua.

4.4. Gastu diruz lagungarriak.

Edozein aukeratan, dirulaguntzak honako gastu kontzeptu hauek finantzatzeko izanen dira bakar-bakarrik; gainera, gastuak dirulaguntzaren xedeko jarduerara bideratu beharko dira zalantzarik gabe, 2023ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra arte egin beharko dira eta zenbatekoak merkatuko balioaren araberakoak izan beharko dira.

4.4.1. Zuzeneko gastuak:

a) Laguntza teknikoa. Pertsona fisikoen edo juridikoen kontratazioa baino ez da diruz lagunduko apartatu honetan. Toki entitate onuradunak azpikontratatzen ahalko du diruz laguntzen den jarduera osoa.

b) Hizlariek sortutako ordainsariak, bai eta hitzaldien ondoriozko joan-etorrietako eta ostatuko dietak ere.

c) Jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen gastuak.

d) Diruz laguntzen diren jardueren publizitate eta argitalpen gastuak.

e) Lokalen alokairuen eta ekipamenduen gastuak, edo jarduera garatzeko beharrezko material suntsikorrarenak.

f) Beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta ematearen ondoriozko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoak zaintzea eta abar), gastu horiek diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean bakarrik sortzen badira.

g) Gastu finantzarioak eta aholkularitza juridiko edo finantzarioaren gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura badute eta hura ongi prestatu edo egiteko ezinbestekoak badira.

4.4.2. Proiektuarekin lotutako zeharkako gastuak:

Ematen den dirulaguntzaren %10 arte egozten ahalko zaie proiektuaren zeharkako gastuei, baldin eta zerikusia badute kudeaketa administratiboarekin edo hornidurekin (hala nola, ura, argia eta telefonoa), zentzuzko neurri batean, baldin eta behar bezala justifikatuta badaude eta jarduera benetan gauzatzen den epean egin badira.

4.5. Dirulaguntzarik izanen ez duten proiektuak.

Proiektu hauek deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira:

a) Diseinu, abiarazte eta ebaluazioan LGTBI+ arloko eta generoko ikuspegia ez duten proiektuak.

b) Nafarroako Gobernuko beste departamentuetako berariazko deialdien xede izan daitezkeen proiektuak eta jarduerak.

c) Aisiako jarduerak edo jostetako jarduera ludikoak bakarrik jasotzen dituzten proiektuak, helburuen artean LGTBI+ arloaren ikuspegia aurreikusten ez badute.

d) Ikasleekin hezkuntza ziklo guztietan egindako jarduerak ez dira diruz lagunduko, 0-3 tartea barne, edozein dela ere bere titulartasuna, baldin eta jarduera horiek eskola-orduetan egiten badira, bat etorriz Hezkidetza Planarekin, zeina Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua ari baita gauzatzen.

e) Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren beraren programa eta jarduerak eta, oro har, zuzenean haren eskumeneko edo beste departamentu, erakunde edo entitate publiko zein pribatu batzuen eskumeneko jotzen diren jarduketak.

4.6. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.

Gastu kontzeptu hauek deialditik kanpo geldituko dira:

a) Toki entitateek kontratatutako langileen nominak, salbu eta proiektua gauzatzen den bitartean beren buruaz ezin baliatu diren pertsonei arreta emateko une jakin batean kontratatzen direnenak, 4.4.1. ataleko f) letran ezarritakoarekin bat.

b) Toki entitatearen beraren zerbitzuen funtzionamenduak sortzen dituen gastuak.

c) Otorduak, edariak, aperitiboak, opariak, protokoloari loturiko gastuak eta antzekoak.

d) Ekipamenduak edo beste jarduera batzuetarako ere erabil daitezkeen produktuak erostea (material informatikoa, telefoniakoa, etab.).

5. oinarria. Guztirako zenbatekoak eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Aurrekontuan gaitutako kontsignazioa agortu arte emanen dira dirulaguntzak.

Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

5.2. Gehienez ere 3.000 euroko dirulaguntza emanen da proiektu bakoitzeko, edozein dela ere modalitatea, kontuan hartu gabe aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

5.3. Gutxienez ere 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira diruz lagunduko. 8. oinarrian zehaztutako irizpideei jarraikiz emanen da dirulaguntza hau, portzentaje hauek aplikatuta:

–91-100 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %100.

–71-90 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %90.

–60-70 puntu lortzen dituzten proiektuetarako, eskatu eta onartutako kopuruaren %60.

6. oinarria. Dokumentazioa.

6.1. Dirulaguntza eskatzen duten toki entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Eskaeraren eredua (3. eranskina), non proiektua deskribatu eta aurrekontua proiektuaren deskripzioaren arabera zehaztuko baita, garatu gogo diren jarduera guztiak xehakatuta daudela; proiektuaren aurrekontu orokorrik ez da onartuko. Agiri bakar batean aurkeztu behar da eskaeraren eredu hori, agiri gehiagotan banandu gabe; kasuan kasuko modalitatea bete beharko da.

Eredua eskuratzen ahalko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoaren bitartez. Esteka dokumentuaren amaieran dago.

b) Toki entitateko idazkariaren ziurtagiria (4. eranskina), egiaztatzen duena 3. oinarrian jasotako betekizun guztiak bete direla. Dokumentu hori soilik aurkeztu beharko da LGTBI+ arloko plan lokal bat egiteko 2. modalitaterako dirulaguntza eskatu bada.

6.2. Agiri horiek ez dira eskatuko baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badute baldintzak betetzen direla, edo agiriak Administrazioaren eskuetan badaude, honako hauekin bat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.8 artikulua eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikulua. Hala bada, adierazi beharko da zer unetan eta zer administrazio organoren aurrean aurkeztu ziren aipatu agiriak.

6.3. Aurkeztutako dokumentazioa osatugabea bada, toki entitateari eskatuko zaio 5 egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzala; halaber, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera ezetsi eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektua deskribatzeko eta haren aurrekontua zehazteko dokumentazioa ezin da zuzendu. Edonola ere, NABIk azalpenak eskatzen ahal ditu, aurkeztutako proiektua aldatzeko aukerarik gabe.

7. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan (aurrerantzean laguntzen fitxa), "Tramitatu" aukeratuz.

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dokumentazioa dokumentu bereizitan aurkeztuko da, 6. oinarrian zehaztutako eranskinen arabera, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Gaitutako helbide elektroniko bat adieraziko da eskabideetan, eta horixe izanen da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta toki entitate eskatzaileen arteko jakinarazpen eta komunikazioetarako lehentasunezko bidea.

Eskatzaileak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan harpidetuta egon beharko du. Hauxe da gaitutako helbide elektronikoa eta jakinarazpen elektronikorako harpidetza lortzeko helbidea: http://notificaciones.060.es. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio zuzentzeko, baliabide elektronikoen bidez aurkeztuz. Ondorio horietarako, ulertuko da zuzenketaren eguna dela aurkezpen eguna.

8. oinarria. Balorazioa eta dirulaguntza emateko prozedura.

8.1. Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzari dagokio dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.

8.2. Eskaerak baloratzeko, instrukzio organoak Nafarroako Berdintasunerako Institutuko teknikarien edo bereziki kualifikatutako teknikarien laguntza izanen du, eta egokiak iruditzen zaizkion jarduketak egin ditzake, ebazpen proposamenaren oinarri izanen den informazioa zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

8.3. Eskaeren balorazioa 2. eranskinean jasotako irizpideen arabera eginen da, deialdi honetako 5.2 eta 5.3 oinarrietan adierazitakoari jarraikiz.

8.4. Aurrekontuko partida agortzen bada dirulaguntzaren xede izateko gutxieneko puntuaziora iristen diren eskaera guztiei erantzun gabe, hainbanatu eginen da zenbateko orokorra.

8.5. Gai Juridikoen eta Kudeaketaren Zuzendariordetzak ebazpen proposamena igorriko dio Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileari. Proposamenari txosten bat gehituko zaio; bertan, entitate onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela adieraziko da, eta proiektuen balorazioa jasoko da.

9. oinarria. Ebazpena.

9.1. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpena Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 3 hilabeteko epean. Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Nafarroako Gobernuaren atarian argitaratuko da, dirulaguntzaren fitxan. Hiru hilabeteko epe hori berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, eta behar den errekurtsoa aurkezten ahalko da.

9.2. Dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean, entitate onuradunen zerrenda, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta justifikatu beharreko zenbatekoa adieraziko dira (justifikatu beharreko zenbatekoak proiektuaren aurrekontutik onartutako gastuekin bat etorri beharko du), eta, kasua bada, zein eskaerari uko egin zaien. Hasieran emaniko dirulaguntzak hainbanatzen badira aurrekontu nahikorik ez dagoelako, justifikatu beharreko zenbatekoa hainbanaketa horretara egokituko da.

Bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak ematen dituen dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Gobernuaren Atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

Datu horiek, orobat, Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak argitaratuko ditu bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

9.3. Toki entitate onuradunek gardentasun betebeharra izanen dute, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritakoa, dirulaguntzak jasotzen dituztenean horien araudian jasotako baldintzetan, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura. Betebehar hori bete dela frogatzeko nahikoa izanen da 5. eranskinean jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea.

10. oinarria. Gorabeherak proiektuak gauzatzean.

Proiektuak deialdi honetan ezarritako epeetan gauzatu beharko dira, eta eskaeran nahiz dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako moduan.

Dena den, dirulaguntzaren proposamenaren zenbatekoa aurkezturiko eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, eta dirulaguntza ematea efizientea bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, ematen ahal den dirulaguntzaren arabera egokitu daitezen konpromiso eta baldintzak, betiere, dirulaguntzaren xedea, ezaugarriak eta helburuak eta gainerako eskaeren edo eskarien aldean ezarritako balorazio irizpideak errespetatuta. Aldatutako proiektu horren aurrekontua ez da txikiagoa izanen proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoaren eta, halakorik badago, hasiera batean antzeko baldintzetan aurreikusitako baterako finantzaketen batura baino (eskaeran ageri den baterako finantzaketaren portzentaje bera mantenduko da).

11. oinarria. Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

11.1. Dirulaguntzaren ordainketa:

Dirulaguntza ordainduko da behin dirulaguntzaren xede den proiektua bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren.

11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa:

Entitate onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 2023ko urriaren 31n, beranduenez:

–Memoriaren eredua (6. eranskina), berariaz prestatutako ereduaren araberakoa. Eredua eskuratzen ahalko da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) dagoen tramiteen katalogoaren bitartez, laguntzaren fitxan. Esteka dokumentuaren amaieran dago.

−Toki entitatearen idazkariaren ziurtagiria (7. eranskina). Honako hau hartuko du barnean: diruz lagundutako proiektuaren gastu osoa eta diruz lagundutako jarduketen eta haien kostuen adierazpena, haiek garatzean izan diren gastuak banan-banan zehaztuta. Deialdi honen ondorioetarako, ziurtagiri horrek ordainketaren egiaztapenerako balioa izanen du. Eskaeran aurkeztu den aurrekontua zenbatekoa zen, horixe izanen da justifikatu beharreko kopurua, emateko ebazpenean onartu ez diren kontzeptuak salbuetsita.

Oro har, egindako gastutzat hartuko dira justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindutakoak, salbu eta tributuak, bestelako tributu betebehar batzuk edo Gizarte Segurantzari egin beharreko beste ordainketa batzuk, haiek likidatzeko epea irekita ez egoteagatik ordaindu ezin izan direnak.

Ziurtagiri horretan, dirulaguntzaren xedea betetzeko jasotako diru-sarrerak, laguntzak, baliabideak eta dirulaguntzak sartuko dira, edo agertuko da ez dela horrelakorik jaso.

–Gastuen eredua (8. eranskina), zerrenda bat barnean hartuko duena, kalkulu-orriaren formatukoa, ekintzen gastu guztiak xehakatzeko, aurkeztutako fakturekin bat etorriko direnak.

–Behar bezala jaulkitako fakturen kopia, tributuak eta antzeko balioa duten gainerako agiriak, merkataritza bidean eta bide juridikoan balioa dutenak edo administrazioaren aurrean antzeko eraginkortasuna dutenak.

−Enpresaren hautapenaren ziurtagiria (9. eranskina): Aholkularitza, laguntza edo bestelako zerbitzuak ematen dituzten enpresen zerbitzuengatik diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 eurotik gorakoa bada, toki entitateak frogatu beharko du enpresa hautatu dela efizientziaren eta ekonomiaren irizpideei jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egindako ekintzen egiaztagiriak eta horiek gauzatu edo zabaltzearen ondoriozko produktuak. Horietan, agerian gelditu behar da bete dela Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagundutako proiektuan parte hartu dutela agerrarazteko betebeharra. Baldintza hori betetzeko, egiten den publizitatean eta zabalkundean, bai eta proiektuarekin lotuta sortzen den dokumentazio guztian ere, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala txertatu behar da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuan (urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuak zati batean aldatu zuenean) xedatutakoari jarraituz.

Era berean, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren sinbolo grafikoa ere erantsiko da, eta testu hau izanen du: Subvenciona / Diruz laguntzen du. Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala eta NABIren ikur grafikoa eskuragarri egonen dira, halaber, deialdiaren fitxan. Fitxa horren esteka dokumentuaren amaieran dago.

Dirulaguntza eman aurretik proiektuari buruz egin diren agiriei eta publizitate eta hedapen lanei dagokienez, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea jadanik argitaratuta dagoen materialean. Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein baliabidetan, dirulaguntza eman zaiola jakinarazten denean iragarki horiek aldatu beharko dira, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartu, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzei jarraituz.

Salbuespenez, zenbait jarduketaren ondorioz egiten diren objektuetan, beren izaera dela-eta, zaila denean logoa eta aipatu testua jartzea, ez da nahitaezkoa izanen. Hala ere, jarduketei buruzko agiri, publizitate eta zabaltzeko medio guztietan, eta objektu guztietan ezarri beharko dira: liburuxkak, kartelak, posta elektronikoak, banatzen diren prestakuntza-materialetan eta abar. Halaber, logoa eta aipatu testua beti jarriko dira telematikoki zabaltzeko medioetan, web-orrietan eta jartzeko aukera ematen duten medio guztietan.

11.3. Instrukzio organoaren iritziz, gastuen justifikazioa nahikoa ez bada haiek frogatzeko, errekerimendua eginen dio toki entitateari, beharrezko frogagiriak aurkez ditzan bost egun balioduneko epean. Toki entitateak eskabidean adierazten duen gaitutako helbide elektronikora (GHE) eginen da errekerimendu hori.

11.4. Emaniko dirulaguntzen zenbatekoa doituko da, dirulaguntza ematen/esleitzen/banatzen duen ebazpenean ezarritakoaren adinakoa izan dadin, kasu hauetan:

–Diruz lagunduriko proiektuaren behin betiko kostu osoa dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostua baino txikiagoa bada, salbu eta 10. klausula ezarririkoa betetzen bada.

–Gastua frogatzeko agirien bitartez justifikatutako zenbatekoa eta NABIk onarturiko ordainketa-ziurtagiria, dirulaguntzak ematen dituen ebazpenean ezarritakoaren arabera justifikatu beharreko zenbatekokoa baino gutxiagokoa bada, hala badagokio, oinarri hauetako 9.2 puntuko lehen paragrafoan ezarritakoa aplikatuz, baldin eta ia osorik gauzatu bada, eta egiaztatu bada jarduketak zalantzarik gabe konpromisoak betetzera jo duela.

Deialdi honen baitako dirulaguntzen azken zenbatekoa lortzeko, justifikazioan aurkeztutako eta NABIk onartutako zenbatekoari aplikatu beharko zaizkio 5. oinarriak ezarritako ehunekoak eta, hala badagokio, oinarri hauetako 9.2 puntuko lehen paragrafoak ezarritakoa.

12. oinarria. Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren xede eta helburu bererako beste deialdi batzuekin.

Gainera, deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzen entitate onuradunek bestelako edozein administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribaturen laguntzak eta dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte helburu eta xede bererako, baldin eta haien guztien batura ez bada dirulaguntzen deialdi honetan aurkeztutako proiektuaren kostuaren %100 baino handiagoa.

13. oinarria. Erakunde onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten toki entitateek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrez gain, oinarri hauetan ezarritakoak ere bete beharko dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Diruz lagundutako proiektua gauzatzea, deialdiaren helburua betez.

b) Dirulaguntzaren xedeko proiektuari buruz izan daitekeen edozein aldaketaren berri ematea Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, bai eta baimena idatziz eskatzea ere diruz laguntzen den proiektuaren kudeaketan eta garapenean aldaketaren bat egiteko, izan ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen berariazko onespena beharko dute proiektuan aldaketak egiteko.

c) Onartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak emandako dirulaguntzen gainean egiten dituen egiaztapen eta kontrol tekniko eta ekonomikorako lanak.

d) Nafarroako Berdintasunerako Institutuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko eskatu edo lortzen diren bestelako laguntzak, dirulaguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi baino lehen. Dena dela, dirulaguntza ematearen gainean ebatzi ondoren jakinez gero, justifikazioaren unean eman beharko da haren berri, jasotako funtsa zertan aplikatu den adierazita.

e) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala auditatuak izatea, entitate onuradunari aplikatzen zaion araudian eskatzen den bezala, bermatzeko egiaztapen eta kontrol ahalmenak behar bezala betetzen direla.

f) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak eta haien ordainketarenak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren bitartean.

g) Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea jasotzea dirulaguntza ematen denetik aurrera idatziz edo ahoz egiten den edozein informazio, komunikazio, publizitate edo zabalkundetan, bai eta berdintasuneko agentearen lanaren esparruan prestatzen den dokumentazio guztian ere, honako testu hau idatziz: "Nafarroako Berdintasunerako Institutuak diruz lagunduta".

h) Agiri, publizitate, irudi edo material guztiek hizkera ez-sexista erabili behar dute, bereizkeria islatzen duen irudi oro edo estereotipo sexistak saihestu, eta berdintasunari, presentzia orekatuari, aniztasunari, erantzunkidetasunari eta genero rolen eta identitateen pluraltasunari lotutako balioak sustatu behar dituzte.

i) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautu zituen maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoan, xedaturikoa betetzea.

14. oinarria. Dirulaguntzak itzultzea.

14.1. Entitate onuradunak deialdi honen oinarrietan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, dirulaguntza galduko du eta jasotako dirua itzuli beharko du, bai eta ordainketaren dataz geroztikako berandutze-interesak ere, halakorik bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko aipatutako 11/2005 Foru Legearen II. tituluaren arabera eska daitezkeen erantzukizunak.

14.2. Diruaren itzulketa eskatzeko prozedura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.6 artikuluan xedaturikoari jarraituz arautuko da, eta abiarazten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

–Ez bada gauzatzen proiektuan aurkezturiko jardueretatik bakar bat ere 4.2 oinarrian ezarritakoaren arabera, %100eko ez-betetzea izan dela ondorioztatuko da.

–Ez badira gauzatzen edo betetzen aurkezturiko proiektu orokorreko jarduera bat edo batzuk, osorik itzuli beharko da jarduera horiei dagokien eta justifikatu gabe dagoen aurrerakina, eta berandutze-interesak eskatuko dira.

15. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta beronen oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari jarraikiz.

17. oinarria. Araudi osagarria.

Oinarriotan ezartzen ez den guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Balorazio irizpideak

1., 2. eta 3. modalitateak.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

60

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

55

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Herriaren azterketa soziodemografikoa egiten du

5

Metodologia azaltzen du

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

10

LGTBI+ herritarren eskariak eta beharrak identifikatzea

5

LGTBI+ pertsonek parte hartzeko erabiliko diren tresnak azaltzen ditu

5

Jarduketa-ildoen zehaztapena

5

Politika, zerbitzu eta programen egokitasuna

5

2. Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

C) HEDAPEN ETA KOMUNIKAZIO EKINTZA PROGRAMATUAK

15

D) PROIEKTUAN PARTE HARTZEA BESTE TOKI ENTITATE BATZUEK, LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEKO BESTE ARLO BATZUEK

15

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

4. modalitatea.–Eskaerak baloratzeko irizpideak.

BALORAZIOA: 100 PUNTU

A) PROIEKTUAREN KALITATE TEKNIKOA

65

1.–Koherentzia: helburuak, ekintzak, denbora, baliabideak, aurrekontua

50

Proiektuaren helburu orokorra zehazten du/Berariazko helburuak zehazten ditu

5

Ekintzak deskribatzen ditu berariazko helburuei lotuta

15

Ekintzak deskribatzen ditu xedeko biztanleriari lotuta

5

Proiektuaren garapen kronologikoa

5

Ekintzak gauzatzeko dauden giza baliabideak eta baliabide teknikoak

5

Aurrekontua egokia da proiektuarentzat

15

2.–Proiektuaren inpaktua, jarraipena eta ebaluazioa

10

Gauzatze mailaren eta emaitzaren adierazleak

5

Ebaluatzeko tresnak eta mekanismoak

5

3.–Proiektuaren jardueren irisgarritasuna (proiektuaren jardueretan irisgarritasun unibertsalerako baldintzak bermatu beharko dira, desgaitasuna dutenek jarduera eta ekitaldi horietaz goza dezaten, uler ditzaten eta parte har dezaten)

5

B) LURRALDEKO BESTE ELKARTE EDO ERAKUNDE BATZUEK ETA/EDO TOKI ENTITATEAREN BESTE ARLO BATZUEK PARTE HARTZEA PROIEKTUAN

15

C) PROIEKTUA NOLA EGOKITZEN DEN TOKI ENTITATEAREN EDO HAREN ESKUMENEKO LURRALDEAREN BERARIAZKO PREMIETARA ETA ERREALITATERA

5

D) PROGRAMATURIKO JARDUERAK ZABALDU ETA JAKINARAZTEKO EKINTZAK

10

E) PROIEKTUAK DAKARREN BERRIKUNTZA (proiektua praktika ontzat hartzea, beste entitate edo lurralde batzuetara eramateko modukoa)

5

DEIALDIAREN FITXA. FITXA HORRETAN ESKURAGARRI DAUDE OINARRI HAUETAN AIPATUTAKO ERANSKINAK, ETA BERTATIK TRAMITATZEN AHAL DA DIRULAGUNTZAREN ESKAERA ETA, ONDOREN, JUSTIFIKAZIOA

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17319/Subvencion-a-Entidades-Locales-de-Navarra-para-desarrollar-proyectos-dirigidos-al-impulso-y-apoyo-LGTBI-en-2023

Iragarkiaren kodea: F2300313