236. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2301/2023 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana, deialdia onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2022-2023 ikasturtean egin eta defendatu zuten lan hoberenari "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenarentzako Saria" emateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak sustatua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra ekonomia sozialak enpresak kudeatzeko eredu gisa duen interesa sustatzeko sortu zen, eta, horretarako, ikerketa, ikasgeletako jakintza eta eragile sozial eta ekonomikoenganako transferentzia bultzatuko dira. Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak programatu duen ildoetako bat unibertsitatean ekonomia sozialaren esparruan ikasketa amaierako lanak egiten laguntzea da. Hori oinarri hartuta, 2023rako jardueren programaren barnean, Batzordeak "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenentzako Saria" emateko deialdiaren oinarriak onestea erabaki du Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2022-2023 ikasturtean defendatu eta gainditutako lanak saritzeko.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Segimendu Batzordearen akta, deialdia eta haren aurrekontua onesten dituena.

Ikusirik Zerbitzu Juridikoaren txostena.

Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Ikusirik Kontu-hartzailetzak egindako txostena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak 2022-2023 ikasturteko "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenentzako Saria" emateko deialdia, ebazpen honen eranskin gisa ageri diren oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko, 800 eurokoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak finantzatua.

Gastua 2024ko aurrekontuaren kargura eginen da, zehazki "30.30.00.9537.0380.480.25 Katedren sariak" partidaren edo ekitaldi horretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

Hirugarrena.–Sari honen deialdia egiten da:

  • Lehen saria, 800,00 eurokoa.

PFEZari dagokionez, saria laneko errendimendutzat hartzen da, eta, beraz, Unibertsitateak %15eko atxikipena eginen du.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoko Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontu-hartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren webgunean (https://www.unavarra.es/catedra-economia-cooperativismo) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitara dadila agintzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren aurka eta haren oinarrien aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea errektoreari zuzendua hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2023ko urriaren 30ean.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

I. ERANSKINA.–OINARRIAK

NUPen Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenentzako Saria", II. edizioa

2023ko urriaren 30eko 2301/2023 Ebazpenaren eranskina,

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresen ANEL elkartearekin lankidetzan -hiru erakunde horiek osatzen dute Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra-, beharrezkotzat jotzen du ekonomia sozialaren arloan ezagutza sortzea, unibertsitateko ikasleei eta bestelako eragileei zuzendutako prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak garatzeko besteak beste.

Ildo horretatik, 2023rako jardueren programaren barnean, Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenentzako Saria" emateko deialdia egitea erabaki du Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2022-2023 ikasturtean defendatu eta gainditutako lanak saritzeko.

Hona hemen sariketan lehiatzeko ezarri diren oinarriak:

1.–Xedea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2022-2023 ikasturtean ekonomia sozialari buruz defendatu eta gainditutako Ikasketa Amaierako Lan hoberenari sari bat emateko prozedura arautzea da deialdi honen xedea, betiere publikotasun, objektibotasun eta lehiakortasun printzipioen arabera.

2.–Finantzaketa.

Gastua, 800 eurokoa, 2024ko aurrekontuaren kargura eginen da, zehazki "30.30.00.9537.0380.480.25 Katedren sariak" partidaren edo ekitaldi horretan horretarako gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa baldin badago.

Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak jarriko du zenbateko hori.

3.–Deialdiko sariak.

800 euroko sari bakar baterako deialdia egiten da.

PFEZari dagokionez, saria laneko errendimendutzat hartzen da, eta, beraz, Unibertsitateak %15eko atxikipena eginen dio.

4.–Lehiatzeko betebeharrak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko eta masterreko edozein titulaziotako ikasleak aurkezten ahal dira baldin eta Ikasketa Amaierako Lana ekonomia sozialari buruz egin badute eta 2022-2023 ikasturtean defendatu eta gainditu badute.

5.–Hautagaitzak aurkezteko epea.

Sarietan parte hartu nahi dutenek inprimaki normalizatu bat bete behar dute. Eskabide inprimaki horretan, parte-hartzaileek beren datuak idatzi behar dituzte (izen- deiturak, helbidea, harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa). Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Elektronikoan aurkeztu behar dute inprimakia; Unibertsitatearen egoitza elektronikoaren bidez sartzen da horra.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute https://www.unavarra.es/catedra-economia-cooperativismo helbide elektronikora hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta gaian "IAL sariak Ekonomia Soziala" jarri behar dute, hautagaiaren izen-deiturekin, eta dokumentazio hau erantsirik:

Ikasketa Amaierako Lana.

Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta azaroaren 30ean bukatuko da.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Hautagaitzak Gradu Amaierako Lanaren edo Master Amaierako Lanaren zuzendarien baimena izan beharko du, eta haren sinadura jaso beharko da parte hartzeko eskabidean.

6.–Saridunen betebeharrak.

Saridunak nahieran erabiltzen ahalko du jasoko duen diru kopurua.

PFEZari dagokionez, saria laneko errendimendutzat hartzen da, eta, beraz, Unibertsitateak %15eko atxikipena eginen du.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, dirua itzuli beharko du interesdunak.

Lehiaketan parte hartzeak deialdiko oinarri guztiak onartzea dakar berekin. Horien aplikazioan sortzen den edozein gorabehera Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak ebatziko du.

Ikasle finalistek konpromisoa hartuko dute parte hartzeko bai sariak emateko ekitaldian, baita Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedran deialdi honekin lotuta programatzen diren dibulgazio ekitaldietan ere.

7.–Sariketaren epaimahaia.

Honako bost kide hauek izanen dira saria emateaz arduratuko den epaimahaiko partaideak:

–Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren zuzendaria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle dena, edo hark eskuordetutako pertsona.

–"Kooperatiben eta Ekonomia Sozialeko Enpresen Zuzendaritzako eta Kudeaketako Aditua" titulu berekiaren zuzendaritza-taldeko kide bat, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Ignacio Ugalde Barbería, ANELeko eta Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Batzorde Mistoko presidentea, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Javier Zubicoa León, Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendaria eta Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Batzorde Mistoko kidea, edo hark eskuordetutako pertsona.

–Gustavo Marcos Matás, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea eta Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren Batzorde Mistoko idazkaria, edo hark eskuordetutako pertsona.

Katedraren zuzendaritzak eskatuta eratuko da epaimahaia. Horretarako, bere kideei dei egin, eta epaimahaiaren jarduna errazteko beharrezkoak diren kudeaketak eginen ditu.

8.–Saria ematea.

Epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu kontuan aurkeztutako lanei buruz erabakitzeko.

Lehenik eta behin, hiru lan hautatuko ditu gehienez ere, eta IAL horien edukia deialdiaren araberakoa den egiaztatuko du, bai eta jasotako kalifikazioa baloratu ere. Aurrez hautatutako lanak Katedraren webgunean argitaratuko dira. Uste izanez gero aurkeztutako lan batek ere ez dituela betetzen saria jasotzeko baldintzak, aukera egonen da saria eman gabe uzteko. Aurrez hautatutako lanak egin dituzten ikasleek (finalistek) merezimendu horren egiaztagiria jasoko dute saria emateko ekitaldian bertan.

Bigarrenik, saria zein lani eman erabakiko du epaimahaiak, honako irizpide hauek oinarri hartuta:

a) Landutako gaiak duen interesa egungo testuinguru sozioekonomikoari dagokionez.

b) IALak garapen akademikoari, zientifikoari, teknikoari eta profesionalari egiten dion ekarpena.

c) IALean lortutako kalifikazioa.

Saria emateko ekitaldi publiko bat eginen da. Ekitaldi hori eta sariaren banaketa 2024ko martxoan edo apirilean eginen dira, Ekonomia Sozialaren Aste Unibertsitarioan.

Epaimahaiak Unibertsitateko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio saria emateko proposamena, eta hark dagokion ebazpena emanen du. Ebazpen honetan saritutako lana baizik ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak baztertu direla ulertuko da.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak emanen du jakitera saria nori eman zaion.

9.–Datuen babesa.

Lehiaketan parte hartzen dutenen datuak deialdiko sariaren esleipena ebaluatzeko erabiliko dira. Datuen tratamenduak bat etorri behar du EBko Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin (DBEO) eta Datuak Babesteko 3/2018 Lege Organikoarekin (DBLO).

Datu hauek tratatuko dira: hautagaien nortasuna (izen-deiturak eta NANa), harremanetarako datuak, datu akademikoak, aurkeztutako dokumentazioa eta, saria kobratu behar izanez gero, bankuaren datuak edo ordaindu ahal izateko bestelako datuak.

DBEOaren 6.1.e) artikuluaren arabera, datuen tratamenduaren helburua "Ekonomia Sozialeko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenentzako Saria"ri lotutako sariak antolatzea eta ematea da. Sari hori, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak sustatua, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 2022-2023 ikasturtean egin eta defendatu zituzten ikasketa amaierako lanei zuzendua dago. Interes publikoko xedea da hori, eta honako hauek ditu oinarri juridikoak, besteak beste: Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legea eta Unibertsitate Sistemari buruzko 2023ko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa.

Ez da aurreikusten hirugarrenei datuak lagatzerik, ezta nazioarteko transferentziarik egitea ere.

Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da. Hautagaiek eskubidea izanen dute Datuen Babeserako delegatuaren aurrean (delegado.protecciondatos@unavarra.es) datuak eskuratzeko, zuzentzeko, aurkaratzeko, ezabatzeko ("ahaztua izateko eskubidea"), transferitzeko eta haien tratamendua mugatzeko, bai eta inork bere datuetan bakarrik oinarritutako erabakirik ez hartzekoa ere.

Bideoen edo bestelako ikus-entzunezko materialen bidez parte hartzeari dagokionez, ohartarazten da balitekeela Interneten argitara ematea; horretarako, baimena eskatuko zaio deialdian parte hartzen duenari. Hautagaiek ahaztuak izateko eskubideaz (datuak ezabatzeko eskubidea) balia daitezke, eta uneoro dute aukera baimena ukatzeko.

10.–Argitalpena.

Ebazpen honen oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren webgunean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira. Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedra arduratuko da oinarriak zabaltzeaz.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedraren webgunean argitaratuko dira.

Bitarteko horiek izanen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia Sozialari eta Kooperatibismoari buruzko Katedrak onartutako publizitate tresna bakarra; nolanahi ere, baliteke interesdunei posta elektronikoaren bidez jakinarazpen bat bidaltzea modu osagarri eta ez-ofizialean.

Iragarkiaren kodea: F2315719