236. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera sailkaturako lizentzia eta obra-lizentzia ematea. Lokala egokitzea arreta integraleko zentro bat paratzeko

Iruñeko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen, 2023ko martxoaren 31n:

RUS 31-MAR-23 (9/US).

«Ikusirik LIO / 2022 / 3443 espedientea, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAUk sustatua, Nafarroako Berdintasunerako Institutua ordezkatuz, jarduera sailkaturako lizentzia eta obra-lizentzia eskatzeko, lokal bat egokitzeko arreta integraleko zentro bat paratzeko, Xavier Mina plazako 4an, beheko solairuan, eta ikusirik udal txosten teknikoak,

EBAZTEN DUT:

1.–Eskatutako lizentzia ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:

–Lanak eginen dira eskatutakoaren arabera, bai eta atxikitako agirien eta hemen adierazitako baldintzen arabera ere. Obra osagarriren bat egiten bada, beste izapide batzuk egin beharko dira.

–2023ko martxoaren 16an aurkeztutako eranskin teknikoa aurreko dokumentazioaren gainetik egonen da, kontraesana sortzen den puntuetan.

–Harrapatze-arriskua saihestuko da ate lerragarrietan, EKT-DB-SUA2.2n ezarritakoarekin bat. Hori orobat kontuan hartuko da, egon daitezkeen beste kasu batzuen artean, behaketa-gelako ate lerragarrian, bereziki zokorantz lerratuko den ate-orrian.

–Errazagoa izan dadin kontsultatzea eta ulertzea jarduera honi loturik etorkizunean sortzen den dokumentazio teknikoa, izan daitezkeen beste batzuez gain, plano bakarrean bilduko da honako hauei buruzko informazioa: okupatzaileen ebakuazioa; larrialdiko seinaleak (eremuetako irteerak, irteerako norabidea adieraztea ebakuazio-ibilbideetan, kanpoko espazio seguruetarako irteerak, suteen kontrako babes baliabideen seinaleak, etab.); larrialdiko argiak (sua itzaltzeko baliabideei buruzko seinaleak barne); eta su-itzalgailuen kokapena.

–Lehen aipatutako elementuek, bai eta loturik dauden gainerako instalazio eta elementuek ere, beteko dituzte Eraikingintzaren Kode Teknikoko (EKT) DB-SI eta DB-SUA oinarrizko dokumentuetan eta behar den gainerako araudi espezifikoan ezarritako determinazioak.

–Behaketa-gelako irteera kanpoko espazio segururako irteera izanen da eremu horretarako, eta lehen adierazitakoaren araberako larrialdiko seinaleak eta argiak izanen ditu, bai eta EKTaren arabera dagozkion gainerako ezaugarriak ere.

–Elementu irisgarriek (ateak, ibilbideak, komun irisgarria dagozkion aparatuekin, etab.) beteko dituzte EKTko DB-SUA oinarrizko dokumentuan ezarritako baldintzak: neurriak, irekitzeko indarra, ekortze-eremuak, gurpil-aulkien maniobra eta hurbilketa-espazioak, etab.

–Behar den orotan beteko da Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legea.

–Jarduera eta haren instalazioak eginen dira haien funtzionamenduak mugak ez gainditzeko moduan zarata-mailari eta bibrazioei dagokienez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

–Aireztapen-instalazioek eta instalazio termikoek beteko dituzte Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (EITE) ezarritako energia-efizientziako eta segurtasuneko eskakizunak, hain zuzen, berokuntza- eta klimatizazio-aparatuek (aireztapen mekanikoa barne) bete beharrekoak. Kondentsatuak, halakorik bada, saneamendu instalaziora kanalizatuko dira.

–Aireztapen instalazioetatik eta instalazio termikoetatik datozen deskargek ez dute ingurumen arloko eraldaketarik edo nahasmendurik sortuko kanpoko ingurunean, eta deskarga hori eginen da, ahal dela, 2,50 m-tik gorako altueran, kanpoko sestraren gainetik.

–Fatxadaren gaineko jarduketak beteko ditu Eraikingintza-ordenantza orokorraren 128. artikuluko determinazioak.

–Behar diren neurriak hartuko dira langileen, eraikinaren erabiltzaileen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, indarreko legediak arlo horretan ezarritarakoarekin bat.

–Inguruko auzokideen atsedena babesteko, lanak egunez bakarrik eginen dira. Halaber, hauts-emisioak erabat kontrolatuta egonen dira, eta neurri egokiak hartuko dira zabaldu ez daitezen.

–Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, obrak egiteko, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen edukitzailea den eraikitzaile bat kontratatu beharko da, behar bezala inskribatuta egonen dena Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren dagokion erregistroan.

Lanak hasteko epea 6 hilabetekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita. Obrak bukatu beharko dira hasi eta gehienez ere 6 hilabeteko epean. Lizentzia hau iraungitzat joko da, baldin epe horietan obrak hasi edo bukatu ez badira.

Obrak bukatu ondoren, aurkeztu beharko da irekierako erantzukizunpeko adierazpena, eta horretarako eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko inprimakia aurkeztu behar duzu (inprimakia Armada etorbideko 2-5.eko gure bulegoetan duzu eskura edo www.pamplona.es webgunean), inprimakian ezarritako dokumentazioarekin batera, obra-bukaerako ziurtagiri teknikoa barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera».

2.–Baimentzea jabari publikoa okupatzea proiektuan edo segurtasunari eta osasunari buruzko oinarrizko azterlanean jasotzen diren obrako elementu osagarriekin, honako baldintza hauek ezarririk:

–Jabari publikoa behar bezala seinaleztatuko da, oinezkoentzako pasabideak behar adineko zabalera izanen du, eta lokal eta atarietarako sarbidea bermatu beharko da.

–Udalak eskatzen badu, okupazioa kendu beharko da.

–Jabari publikoa okupatu baino lehen, Udaltzaingoari jakinarazi beharko zaio, okupazioa egokitzeko oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazio-beharren arabera.

Jabari publikoaren okupazioa edo aprobetxamendua bukatu ondoren, aitorpena (edo ziurtagiria, hala badagokio) aurkeztu beharko da, eta bertan jaso beharko dira dagozkion tasak likidatu ahal izateko denbora (hasierako data eta bukaerako data) eta azalera okupatua. Partikularrak Udalari horren berri ematen dionean bukatuko da okupazioa edo aprobetxamendua (ordenantza fiskal arautzailea). Aitorpen hori ez aurkeztea zerga arloko arau-hauste astuntzat har daiteke, eta zehapena jartzen ahalko da Kudeaketa, Bilketa eta Ikuskaritzako Zerga Ordenantzan jasotako xedapenei jarraikiz».

Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Iruñean, 2023ko urriaren 26an.–Alkatea, María Cristina Ibarrola Guillén.

Iragarkiaren kodea: L2315446