236. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

351E/2023 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita turismo-enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzen deialdia, NextGeneration EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 668465.

2022ko martxoaren 29an, Turismoaren Konferentzia Sektorialak 2022ko aurrekontuari dagokion kreditua lurraldeen artean banatzeko Erabakia hartu zuen: SEEPren turismo-enpresetako energia-efizientziako proiektuak finantzatzeko lerroa (C14.I4 neurria, 2 jarduketa ildoa). Erabaki hori 2022ko 83. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 7koan.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren abenduaren 30eko 265E/2022 Ebazpenaren bidez turismo-enpresetako energia-efizientziako eta ekonomia zirkularreko proiektuetarako laguntzen deialdia onetsi zen, NextGeneration EU Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 668465.

Laguntza horien helburua klima-aldaketaren aurkako estrategia garatzen laguntzea da, zeina 2030 Horizontea-Nafarroako Energia Planarekin lerrokatuta baitago, turismo-ostatuen sektorean energia berriztagarrien ekarpena areagotzeko eta energia-kontsumoa arrazionalizatzeko ekintzak bultzatuz.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak proposatu du aipatutako oinarriak aldatzea, aurrerakinak eskatzeko aukera gehitzeko, Turismoaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko martxoaren 29ko Erabakiaren 14. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi horren oinarriak aldatzea, 23. oinarri berria gehitzeko, testu honekin:

23. oinarria "Onuradunentzako aurrerakinak":

"Laguntzen onuradunek aurrerakinak eskatzen ahalko dituzte, finantzaketarako emandako dirulaguntzaren zenbatekoarenak, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ordainketa aurreratuaren eskaera aurkeztea.

b) Eskatutako aurrerakinaren zenbatekoaren ehuneko ehunaren berme ekonomikoa gordailutu izanaren frogagiria aurkeztea.

c) Aurrerakin horiek ez gainditzea onuradunari finantzaketarako guztira emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko ehun.

d) Aurrerakin horiek finantzatutako proiektuaren gastuak ordaintzeko soilik erabiltzea eta 11. oinarriaren arabera justifikatzea.

e) Frogatzea Europako funtsak kudeatzeko berariaz kontsignatutako kredituen kargura aurretik emandako beste edozein aurrerakin itzultzeko obligazioak ordainduta dituela.

f) Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluaren arabera, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Azken betebehar hori frogatu beharko da azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoan, 22. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, eta kontuan hartuta, batetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa eta, bestetik, 39/2015 Legearen 28. artikulua eta abenduaren 17ko Tributuen 58/2003 Lege Orokorraren 95.1.k) artikulua; ulertzen da ezen, onuradunak aurrerakin eskaera aurkezten duenean baimentzen duela laguntza ematen duen organo administratiboak zuzenean eska dezan informazio hori Zerga Administrazioan edo Gizarte Segurantzan. Nolanahi ere, eskatzaileak uko egin diezaioke berariaz baimena emateari eta, hala bada, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu".

"Onuradunaren betebeharrak" 13. oinarriko 1. atalean j) letra gehitzea, testu honekin:

"j) Onuradunak aurrerakina eskatu nahi badu, aurrerakinaren eskaerarekin eta 23. oinarrian ezarritako gainerako dokumentazioarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, aurretik Europako funtsak kudeatzeko berariaz kontsignatutako kredituen kargura emandako beste edozein aurrerakin itzultzeko obligazioak ordainduta dituela adierazten duena".

2. 15 egun balioduneko epea ematea, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, laguntza-eskaeren izapideak hasiak dituzten eskatzaileei, bai eta emanak dituztenei ere, aurrerakin-eskaera aurkez dezaten, hala nahi izanez gero, 23. oinarri berrian ezarritakoarekin bat etorriz.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, zuzenduko zaiona Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuko kontseilariari, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik, hartan espediente zenbakia adierazita (goiburuan agertzen da, "Erreferentzia: espedientea" hitzen ondoren). Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko urriaren 30ean.–Trantsizio Energetikorako, Proiektu Estrategikoen eta S4ren zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2315513