Iragarkia
235. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
URROZ
Aldaketa, honako honetan: udal ordenantza, herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Urrozko Udalak, 2023ko abuztuaren 22ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa bat egitea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzaren 47 bis artikuluan.
Jendaurrean jartzeko iragarkia argitaratu zen 2023ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 9an, eta inork ez du alegaziorik aurkeztu jendaurrean egon bitartean.
Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua.
Urrozen, 2023ko urriaren 23an.–Jarduneko alkatea, Josu Zozaia Ubiria.
ALDAKETA
47 bis artikulua. Leurtzako Aisiarako Natura Eremurako araudia. Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalen herri-lurretan dago eremu hori.
47 bis artikulua. 1. Erabileren baldintzak eta araubidea.
Leurtzako urtegien inguruko herri-lurren eremua Naturagune Babestu deklaratu zen 1996an, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremuaren figuraren arabera, eta gutxieneko kudeaketa plan bat sortu zuen, 1996an bertan, bermatzeko eremu hartan ez zirela ukituko lehentasunez zaindu beharreko natura balioak.
Hori hala izanik ere, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek –lur horien titularrak direnez, eta baita bertan egiten diren erabilera eta jarduerenak ere– eskumena dute erabilera horiek mugatzeko eta arautzeko, herri-lurren erabilera zuzen antolatzea beharrezkoa den arlo guztietan.
Bi udalek uste dute herri-lur horiei ematen ahal zaiela erabilera publiko jakin bat, bateragarria dena eremu horretan egiten diren gainerako jarduerekin, eta zehaztu dute erabilera publiko hori garatzen ahal dela, baldin eta bat badator udal ordenantzetan agertzen diren baldintzekin. Hona hemen baldintza horiek:
I.–Herri-lur horiek ezin hobeki mantenduko direla bermatzearren, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek ahalmena izanen dute, noiznahi, jarduera jakin batzuk edo bisitarien kopurua mugatzeko edo debekatzeko –guztiz edo hein batean, aldi batez edo modu iraunkorrean–, betiere komenigarritzat jotzen diren kopuruak gainditzen direnean.
II.–Urrozko eta Beintza-Labaiengo udalek ez dute beren gain erantzukizunik hartuko, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremuan ibiltzen diren bisitariek jasaten ahal dituzten kalte eta galerengatik. Bereziki urtegietan bainatzeari dagokionez, jarduera hori ez baita gomendagarria.
III.–Bisitariek beti errespetatu beharko dituzte eremu horretan jartzen diren seinale finkoak eta behin-behinekoak, baita eremu hori zaindu, babestu eta antolatzeko ardura duten langileek ahoz edo idatziz ematen dituzten jarraibideak ere.
IV.–Bisitariek ordaindu beharko dituzte eremu horretan sartzeko eta jarduera jakin batzuk egiteko ezartzen diren tasak eta kargak, halakorik bada.
V.–Erabiltzaileek ondotik azaltzen den ordutegia errespetatu beharko dute, nahiz eta salbuespenak egin daitezkeen, baldin udal baimenik badute Eremuan egoteko eta Eremua erabiltzeko ordutegietatik kanpo:
1.–Neguko ordutegia: azaroaren 1etik Ostegun Santuaren bezpera arte, 06:00etatik 20:00etara.
2.–Udako ordutegia: Ostegun Santutik urriaren 31 arte, 06:00etatik 00:00etara.
VI.–Zehazki, jarduera batzuek muga desberdinak dituzte, bisitariak herriko bizilagunak izan ala ez, edo kontuan harturik jarraian agertzen den araubidearen arabera baimentzekoak diren (araubide horren aldeko txostena eman dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak):
A.–Jarduera debekatuak, herritarrentzat izan ezik.
Egiazki Beintza-Labaienen eta Urrozen bizi direnak hartzen dira bertako herritartzat. Edonola ere, udal horiek eskubidea dute jarduera hauek mugatu edo antolatzeko:
1.–Abeltzaintza.
2.–Basoko produktuak biltzea.
3.–Bideak pasabide gisa erabiltzea, abeltzaintzarako eta tradiziozko beste jarduera batzuetarako.
B.–Jarduera debekatuak. Lehenbiziko 10ak kontserbazioari dagozkio, hurrengo 2ak antolamenduari, eta azkeneko 4ak zirkulazioari.
1.–Inskripzio, seinale, zeinu nahiz marrazki iraunkorrak edo egonkorrak egitea naturaguneko edozein elementutan.
2.–Hondakinak uztea, horretarako ezarritako lekuetatik kanpo.
3.–Produktu kutsatzaileak edo hondarrak isurtzea.
4.–Edozein jarduera edo ekintza, baldin eragiten badio zirkulazio araubideari edo uren konposizio fisiko edo kimikoari, zuzenean edo zeharka.
5.–Megafonoak edo tresnak erabiltzea, naturakoak ez diren soinuak, ultrasoinuak edo asotsak sortzen dituztenak, berariazko baimenik gabe.
6.–Basa faunari traba egitea, animaliei tratu txarrak emanez, atzetik joanez edo harrapatuz, edo ugaltzeko, jateko zein babesteko eremuak deseginez edo hondatuz.
7.–Bertako fauna eta florakoak ez diren animaliak eta landareak sartzea.
8.–Publizitate egonkorra, iragarkiak edo antzekoak jartzea.
9.–Merkataritza-jarduera ibiltaria debekatua dago, oro har, salbu salbuespenez berariazko baimena lortzen denean.
10.–Aziendari traba egitea.
11.–Sua aisia jardueretarako erabiltzea, salbu Eremuko Administrazioak espresuki gaitzen dituen tokietan. Halaber, debekatuta dago material piroteknikoa erabiltzea eremuaren barnean. Alde horretatik, salbuespenezko arau batek sua erabiltzeko aukera kentzen ahalko du, edozein delarik ere hura erabiltzeko helburua, tokia eta eguna.
12.–Aisiarako Natura Eremuan zakurrak ibiltzearen inguruko debekuak:
a) Debekatuta dago eremuan zakurrak ibiltzea, jabeek behar bezala lotu gabe eta kontrolatu gabe.
b) Debekatuta dago zakurren gorozkiak uztea. Agindu honek ezartzen duen debekua betetzeko, animaliaren jabeak gorozkiak jaso behar ditu eta, ongi bilduta, eremuan dauden edukiontzietara bota, eta zikindutako eremua garbitzeaz arduratu.
c) Debekatuta dago zakurrak etengabe zaunka ibiltzea. Animaliaren jabeak berehala isilarazi beharko du bere animalia.
13.–Edozein ibilgailu motordunetan ibiltzea (autoak, motozikletak, "segweyak" eta abar), kasu hauetan izan ezik: Urrozko herrigunetik aparkalekura iristeko bidean; segurtasun, kontserbazio, kudeaketa, salbamendu edo ezinbesteko arrazoiengatik denean; edo aldez aurretik baimendutako jardueretan. Salbuespen izanen dira minusbaliotasunak dituztenen banakako joan-etorriak.
14.–Kirol-ontziak, nabigaziorako aparatuak edo antzeko josteta instalazioak erabiltzea, aurreneurriak hartu nahi baitira, saihesteko izurri diren espezieen inbasio arriskua, adibidez zebra-muskuiluarena (Dreissena polymorpha), edo saihesteko ekosistemari eragiten dioten epizootiak agertzea. Debeku horrek ez die eragiten Nafarroako Gobernuak berariaz baimendutako jarduerei.
15.–Gaua pasatzea eremuko edozein tokitan, baita bertako aparkalekuan ere.
16.–Eremuan egotea ezarritako ordutegitik kanpo, salbu horretarako lizentziarik izanez gero.
C.–Jarduera baimenduak.
1.–Turismoko eta aisiako jarduerak (antolatu gabeak); batez ere paseatzea, bertan egotea eta talde txikien otorduak.
2.–Lagun egiteko animaliak ibiltzea bertan, baldin jabeek beti lotuta eta kontrolatuta badituzte. Jabeek ziurtatuko dute animalia horiek ez dietela batere eragozpenik sortzen eremuan dauden pertsonei eta faunari. Gainera, gogorarazten da bete behar direla arlo horretan indarra duten Estatuko legeak eta Foru Komunitatekoak. Zakurren kasuan, pertsona arduradun batek lotuta eraman beharko ditu nahitaez, gehienez ere 1,50 metrokoa izanen den uhal sendo edo kate batekin. Horretaz gainera, lehenago erasoren bat egin duten zakurrek edo arriskutsuak izan daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat joko dira, edozein delarik ere haien arraza.
3.–Natura Eremuan zaldiak zaldizkoarekin edo zela zaldiak sartzea. Hala ere, debekatuta dago animalia horiek eremuko alde intentsiboko belardietan egotea. Edonola ere, Eremuko Administrazioak eskubidea du erabilera horri mugak ezartzeko, kudeaketa beharra dela eta.
4.–Bizikletekin ibiltzea, horretarako behar bezala seinalatuta dauden bide eta pistetan. Eremuko Administrazioak eskubidea du erabilera horri mugak ezartzeko, kudeaketa beharra dela eta.
5.–Ibilgailuak aparkatzea, autobusak izan ezik, eremuaren sarreran prestatuta dagoen aparkalekuan, jarri diren zutikako seinaleak errespetatuz, eta betiere jarraituz Leurtzako Eremua zaintzen eta mantentzen duten langileen oharrei.
Autobusak nahitaez aparkatuko dira horretarako seinaleztatu den eremuan. Toki gutxi dagoenez, ezin izanen dira inolaz ere joan autoak aparkatzeko eremuraino.
Aisiarako Natura Eremua bere osotasunean mantentzeko, eta baita eremurako sarbidea ere, tasa bat kobratuko da. Tasa hori urtero onetsiko dute eremu hori kudeatzeko ardura duten udalek (Urroz eta Beintza-Labaien). Tasa horren zenbatekoa dagokion apartatuan azaltzen da.
D.–Jarduera baimengarriak.
1.–Kirol eta josteta jarduerak, taldean eginak, horretarako prestatuta dauden enpresen bitartez edo beste edozein entitateren bitartez.
2.–Argazkigintza, zinemagintza eta bideoko jarduera profesionalak, kontserbazio helburuak oztopatzen ez dituztenean.
3.–Jarduera didaktikoak.
4.–Zientzia edo ikerketa jarduerak, kontserbazio helburuak oztopatzen ez dituztenean.
Leurtzako Aisiarako Natura Eremuan baimentzen ahal diren jarduera horiek egiteko, Urrozko eta Beintza-Labaiengo Udalek onespena eman beharko dute, eta bete beharko dira toki erakundeek kasu bakoitzerako prestatzen dituzten baldintza agiriak.
Aginduzkoa izanez gero, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko du jarduera.
Jarduera horiek egiteko ordaindu beharreko tasa urtero ezarriko dute eremu horren ardura duten udalek.
Tasa horren zenbatekoa dagokion apartatuan azaltzen da.
5.–Baldin zientzia edo ikerketa jarduerak –horien barnean izanik laginak hartzea, argazkiak egitea eta filmatzea– oztopo izan badaitezke kontserbazio helburuentzat, Nafarroako Gobernuak baimendu beharko ditu.
47 bis artikulua. 2. Diziplina araubidea.
A.–Administrazioaren ikuskapena eta erantzuna, ordenantzaren aurkako jarduketen aurrean.
A.1.–Agintaritza-agenteek dagozkien ahalmen guztiak ¡izanen dituzte halako kasuetan, ikuskapen-jarduerak egiteko, eta ordenantzaren kontrako jarduketei erantzuteko. Orobat, agintaritzaren agente gisa dagozkien ahalmenak ere izanen dituzte.
A.2.–Ordenantzan jasotako arauak zehatz-mehatz bete beharko dituzte Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremuko erabiltzaileek eta ordenantza honetan arautzen diren eta baimendu daitezkeen jarduerak egiteko baimenen titular diren pertsona fisiko eta juridikoek. Egiaztatzen denean erabilera edo jarduera batek ordenantza honen xedapenak urratzen dituela, administrazio eskudunek neurri zuzentzaileak ezar ditzakete, edo ordenantza honetan aurreikusten diren gainerako neurriak hartu (behin-behinekoak barne), bai eta ordenamendu juridikoan ezartzen direnak ere, egoera lehengoratzen dela bermatzeko.
Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen ez bada edo ezarritakoari aurka egiten bazaio, administrazio jarduketak eginen dira egoera lehengoratzeko, jarraikiz baimendutako erabilerei eta jarduerei eta emandako baimenei, betiere ordenantza honetan araututakoan oinarrituz. Behar izanez gero, hartuko dira behin-behineko neurriak eta legezkotasuna berrezartzeko neurriak, eta zehapenak ezarriko dira administrazioko arau-hauste diren jokabideen aurrean.
Aurrekoa gorabehera, Administrazioak kalte-ordaina eska dezake, ondasun, instalazio edo zerbitzu publikoetan egin diren kalteengatik.
A.3.–Legezkotasuna berrezartzeko jarduketa administratiboen helburua da berrezar dadila ordenantza honen xedapenak urratu dituen jarduketa egin aurreko egoera, eta ez dute izaera zehatzailerik. Halaber, haien xedea da deklaratzea azkendu edo eten dela ordenantza honetan oinarrituz emandako lizentzia bat. Hortaz, independenteak dira egindako jarduketaren ondorioz ezar daitezkeen zehapen ekonomikoekiko.
A.4.–Zehapen jarduketa administratiboen xedea da interesdunari galdatzea arau-hausteen ondoriozko erantzukizun administratiboa, haren jokabidea zuzendu dadin eta ordenantza honetan ezarritakoaren araberakoa izan dadin.
B.–Erantzuleak.
B.1.–Administrazioaren aurrean, ordenantza honen aurkakoak diren edo honekin bat ez datozen jarduketen erantzule izanen dira pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin araubidea urratzen badute, ordenantzan araututako erabilera eta jarduera debekatuei, baimenduei eta baimengarriei dagokienez.
B.2.–Bereziki, honako hauek izanen dira erantzuleak:
a) Baimena behar duten jardueretan aritzean, baimenaren titularra izanen da ordenantza honetako arauen aurkako arau-hausteen erantzulea.
b) Ibilgailuak erabiltzean egindako arau-hausteetan, haren titularra izanen da erantzulea, baldin arau-haustea gertatu bada ibilgailuaren funtzionamenduaren edo egoeraren ondorioz, edo gidaria, baldin arau-haustea gidatzearen ondorio bada.
c) Gainerako arau-hausteen erantzulea izanen da nahasmenduaren edo kaltearen eragilea, edo modu subsidiarioan erantzule dena, berariazko arauen arabera. Adingabeek egindako arau-hausteetan, gurasoak edo tutoreak jotzen dira erantzuletzat.
Administrazio-erantzukizunak ez du deusetan ukatuko izan daitekeen erantzukizun zibil eta penala.
B.3.–Delitu edo falta izan daitekeen egitateren bat hautematen bada, organo judizial eskudunari jakinaraziko zaio, eta agintaritza judiziala auziaz arduratzen ari den bitartean, zehapen-prozedura administratiboa eten eginen da.
C.–Errekerimendua, behin-behineko neurriak eta udal jarduna.
C.1.–Baldin ikusten bada erabilera edo jarduera batzuen bidez urratzen dela Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremuaren baldintzen eta erabileren araubidea, ordenantza honetan ezarria, agintaritzako agenteek eta, hala badagokio, agintaritza eskudunak ahoz eskatu ahal izanen diete erabiltzaileei eta arduradunei beren jarrera aldatzeko eta beren jokabidea aipatutako araubidera egokitzeko, bai eta ordenantza honetan aurreikusitako xedapenak berehala betetzeko ere. Interesdunak errekerimenduari kasurik egiten ez badio, agintaritza eskudunak eta agintaritza agenteek neurriak har ditzakete horiek eremu naturaletik kanporatzeko, eta haiei kentzeko erabiltzen ari diren edo daramatzaten gailuak, ekipoak, tresnak, instalazioak, edonolako igorle akustikoak, animaliak, ibilgailuak edo antzeko elementuak. Ohartaraziko zaie ezen, erresistentziarik jarriz gero, izan dezaketela desobedientziagatiko erantzukizun penala, betiere kongruentzia-, egokitasun- eta proportzionaltasun-printzipioak betez.
C.2.–Aurreko apartatuan adierazitako errekerimenduarekin batera, edo haren ondorengo edozein unetan, Administrazioak har ditzake beharrezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak, ziurtatzeko dagokion ebazpenaren eraginkortasuna, bereziki zehapen ebazpenarena, behar den prozedura izapidetu ondoren, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 56. artikuluari.
C.3.–Salbuespen gisa eta berehala, agintari eskudunak eta agintaritza agenteek konfiskatu, zigilatu, immobilizatu eta kendu ahal izanen dituzte aparatuak, ekipoak, tresnak, instalazioak, edonolako igorle akustikoak, animaliak, ibilgailuak edo antzeko elementuak, baldin eta horien erabilera eta dagokien jarduera debekatutzat jotzen badira ordenantza honetan. Era berean, ordenantza honen arabera emandako baimen baten etetea deklaratu ahal izanen dute. Hori guztia, jokabide arau-hausleak iraun ez dezan, eta deusetan eragotzi gabe dagokion zehapen-prozedura irekitzea, horrek erabakiko baitu hartutako berehalako eta behin-behineko erreakzio-neurriei eustea ala ez.
Era berean, agintaritza eskudunak eta agintaritzaren agenteek segurtasun-neurri egokiak hartu ahal izanen dituzte, bai espazio publikorako, bai pertsonentzat eta ondasunentzat.
D.–Lehengoratzeko betebeharra.
Ustezko erantzuleak behartuta daude beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartzera, alde batera utzirik ezar dakiekeen zehapen penal edo administratiboa, eta beren egoera naturalera edo lehengora itzultzera ondasun edo elementu kaltetuak, Leurtzako Urtegietako Aisiarako Natura Eremukoak.
Administrazioaren aurrean erantzunen dute, hala badagokio, beren ondarearekin.
E.–Zehapen araubidea.
E.1.–Zehapen-jardueraren prozedura eta printzipioak.
Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteak zehatzeko prozedura izapidetuko da jarraituz urriaren 1eko 39/2015 Legeari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea), eta kontuan hartuz horri buruz urriaren 1eko 40/2015 Legeak araututako printzipioak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa) eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.
Zehapen prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez.
E.2.–Arau-hausteak.
E.2.1.–Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako arau-haustetzat joko dira bertako xedapenen aurkako egintzak edo ez-egintzak, ondoko apartatuetan tipifikatzen direnak, deusetan ukatu gabe sektoreko beste araudi mota baten aurkako arau-hausteak eta horien ondorioak. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
E.2.2.–Hona hemen arau-hauste arinak:
a) Ordenantza honetan jasotako arauak ez betetzea, baldin eta ez badago sailkatua arau-hauste astun edo oso astun gisa.
b) Hondakinak uztea, horretarako ezarritako lekuetatik kanpo.
c) Megafonoak edo tresnak erabiltzea, naturakoak ez diren soinuak, ultrasoinuak edo asotsak sortzen dituztenak, berariazko baimenik gabe.
d) Publizitate egonkorra, iragarkiak edo antzekoak jartzea.
e) Aziendari traba egitea, arau-hauste astuna edo oso astuna ez bada.
f) Zakurren gorozkiak uztea, eta ez jasotzea eta eremuko edukiontzietara ez botatzea edo eramatea, ongi bilduta, eta zikindutako eremua ez garbitzea.
g) Zakurrak etengabean zaunka ibiltzea, eta eremuko pertsona eta faunari traba egitea.
h) Bizikletan ibiltzea, horretarako seinaleztatutako bide eta pistetatik kanpo, traba edo arrisku egoerak sorraraziz eremuko erabiltzaileei eta/edo bisitariei.
E.2.3.–Arau-hauste astunak dira:
a) Bi arau-hauste arin edo gehiago egitea urtebeteko epean.
b) Ez betetzea Leurtzako Aisiarako Natura Eremuan jarduerak baimentzeko oinarri diren baldintza-agirietako baldintzak, baldin eta ez-betetze horiek oso astunak ez badira.
c) Beintza-Labaiengo eta Urrozko bizilaguna izan gabe, abeltzaintzako erabilera edo jardueretan aritzea, basoko produktuak biltzea eta bideak abeltzaintza-erabilerarako igarobide gisa erabiltzea, eta bestelako jarduera tradizionalak egitea, jarduera horiek arautuak eta baimenduak baitaude udalerri horietan egiaz bizi direnentzat.
d) Administrazio publikoen ikuskapen- edo kontrol-lanak galaraztea, atzeratzea edo oztopatzea.
e) Herri-ekitaldiak, berbenak edo kontzertuak egitea, horretarako baimenik edo lizentziarik izan gabe.
f) Administrazio eskudunak eskatutako neurri zuzentzaileak ez hartzea.
g) Behin-behineko neurriak hartzearen ondoriozko betebeharrak ez betetzea.
h) Baimendutako jarduerak eteteko neurriak ezartzen dituzten ebazpenak urratzea.
i) Ingurune naturaleko edozein elementutan egitea inskripzio, seinale, zeinu edo marrazki iraunkorrak edo egonkorrak.
j) Merkataritza-jarduera ibiltariak egitea, berariazko baimenik gabe.
k) Sua erabiltzea aisia jardueretarako, salbu eta Eremuko Administrazioak espresuki gaitzen dituen tokietan.
l) Eremuan motordun ibilgailuan zirkulatzea (autoak, motozikletak, "segweyak", etab.), salbu eta ordenantza honetan baimendutako kasuetan eta sarbideetan, eta berariaz baimendutako kasuetan.
m) Kirol-ontziak, nabigaziorako aparatuak edo antzeko jolas-instalazioak erabiltzea, salbu eta ordenantza honetan baimendutako kasuetan eta sarbideetan.
n) Jabeek behar bezala lotu eta kontrolatu gabeko zakurrak egotea (gehienez ere 1,50 metroko uhal sendo edo katea izan behar dute). Zakur horiek muturrekoa eraman behar dute, baldin eta aldez aurretik erasorik egin badute edo haien arriskua aurreikusteko modukoa bada.
ñ) Gaua pasatzea eremuko edozein tokitan, baita bertako aparkalekuan ere.
o) Zaldiak zaldizkoarekin edo zela zaldiak egotea Natura Eremuko alde intentsiboko belardietan, baldin traba egiten badiete eremuaren erabiltzaileei eta/edo bisitariei edo arrisku egoerak sortzen badituzte.
p) Ez errespetatzea Eremuko Administrazioak bizikletan ibiltzeko behar bezala seinaleztatutako bide eta pistetako mugak.
q) Ibilgailuak aparkatzea, eremuko espaziotik kanpo.
r) Autobusak aparkatzea, horretarako seinaleztatutako eremutik kanpo, bereziki autoak aparkatzeko gunean.
s) Eremuan egotea ezarritako ordutegitik kanpo, horretarako lizentziarik izan gabe.
E.2.3.–Arau-hauste oso astunak dira:
a) Urtebete baino lehen hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.
b) Ez betetzea administrazio-ebazpen irmoaren bidez ezarritako lehengoratze-neurriak.
c) Produktu kutsatzaileak edo hondarrak isurtzea.
d) Edozein jarduera edo ekintza, baldin eragiten badio zirkulazio araubideari edo uren konposizio fisiko edo kimikoari, zuzenean edo zeharka.
e) Basa faunari traba egitea, animaliei tratu txarrak emanez, atzetik joanez edo harrapatuz, edo ugaltzeko, jateko zein babesteko eremuak deseginez edo hondatuz.
f) Bertako fauna eta florakoak ez diren animaliak eta landareak sartzea.
g) Halaber, debekatuta dago material piroteknikoa erabiltzea eremuaren barnean.
E.3.–Zehapenen graduazioa.
Zehapenaren graduazioa erabakitzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan, erantzukizuna aldatzen baitute:
a) Eragindako kaltearen edo narriaduraren izaera (ingurune naturalean egindako kalteak, deserosotasuna, arriskua, eragindako kalte edo galerak, eta pertsonen, ondasunen edo ingurunearen gaineko arriskuen iraunkortasuna edo iragankortasuna).
b) Erruduntasun-maila edo intentzionalitatea.
c) Berrerortzea, urtebetean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago eginez, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
d) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.
E.4.–Zehapenen zenbatekoak.
Hauek dira ordenantza honetan aurreikusitako zehapenak:
E.4.1.–Arau-hauste oso larriak direnean:
a) 151 eurotik 300 eurora bitarteko isunak.
b) Aurreko puntuko diru zehapenaz gain, egindako arau-hausteek diziplina-neurri hauek ekar ditzakete:
I.–Emandako baimena errebokatzea, ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduera edo erabileren kasuan, edo haren indarraldia etetea urtebete eta egun bat eta bost urte arteko aldirako.
II.–Ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduerak edo erabilerak egiteko aldi baterako debekua, osoa edo partziala, gutxienez bi urterako eta gehienez bost urterako.
III.–Ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduerak edo erabilerak egiteko behin betiko debekua.
IV.–Behin betiko konfiskatzea aparatuak, ekipoak, tresnak, instalazioak, edonolako soinu-igorleak, ibilgailuak edo antzeko elementuak, baldin eragindako kaltea handiagoa bada isunaren zenbatekoa baino, eta betiere proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz.
E.4.2.–Arau-hauste astunak direnean:
a) 51 eurotik 150 eurora bitarteko isunak.
b) Aurreko puntuko diru zehapenaz gain, egindako arau-hausteek diziplina-neurri hauek ekar ditzakete:
I.–Emandako baimena errebokatzea, ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduera edo erabileren kasuan, edo haren indarraldia etetea hilabete eta egun bat eta urtebete arteko aldirako.
II.–Ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduerak edo erabilerak egiteko aldi baterako debekua, osoa edo partziala, gehienez bi urterako.
III.–Ordenantza honen arabera baimendu daitezkeen jarduerak edo erabilerak egiteko behin betiko debekua.
E.4.3.–Arau-hauste arinak direnean:
a) 50 eurora bitarteko isuna.
E.5.–Preskripzioa.
E.5.1.–Arau-hauste oso astunek hiru urteren buruan preskribatuko dute, astunek bi urteren buruan, eta arinek sei hilabeteren buruan. Falta oso astunengatik ezarritako zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, falta astunengatik ezarritako zehapenek bi urteren buruan, eta falta arinengatik ezarritakoek urte baten buruan.
E.5.2.–Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.
Arau-hauste jarraitu edo etengabeen kasuan, jokabide arau-hauslea bukatzearekin batera hasiko da epea zenbatzen.
E.5.3.–Zehapenen preskripzio-epea zenbatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena exekutagarria den egunaren biharamunetik aurrera edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa jartzeko epea bukatzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Iragarkiaren kodea: L2315194
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
