Iragarkia
234. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 10a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SAKANAKO MANKOMUNITATEA
Ordenantza, hondakinen kudeaketa arautzen duena. Behin betiko onespena
Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2023ko maiatzaren 18an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza.
Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2023ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 6koan, eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.
Jendaurrean egoteko epea bukaturik, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; beraz, arestian aipatu batzar orokorrean harturiko erabakiarekin bat, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Kasu honetan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batera.
Lakuntzan, 2023ko urriaren 4an.–Mankomunitateko burua, Aitor Larraza Carrera.
SAKANAKO MANKOMUNITATEAN HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
ZIOEN AZALPENA
Hondakinen arloko politika orok egon behar du bideratua ahalik eta gehien murriztera hondakinen sorrerak eta kudeaketak gizakien osasunean eta ingurunean duten eragin negatiboa. Orobat, eta bat etorriz ekonomia zirkularraren printzipioekin, politika horrek bideratua egon behar du baliabideak modu eraginkorrean erabiltzera. Horrek eskatzen du, bada, administrazio publiko guztien apustu estrategiko sendoa, bai eta eragile ekonomiko eta sozial guztien inplikazioa eta konpromisoa ere.
Hondakinek inguruneari egiten dizkioten kalteen artean egun kezka handien sortzen dutenak dira klima-aldaketa eta itsasoetako zaborrak. Hondakinek klima-aldaketan duten eraginari dagokionez, ikusi da hondakinok berotegi-efektuko gasen emisio-iturri lausoa direla, batez ere hondakindegietan uzten diren hondakin biodegradagarriek isurtzen duten metanoa dela eta. Baliabideak modu efizientean erabiltzeari dagokionez, Espainian hondakinak gehienbat hondakindegietan kudeatzen dira oraindik. Hortaz, hondakinen arloko politikan zorrozki aplikatuko balitz hierarkiaren printzipioa, horrek lagunduko luke jasangarritasuna handitzen eta ekonomia zirkularrean oinarritutako ereduak ezartzen.
Apirilaren 8ko 7/2022 Legeak hizpide ditu ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuak. Haren xedea da, batetik, ekonomia zirkularraren printzipioak ezartzea –horretarako erabiliz hondakinen arloko oinarrizko legedia–, eta, bestetik, klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzea eta itsas ingurunea babestea. Lege horrek, bada, lagundu nahi du Garapen Jasangarrirako Helburuak (2030ko Agendan sartuta daude) betetzen; zehazki, 12. helburua (ekoizpen eta kontsumo jasangarria), 13.a (klimaren aldeko ekintza) eta 14.a (urpeko bizitza). Halaber, klima-aldaketaren aurkako borrokari egiten dion ekarpenari dagokionez, lege hau koherentea da energiaren eta klimaren arloko plangintzarekin.
Europar Batasuna "birziklatzearen gizarte" bilakatzeko eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko asmoz, 2008/98/EE Direktiba onetsi zen 2008an (aurrerantzean, Hondakinen Esparru Direktiba). Direktiba horrek hondakinak ditu hizpide, eta haren bidez beste direktiba batzuk indargabetu ziren. Direktiba horrek ezarri zuen hierarkia printzipioa funtsezko tresna bat dela, aukera ematen duena hazkunde ekonomikoaren eta hondakinen ekoizpenaren arten dagoen lotura disoziatzeko. Printzipio horretan zehaztuta dago, hain zuzen, zein den hondakinen arloan jarduteko lehentasun-ordena; honako hau: hondakinen prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, hondakinak balorizatzeko beste modu batzuk (balorizazio energetikoa barne) eta, azkenik, hondakinak ezabatzea.
Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen bidez, gure ordenamendu juridikora ekarri zen Hondakinen Esparru Direktiba, eta aldi berean balio izan zuen berrikusteko arlo horren gainean Espainian zegoen araudia, 1998koa baitzen. Lege horri esker, Europar Batasunean sortutako kontzeptu berriak txertatu ziren, hala nola azpiproduktua eta hondakin-izaeraren galera.
Ondoren, Europako Batzordeak zenbait azterlan egin zituen, eta, horien arabera, beharrezkoa zen, batetik, harmonizazio handiagoa lortzea estatu kideen artean, hondakinei buruzko araudia aplikatzeko, eta, bestetik, epe ertain eta luzerako helburu berriak ezartzea. Azkenik, 2015. urtean, ekonomia zirkularraren arloko ekintza plana onetsi zuen Europako Batzordeak. Han jasotako neurrien artean zegoen, besteak beste, arau sorta bat onesteko beharra, balioko zuena Europar Batasunaren hondakinen arloko araudiaren funtsezko piezak berrikusteko. Hala, bada, 2018an onetsi zen 2018/851 (EB) Direktiba, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2018ko maiatzaren 30ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Hondakinei buruzko 2018/98/EE Direktiba. Direktiba horrek Hondakinen Esparru Direktibaren artikulu batzuk berrikusi zituen, honako hauek helburu: ekonomia zirkularrean aurrera egitea, harmonizatzea, hondakinen gaineko informazioa eta horien trazabilitatea hobetzea eta arlo horretako gobernantza indartzea.
Hain zuzen, 7/2022 Lege berriaren bidez sartu da gure ordenamendu juridikoan 2018n onetsitako direktiba, hark Hondakinen Esparru Direktibari egin dizkion aldaketekin sartu ere. Horrela, are gehiago indartzen da hierarkia printzipioaren aplikazioa, tresna ekonomikoak nahitaez erabili behar direla xedatzen da eta; hondakinen prebentzioa indartzen da, Garapen Jasangarriko Helburuak lortzen laguntzeko neurriak ere jaso baitira; epe ertain eta luzerako helburu kopuru handitzen da udal-hondakinak gerora berrerabiltzeari eta birziklatzeari dagokionez; eta gai gehiago bereizita biltzeko betebeharra ezartzen da, hala nola biohondakinak, ehungintzako hondakinak eta etxeko hondakin arriskutsuak.
Azkenik, lege horrek balio izan du uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasotako zenbait alderdi berrikusteko eta argitzeko. Besteak beste, 22/2011 Legeko alderdi hauek berrikusi dira: hondakina sortu duenaren erantzukizuna, azpiproduktua eta hondakin-izaeraren galera kontzeptuak aplikatzea, zehapen-araubidea eguneratzea eta gaikako bilketa indartzea. Izan ere, hondakin batzuk nahitaez bereizita biltzeko betebeharra ez da soilik etxeetara mugatzen, eta zerbitzuen sektoreari eta saltokiei ere aplikatzen zaie. Helburua da, azken batean, kalitate handiko birziklatzea ahalbidetzea eta kalitatezko bigarren mailako lehengaiak erabil daitezen bultzatzea.
Azkenik, Nafarroako Hondakinen Plana onetsi zen 2016ko abenduan. Hondakinak prebenitu eta kudeatzeko politikarako oinarrizko tresna da 2017-2027 aldirako. Plan horren bidez lortu nahi da Nafarroako gizartea erreferentea izatea ekonomia zirkularraren kontzeptuari dagokionez. Bide horretan, bada, proposatzen du lehengaiak modu arduratsuan erabiltzea, lehengaiak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta "murriztu, berrabili, konpondu eta birziklatu" dioen araua aplikatzea zirkulu jarraitu batean, naturaren berezko funtzionamendua imitatuz, alegia.
Horiek guztiak horrela eta Sakanako Mankomunitateari legez esleitutako eskumenak erabiliz, proposatzen da hondakinen bilketa arautzeko udal ordenantza berri bat onestea.
Ordenantza honek hiru titulu, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen dauzka. Lehen tituluan xedapen orokorrak agertzen dira, eta berritasun gisa jaso da, oinarrizko araudiari jarraikiz, Sakanako Mankomunitateak duen ahalmena merkataritzako hondakin arriskugabeak biltzeko. Zehazten dira, orobat, herritarrek dituzten betebeharrak hondakinak biltzearen eta ematearen inguruan.
Bigarren titulua bilketa zerbitzuari buruzkoa da, eta zerbitzu arrunta eta zerbitzu berezia bereizten dira; bietan, herritarrek hondakinak bereizi egin behar dituzte zenbait sailetan, birziklatzea errazteko eta hierarkiaren printzipioa betetzeko.
Azkenik, hirugarren titulua ikuskapenari eta zehapenari buruzkoa da; bi ahalmen horiek Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 21eko 22/2011 Legeari loturik daude.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
1. Ordenantza honen xedea da, Sakanako Mankomunitatearen eskumenen esparruan, hondakinak bildu eta biltegiratzera bideratutako jokabideak eta jarduerak arautzea, hierarkiaren printzipioa errespetatuz, ingurumenaren aldetik emaitza orokor onena lortzeko, pertsonen osasunaren eta ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak murriztuz.
2. Udal eskumenak erabiliz, ordenantza honek garatzen ditu hondakinei buruzko Estatuko eta autonomia erkidegoko legedia eta toki araubidearen legedia. Ordenantza hau indarra duen legediaren arabera interpretatu eta aplikatu behar da une oroz.
3. Sakanako Mankomunitateko herrietan bizi diren edo hondakinak bertan botatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiak behartuta daude ordenantza honetan ezarritakoa betetzera, bai eta ordenantza garatzeko Mankomunitateak ematen dituen xedapenak betetzera ere.
4. Bilketa zerbitzuaren erabiltzaileak dira zerbitzu horren eragina edo onura jasotzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta Sakanako Mankomunitatea osatzen duten udalerri edo kontzejuetan erroldatuta badaude edo Sakanan zerbitzu ematen badute. Halaber, erabiltzailearen izaera izanen dute hondakinak Sakanako Mankomunitatearen lurralde-eremuan sortu edo uzten dituztenek.
2. artikulua. Definizioak.
1. Ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hona zer diren:
a) Sukaldeko olio erabilia: landare nahiz animalia jatorriko koipea, sortzen dena elikagaiak kozinatu ondoren etxean, zentro eta erakundeetan, ostalaritzan, jatetxeetan eta antzeko tokietan.
a) Pila: energia kimikoa zuzenean eraldatuta lortzen den energia elektrikoaren iturria, elementu primario batez edo batzuez osatua (kargagarriak ez direnak).
b) Bilketa: hondakinak jasotzea, barne dela hasierako sailkapena eta biltegiratzea, horiek tratamendurako instalazio batera garraiatzeko.
c) Bilketa berezia: gaikako bilketa, erabiltzailearentzat hautazkoa.
d) Gaikako bilketa: hondakinen emari bat gaika egitea, haien mota edo izaeraren arabera, tratamendu berariazkoa errazteko.
e) Hondakina: edukitzaileak bota duen gai edo gauza oro, edo botatzeko asmoa duena edo botatzeko obligazioa duena.
f) Merkataritzako hondakinak: handizkako nahiz txikizkako merkataritzak berezko duen jardueratik sortuak, baita jatetxe eta ostatuetako zerbitzuetatik, bulego eta merkatuetatik eta zerbitzu sektoreko gainerakoetatik heldu direnak ere.
g) Aparatu elektriko edo elektronikoen hondakinak: aparatu elektriko eta elektronikoak, horiek osatzen dituzten materialak, osagaiak, kontsumigarriak eta azpimultzoak, betiere hondakin bihurtzen diren unetik aurrera.
h) Obra txikiko eraikuntzaren eta eraispenaren hondakinak: hondakin horiek dira sortzen direnak eraikuntza edo eraispen obretan, etxe partikular, saltoki edo bulego batean edo zerbitzuen sektoreko higiezin batean, obra horiek izanik teknika errazekoak eta eraikuntza eta ekonomia aldetik garrantzi gutxikoak. Haien ondorioz ez dira aldatzen bolumena, erabilera, denek erabiltzeko instalazioak edo etxebizitza eta lokalen kopurua, eta ez dute tituludun profesionalek sinatutako proiekturik behar.
i) Ontzien hondakinak: edukitzaileak botatzen dituen ontziak edo ontzien materialak, edo bota beharrekoak, indarra duten xedapenen arabera.
j) Etxeko hondakinak: etxeko jardueren ondorioz etxeetan sortutako hondakinak, arriskutsuak nahiz arriskugabeak. Etxeko hondakintzat hartuko dira, halaber, zerbitzu eta industrietan sortutakoak eta aurrekoen antzekoak direnak osaerari eta kantitateari dagokienez, eta ez direnak sortzen zerbitzuaren edo industriaren berezko jardueraren ondorioz.
Kategoria honetan sartzen dira etxeetan sortzen diren hondakinak; besteak beste, sukaldeko olio erabilia, tresna elektrikoak eta elektronikoak, ehunak, pilak, metagailuak, altzariak, tresnak eta koltxoiak, bai eta etxeetan egiten diren eraikuntza edo konponketa obra txikietatik heldu diren hondakinak ere.
Honako hauek ere etxeko hondakintzat hartuko dira: bide publikoak, berdeguneak, josteta eremuak eta hondartzak garbitzetik heldu direnak, etxeko animalia hilak eta ibilgailu abandonatuak.
k) Udal hondakinak:
a.–Nahastutako hondakinak eta etxetik bereizita bildutako hondakinak, barnean direla papera eta kartoia, beira, metalak, plastikoak, biohondakinak, zura, ehunak, ontziak, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak, pilen eta metagailuen hondakinak, etxeko hondakin arriskutsuak eta tamaina handiko hondakinak, barnean direla koltxoiak eta altzariak.
b.–Nahastutako hondakinak eta beste iturri batzuetatik bereizita bildutako hondakinak, hondakin horiek direnean etxeko hondakinen izaeraren eta konposizioaren antzekoak.
c.–Merkataritzako hondakin arriskugabeak, Sakanako Mankomunitateak horixe ezartzen duenean ordenantza honi jarraikiz.
d.–Udal hondakinen artean ez dira sartzen ekoizpenetik, nekazaritzatik, basogintzatik, arrantzatik, hobi septikoetatik, estolderia-saretik eta hondakin-urak tratatzeko instalazioetatik datozen hondakinak, barnean direla araztegiko lohiak, balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
l) Hondakin arriskutsua: apirilaren 8ko 7/2022 Legearen I. eranskinean (7/2022 Legea, hizpide dituena ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuak) zerrendatutako arrisku-ezaugarrietako bat edo batzuk dituen hondakina, eta Gobernuak hondakin arriskutsu gisa kalifikatzen duena, Europar Batasuneko araudian edo Espainiak parte hartzen duen nazioarteko hitzarmenetan ezarritakoaren arabera. Definizio honetan sartzen dira, halaber, substantzia edo prestakin arriskutsuen hondarrak dituzten edo horiekin kutsatuta dauden ontziak, salbu eta frogatzen bada ez dutela I. eranskinean zerrendatutako arrisku-ezaugarririk.
m) Osasun hondakinak, etxekoekin parekatzen ahal direnak: osasun zentroetan egiten diren osasun jardueren ondoriozkoak; hau da, ospitaleetan, kliniketan eta osasun zentroetan, profesional liberalen kontsultetan, zentro soziosanitarioetan, albaitari zentroetan eta abarretan egiten diren jardueren ondoriozkoak, arriskutsutzat jotzen ez direnak eta, araudiaren arabera, kudeatzeko baldintza bereziak eskatzen ez dituztenak.
n) Merkataritzako unitateak: merkatuetan jendearentzako salmentarako eta enpresa edo lanbide izaerako zerbitzu ordainduak emateko erabiltzen diren eremuak, titularra edozein dela ere eta izaera bat edo beste izan: lokalak, etxolak etab.
o) Tamaina handiko hondakinak: etxeetan sortzen diren hondakinak, bilketa arrunteko sistemaren bidez biltzen zailak direnak, ezaugarri bereziak izateagatik bolumenaren, pisuaren edo tamainaren aldetik.
2. Gainerako definizioetarako, apirilaren 8ko 7/2022 Legean (7/2022 Legea, hizpide dituena ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuak) eta lege hori garatzen duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
3. artikulua. Tokiko eskumenak.
1. Sakanako Mankomunitateak eskumena du Sakanan sortzen eta pilatzen diren udal hondakinak biltzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan eta jarraikiz hondakinei buruzko Estatuko eta autonomia erkidegoko legediari eta toki araubidearen legediari.
2. Sakanako Mankomunitateak du zaintza eta ikuskapenerako ahalmena eta zehapenak jartzekoa, bere eskumenen esparruan.
3. Sakanako Mankomunitateak honako hau egin dezake:
a) Bere eskumenen esparruan, hondakinak kudeatzeko eta/edo hondakinen prebentziorako bere programa onestea, koordinaturik Estatuko Esparru Planarekin eta Nafarroako hondakinak kudeatzeko planekin. Hala behar denean, hondakinen prebentziorako programa sartu ahalko da hondakinak kudeatzeko planean.
b) Merkataritzako hondakin arriskugabeak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.
c) Enpresetan sortutako etxeko hondakinak biltzea, ordenantza honetan ezarritako moduan.
4. Kanpoan gelditzen dira eta, beraz, ez dira nahitaez jasotzekoak izanen hondakinen etxeko bilketan:
a) Indusketako produktuak, hareak, lurrak, industriako errautsak eta beste edozein obra-hondakin, bai obra publikokoa bai pribatukoa.
b) Edozein motatako pneumatikoak, gurpil-azalak, industria prozesuetako hondakin plastikoak, bernizak, pinturak, kolak, likido korrosiboak, koipeak eta olioak.
c) Bideak garbitzetik datozen hondakinak.
d) Ibilgailu abandonatuak.
e) Bidoiak, lata handiak, zumitzak eta txirbilak.
f) Inausketetan eta lorezaintza lanetan sortzen diren hondakinak.
g) Animalia hilak.
h) Altzarien eta tamaina handiko objektuen bilketa: altzariak eta etxeetako altzari aldaketetatik ateratzen diren elementuak, bakantzat jotzen ez direnak, barne direla etxeak altzariz hornitzean edo etxe aldaketetan sortzen diren bilgarriak.
i) Nekazaritza eta abeltzaintzako jardueretako hondar eta hondakinak.
j) Era guztietako obra eta berrikuntzetan sortzen diren hondakinak, obra horiek herritarrek, gremioek, eraikuntza enpresek edo zenbait arduradunek egiten dituztenean. Honelako hondakinak: obra-hondakinak, zurak, ate eta leihoen markoak, zokaloak, pertsianak, oholtzak, zoruak, moketak, bainuontziak, komunontziak, konketak, sukaldeko altzariak, erradiadoreak eta antzekoak eta, oro har, obrako edozein hondakin, baldin eta etxe bateko eraikuntza edo konponketako obra txiki batekoa ez bada.
k) Oro har, halako hiri hondakinak, etxeetako zabor bilketa arruntean hartu ezin daitezkeenak, Sakanako Mankomunitateko zerbitzuen iritziz, haien itxura, bolumena, pisua, desegokitasuna, hezetasun maila edo bertzelako ezaugarriengatik.
4. artikulua. Zerbitzuen prestazioa.
1. Sakanako Mankomunitateari dagokio udal hondakinen bilketa zerbitzua ematea, ordenantza honetan eta araudi aplikagarrian ezarritakoari jarraikiz, eta bere interesendako egokienak iruditzen zaizkion sistema teknikoak eta antolaketakoak erabiliz, kontuan harturik zerbitzuaren eraginkortasun operatibo eta ekonomikoa eta erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea.
2. Zerbitzu hau emateko, erabil daitezke toki araubidearen legedian aurreikusitako kudeaketa zuzeneko edo zeharkako bideak.
3. Halaber, toki entitate bakoitzak independenteki egin dezake bilketa, edo zenbait toki entitate elkarturik, kudeaketa-esleipenaren legezko figuraren bitartez edo bidezkoa den beste edozeinen bitartez.
5. artikulua. Betebehar orokorrak.
1. Onuradunek betebehar orokor hauek dituzte:
a) Mankomunitateak ezarritakoaren arabera erabiltzea edukiontziak, zutoinak, larrialdiguneak eta garbiguneak.
b) Kartoiak tolestea, kartoizko hondakinen bolumena murrizteko.
c) Hondakinak bereiztea eta Mankomunitateak jarritako edukiontzietan edo bilketa guneetan uztea.
d) Hala behar denean, edukiontziak edo zaborrontziak eremu publikoko bilketa gunera ateratzea, zerbitzu publikoak bilketa egin dezan, Mankomunitateak ezarritako ordu eta tokietan.
e) Hondakinak bildu eta uzteko ordutegiak betetzea.
f) Mankomunitateari edo agintaritzaren agenteei jakinaraztea kalean edo eremu publikoetan hondakin abandonatuak daudela, hala nola ibilgailu abandonatuak, altzariak, animalia hilak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak eta abar.
g) Kalte egin dezaketen hondakinak uztea kalterik ez egiteko maneran.
h) Errautsak botatzea aldez aurretik itzalita, hotzak eta ongi itxitako poltsetan.
2. Mankomunitatearen zerbitzuek uko egiten ahako diote behar bezala eta aurreko zehaztasunen arabera utzi ez diren hondakinak jasotzeari.
6. artikulua. Debekuak.
Debeku da:
a) Hondakinak eremu publikora botatzea edo bertan uztea, edo Sakanako Mankomunitateak ezarri ez dituen tokietan.
b) Hondakinak edukiontzietan, esekitokietan edo bilketako beste gune batzuetan uztea ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.
c) Eremu publikoetan ezarritako paperontzietatik kanpo uztea hondakin txikiak, hala nola paperak, txikleak, zigarrokinak, gozokiak, azalak eta antzeko zakarrak.
d) Edukiontziak, zaborrontzien esekitokiak edo haien edukia manipulatzea, eta paperontziak edo beste edukiontzi batzuk eta esekitokiak beren tokitik atera edo iraultzea eta beste leku batzuetara eramatea.
e) Ordenantza honetan ezarri ez diren xedeetarako erabiltzea edukiontziak eta esekitokiak.
f) Edukiontziei eta esekitokiei edonolako kaltea egitea.
g) Udalek gaikako bilketarako jartzen dituzten paperontzietan etxeko hondakin gaizki bereiziz betetako poltsak uztea.
7. artikulua. Araubide fiskala.
Ordenantza honetan aurreikusitako udal zerbitzuak emateagatik eta hala ezarri denean, ordaindu beharko da dagokion tasa, prezio publikoa edo era horretako ordain ekonomikoa, kasuan kasuko ordenantza fiskalean edo antzekoetan araututako moduan.
II. TITULUA.–BILKETA ZERBITZUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
8. artikulua. Bilketa zerbitzua.
Bilketa zerbitzuan jarduketa hauek sartzen dira:
a) Hala behar denean, hondakinen edukiontziak bilketarako ibilgailuetara eramatea, eta edukiontziak hustu eta berriz ere jatorrizko guneetan uztea.
b) Hondakinak bilketa guneetatik hartu eta bilketarako ibilgailuetan hustea.
c) Hondakinak garraiatu eta kudeaketako instalazio egokietan deskargatzea.
d) Aipatutako lan horien ondorioz isurtzen diren hondarrak jasotzea.
e) Sarrera libreko edukiontziak eta bilketako beste gune batzuk mantendu, garbitu eta behar denean berriekin ordeztea, erabilera esklusiboko edukiontziak edo zaborrontziak izan ezik.
f) Bilketarako ibilgailuak mantendu, garbitu eta behar denean berriekin ordeztea.
9. artikulua. Bilketa zerbitzuen sailkapena.
1. Ordenantza honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hondakinen bilketa zerbitzua honela sailkatzen da: arrunta eta berezia.
2. Bilketa zerbitzu arrunta nahitaez eman beharreko zerbitzu bat da eta Sakanako Mankomunitateak ematen du, ordenantza honetan xedatutakoarekin bat.
3. Bilketa berezia Sakanako Mankomunitateak eginen du erabiltzaileak eskatzen duenean soilik eta, halakoetan, dagokion tasa edo prezio publikoa sortuko da.
4. Bilketa zerbitzu arruntean hondakin kategoria hauek sartzen dira:
a) Etxeko hondakinak, etxebizitza partikularretatik iristen direnak.
b) Etxeko hondakinak, industriatik, merkataritzatik eta beste zerbitzu batzuetatik iristen direnak, baita etxekoekin parekatzen ahal diren osasun hondakinak ere, egunero entregatzen dena 5.500 litro/aste edo gutxiago denean.
Dena dela, ez dira bilketa zerbitzu arruntean sartzen honako hondakin hauek, nahiz eta saltokietan, zerbitzuetan edo industrietan sortu:
–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.
–Arropa eta oinetakoak.
–Pilak eta tamaina handiko metagailuak.
c) Garbiguneen bitartez biltzen direnak.
5. Bilketa zerbitzu berezian, interesdunek aldez aurretik eskaera eginik, hondakin kategoria hauek sartzen ahal dira:
a) Merkataritzako hondakin arriskugabeak.
b) Azoketako hondakinak.
c) Tamaina handiko hondakinak, hala nola altzariak eta etxeko gauzak.
d) Arropa, oinetakoak eta ehungintzako beste hondakin batzuk.
e) Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.
f) Garbigunearen zerbitzuan modu berezian biltzekoak diren hondakinak, bat etorriz ezarrita dagoenarekin Sakanako Mankomunitatearen garbigunearen zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzan.
g) Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk, egunean 50 kg baino gehiago direnean.
10. artikulua. Hondakinen kudeaketa egokiaz arduratzea.
1. Etxeko eta saltokietako hondakinen sortzaileek eta hasierako edukitzaileek, baldin eta hondakinok udalaren eskumenekoak badira, horiek emateko ardura dute, zuzen kudea daitezen. Ardura hori amaitzen da ordenantza honetan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako moduan entregatzen dituztenean.
2. Merkataritzako hondakin arriskugabeen sortzaileek eta edukitzaileek, horiek udal hondakinen bilketa zerbitzuak biltzen ez dituenean, kudeaketa egokiaren ardura dute, halaber. Horretarako, honako hau bete beharko dute:
a) Hondakinak higiene eta segurtasuneko baldintza egokietan eduki beharko dituzte, beren esku dauden bitartean.
b) Hondakinak gaika ongi bereizita eman beharko dizkiete hondakinen kudeatzaileei, araudian xedatutakoari jarraikiz.
c) Hondakinen bilketa eta kudeaketa egokiari buruzko egiaztagiria eduki beharko dute.
3. Sortzaileak edo edukitzaileak ez baditu betetzen merkataritzako hondakin arriskugabeen kudeaketari buruzko betebeharrak, Sakanako Mankomunitateak zilegi izanen du kudeaketa bere gain hartzea subsidiarioki, eta horren egiazko kostua betebeharra duenari egoztea.
II. KAPITULUA.–BILKETA ZERBITZU ARRUNTA
11. artikulua. Hondakinak behar den tokian uztea.
1. Herritarrak behartuta daude etxeko hondakinak bereiztera etxebizitzetan, enpresetan eta saltokietan, ordenantza honen arabera zenbat gai bereizi behar diren, horrenbeste zatitan, eta ezarri diren edukiontzi, toki eta orduetan uztera.
2. Sakanako Mankomunitateak udal hondakin moten araberako bilketa arrunta eginen du, modalitate hauetako baten edo batzuen bitartez:
a) Atez ate, hau da, hondakinak poltsa itxietan soltean edo zaborrontzietan uztea, eremu publikoan, Sakanako Mankomunitateak ezarritako esekitokietan edo lekuetan.
b) Hondakin mota bakoitzerako edukiontziak, behar bezala identifikatuak; eremu publikoan edo ekarpen etxoletan egonen dira.
c) Garbiguneak.
d) Ezartzen ahal diren beste sistema batzuk.
3. Larrialdi kasuak: larrialdi kasuetan, hala nola gatazka sozialak, uholdeak edo ezinbesteko beste egoera batzuk, zeinetan ezinezkoa baita bilketa zerbitzua egitea, eta Udalak edo Mankomunitateak aldez aurretik jakinarazirik, erabiltzaileek ez dituzte hondakinak aterako zerbitzua normaldu arte, edo Udalak edo Mankomunitateak bidezko jarraibideak eman arte.
12. artikulua. Gaikako bilketa.
Udalerri bakoitzean ezarritako sistemarekin bat, herritarrek hondakin mota hauek bereizi beharko dituzte gaikako bilketarako:
–Gai organikoak.
–Beira.
–Ontzi arinak (plastikozko ontziak, metalezkoak edo edarietarako brik kartoiak).
–Papera eta kartoia (paper eta kartoizko ontziak eta ontzi erabilera ez duen papera).
–Sukaldeko olio erabilia.
–Arropa, oinetakoak eta ehungintzako beste hondakin batzuk.
–Botiken hondakinak eta bilgarriak.
–Pilak.
–Errefusa.
–Tamaina handiko hondakinak: altzariak eta etxeko gauzak.
–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak eta, hala behar denean, kategorien arabera.
–Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak.
–Osasun hondakinak, hiri hondakinekin parekatzen ahal direnak.
–Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk.
13. artikulua. Edukiontziak.
1. Sakanako Mankomunitateak nahitaezko bilketa zerbitzu bat ezarri du, edukiontzi, zaborrontzi eta zutoinen bidezkoa. Erabiltzaileak nahitaez erabili beharko ditu horiek, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz, eta eremu bakoitzean dagoen sistemaren arabera.
2. Sakanako Mankomunitateak erabakiko du, ukitutako udal eta kontzejuekin lankidetzan, zer edukiontzi, zaborrontzi eta zutoin mota erabiliko den; zer ezaugarri tekniko izanen dituzten; zenbat unitate paratuko diren etxebizitza blokeetan, saltokietan, establezimenduetan eta gainerakoetan eta non kokatuko diren.
3. Sakanako Mankomunitateak soilik aldatzen ahalko du edukiontzien, larrialdi puntuen eta hondakinak biltzeko zerbitzuaren bestelako elementuen kokalekua, edo haren berariazko baimenarekin aldatuko dira. Kokalekua ezin izanen da aldatu, ezta aldi baterako ere, Mankomunitatearen baimenik gabe.
4. Sakanako Mankomunitateak hiri eremuan pasabideak eta erreserba bereziak paratzeko eskatzen ahalko du, zamalanetarako eta edukiontziak egoki mantentzeko gainerako lanetarako.
5. Ukitutako udal eta kontzejuek hondakinak biltzen dituzten Mankomunitateko ibilgailuei bermatu beharko diete edukiontzietara, bilketa zutoinetara eta larrialdi puntuetara iristeko modua.
6. Debeku da ibilgailuak aparkatzea edukiontzien edo larrialdi puntuen ondoan, baldin eta horrek haietara iristea oztopatu edo eragozten badie Sakanako Mankomunitateko hondakinen bilketa zerbitzuko langileei.
7. Hondakinak biltzeko beharkizuna betetzearren, Sakanako Mankomunitateak edukiontziak jarriko ditu hondakin moten arabera, eta bere ardura izanen da, halaber, horiek mantendu, garbitu eta behar denean berriekin ordeztea.
8. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, erabiltzaileek erabilera esklusiborako edukiontzi bat izanen dute, Sakanako Mankomunitateak ezarritako ezaugarriekin, honako kasu hauetan:
a) Erabiltzaileek eskatzen dutenean, Sakanako Mankomunitateak aldez aurretik baimenduta. Edukiontziak jarriko dira eskatzailearen instalazioen barnean edo eremu publikoan, Sakanako Mankomunitateak ezarritako tokian eta maiztasunarekin, bilketa zerbitzuak eramateko.
b) Sakanako Mankomunitateak auzokideen komunitateak behartu ditzake erabilera esklusiboko edukiontzi bat eskuratzera, Udalak erabakitzen duenean, zerbitzuaren efizientzia eta eraginkortasun irizpideei jarraikiz, komunitate horiek dauden eremuetan ez direla erabilera kolektiboko edukiontziak jarriko.
Bi kasuetan, erabiltzaileari edo auzokideen komunitateari dagokio edukiontziak mantendu, garbitu eta behar denean berriekin ordeztea.
9. Edonola ere, industrietan, saltokietan eta zerbitzuetan nahitaezkoa izanen da edukiontziak eskuratu eta erabiltzea, bereizirik bildu daitezen gai organikoak, papera eta kartoia, ontzi arinak eta errefusa, baldin eta sortzen dituzten etxeko hondakinak 5.500 litrotik gorakoak badira astean.
10. Aurreko kasuetako edozeinetan, Sakanako Mankomunitateak erabakiko du edukiontzien kokalekua eremu publikoan, honako hauetan: ekarpen eremuetako etxoletan edo bulegoen, saltokien, industrien edo ostalaritzako establezimenduen barnean. Horretarako, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: efizientzia, ekonomia, antolaketa, erabiltzaileentzako hurbiltasuna eta irisgarritasuna eta osasun eta segurtasun publikoa.
11. Mankomunitateko zerbitzuek finkatuko dituzte honako hauek: edukiontzi mota; etxebizitza multzoetan, saltokietan, industrietan edo establezimenduetan behar diren edukiontzien kopurua; eta kokalekua.
12. Edukiontziak jabetza publikoko elementuak direnez gero, Sakanako Mankomunitateko zerbitzuek berrituko dituzte. Gaizki erabiltzegatik zerbitzurako erabili ezin direnean, erabiltzaileari ordaindu beharra ezarri ahal izanen zaio.
13. Sakanako Mankomunitateak beretako gordeko du edukiontzien kokalekua aldatzeko eskubidea, interes publikoko arrazoiak direla eta. Behin betiko nahiz modu iragankorrean. Azken kasu horretan, lekuz aldatzeko arrazoia desagertzean jatorrizko tokietara itzuliko dira.
14. Sakanako Mankomunitateko zerbitzuek aldizka garbituko dituzte beren edukiontziak.
15. Erabiltzaileak, aurreko artikuluan ezarritakoez gain, eginbehar hauek izanen ditu:
a) Sakanako Mankomunitateak kasu bakoitzean zehazten dituen edukiontziak erabiltzea, indarra duen legezko araudiari jarraikiz. Edukiontzi horiek Mankomunitatearenak izanen dira.
b) Erabiltzaileek haien barnean sartu beharko dituzte zaborrak, ezarritako arauen arabera, eta debeku izanen da hondakinak edukiontziak paratzeko eremuen inguruan uztea.
c) Erabiltzaileek nahiz hondakin-biltzaileek arreta handiz erabiliko dituzte hondakinen edukiontziak, kalterik jasan ez dezaten.
d) Herritarrak ahaleginduko dira zamalanak eta garraio-lanak ez eragozten.
e) Debeku da solteko zaborrak botatzea sarrera libreko edukiontzietan. Erabiltzaileak, partikularra izan zein saltoki txikikoa izan, bere hondakinak poltsa hermetiko arras itxietan sartu beharko ditu, deus ez zikintzeko.
f) Erabiltzaileak ezin ditu, inolaz ere, edukiontziak mugitu eremu publikoan duten tokitik. Ez hark beste toki bat nahiago izateagatik, ez hondakinak errazago bota nahi izateagatik, erosokeriak bultzatuta, edukiontziraino eraman beharrean.
g) Edukiontzietara ezin dira inolaz ere bota oso likidoak diren hondakinak.
h) Mankomunitateak behartzen ahalko ditu hirigunean kokaturiko saltoki eta industriak –herriko bide publikoetako edukiontziak erabiltzen ohi dituzten horiek– aldirietan kokaturiko halako edukiontzi batzuk erabiltzera, baldin eta usaina edo osaera dela-eta auzoendako hondakin gogaikarriak sortzen badituzte (arrandegiak, konparaziorako), gutxienez ere aipatu hondakin horiek botatzeko, eragozpenik gerta ez dadin. Edukiontziak behar bezala seinalatuko dira. Betebehar hori betetzen ez bada, idatziz emanen da horren berri, eta horrek dagokion zehapena ekarriko du.
i) Hondakinak uzteko ordutegia 19:00etatik biharamuneko 06:00ak artekoa da, eta debekatuta dago zaborrak ordutegi horretatik kanpo uztea, herritarrek usainik eta eragozpenik izan dezaten.
j) Larrialdi puntuetara sartzeko nahitaez erabili beharko dira txartel magnetikoak. Sakanako Mankomunitateak emanen ditu txartelok.
14. artikulua. Etxeko hondakin bilketa.
1. Sakanako Mankomunitateak, hondakinak biltzeko duen beharkizuna betetzearren, etxeko edo atez ateko bilketa sistema ezartzen ahalko du eta, horren bidez, entitateak ezartzen dituen orduetan, tokietan eta moduan utzi beharko dituzte hondakinak erabiltzaileek.
2. Mankomunitateak bi zaborrontzi emanen dizkie erabiltzaileei, hondakin moten arabera; bat 20 litrokoa izanen da, marroia, gai organikoetarako, eta bestea grisa, laranja koloreko estalkiduna, gainerako gaietarako. Erabiltzaile zenbakiarekin identifikatutako esekitokietan jarriko dira zaborrontzi horiek, eta erabiltzaileek berek mantendu eta garbitu beharko dituzte. Hondatuta dagoena entregatu egin beharko da berria jasotzeko.
3. Hondakin mota bakoitza bilketa gunean utziko da Mankomunitateak urtero ezartzen duen egutegiaren arabera; egun batean ezin izanen da mota bat baino gehiago utzi, Mankomunitateak espresuki baimendutakoak izan ezik.
4. Mankomunitateak Non-Zer hiztegian zehaztuko ditu mota bakoitzari dagozkion gaiak, edo hiztegi horren eguneraketetan.
5. Erabat debekatuta dago erabiltzaile bakoitzari dagozkion bilketa guneetatik kanpo uztea hondakinak.
15. artikulua. Gai organikoak biltzea.
Etxeko sisteman erabiltzaileen betebeharra da gai organikoak gainerako hondakinekin ez nahastea, zaborrontzian sartzea eta dagokien gunean zintzilikatzea, ezarritako egun eta orduetan, bil daitezen. Biharamun goizean eremu publikotik jaso beharko dira.
16. artikulua. Beira biltzea.
1. Beirazko hondakinak horretarako edukiontzietan utzi beharko dira.
2. Botilen, potoen eta beste ontzi batzuen kasuan, herritarrek hustu egin beharko dituzte barruko hondarrak kentzeko, eta metalezko estalkiak, plastikozko tapoiak edo ontziak hasieran zituen beste hondakin batzuk bereizi eta ontzien edukiontzira bota.
17. artikulua. Ontzi arinak biltzea.
1. Edukiontzien bidezko bilketa sisteman, ontzi arinak horretarako edukiontzietan utzi beharko dira.
2. Etxeko bilketa sisteman, ontziak estalki laranjadun zaborrontzi grisean utzi beharko dira, edo plastikozko poltsa itxi batean bilketa gunean, ezarritako egutegiaren arabera. Zaborrontzia eremu publikotik jaso beharko da hondakinak bildu eta gero eta biharamun goiza baino lehen.
3. Botilen, potoen, laten eta beste ontzi batzuen kasuan, herritarrek erabat hustu beharko dituzte aldez aurretik, baldin gai organikoko hondarrak badituzte, esate baterako janari hondarrak.
18. artikulua. Papera eta kartoia biltzea.
1. Edukiontzien bidezko bilketa sisteman, dagokien edukiontzian utziko dira paper eta kartoi garbiko hondakinak, ahalik eta tolestuen. Bereziki, kartoizko kaxak moztu eta egokiro tolestuko dira, bilketarako edukiontzietan sartu ahal izateko.
2. Etxeko bilketa sisteman, estalki laranjadun zaborrontzi grisean utzi beharko dira , paperezko poltsa batean edo sokaz lotuta fardel txiki bat eginez bilketa gunean, ezarritako egutegiaren arabera. Zaborrontzia eremu publikotik jaso beharko da hondakinak bildu eta gero, eta biharamun goiza baino lehen.
3. Utzi baino lehen, herritarrek kendu egin beharko dituzte hondakin horietatik metalezko, plastikozko eta paper eta kartoi zikineko hondar guztiak, eta hondar horiek ordenantza honetan dagokien motarako ezarritakoaren arabera utziko dira.
19. artikulua. Errefusa.
1. Mota hau osatuko dute ordenantza honen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera gaikako inolako bilketatan sartzen ez diren hondakinek.
2. Edukiontzien bidezko bilketa sisteman, isurketarik ez izateko moduko poltsa iragazgaitzetan aterako dute errefusa erabiltzaileek. Errefusa dagozkion edukiontzietan utziko da, izan erabilera kolektibokoak izan erabilera esklusibokoak.
3. Etxeko bilketa sisteman, ontziak estalki laranjadun zaborrontzi grisean utzi beharko dira, edo plastikozko poltsa itxi batean bilketa gunean, ezarritako egutegiaren arabera. Zaborrontzia eremu publikotik jaso beharko da hondakinak bildu eta gero, eta biharamun goiza baino lehen.
4. Bilketa sistemetako edozeinetan, debekatuta dago hondakinak nahastu eta uztea, baldin eta Mankomunitateak kasuan kasuko herrian gaikako bilketa sistema ezarri badu horiek biltzeko.
20. artikulua. Sukaldeko olio erabilia.
1. Debekatuta dago olio erabilia hustubideetatik behera botatzea.
2. Herritarrek landare olio erabilia 5 litro arteko plastikozko ontzi itxietara botako dute, eta horretarako edukiontzian edo garbigunean utziko.
3. Jatetxeen, tabernen, hotelen eta beste jatetxe zerbitzu batzuen titularrek edukiontzi egokiak izan beharko dituzte sukaldeko olio erabilia botatzeko bertara, eta kudeatzaile baimendu bati emanen dizkiote.
4. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, Sakanako Mankomunitateak, ordenantza honen 30. artikuluan xedatutakoarekin bat, erabaki dezake hondakin horiek nahitaez sartzea udalaren bilketa sisteman.
21. artikulua. Erabilitako arropak eta oinetakoak.
Herritarrek arropa eta oinetako erabiliak eta ehungintzako bestelako hondakinak utziko dituzte plastikozko poltsa itxietan honako toki hauetan:
a) Horretarako jarritako edukiontzian.
b) Garbigunean.
c) Irabazi asmorik gabeko entitateen edo elkarteen lokaletan edo horien edukiontzietan, berrerabiltzeko, baldin eta entitate horiek Mankomunitatearen baimena badute arropa eta oinetako erabiliak biltzeko.
22. artikulua. Botiken hondakinak eta bilgarriak.
Botika iraungiak, jada erabiltzen ez diren botikak, botika hondarrak eta beren bilgarriak SIGRE bilketa guneetan utziko dituzte herritarrek, halakoak dituzten farmazietan.
23. artikulua. Pilak.
Pila erabiliak honako toki hauetan utziko dituzte herritarrek:
a) Behar bezala seinalizatutako edukiontzietan, hau da, eremu publikoan, banaketa tokietan, merkataritza guneetan eta abar.
b) Garbiguneetan.
24. artikulua. Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak.
Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak materialen arabera bereizirik poltsa sendoetan sartuko dituzte herritarrek eta, ongi kudeatzeko, honako hauei emanen dizkiete:
a) Kudeatzaile baimendu bati.
b) Garbiguneetan utziko dituzte. Solteko hondakinak dagokion edukiontzian utzi beharko dituzte, zakuak hustuta. Gehienez ere, 1.000 kg uzten ahalko dira urtean. Orobat, dagokion tasa ordaindu beharko da.
25. artikulua. Gorozkiak.
Etxeko animalia bat duenak jaso egin beharko ditu gorozkiak eremu publikotik eta errefusarekin batera edo horretarako dauden edukiontzietan utzi, halakorik izanez gero.
26. artikulua. Garbiguneetan biltzea.
1. Herritarrek garbigune finko edo mugikorretan utzi ahalko dituzte hondakin mota hauek:
a) Sukaldeko olio erabilia.
b) Arropa, oinetakoak, eta ehungintzako beste hondakin batzuk.
c) Pilak.
d) Tamaina handiko hondakinak: altzariak eta etxeko gauzak.
e) Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak ezin izanen dira garbigunean utzi, eta 24. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
f) Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.
g) Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk ezin izanen dira garbigunean utzi, eta 24. artikuluan ezarritakoa bete beharko da.
h) Erradiografiak.
i) Beste batzuk: Sakanako Mankomunitateko hondakinen zerbitzuari galdetu beharko zaio.
2. Garbigune bakoitzak izanan du onar daitezkeen udal hondakinen zerrenda, ordenantza honetan ezarritakoaren eta bertako instalazioen izaeraren arabera.
27. artikulua. Larrialdiguneak.
1. Sakanako Mankomunitateak larrialdiguneak paratuko ditu egoki iritzitako udalerrietan. Larrialdiguneak instalazio txikiak dira, herritarrek erabiltzen ahal dituztenak hondakinak uzteko, horretarako premia dutenean.
2. Mankomunitateak ezarritako kasuetan soilik uzten ahalko dituzte erabiltzaileek hondakinak larrialdiguneetan. Larrialdiguneak ezin dira inolaz ere erabili ohiko bilketa-sistema ordezteko, eta are gutxiago udalerri bakoitzean hondakin mota bakoitza biltzeko ezarritako ordutegiak betetzea saihesteko.
3. Guztiz debekatua dago hondakinak botatzea edo uztea larrialdiguneetan Mankomunitateak ezarritako inguruabarretatik kanpo. Halaber, guztiz debekatua dago larrialdiguneetan hondakinak botatzea edo uztea horretarako prestatutako tokietatik kanpo (edukiontziak).
4. Debekatua dago hondakinak botatzea edo uztea larrialdiguneetatik gertu edo horien inguruan.
5. Larrialdiguneak tokiz aldatzeko kostua Mankomunitateak hartuko du bere gain, baldin eta berak sustatu badu aldaketa. Aitzitik, aldaketa udalek edo kontzejuek sustatu badute, horiek hartuko dute bere gain dagokion kostua.
28. artikulua. Hondakinen bereizketari eta bilketari buruzko informazioa.
1. Sakanako Mankomunitateak argitara emanen ditu zerbitzuaren baldintzak eta, bereziki, hondakin motak utzi eta biltzeko egun eta orduak, hondakinak uzteko baldintzak eta guneak, eta zerbitzua egokia izateko komenigarritzat jotzen den beste edozein.
2. Baldintza eta ordutegi horiek Sakanako Mankomunitatearen web-orrian egonen dira ikusgai (www.sakana-mank.eus).
29. artikulua. Hondakinen bereizketari eta bilketari buruzko sentsibilizazioa eta heziketa.
1. Sakanako Mankomunitateak kanpainak eta jardunaldiak eginen ditu, hondakinak gaika biltzeari buruzko sentsibilizazioaren eta heziketaren arloan.
2. Horri begira, besteak beste, lankidetzarako hitzarmenak eta akordioak sinatzen ahalko ditu subjektu publiko eta pribatuekin, hala nola unibertsitateekin, ingurumenaren babesaz arduratzen diren irabazi asmorik gabeko erakundeekin, hondakinak kudeatzeko sistema kolektiboekin eta ekoizleen elkarteekin.
3. Sakanako Mankomunitateak, hondakinen gaikako bilketa sustatzearren, bere web-orriaren bidez aditzera emanen du hondakin mota bakoitzak duen azken tratamendua.
III. KAPITULUA.–BILKETA ZERBITZU BEREZIA
30. artikulua. Saltoki, industria eta zerbitzuetako etxeko hondakinak eta etxekoekin parekatzen ahal diren osasun hondakinak biltzea.
Saltoki, zerbitzu eta industrietako titularrek, sortzen dituzten etxeko hondakinak astean 5.500 litrotik gorakoak direnean, kudeatzaile baimendu bati eman beharko dizkiote.
31. artikulua. Merkataritzako hondakin arriskugabeak eta industrietako etxeko hondakinak biltzea.
1. Saltokiek aukera hauek dituzte merkataritzako hondakin arriskutsuak uzteko:
a) Kudeatzaile baimenduei ematea.
b) Merkataritzako hondakin arriskugabeak biltzeko zerbitzu berezia eskatzea.
2. Sakanako Mankomunitateak sistema bereki bat ezartzen ahalko du merkataritzako hondakin arriskugabeak eta/edo industrietan sortzen diren etxeko hondakinak biltzeko, horretarako arrazoiak emanez eta hondakinen bilketan efizientzia eta eraginkortasun handiagoa lortzeko irizpideetan oinarriturik; halaber, zilegi izanen du hondakin horien sortzaileak sistema horretan nahitaez sar daitezela ezartzea.
32. artikulua. Azoketako edo merkatu txikietako hondakinak biltzea.
1. Mankomunitateak zerbitzu berezi bat ezarri du, azokako hondakinak gaika biltzeko. Azokara beren produktuak saltzera joaten direnek sortutako hondakinak bereizi eta Mankomunitateak ezarritako moduan eta lekuan entregatu beharko dituzte.
Horretarako, Sakanako Mankomunitateak, udaleko garbiketa zerbitzuekin koordinatuta, bilketa puntu bat jarriko du, eta bertan izanen dira hondakin mota bakoitzerako edukiontzi berariazkoak. Zerbitzuaren erabiltzaileek, hortaz, sortutako hondakinak eraman beharko dituzte hondakinak sortu diren tokitik bilketa punturaino, eta han utzi beharko dituzte, bakoitza dagokion edukiontzian.
2. Saltzaileak beharturik daude azokako jardueran sortzen diren hondakinak gaika bereiztera, herri bakoitzean ezarrita dagoen bilketa sistemaren arabera, honako gaiak bereiziz gutxienez:
–Papera eta kartoia.
–Gai organikoak.
–Ontziak. Mankomunitatea ez dago behartua ontziok hartzera, ontziok ez badira etxeko ontzi arinak (tamaina dela-eta edo barnean izan dutena dela-eta). Ontzi horiek, bada, dagokion kudeatzaile pribatuari eman beharko zaizkio.
–Zura.
–Errefusa.
3. Xede horretarako, azoka bakoitzak zenbait edukiontzi izanen ditu. Debeku da berariazko edukiontzietan uztea edukiontzi horri dagokion motetakoa ez den hondakin oro, bai eta azoka horretan sortua ez den hondakin oro uztea ere. Debeku da hondakinak uztea edukiontzietatik kanpo. Kartoizko kutxak ireki, tolestu eta behar bezala pilatuko dira, bolumena murrizteko.
4. Merkataritza unitate edo salmenta postu bakoitzaren titularrak, azoka edo merkatu txikia ixterakoan, sortutako hondakinak utziko ditu Sakanako Mankomunitateak edo aplikatzekoa den araudian azoka horretarako ezarritako tokian, orduan eta baldintzetan.
5. Merkataritza unitate edo salmenta postu bakoitzaren titularrak izanen du ardura merkatuko jardueran sortutako hondakinak ongi kudeatzeko; Mankomunitateari edo baimendutako beste kudeatzaile bati ematen ahal dizkie.
33. artikulua. Animalien gorpuak.
1. Debeku da animalia hilak uztea edozein lur motatan edo horiek uztea edukiontzietan, zutoinetan, larrialdiguneetan edo bilketa puntuetan.
2. Animalia hilen jabeek eta albaitaritza kliniketako titularrek kudeatzaile baimendu bati eraman beharko dizkiote.
34. artikulua. Tamaina handiko hondakinak: altzariak eta etxeko gauzak.
1. Herritarrek bota nahi dituztenean altzariak, etxeko gauzak eta ordenantza honetako gaikako bilketaren bidez edo araudiaren arabera jasotzen ez diren beste hondakin handi batzuk, honako hau bete beharko dute:
a) Etxez etxeko bilketarako zerbitzu berezia, Sakanako Mankomunitateak ezarria, erabili.
b) Garbigune batera eraman, esparruaren barnera, eta jendeari arreta emateko ordutegian.
c) Kudeatzaile baimendu bati eman.
2. Etxez etxeko bilketarako zerbitzu berezia erabili nahi izanez gero, erabiltzaileek horretarako eskaera egin beharko diote Sakanako Mankomunitateari, honako hauek adierazita: jasotzeko tokia eta bota nahi dituzten objektuen ezaugarriak eta bolumena. Zerbitzu hori erabiltzeak berekin dakar erabiltzaileek onartzea hondakinak emateko moduari buruz ezarrita dauden baldintzak.
3. Tamaina handiko hondakinik ezin da utzi bide publikoan.
4. Hondakinen sortzaile diren herritarrek edo enpresek beste aukera bat dute bolumen handiko objektuak uzteko; Sakanako Mankomunitateko garbiguneetako batera eramatea, hain zuzen. Horretarako, betiere, hango ordutegia eta araudia errespetatu beharko dituzte.
35. artikulua. Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.
Herritarrek, aparatu elektriko eta elektronikoak bota nahi dituztenean, honako aukera hauek dituzte:
a) Berri bat erostean banatzaileari eman.
b) Garbigunera eraman.
c) Hondakin elektriko eta elektronikoak etxez etxe biltzeko zerbitzu berezia eskatu.
36. artikulua. Inausketako hondakinak eta lorezaintzako beste hondakin batzuk.
1. Inausketako eta lorezaintzako beste hondakin batzuk bota nahi dituzten herritarrek honako aukera hauek dituzte:
a) Kudeatzaile baimendu bati eman.
b) Garbigunera eraman.
c) Herri bakoitzean jarritako tokian utzi.
2. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, herritarrek hondakin horien konpostajea egiten ahalko dute beren etxeetan.
37. artikulua. Bilketako udal zerbitzu berezia eskatzea.
1. Bilketako udal zerbitzu bereziren bat erabili nahi bada, eskaera telefonoz edo beste komunikazio bide bat erabiliz eginen da, Sakanako Mankomunitatearen Hondakinen Zerbitzuan.
2. Zerbitzuaren erabiltzaileari dagokio kasuan kasuko hondakinak zerbitzuak esandako tokian uztea, egunak, ordutegiak eta beste baldintza batzuk errespetatuz.
III. TITULUA.–IKUSKAPENA ETA ZEHAPENA
I. KAPITULUA.–IKUSKAPENA ETA KONTROLA
38. artikulua. Ikuskapen zerbitzua.
1. Ordenantza honetan xedatutakoa betetzen den ikusteko ikuskapen eta zaintza eginkizunak horiek esleituak dituzten langileek beteko dituzte, bai eta herri bakoitzeko udaltzainek ere.
2. Aurreko apartatuan aipatu langileak, beren ikuskapen eginkizunak betetzean, agintaritzako agente izanen dira, eta ahalmena izanen dute, aldez aurretik abisatu gabe, ordenantza honetan araututako jardueren instalazioetara joateko, bai eta hondakinak biltzeko sistemen edukia ikuskatzeko ere, hala nola edukiontziak eta zabor poltsak.
39. artikulua. Laguntza eman beharra.
Saltokien, etxebizitzen, industrien eta ordenantza honen xede diren beste jarduera batzuen arduradunek eta hondakinen sortzaileek, edukitzaileek eta kudeatzaileek, araudi aplikagarriarekin bat, aurreko artikuluan aipatu langileei erraztasunak eman beharko dizkiete ikuskapen lana egiteko eta instalazioetan sartzeko, bai eta laguntza eta behar diren agiriak eman ere ikuskapen lanak egin ahal izateko.
III. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
1. ATALA.–ZEHATZEKO PROZEDURA ETA AHALMENA
40. artikulua. Zehatzeko ahalmena.
Mankomunitateko buruari dagokio zehapeneko administrazio espedienteak ebaztea, horretarako eskumena aitortua baitu Mankomunitatearen Estatutuen 22.12 artikuluan eta Toki Araubideko xedapen indardunetan.
41. artikulua. Prozedura.
1. Sakanako Mankomunitateak emandako ebazpen arrazoitu bidez ezarriko dira zehapenak, aldez aurretik instruituta dagokion espedientea; hori guztia, bat etorriz xedatuta dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren III. kapituluan eta horiek garatzeko araudietan.
2. Ebazteko epea, gehienez ere, urtebetekoa izanen da, espedientea hasten den egunetik zenbatzen hasita.
3. Zehapen prozedura bati hasiera emanik, arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, prozedura ebazten ahalko da, behar den zehapena ezarrita.
4. Egindako arau-hausteari dagokion zehapena diruzkoa baino ez bada, edo diruzko zehapen bat edo diruzkoa ez den beste bat ezar badaiteke, baina bigarrena bidegabea dela justifikatu bada, ustezko erantzuleak, ebazpena eman aurreko edozein unetan, borondatez ordaintzeak prozedura amaitzea ekarriko du, salbu aldatutako egoera berrezartzeari edo arau-hausteak eragindako kalte-galeren ordaina zehazteari dagokienez.
5. 3. eta 4. apartatuetan azaldutako kasuetan, zehapena diruzkoa baino ez bada, prozedura ebazteko eskumena duen organoak %20, gutxienez, murriztuko du kasu bakoitzerako proposatutako isunaren zenbatekoa. Murriztapen horiek elkarrekiko metagarriak izanen dira. Aipatu murrizketak zehaztu beharko dira prozeduraren hasiera jakinaraztean, eta eraginkorrak izanen dira, baldin eta uko egiten bazaio administrazio bidean edozein ekintza edo errekurtso jartzeari zehapenaren aurka.
6. Baldin eta salatzaileak parte hartu badu ordenantza honetan tipifikatutako arau-hauste bat egiten eta beste arau-hausle batzuk ere baldin badaude, prozedura ebazteko eskumena duen organoak salatzailea salbuesten ahalko du isuna ordaintzetik edo diruzkoa ez den beste zehapenen bat betetzetik. Betiere, horretarako beharrezkoa izanen da salatzailea izatea lehena frogak aurkezten, hots, prozedura hastea edo arau-haustea egiaztatzea ahalbidetzen duten frogak aurkezten. Halaber, sortutako kaltea konpondu behar du; hori guztia, frogak aurkezteko unean ez baldin badago prozedura bideratzeko nahikoa elementu.
Orobat, ebazpena emateko eskumena duen organoak isunaren zenbatekoa murriztu edo diruzkoa ez den zehapena arindu dezake, nahiz eta ez bete arestian aipatutako baldintzak. Horretarako, salatzaileak aurkeztu beharko ditu eskura daudenen aldean balio erantsi esanguratsua ematen duten frogak.
Bi kasuetan, beharrezkoa izanen da salatzaileak arau-haustean parte hartzeari uztea eta ez suntsitu izana salaketari lotutako frogarik.
42. artikulua. Arau hausteen eta zehapenen preskripzioa.
1. Arau-hauste arinek urtebeteren buruan preskribatuko dute, astunek hiru urteren buruan eta oso astunek bost urteren buruan.
2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen.
3. Arau-hausteak behin eta berriz egiten direnean, jarraituki, preskripzio epea hasiko da jarduera bukatzen den unetik edo arau-haustea den azken egintzatik. Arau-hauste diren egintzak edo jarduerak ez direnean ezagutzen kanpoko zeinurik ez dutelako, epea hasiko da horiek agertzen direnetik aurrera.
4. Zehatzeko prozedura abiatzean eten eginen da preskripzio epea, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.
5. Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenek urtebeteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste astunengatik ezartzen direnek hiru urteren buruan eta arau-hauste oso astunengatik ezartzen direnek bost urteren buruan.
6. Zehapenen preskripzio epea zenbatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena exekutagarria den egunaren biharamunetik edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa jartzeko epea bukatzen den egunaren biharamunetik aurrera.
7. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea abiaraziko da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, arau-hausleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.
43. artikulua. Kaltea konpontzea eta kalte-ordaina.
1. Ezartzen ahal zaion isuna gorabehera, aldatutako egoera lehengora itzuli beharko du arau-hausleak, eta kalte-galeren ordaina eman beharko du, organo eskudunak zenbatekoa zehaztuta. Kasu horretan, ordaintzeko zer epe duen jakinaraziko dio arau-hausleari.
2. Ingurumenari eragindako kalteen kasuan, arau-hausleak horiek konpondu beharko ditu, Ingurumen arloko Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legean ezarritako moduan. Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legean kalte-ordainetarako ezarritako metodologia ere aplikatzen ahalko da beste arlo batzuetako kalteak konpontzeko, horretarako jarraikiz lege horren bederatzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoari.
44. artikulua. Hertsapen-isunak eta betearazpen subsidiarioa.
1. Arau-hausleek ez badute kaltea konpontzen edo kalte-ordaina ordaintzen 44. artikuluan ezarritakorekin bat, eta kasuan kasuko errekerimenduan adierazitako epea iraganik, administrazio instrukziogileak hertsapen-isuna edo betearazpen subsidiarioa ezar dezake. Edonola ere, hertsapen-isun bakoitzaren zenbatekoak ez du gaindituko egindako arau-hausteagatik finkatutako isunaren herena.
Kasu hauetan, eta egiten ez badira lurzoru kutsatuetatik kutsadura kentzeko eta horiek lehengoratzeko lanak, betearazpen subsidiarioa ezartzen ahalko da. Arau-hausleak ordaindu beharko ditu horrek eragindako kostuak.
2. Hertsapen-isuna jartzeko errekerimenduan adieraziko dira eginbeharra betetzeko epea eta jar litekeen isunaren zenbatekoa. Epeak obligazioa bete ahal izateko bezain luzea izan beharko du. Hertsapen-isuna jarri arren isuna ekarri duen arrazoiak badirau, hertsapen-isunak jartzen jarraitzen ahalko da, agindutakoa betetzeko behar adinakoak diren denbora-tarteak utziz. Hertsapen-isunek ez dute loturarik zehapen gisa ezar daitezkeenekin, eta haiekin bateragarriak dira.
3. Ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak egitera behartzen duten ebazpenen nahitaezko betearazpena arautua dago Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 47. artikuluan.
45. artikulua. Publizitatea.
Zehatzeko ahalmena duten organoek, ikusten badute badirela interes publikoko arrazoiak, erabakitzen ahalko dute argitaratzea, dagokion aldizkari ofizialean eta egoki irizten dituzten gizarte komunikazioko hedabideen bitartez, ezarritako zehapenak arau-hauste astunengatik eta oso astunengatik, horiek bide administratiboan irmo bilakatu direnean; halaber, erantzule diren pertsona fisiko edo juridikoen izen-deiturak edo sozietatearen izena ere argitaratzen ahalko dira.
2. ATALA.–ARAU-HAUSTEAK
46. artikulua. Arau-hausteak.
1. Arau-haustetzat jotzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren aurkakoak diren ekintzak edo ez-egiteak, bai eta Estatuko edo autonomia erkidegoko legedian, arlo honetan, ezarrita daudenak ere, nahiz eta horrek ez duen galarazten ordenantza honen manuek zehatzago identifikatzen laguntzea.
2. Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.
47. artikulua. Arau-hauste arinak.
Arau-hauste arintzat joko dira honako hauek:
a) Modu desegokian erabiltzea larrialdiguneak; bereziki, kasu hauetan:
i. Hondakinak botatzea edo uztea lurrean edo horretarako berariaz prestatutako tokietatik kanpo, nahiz eta larrialdiguneen barnean izan.
ii. Hondakinak botatzea edo uztea larrialdiguneetatik gertu edo horien inguruan, baita larrialdiguneak beteta badaude ere.
b) Larrialdiguneak nahita gaizki erabiltzea; hau da, hondakin mota bakoitza biltzeko arauak eta ordutegiak saihesteko bide gisa erabiltzea. Asmo hori badela ulertuko da, bereziki kasu hauetan:
i. Pertsona berak hondakinak uzten dituenean larrialdigunean astean bitan baino gehiagotan.
ii. Norbaitek larrialdigunea erabiltzen duenean eta haren ohiko bizilekuko zutoinetan edo bilketa puntuetan ez denean hondakinik utzi astebetez.
c) Hondakinak uztea garbiguneen inguruan, edo garbiguneen barnean baina bete gabe araudian ezarritakoa edo arduradunaren jarraibideak.
d) Hondakinak trinkotu gabe uztea, trinkotuz bolumena murrizten baita eta poltsen eta edukiontzien edukiera ahalik eta gehien aprobetxatzen.
e) Hondakinak gaika bereizi gabe uztea, edo hondakin mota bakoitzaren edukiontzia edo gunea eta bilketa sistema ez den batean, edo ordenantza honetan xedatutakoa bete gabe.
f) Edukiontziak edo zaborrontziak eremu publikora ateratzea zerbitzu publikoak bilketa egin dezan, Sakanako Mankomunitateak ezarritako ordu eta tokietatik kanpo.
g) Hondakinak bildu eta uzteko ordutegiak ez betetzea.
h) Hondakinak eremu publikora botatzea edo bertan uztea, edo Sakanako Mankomunitateak ezarri ez dituen tokietan.
i) Edukiontziak edo beren edukia manipulatzea, hondakinak biltzeko zurezko zutoinak beren tokitik atera edo iraultzea, baita paperontziak edo beste edukiontzi mota batzuk ere, eta beste leku batzuetara eramatea; halaber, ekarpen eremuetan sartzeko txartel pertsonalak hondatu edo manipulatzea.
j) Edukiontziak, zurezko zutoinak edo ekarpen eremuetan sartzeko txartel pertsonalak ordenantza honetan ezarritako xedeetarako erabili beharrean beste zerbaitetarako erabiltzea.
k) Ordenantza honen 13.8.b) artikuluan eta 13.10 eta 13.15 artikuluetan azaltzen diren betebeharrak ez betetzea.
l) Erabilera esklusiboko edukiontzi bat erabiltzea Sakanako Mankomunitatearen baimenik izan gabe, ordenantza honen 13.2.a) artikuluan ezarritakoa urratuz.
m) Merkataritzako hondakin arriskugabeen sortzaileek eta/edo edukitzaileek ordenantza honen 10.2 artikuluan xedatutakoa ez betetzea.
n) Eremu publikoan aldi baterako jartzen diren obretako edukiontziak erabiltzea hondakinak uzteko.
o) Gai likidoak, likidotu daitezkeen gaiak edo isuriak sorraraz ditzaketenak dauzkaten hondakinak uztea.
p) Hondakinak gaika bereizi gabe ematea bilketa zerbitzuari, eta itzultzeko ontziak edo gai birziklagarriak uztea errefusarekin batera.
q) Hondakinak modu desantolatuan uztea, zerbitzuaren funtzionamendu normalari kalte eginez.
r) Edukiontziak kargatu, deskargatu, mantendu eta garbitzeko lanak eragotzi edo oztopatzea, eta, oro har, zerbitzua osatzen duten jarduerak edozein modutan oztopatzea.
s) Behar bezala utzi diren hondakin solidoak ebastea.
t) Mankomunitatearen baimenik gabe edukiontziak mugitzea.
u) Hurrengo bi artikuluetan ezarritako arau-hausteetakoren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik astuntzat edo oso astuntzat jotzea merezi ez badu.
v) Kudeatzaile pribatu baten bidez egindako kudeaketari buruzko informazioa ezkutatzea, Mankomunitateak eskatzen duenean.
w) Ongi bereizi gabeko etxeko hondakinak eremu publikoetako paperontzietan uztea.
x) Hondakinak uztea, bete gabe ordenantza honen 31. artikuluan xedatuta dagoena merkatu txikietako bilketa zerbitzu bereziari buruz.
y) Ordenantza honetako arauen inguruko gainerako arau-hausteak, ez baduaude espresuki sailkatuta arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat.
48. artikulua. Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astuntzat joko dira honako hauek:
a) Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo isurtzea, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri, edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.
b) Sakanako Mankomunitatearen zaintza, ikuskapen eta kontrol jarduera oztopatzea, bai eta laguntza emateko betebeharrak ez betetzea ere (Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuak hizpide dituen apirilaren 8ko 7/2022 Legean daude ezarriak).
c) Hondakin arriskugabeak eman, saldu edo lagatzea Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuak hizpide dituen apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta ordenantza honetan agertzen ez diren pertsona fisiko edo juridikoei, eta hondakin horiek arau hauetan ezarritakoak ez diren baldintzetan onartzea.
d) Hondakinak erretzea lur publiko edo pribatuetan.
e) Animalien gorpuak uztea bide publikoan.
f) Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak uztea, bete gabe ezarrita dagoena ordenantza honen 24. artikuluan, baldin ez bada pertsonen osasuna arrisku larrian jarri, edo ingurumenean ez bada eragin kalte edo narriadura larririk.
g) Etxeko hondakinen artean ematea ordenantza honen 3. artikuluan etxekotzat jotzen ez diren hondakinak.
h) Larraldigunea gaizki erabiltzea, eta gainera inguruabar hauetako bat edo gehiago jazotzen denean:
a.–Erabiltzaileei zailtzen edo eragozten zaienean larrialdigunea erabiltzea.
b.–Bilketa zerbitzua ematea zailtzen edo eragozten denean.
c.–Kalteak eragiten direnean larrialdiguneetan.
i) Tamaina handiko gauzak uztea ordenantza honen 34. artikuluan xedatutakoa bete gabe, baldin eta ez bada kalterik eragin ondasun publiko edo pribatuetan.
j) Edukiontzietan pintadak egitea, publizitate helburuetarako erabiltzea, edo edozein motatako kartelak edo itsasgarriak jartzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzena edo subsidiarioa.
k) Arau-hauste oso astunen artean sartzen den arau-hausteren bat egitea, zenbateko edo garrantzi urriagatik halakotzat jotzea merezi ez badu.
l) Arau-hauste arinak errepikatzea. Errepikapentzat hartuko da izaera bereko bi arau-hauste arin, gutxienez, egitea urtebetean, eta hala erabaki denean administrazio-ebazpen irmoz.
49. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Arau-hauste oso astuntzat joko dira honako hauek:
a) Edozein udal hondakin mota kontrolik gabe abandonatu edo isurtzea, pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.
b) Obra txikietako eraikuntza eta eraispeneko hondakinak uztea, bete gabe ezarrita dagoena ordenantza honen 24. artikuluan, baldin pertsonen osasuna arrisku larrian jarri bada, edo ingurumenean kalte edo narriadura larria eragin bada.
c) Ez ematea arriskutsuak eta toxikoak izan daitezkeen hondakinei buruzko informazioa.
d) Edukiontziak nahita kaltetzea edo suntsitzea.
e) Bilketarako zutoinak edo larrialdiguneak nahita kaltetzea edo suntsitzea.
f) Tamaina handiko gauzak uztea ordenantza honen 34. artikuluan xedatutakoa bete gabe, baldin eta ez-betetze horregatik kalteak eragin badira ondasun publiko edo pribatuetan.
g) Hondakinak biltzeko bitartekoak nahita hondatzea, horretarako erabiliz hura erabat suntsitzea edo zerbitzu hori deuseztatzea bilatzen duten baliabideak edo moduak.
m) Arau-hauste astunak errepikatzea. Errepikapentzat hartuko da bi arau-hauste astun, gutxienez, egitea urtebetean, eta hala erabaki denean administrazio-ebazpen irmoz.
3. ATALA.–ZEHAPENAK
50. artikulua. Arau-hauste arinen zehapenak.
Arau-hauste arinek 2.000 euro arteko isuna izanen dute zehapen. Hondakin arriskutsuak edo lurzoru kutsatuak tartean badira, 20.000 eurora bitartekoa izanen da isuna.
51. artikulua. Arau-hauste astunen zehapenak.
Arau-hauste astunek 2.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen, hondakin arriskutsuak edo lurzoru kutsatuak tartean direnean izan ezik, halakoetan isuna 20.001 eurotik 600.000 eurora bitartekoa izanen baita.
52. artikulua. Arau-hauste oso astunen zehapenak.
Arau-hauste oso astunek 100.001 eurotik 3.500 eurora bitarteko isuna izanen dute zehapen, hondakin arriskutsuak edo lurzoru kutsatuak tartean direnean izan ezik, halakoetan isuna 600.001 eurotik 3.500.000 eurora bitartekoa izanen baita.
53. artikulua. Zehapenak aplikatzea.
Zehapenak irizpide hauek kontuan hartuta aplikatuko dira:
a) Arau-haustea eragin duen egitatearen oihartzuna.
b) Erruduntasun-maila edo intentzionalitatea.
c) Lortutako onura.
d) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.
Organo eskudunak zehapenik baxuena ezar dezake, baldin eta behar bezala justifikatuta badago, kontuan harturik aplikatu beharreko isunaren larritasuna, arau-haustetzat hartutako egitatea eta inguruabarrak.
Arau-hauste bat egitearen ondorioz halabeharrez beste arau-hausteren bat egin bada, arau-hauste astunenari dagokion zehapena bakarrik ezarriko da.
Aurretik prestatutako plan bati segituz egin bada, edo aukera bera aprobetxatuz, egintza edo ez-egite asko egin badira, zehapenen ondorioetarako, etengabeko arau-haustetzat hartuko da, betiere administrazio agindu bera edo antzekoak urratzen badira.
54. artikulua. Zehapenak ordaintzea.
1. Zehapena dagokion zenbatekoaren gaineko %50eko deskontuarekin ordaintzen ahalko da, baldin zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aurretik ordaintzen bada eta aurkaratze orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.
2. Kasu bakoitzean dagokion zehapena ordaintzeari kalterik egin gabe, eta deskontuarekin ordaindu den ala ez gorabehera, eragindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak, eta aldatutako egoera lehengoratu.
55. artikulua. Erantzukizuna.
Ordenantza honetan jasotako edozein zehapen ezartzeak ez du galarazten zehatuak izan lezakeen erantzukizun zibila edo penala.
56. artikulua. Adingabeen eta hondakinen bilketaren arloetako neurri judizialak gauzatzen laguntzea.
1. Sakanako Mankomunitateak lankidetza hitzarmenak sinatzea bultzatuko du, Nafarroako Foru Komunitateko adingabeen arloan eskumenak dituzten entitate publikoekin.
2. Aurreko apartatuan aipatzen diren lankidetza hitzarmenen xedea izanen da adingabeen epaitegiek ezarritako erreformarako neurri judizialak (komunitatearen aldeko lanak) gauzatzen laguntzea, uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuarekin bat. Dekretu horren bidez onetsi da adingabeen erantzukizun penala arautzen duen legea garatzeko erregelamendua, eta bidea ematen du adingabeek komunitatearen aldeko prestazio gisa egitea garbiketa lanak eta hondakinen bilketa lanak, betiere lotuta badaude egindako arau-hausteak urratutako ondasun juridikoaren izaerarekin.
XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetutako arauak.
Indarrik gabe gelditzen da Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza, Mankomunitatearen Batzar Orokorrak 2013ko urriaren 3an onetsia, bai eta ordenantza honetako gaiak arautzen dituzten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere, ordenantzaren edukiaren kontrakoak badira.
AZKEN XEDAPENAK
Azken xedapenetan lehena.–Indarra hartzea.
Ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da berariaz aldatu edo indargabetu arte.
Azken xedapenetako bigarrena.–Eskumena.
Mankomunitateko buruak, bere eskumenez baliaturik, zilegi izanen du ordenantza honen artikuluak interpretatu, argitu eta garatzea.
I. ERANSKINA.–MOTA BAKOITZEKO HONDAKINEN ZERRENDA
1. Organikoa.
a) Hiri hondakinetako gai organikoen barnean sartzen dira eta konposta daitezke:
–Animalia jatorriko janari hondarrak, bai gordinak bai kozinatuak.
–Landare jatorriko janari hondarrak, bai gordinak bai kozinatuak.
–Paperezko ezpainzapiak, sukaldeko papera eta paperezko mahai-zapiak, gai organikoz (janari hondarrak, landare olioa etab.) zikinduak, eta paperezko mukizapi erabiliak.
–Kafe hondarrak, infusio zorroak.
–Itsaskien azalak, fruitu lehorren oskolak eta arrautzenak.
–Animalien eta fruituen hezurrak.
–Loreak eta landareak.
–Soropila (kopuru txikia; ahal dela autokonpostajea egin).
–Txotxak, pospoloak, zerrautsa (kopuru txikia) eta kortxo naturaleko tapoiak.
b) Gai organikoetatik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den tokian bota behar baitira:
–Lagun egiteko animalien gorozkiak, errefusera.
–Plastikozko tapoiak, ontzien sailera.
–Pixoihal konpostaezinak, konpresak eta tanpoiak, errefusera.
–Zigarrokinak, errefusera.
–Erratza pasatu ondoko hautsa, errefusera.
2. Papera eta kartoia.
a) Hiri hondakinetako paper/kartoien sailean sartzen dira eta birziklatzen ahal dira:
–Egunkarien, aldizkarien eta publizitateko orrien papera, bai zuri beltzekoak bai koloretakoak.
–Gutun-azalak, orriak, paper jarraitua eta bulegoko gainerako paperak.
–Erabili eta botatzekoak diren paperezko erretilu, plater eta edalontziak, ostalaritzakoak.
–Paperezko ezpainzapi eta mahai-zapi garbiak.
–Kartoi kaxak.
–Arrautzontziak, jogurtak eramatekoak, komuneko paperaren kartoizko zilindroak.
–Kartoizko bilgarriak eta babesgarriak.
b) Paper/kartoien sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den tokian bota behar baitira:
–Gai ez organikoz zikindutako papera, errefusera.
–Gai organikoz zikindutako paperezko ezpainzapiak, sukaldeko papera eta paperezko mahai-zapiak eta paperezko mukizapi erabiliak, gai organikoen sailera.
–Paper gomaztatua, plastifikatua edo argizariduna, garbigunera.
–Klipak, grapak, errefusera, eta kopuru handiak, garbigunera.
3. Ontzi arinak.
a) Hauek dira hiri hondakinetako ontzi arinak, berreskuratze plantan hautatu eta ondoren birziklatzeko modukoak; janari hondarrik edo garbiketa produktuen hondarrik gabe utzi behar dira, eta urez garbituta:
–Edarien eta kontserben aluminiozko eta burdinazko latak.
–Tetrabrikak.
–Edarien eta janarien plastikozko botilak.
–Etxeko garbiketa produktuen plastikozko botilak eta ontziak.
–Plastikozko edalontziak, platerak, mahai-tresnak, behin erabiltzekoak.
–Poliestireno hedatuzko (porexpan) janari erretiluak.
–Aluminiozko janari erretiluak eta aluminiozko gainerako materialak, janariekin erabiltzekoak.
–Jogurt eta budin ontziak, plastikozkoak, estalkiak barne.
–Beirazko ontzien metalezko estalkiak.
–Hortzetako pastaren tuboa eta plastikozko kosmetika ontziak.
–Izoztuen poltsak eta, oro har, plastikozko poltsa guztiak, baita janari filma ere.
–Paper plastifikatua.
b) Ontzi arinen sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den tokian bota behar baitira:
–Erabilitako pintura latak, garbigunera.
–Erabilitako disolbatzaile latak eta botilak, garbigunera.
–Botiken ontziak, farmazietara edo osasun etxera.
–Plastikozko jostailuak eta, oro har, plastikozko edozein material, ontziez aparte, garbigunera.
4. Beirazko ontziak.
a) Hauek dira hiri hondakinetako beirazko ontziak, berreskuratze plantan hautatu eta ondoren birziklatzeko modukoak; janari hondarrik edo garbiketa produktuen hondarrik gabe utzi behar dira, eta urez garbituta (ez da beharrezkoa botilen lepoko apaingarriak eta botilak berriz betetzea saihesten duten gailuak kentzea):
–Beirazko botilak, edozein koloretakoak.
–Beirazko kontserba potoak, edozein koloretakoak.
–Kosmetika produktuen beirazko ontziak.
b) Beirazko ontzien sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den tokian bota behar baitira:
–Zeramikazko katilu eta platerak, errefusera, eta kopuru handiak badira, garbigunera.
–Kortxo naturaleko tapoiak, gai organikoen sailera.
–Plastikozko tapoiak, ontzi arinen sailera.
–Beirazko ontzien metalezko estalkiak, ontzi arinen sailera.
5. Errefusa.
a) Hiri hondakinen errefusaren saila osatzen dute gaikako bilketarako eta birziklatzeko berariazko zirkuiturik ez duten materialek. Errefusaren sailean uzten diren material birziklagarriak ez dagozkio sail horri. Beraz, errefusaren sailekoak dira:
–Zeramikazko katilu eta plater hautsiak.
–Erratza pasatuta biltzen den hautsa, xurgagailuen poltsa beteak eta zigarrokinak.
–Ilea, azazkalak, makillajea kentzeko kotoiak, hortzetako haria, depilatzeko argizaria, bizar-aitzurrak, belarrietako kotoi-txotxak, preserbatiboak etab.
–Birziklatu eta berrerabili ezin diren pixoihalak eta konpresak eta tanpoiak.
–Biberoiak, tetinak, txupeteak, edoskitze diskoak.
–Landutako zuren errauts hotzak.
–Idazmahaiko material higatua.
–Animalien gorozkiak eta katuentzako lurra.
–Sendaketak egin ondorengo hondarrak, esparatrapuak, gazak, lotura itsaskorrak.
–Ur iragazkien ikatz aktibatua, kanpineko gas kartutxo hutsak.
–Plastikozko ontzi hautsiak, kreditu txartel erabiliak, metxero erabiliak.
–Etxean erabiltzen diren esekigailuen kopuru txikiak; asko badira, garbigunera.
b) Errefusaren sailetik kanpo daude honako material hauek, aipatzen den tokian bota behar baitira:
–Disolbatzaileen eta pinturen hondarrak, garbigunera.
–Etxetresna elektriko txikiak, garbigunera.
–Pilak, garbigunera edo saltokietan pilak biltzen dituzten guneetara.
–Gauza handiak eta traste zaharrak, kasete eta bideo zintak, garbigunera.
–Goritasun bonbillak, fluoreszenteak eta kontsumo gutxiko bonbillak, garbigunera.
–Inausketako hondarrak, garbigunera.
–Olio mineralez, pinturaz edo disolbatzailez zikindutako trapuak, garbigunera.
–Plastikozko jostailuak, garbigunera.
II. ERANSKINA
Garbigune mugikorrean utzi beharreko hondakinak
–Sukaldeko olio erabilia.
–Olio minerala (motor olioa).
–Bateriak eta telefono mugikorrak.
–Jostailuak.
–Audio eta bideoko CDak eta DVDak.
–Pinturak eta disolbatzaileak.
–Tonerrak eta tintazko kartutxoak.
–Pilak.
–Fluoreszenteak.
–Etxetresna elektriko txikiak.
Garbigune finkoan utzi beharreko hondakinak
–Sukaldeko olio erabilia.
–Olio minerala (motor olioa).
–Bateriak eta telefono mugikorrak.
–Jostailuak.
–Audio eta bideoko CDak eta DVDak.
–Pinturak eta disolbatzaileak.
–Tonerrak eta tintazko kartutxoak.
–Pilak.
–Fluoreszenteak.
–Etxetresna elektriko txikiak.
–Botikak.
–Altzariak eta gauza handiak.
Interesdunak aldez aurretik eskatuta biltzen diren hondakinak
–Aparatu elektriko eta elektronikoen hondakinak.
–Altzariak eta gauza handiak.
–Arropa.
Iragarkiaren kodea: L2314632
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
