234. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko urriaren 31n hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Iruñeko Sarasate 12ko Irisgarritasun Plan Berezia" gauzatzeko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko. Plan hori Iruñeko Udalak sustatu du, Iruñeko Sarasate pasealekuko 12 zenbakiko jabeen erkidegoaren mesederako.

Iruñeko Sarasate pasealekuko 12 zenbakiko jabeen erkidegoak eskatuta, 2022ko urriaren 17an, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki zuen hasiera batez onestea "Sarasate pasealekuko 12 zenbakiko arkitektura-oztopoak kentzeko Plan Berezia", zeinaren helburua baita eraikin horretan igogailu bat jartzea. Horrekin batera, obra horiek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda onetsi, eta plana jendaurrean jarri zen hilabete batez. Hasierako onespen hori 2022ko 217. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 3koan.

Informazioa jendaurrean egoteko epea bukatuta, Iruñeko Udalak, 2023ko martxoaren 2an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zituen Irisgarritasun Plan Berezia eta haren eranskina, Sarasate pasealekuko 12 zenbakiko jabeen erkidegoak sustatua, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Orobat, planaren onura publikoa deklaratu zuen, eta okupazioa egin beharra, aurkeztutako alegazioak ezesteaz gainera. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea okupazio hori presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako. Behin betiko onespen hori 2023ko 55. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 17koan.

Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 55. artikuluak babesten du Nafarroako udalek desjabetze espediente bat sustatu ahal izatea jabeen erkidegoen onurarako, baldin eta haren helburua baldin bada irisgarritasun unibertsala bermatzeko instalazioak paratzea (kasu honetan igogailu bat) nagusiki bizitegi-erabilera duten eraikuntzetan.

Iruñeko Udalak emandako txostenaren arabera, "Iruñeko Sarasate kaleko 12 zenbakiko Irisgarritasun Plan Berezia" gauzatzeak ukitzen dituen ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa da. Izan ere, irisgarritasuna ahalik eta lasterren konpondu ahal izateak erraztu egiten du adin bateko eta besteko auzokideak egotea, adinagatik edo beste arazo batzuengatik oztopo arkitektonikoekin bizi ezin diren egoiliarrak bertan gelditzea eta lurraldeari dagokionez finkatutako jarduketa publikoaren helburuak lortzea. Irisgarritasun plan bereziak egiten duen proposamenarekin, zeina baliagarria izanen baita aplikatzekoak diren lege sektorialetan ezarritako irisgarritasun unibertsala eta pertsona guztientzako diseinua lortzeko, Sarasate pasealekuko 12 zenbakiko eraikinean arkitektura-oztopo guztiak kenduko dira. Horri dagokionez, Iruñeko Udalak aurkeztutako espedientean jaso dira mugitzeko igogailua behar duten eta eskailerak igo eta jaisteko zailtasunak dituzten auzokideen mediku-txostenak eta erroldatze-agiriak. Txosten horiek justifikatu egiten dute desjabetzearen xede diren ondasunak lehenbailehen okupatzea, igogailua instalatuz haien etxebizitzetarako sarbidea ahalik eta lasterren hobetzeko.

Espedientean jasota dago Iruñeko Udaleko idazkari teknikoaren ziurtagiria, non adierazten baita egiaztatuta dagoela Sarasate pasealekuko 12 zenbakiko jabeen erkidegoak baduela balio justuaren zenbatekoa ordaintzeko behar den kreditua.

Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta onuradunak balio justuaren kostuari aurre egiteko baliabide ekonomikoak dituela adierazten duen Iruñeko Udalaren ziurtagiria egiaztatuta, uste du justifikatuta dagoela desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Iruñeko Sarasate 12ko Irisgarritasun Plan Berezia" gauzatzeko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko. Plan hori Iruñeko Udalak sustatu du, Iruñeko Sarasate pasealekuko 12 zenbakiko jabeen erkidegoaren mesederako.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Iruñeko Udalari jakinaraztea eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urriaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.

Iragarkiaren kodea: F2315564