1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko urriaren 31n hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Amillaoko hornidura" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
2022ko abenduaren 5ean, Allingo Udalaren osoko bilkurak honako hau erabaki zuen: onestea "Amillaoko hornidura" izeneko obraren proiektua; hasiera ematea desjabetze-espedienteari; aitortzea eta deklaratzea proiektu hori onura publikokoa dela eta ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra dagoela, proiektua onesteak berekin baitakar hori; hasiera batez onestea proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda; eta proiektua jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.
Informazioa jendaurrean egoteko epea igarota, Allingo Udalak, 2023ko abuztuaren 22an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, ez baitzen alegaziorik aurkeztu, bai eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektua presakoa dela deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako, eta behar den kredituaren atxikipena egitea, ordaindu ahal izateko ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua eta desjabetze-espedientearen ondorio diren gainerako obligazioak.
Gaur egun, Amilaoko edateko uraren hornidura bi iturburutatik hartzen da (El Monte eta Iturrutxa), eta ur hori elkarren artean komunikatuak dauden bi depositutan biltzen da, herriaren goiko aldean. Deposituetako bat oso zaharra da, eta ez du giltza-ganberarik; egoera on samarrean dago. Beste depositua berriagoa da, 1970ekoa gutxi gorabehera. Badu giltza-ganbera, eta nahiko egoera onean dago. Iturrutxa iturburuko ura deposituetara eramateko, ponpa txiki bat dago herrigunetik hurbil, eta horri esker, ura haraino irits daiteke. Depositu zaharraren edukiera 50 m³-koa da, eta berriarena, 150 m³-koa. 2012tik, gutxi gorabehera, oso euri gutxi bota du inguru horretan, normalean botatzen duena baino askoz gutxiago. Iturburuek euri-eskasia hori nabaritu dute, eta Amillaoko deposituetara iristen den emaria ez da nahikoa herriak dituen premiak asetzeko. Amillaoko gaur egungo egoera, edateko uraren hornidurari dagokionez, oso kritikoa dela esan daiteke; izan ere, hornidura-iturriek ez dute bermatzen edateko uraren hornidura ugaria, eta beste hornidura-iturri batzuk bilatu behar dira.
Nafarroako Gobernuak, Allingo Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Deklaratzea presakoa dela "Amillaoko hornidura" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
3. Erabaki hau Allingo Udalari jakinaraztea eta Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiko Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko urriaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2315563