1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko urriaren 25ean hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela Sarriguren, Berrikuntzaren Hiria, Erripagaña, Areta eta Burlata lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide bat eraikitzeko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.
Lurralde Kohesiorako kontseilariaren ekainaren 19ko 38/2023 Foru Aginduaren bidez, behin-behinekoz onetsi zen Sarriguren, Berrikuntzaren Hiria, Erripagaña, Areta eta Burlata lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide bat eraikitzeko proiektua, eta jendaurrean jarri zen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Lurralde Kohesiorako kontseilariak irailaren 1ean emandako 56/2023 Foru Aginduaren bidez, behin betiko onetsi zen Berrikuntzaren Hiria, Erripagaña, Areta eta Burlata lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide bat eraikitzeko proiektua, eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda berria onetsi zen.
Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak eskatuta, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak jakinarazi du hauxe dela ekimen horren asmoa: Iruñerriko lau gune garrantzitsuren arteko mugikortasuna hobetzea oinezko eta bizikletentzako konexio jasangarri baten bidez, hots: Sarriguren, Erripagañako urbanizazioa, Uharte (Areta industrialdean barna) eta Burlata. Gune horiek elkarri lotu ez ezik, lan arrazoiak direla medio joan-etorri ugari sortzen dituzten beste bi eremurekin ere lotu nahi dira, hots, Berrikuntzaren Hiriarekin eta Areta industrialdearekin. Aukeratutako konponbidean, oinezkoentzako eta bizikletentzako korridore bereizi bat diseinatu da. Planteatzen den diseinuaren arabera, eremu horretan dauden azpiegiturak egokituko dira (PA-30 errepidearen gaineko biribilgunea, Berrikuntzaren Hiria kalea eta NA-2300 errepidearen gaineko oinezkoentzako pasabidea) oinezko eta bizikletentzako bideak txertatzeko, eta oinezkoentzako espaloia eta bizikleta-bidea jarriko dira NA-2300 eta NA-2306 errepideetan, arestian adierazitako eremuak lotzeko. Hori dela eta, obrak ahalik eta lasterren egitea gomendatzen da. Beraz, behar diren lursailak eskuratzeko izapideak arintzeko, beharrezkoa da ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.
Nafarroako Gobernuak, Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,
ERABAKITZEN DU:
1. Sarriguren, Berrikuntzaren Hiria, Erripagaña, Areta eta Burlata lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide bat eraikitzeko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea, nahitaez desjabetzeko.
2. Ukitutako ondasun eta eskubideak erosteko gastua 41.546,18 eurokoa dela kalkulatu da, eta 2023ko gastuen aurrekontuko "SEM Mugikortasun jasangarriko jarduketak C1-I1" izeneko 220002-22100-6010-453237 partidaren kargura (PEP E-21/000464-10 elementua) ordainduko da.
3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
4. Erabaki hau igortzea Azterlan eta Proiektuen Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta departamentu horretako kontu-hartzailetza delegatura.
Iruñean, 2023ko urriaren 25ean.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.
Iragarkiaren kodea: F2315169