234. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko urriaren 25ean hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela Oronoz-Mugairin (Nafarroa) Lanbide Heziketako ikastetxe berri bat eraikitzeko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren otsailaren 17ko 12E/2023 Ebazpenaren bidez, Oronoz-Mugairin (Baztan) Lanbide Heziketako ikastetxe bat eraikitzeko obrak egiteko eta zuzentzeko proiektua idazteko lanak esleitu ziren.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuak jakinarazi du, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak hala eskatuta, Lanbide Heziketako ikastetxe berri bat eraiki beharra dagoela helburu hauek lortzeko: Baztan, Malerreka eta Bortzirietako Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintza berritzea; oraingo hezkuntza-baliabideak optimizatzea, ikasketak eskainiz inguru horretako bizigune nagusietatik distantzia berera dagoen ikastetxe batean; prestakuntza-eskaintzak dibertsifikatu eta malgutzea, prestakuntza-aukerak areagotzeko; despopulaziorako joera murriztea, zerbitzuen eskaintza zabalduz eta haien kalitatea handituz; eta erreferentzia-zentro bat abian jartzea eskualde horretan, ikaskuntza-metodologien ikuskeran oinarrituta.

Proiektu horretan zehazten da zer obra egin behar diren Oronoz-Mugairin Lanbide Heziketako ikastetxe berri bat eraikitzeko, gaur egun Beran eta Elizondon dauden ikastetxeak ez baitira egokiak eskatzen diren beharretarako. Hori dela eta, komeni da obrei lehenbailehen ekitea. Horregatik, behar diren lurrak eskuratzeko tramiteak azkartzearren, beharrezkoa da deklaratzea presakoa dela ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa; hori guztia Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 26ko 36/2023 Foru Aginduaren bidez (2023ko 109. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 25ekoa), proiektu hori eta dagokion exekuzio-obra onura publikokoak direla aitortu eta deklaratu zen, inplizituki, bai eta proiektuko ondasunak eta eskubideak okupatu beharra ere, nahitaezko desjabetzea egiteko. Era berean, hasiera eman zitzaion Oronoz-Mugairin (Baztan) Lanbide Heziketako ikastetxe bat eraikitzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak desjabetzeko espedienteari, eta ondasun eta eskubideen zerrenda, eranskin gisa jaso zena, jendaurrean jarri zen 15 egun balioduneko epean. Epe horretan ez zen inolako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela Oronoz-Mugairin (Nafarroa) Lanbide Heziketako ikastetxe bat eraikitzeko proiektuko obrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, 98.304,83 euroko gastua kalkulatu da, zeina 2023ko gastu-aurrekontuko "Lanbide Heziketako ikastetxeak garatzeko obrak" izeneko 410001-41800-6020-325103 partidaren kargura ordainduko baita.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

4. Erabaki hau igortzea Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Hezkuntzako kontu-hartzaile delegatuari, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Obren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urriaren 25ean.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2315147