234. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

389E/2023 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Turismoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita energia-efizientziaren arloko aholkularitza jasoko duten turismo-establezimenduak hautatzeko deialdiaren eskaerak aurkezteko epearen azken eguna, Europar Batasunaren Next Generation funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 686074.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren martxoaren 31ko 77E/2023 Ebazpenaren bidez onetsi zen energia-efizientziaren arloko aholkularitza jasoko duten turismo establezimenduak hautatzeko deialdia, Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatzen duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Laugarren oinarriaren arabera, eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean (2023ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 21ekoa), eta 2024ko otsailaren 29an amaituko da, egun hori barne.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuaren txostenak dioenez, orain arte 31 eskaera baino ez dira aurkeztu, eta kopuru hori hasieran uste zena baino askoz txikiagoa da.

Era berean, jakinarazi du deialdiaren gastu baimendua finantzatzen duen aurrekontu-partidan sor daitezkeen gerakinen berri izan behar dela, epe nahikoarekin, "Helmugen Kohesiorako Ekintza-Nafarroako Landa eremua" Helmugetako Jasangarritasun Planeko beste jarduera batzuetara bideratzeko.

Hori dela eta, egokitzat jotzen du deialdi horretako eskaerak aurkezteko epea murriztea eta eskaerak aurkezteko azken eguna 2023ko abenduaren 11 izatea, egun hori barne.

Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 5.a) artikuluaren arabera, bidezkoa da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, deialdi horren oinarri arautzaileen aldaketa honen publizitate eta gardentasun egokiak bermatzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aldatzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren martxoaren 31ko 77E/2023 Ebazpenaren bidez onetsitako dirulaguntzen deialdiko eskaerak aurkezteko epearen azken eguna, 4.1 oinarrian ezarritakoa, 2023ko abenduaren 11 izan dadin, egun hori barne. Deialdi horren bidez, energia-efizientziaren arloko aholkularitza jasoko duten turismo-establezimenduak hautatuko dira, Europar Batasunaren Next Generation funtsak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko azaroaren 3an.–Turismoko zuzendari nagusia, Ana Rivas Allo.

Iragarkiaren kodea: F2315665