Iragarkia
233. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 9a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
928E/2023 EBAZPENA, urriaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Los Arcos-Elizagorria hornidura-hodiaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duena. Sustatzailea Jurramendiko Mankomunitatea da.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluan jasotako kasuaren barruan dago; izan ere, proiektuak eragin nabarmena izan dezake Natura 2000 Sareko eremu batean, eta, zehazki, ES2200031 "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEan. Beraz, aipatutako 21/2013 Legearen 47. artikuluaren arabera, ingurumen-organoak, proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin ondoren, arrazoituta ebatziko du ea proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar den edo ingurumen-inpaktuaren txostena egin behar den, txosten honetan ezarritakoaren arabera.
–Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa.
2022ko apirilaren 4an eskaera bat sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan, Lurralde eta Paisaia Zerbitzutik bidalita, Los Arcos-Elizagorria hornidura-hodiaren proiektuaren ingurumen-ukipenen ebaluazioa hasteko; eskaerak 2022ko otsailean eginiko ingurumen-ukipenen azterketa zuen erantsia.
2022ko ekainaren 22an, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ofizio bat eman zuen, eta bertan adierazi ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b) artikuluaren arabera, proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko litzatekeela, Natura 2000 Sareko "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" eremuan izan ditzakeen ondorioengatik. Ofizio berean adierazten zen aztertutako alternatiben azterketa eta azkenean hautatutakoaren ingurumen-justifikazioa aurkeztu behar zirela. Gainera, KBEan ukipen txikiagoa izanen zuen trazadura berri bat egitea gomendatu zen.
2022ko abenduaren 29an, sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua (IIEs) hasteko eskaera aurkeztu zuen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan, eta 2023ko ekainaren 23an, zerbitzu horrek, dokumentazioa osatuta zegoela egiaztatuta, eta 21/2013 Legearen 45. artikuluan jasotakoaren arabera, Biodibertsitatearen Zerbitzura igorri zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera, 2022ko abenduko ingurumen-dokumentu batekin batera.
2023ko ekainaren 27an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zen, aipatutako 21/2013 Legearen 46. artikulua betez. Honako hauei egin zitzaien kontsulta: Los Arcos, El Busto, Piedramillera eta Elizagorriko udalak, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (CHE), Gurelur-Natura Ingurunea Babesteko Nafarroako Funtsa, Lurra lurraren defentsaren aldeko Elkartea eta Sustrai Erakuntza Fundazioa.
Txostenak jasotzeko ezarritako epea amaituta, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren erantzunak jaso dira. Azken horrek dio, besteak beste, sustatzaileak zehatzago planteatu eta ebaluatu behar dituela proiektatutako hodiaren trazadura-alternatibak.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenaren edukia oinarri hartuta, eta proiekturako alternatiben azterketa behar bezala ebatzi ez zenez, 2023ko abuztuaren 30ean, Ingurumen Eraginaren Atalak Lurralde eta Paisaia Zerbitzura igorri zuen aipatutako akatsak zuzentzeko errekerimendua, sustatzaileari helaraz ziezaion.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, dokumentazio berria, hots, 2023ko ekainaren 29an emandakoaren osagarria, ebaluatu ondoren, 2023ko irailaren 19an beste txosten bat egin zuen izapidetzen ari den proiektuari buruz, kasu horretan aldekoa, baldintza batzuekin bada ere. Txosten hori 2023ko irailaren 20an igorri zen Biodibertsitatearen Zerbitzura.
Ingurumen-inpaktuaren txosten honen I. eranskinean, proiektuaren funtsezko datuak laburbiltzen dira, eta, II. eranskinean, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidean jasotako txostenen edukiaren laburpena jasotzen da.
–Proiektuaren eta ingurumen-dokumentuaren azterketa teknikoa, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.
Proiektuaren xedea da Los Arcos-Elizagorria hornidura-hodia berritzea. Proiektuak El Busto, Elizagorria, Los Arcos, Piedramillera eta Santsol herriak ukitzen ditu.
Azpiegitura lineala denez, ukitutako lurrek zerrenda bat osatzen dute, 12 metro inguruko zabalerakoa eta 8.409 metroko luzerakoa; NA-1110 errepideko 57+340 KPan du hasiera, Los Arcosko hirigunearen hego-mendebaldean, eta bukaera NA-1120 eta NA-6330 errepideen arteko bidegurutzera iritsi baino metro batzuk lehenago, Elizagorriko hirigunearen iparraldean.
Funtsean, lanen xedea da goi-hornidurarako 500 mm-ko diametroko hodi berriak paratzea, burdinurtu nodularrezkoak, dagozkien bentosa kutxatilekin, hustubideekin eta konexioekin.
Eraiki nahi den hornidura-hodiaren trazaduraren zati bat (bi tarte) "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" (ES2200031) kodearekin identifikatutako kontserbazio bereziko eremuan (KBE) sartutako lurretan barna igarotzen da eta 24.800 m²-ko azalera ukitzen du, nekazaritza lurrek eta KBE horretako funtsezko elementuak diren habitatek osatua.
a) Alternatiben azterketa:
Alternatibak aztertuta, sustatzaileak ondorioztatzen du ez direla gomendagarriak trazadura gehiegi luzatu gabe KBEan (ES2200031) sartutako lurretatik kanpo uzteko proposatzen diren alternatibak, arrazoi hauengatik:
–Dokumentuetan eta bibliografian ageri diren aztarnategi arkeologiko batzuen gaineko ukipena ekarriko lukete.
–Bolumen askoz handiagoko lur-mugimenduak egin beharko lirateke, eta horrek ingurumen-eragin negatiboa izanen luke. Gainera, kutxatila gehiago jarri beharko lirateke.
Halaber adierazten dute 0 alternatibak berekin dakarrela aurreikusitako bizitza baliagarria gainditu duen azpiegitura bat mantentzea, eta, berez, azpiegitura hori muga bat dela gaur egungo eta etorkizuneko ur-hornidura egokirako.
b) Proiektuaren inpaktu nagusien azterketa.
Proiektuaren eragin-eremuaren barruko ingurumen-balioen gaineko ukipenari dagokionez, ingurumen-dokumentuak honako hau adierazten du:
Ur-hodiaren trazaduran dagoen landarediaren gaineko ukipenari dagokionez, jakinarazten da ezen, lehen tartean, A-12 autobiaren eta NA-1120 errepidearen ekialdeko muturrera iritsi arte (proiektuko 3+250 KP), hodia lehorreko alorretan barna doala, eta, beraz, ez dela espero ukipen handirik. Trazadurak arestian aipatutako bideak zeharkatu ondoren, lanek larre gaziek osatutako bi tarte bereizi ukituko dituzte, 1520 metrokoa eta 1450 metrokoa, hurrenez hurren.
Europar Batasunaren intereseko habitatetan duen ukipenari dagokionez, berriz, ingurumen-dokumentuak, Inbentario Nazionaleko 1: 50.000 kartografian oinarrituta, honako habitat hauek identifikatzen ditu: "Kuxin-formako sastrakadi oromediterraneoak" (4090 kodea) eta "Sastrakadi gipsofiloak"(1520*), "Sastrakadi halofiloak, halonitrofiloak eta gipsofiloak" (1420 EB kodea) eta Puccinellia espezieko larre halofiloak (1410). Eremuan dauden beste habitat batzuk milazkadi halofiloen seriea ordezteko etapekin lotutakoak lirateke, baita amildegietako eta sakonune endorreikoetako landaredi halofiloen konplexuen komunitate iraunkor batekin ere.
Ingurumen-dokumentuaren arabera, errepidearekiko paraleloan doan obra berriak, zerrenda mehar bat okupatzen duenez, ez du ukipen nabarmenik izanen landaredian eta habitatetan, eta, behin lanak amaituta leheneratzen ahalko da, inpaktua zuzentzeko neurri egokiak aplikatuta; beraz, inpaktu "bateragarritzat" jotzen da.
Faunaren gaineko inpaktuari dagokionez, ingurumen-dokumentuak adierazten du gehienak hegaztiak direla, batez ere alorrekin lotutakoak, baina zuhaixken eta zuhaiztien formazio linealak daudenez, badirela baso-espezieak ere, hala nola okil berdea, eskinosoa, amilotxa, kaskabeltz handia, zata arrunta eta abar. Gainera, jakinarazten da proiektuaren eremutik hurbil dauden tokietan estepako hegaztien komunitateak daudela: basoilo handia (Otis tarda), basoilo txikia (Tetrax tetrax), ganga azpibeltza (Pterocles orientalis), Naumann belatza (Falco naumanii) eta abar. Nolanahi ere, trazadura urrun dago estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu hurbilenetik.
Neurri handi samarreko bi erreka daudenez (Valseca eta San Pedro), ur-hodi berriak zeharkatu beharko dituenak, ingurumen-dokumentuak aurreikusten du lanak egitean arreta berezia eman beharko zaiela ibai-inguruneari lotutako espezieei eta, bereziki, bisoi europarrari (Mustela lutreola).
Proiektatutako jarduketaren eremuan ingurune hidrikoaren gainean izan daitezkeen ondorio eta inpaktuei dagokienez, ingurumen-dokumentuak lur-mugimenduek, hondeaketek eta obra zibil txikien eraikuntzak, isurketa puntualen ondorioz, azaleko hidrologian izan ditzaketen ondorioak identifikatzen ditu. Halaber, hodiaren trazadurak Valseca eta San Pedro errekak zeharkatzen ditu, hurrenez hurren, 6 eta 18 metroko zulaketa gidatua erabiliz, ibilguan eta inguruko landaredian ukipenik sortu gabe, baina solido esekien gehikuntza eragin dezake, baita ibilgura nahi gabe lurra gehitzea ere. Sustatzailearen iritziz, hidrologiaren eta uren kalitatearen gaineko inpaktua "bateragarria" da.
Lanak egiteko lurren ezaugarriak direla-eta, ez da espero lurpeko uren gaineko ukipenik eta, beraz, lurpeko hidrologiaren gaineko inpaktua "deuseza" dela jotzen da.
Proiektatutako jarduketaren eremuan naturagune babestuak egoteari dagokionez, sustatzaileak kontuan hartzen du ur-hodiaren bi tartek ukipena izanen dutela "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEan sartutako lurretan. Eremu horretan, ukipena gertatuko da mendebaldeko mugan, hau da, NA-1120 errepideak finkatutakoan. Hodia errepidearekiko paraleloan eta errepidetik gertu egitea planteatzen da, naturagune babestuari ahalik eta ukipen gutxien eragiteko.
Horri dagokionez, ingurumen-dokumentuak KBEaren gaineko ukipenak ebaluatzeko kapitulu espezifiko bat du. Gunearen kontserbazio-helburuak aztertzen dira, eta proiektua gauzatzean ukipen nabarmena jasoko duten funtsezko elementuak identifikatzen. Ondorioztatu denez, ukipen nagusia hodiak zeharkatzen dituen lurretako batzuetan dauden intereseko habitaten gainekoa izanen da. Gainerako funtsezko elementuetan, hala nola flora mehatxatuan edo interesekoan, estepako hegaztiengan eta hegazti harkaiztarrengan, ukipena ez da nabarmena izanen.
Hodiaren trazaduraren inguruan SIGIANen dokumentatutako hainbat aztarnategi arkeologiko daude, besteak beste: El Reguillo II, Cortecampo I eta Cortecampo II. Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eskatzen dituen eta nahitaez bete beharrekoak diren neurriekin, ez da identifikatutako aztarnategirik ukituko.
Ingurunearen beste osagai batzuen gaineko gainerako inpaktuak (atmosfera, kalitate akustikoa, lurzorua eta paisaia) "deusezak" edo "bateragarriak" izanen direla jotzen da.
Ez da espero sinergia-inpakturik, edo, gehienez ere, eraikuntzan zehar gerta daiteke, garrantzi txikikoa, nekazaritza-jarduerarekin lotutakoa eta bertan azpiegiturak egoteak dakarrena (A-12 autobia eta NA-1120 errepidea).
Azkenik, ingurumen-dokumentuak istripu larri edo hondamendien arriskuekiko kalteberatasunari buruzko kapitulu bat jasotzen du, eta ondorioztatzen du ezen, proiektuaren ezaugarriak eta dimentsioak direla eta, ez dela aurreikusten istripu larriek edo hondamendiek eragin nabarmenik izan dezaketenik herritarrengan, gizakien osasunean eta inguruneko gainerako osagaietan.
c) Inpaktuari aurrea hartzeko neurriak eta zuzenketa-neurriak.
Prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriei dagokienez, ingurumen-dokumentuak exekuzio-fasean hartu beharreko prebentzio-neurriak jasotzen ditu, hala nola lan-kalea 12 metrotik 8 metrora murriztea KBEa zeharkatzen duten tarteetan, 30 cm-ko lurzoru-profila gordetzea lur horietan, eta abar. Halaber, neurri zuzentzaileak jasotzen ditu, besteak beste zangako betelan-lurrak zabaltzea, landareztatzea, birsortze naturaleko prozesuak errazteko, eta abeltzaintza-itxiturak instalatzea, bai eta, beharrezkoa bada, landareztatze behartua, landare-espezie egokiekin. Lehorreko alorretako eremuak berriz landuko dira.
Proiektuaren aurrekontuan ez dago inpaktuak prebenitzeko edo lehengoratzeko zereginetarako partidarik, ezta konpentsazio-neurririk ere.
d) Ingurumena zaintzeko plana.
Arestian adierazitako neurriak modu egokian, garaiz eta behar bezala ezartzen direla bermatzeko, sustatzaileak obren ingurumen-jarraipena egitea proposatzen du, eraikuntza-fasearen iraupen bera izanen duena. Eraikuntza-fasea amaitu ondoren, jarraipen-plan bat ezarriko da landare-estalkia leheneratzeko prozesua kontrolatzeko eta, hala badagokio, prozesu hori errazteko behar diren neurriak hartzeko.
–Ingurumen-organoaren ondorioak.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, jakinarazten du ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar bezala egin dela, eta zehazten du ezen, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzeak, ustiatzeak eta bertan behera uzteak ingurumenean izan dezakeen inpaktua aztertuta, proiektuak ekar ditzakeen ingurumen-inpaktu nagusiak "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEan (ES2200031) sartutako laborantza-alorren eta Habitatei buruzko Zuzentarauan jasotako habitaten gaineko zuzeneko ukipenari dagozkiola.
Lehendik dagoen hodi batekin paralelo doan hodi berri hau belardi halofilo eta halonitrofiloetan barna joanen da, eta milazkadi arrastoak dituzten ibilguak eta ihidi eta lezkadiak dituzten eremu istilduak zeharkatuko ditu. Lanak egin bitartean landaredian izan daitezkeen ukipen nagusiak landare-estaldura aldatzea izanen da, ukitutako azalera guztietan, aldi baterakoetan eta iraunkorretan. Lanerako 8 m-ko zabalera izanik, BIHaren gaineko ukipena bakarrik kalkulatuz, ukitutako azalera 1,5 ha ingurukoa izanen da (BIH: 1310 Gatzagetako urteko landaredia, 1410 Ihi-belardi halofilo mediterraneoak, 1420 Soda-sastrakak eta 1430 Artemisia herba-alba, Salsola vermiculata eta Atriplex halimus espezieek osatutako sastrakak), Nafarroako Gobernuaren kartografiaren arabera (2012), 1: 5.000 eskalan.
Beste inpaktu batzuk San Pedro eta Valseca errekak zeharkatzeak eragindakoak izanen dira, zulaketa bidez eginak, landaredia kendu beharko baita zulaketen abiaguneetan, eta ibilgura elementu kutsatzaileak eta solido esekiak isurtzeko arriskuarekin.
Era berean, oso garrantzitsua baita, kontuan izan behar da Odrón ibaiaren ibar gaziaren hondoa ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabidean elikatzen duten aldizkako erreka batzuek ur-ibilguetan duten ukipena. Kalea eta zanga irekitzearen ondorioz ibilguen sestra aldatuz gero, erregimen hidrologikoak aldatu daitezke, eta, horrekin batera, gatzagako hezegune guztiena.
Ezinbestekotzat jotzen da obrak egiten diren bitartean kontrol zorrotza egitea, ukipena ahalik eta txikiena izan dadin BIHen gainean, Odrón ibaiaren gatz-korridorea elikatzen duten drainatze naturalen azaleko hidrologian eta bertan dauden eremu istilduetan; ezinbestekoa da, halaber, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak aplikatzea.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egin ondoren, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz jasotako irizpideetan oinarrituta, Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazten du proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, eta "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEaren osotasuna bermatzen duela, funtsezko elementuei nabarmen eragin gabe. Horrenbestez, aldeko txostena ematen da, txosten honetan jasotako baldintzak bete beharra ezarrita betiere, eta adierazten da ez duela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortu beharra.
Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Los Arcos-Elizagorria hornidura hodiaren proiektuak, Jurramendiko Mankomunitateak sustatuak, ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan adierazten den baldintzekin eginez gero, eta, beraz, ez du bete behar ingurumen-inpaktuaren ebaluazio, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusia.
2. Aurrekoa gorabehera, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:
1. Ingurumen-inpaktua prebenitzeko neurriak.
–Lanak hasi aurretik, argi eta garbi mugatuko da lurrean hodi berria jartzeko lan-kalearen trazadura, bai eta materialak metatzeko eremua eta makineria-parkea ere. Eremu hori BIHetatik eta ur-ibilguetatik urrun jarriko da, eta, ahal dela, "Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEtik kanpo ere.
–Gutxienez 40 cm-ko geruza bat landare-lur atera eta behar bezala pilatuko da hodia hartuko duen zangak ukitzen dituen lur guztietan (ez soilik ingurumen-dokumentuaren arabera KBEan sartuta daudenetan). Geruza hori gainerako hondeaketa-materialetatik bereizita metatuko da, proiektuak ukitutako azalerak lehengoratzean erabiltzeko, bukaeran.
–Ibilguak zeharkatzeko modua: Proiektuan jasotzen den bezala, Valseca eta San Pedro errekak zulaketa horizontalaren metodoaren bidez zeharkatuko dira. Odrón ibaiaren ibar-korridorean husten diren gainerako erreka eta drainatze naturalen ibilguei dagokienez, bermatu egin beharko da jarraitutasun hidrologikoa eta ibilgu eta erriberetako profilak erabat lehengoratzea. Ur-ibilgu horien ohea ez da inola ere goratu edo sakonduko, nahiz eta aldizkako ur-ibilguak izan.
–"Estellerriko Erriberako Igeltsuak" KBEaren barruko 1310 BHI, 1410 BHI, 1420 BHI eta 1430 BHI Europar Batasunaren Intereseko Habitatak ukitzen dituzten tarteetan, lan-kalearen zabalera gehienez ere 5 metrokoa izanen dela ezartzen da. Makinek linean lan eginen dute, eta ez paraleloan, zangaren ondoko larreak nabarmen kaltetu gabe. Ez da kutxarik eginen makineriaren sarbideetarako. Larre gazietan kate-makinak erabiltzea saihestuko da.
–Materialak metatzeko edozein eremutan edo makineria-parkeetan ez da ukipenik eraginen landaredi naturalean, ibilgu txikien bazterretan eta zuhaitz sakabanatuetan, ahal dela KBEtik kanpoko alorretan.
–Hodiaren trazaduraren ardatza pixka bat mugitzeko aukerak aztertuko dira eta, kasua bada, mugitu eginen da, hodia landaredi naturala duten eremuetatik igarotzea saihesteko, are gehiago arestian aipatutako habitatei dagozkien formazioak badira. Nolanahi ere, eta ahal den guztietan, lan-kalea NA-1120 errepidearekin paralelo irekiko da, errepidearen zortasun-zerrenda errespetatuta. Egun dagoen hodia zeharkatzeko tokia iparralderantz mugitzea gomendatzen da, P-337tik P-330era. Horrela, ur-hodi berria NA-1120 errepideko tarte abandonatu batean barna bideratuko da, eta handik errepide horretara ahalik eta gehien hurbilduko da.
–Lanak egiten ari diren bitartean, Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan jasotako fauna-espezieren bat detektatzen bada, eta lanek ukitu badezakete, berehala emanen zaio horren berri Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Era berean, babestutako flora-taxonen bat detektatuz gero, ingurumen-administrazio honi jakinaraziko zaio eta administrazio honek xedatzen duena beteko da, intereseko landaredi hori aldi baterako zedarritzeaz gain. Jakinarazi da lanen inguruan Microcnemun coraloides espezie katalogatuaren bi aipamen daudela.
–Proiektuak ukitzen dituen erreketan (zulaketarekin zeharkatzen dira) bisoi europarra egon daitekeela kontuan hartuta, ezartzen da lanetarako aldia abuztuaren amaieratik martxoaren amaierara bitartekoa izanen dela.
–Zanga ireki ondoren eta ahal den lasterren bete beharko da, barnean animaliarik harrapatuta ez dagoela egiaztatu ondoren. Zanga zabalik gelditzen bada egun batetik bestera, arrapalak kokatu beharko dira, hara ezustean eror daitezkeen animaliak atera ahal izateko.
2. Ingurumen-inpaktua lehengoratzeko neurriak.
–Lanak hasi aurretik, lanek ukitutako azalerak lehengoratzeko proiektu bat eta konpentsazio-neurriak aurkeztuko dira, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan jasotako gidalerroak barne hartuta. Proiektuak memoria, baldintzen plegua, aurrekontua eta egin beharreko obra-unitateak lokalizatuta dituzten planoak bilduko ditu, gutxienez, lehengoratuko diren ibai-ibilguen eta drainatzeen tarteak, ereiteak, landaketak, itxiturak, landare inbaditzaileen tratamenduak eta abar.
–Beharrezko lanak bukatu ondoren, proiektuak ukitutako eremuak lehengoratuko dira. Zulatutako zangen gainazala estaliko da, landare-lurra zabalduz. Lur hori profilatu eginen da, inguruko lurrarekin doikuntza fisiografiko egokia lortu arte. Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.
–Lurrak lehengoratu eta lurra profilatu ondoren, belarki nahasketa bat ereinen da hazi ziurtatuak, autoktonoak eta, ahal den neurrian, jatorrizko eskualde berekoak erabiliz. Gutxienez ere espezie hauek dituen hazi nahasketa bat gomendatzen da: Artemisa herba-alba, Salsola vermiculata, Suaeda vera, Atriplex halimus, Brachypodium dystachion edo Dactylis glomerata.
3. Ingurumen-inpaktua konpentsatzeko neurriak.
–Konpentsazio-neurri gisa, landaredi-zerrenda bat lehengoratu beharko da San Pedro eta Valseca erreken, Odrón ibaiaren eta KBEaren barruan gatzaga elikatzen duten drainatze txikien bi aldeetan, ibilgu horiek zuhaixka-landarerik ez duten tokietan. Gutxienez 3 m-ko zabalerako zerrendetan milazkadi halofiloko orlak sortzea da helburua. Hiruzuloka landatuko dira, bi ilaratan, ibilgu horien ertzetan 1.000 metroko luzeran gutxienez, Tamarix canariensis espeziearen ondoak, 3 metroko tarteetan, baina zuhaizti irregularrak eratuz, tratatutako tarteen gutxienez % 70eko ibaiertzeko estalkia sortzeko. Ondoak 40-50 cm-koak izanen dira gutxienez, eta edukiontzian entregatuko dira. Landaketak ondo babestuta geratuko dira aziendak kimatu ez ditzan; horretarako, itxiturak jarriko dira landaketen inguruan, eta ongi zainduko dira behar bezala errotu arte, edo gutxienez hiru urtez.
–Dittrichia viscosa espezie inbaditzailearen desagerpena kontrolatzeko eta murrizteko aldizkako kanpainak eginen dira hiru urtez.
4. Beste neurri batzuk.
–Obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako harriak eta lurrak bertatik kenduko dira, eta baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
–Proiektuak nahitaez bete behar ditu Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak eskatzen dituen eta nahitaez bete behar dituen neurriak.
–Lanak egin ondoren, obraren ingurunea garbi eta obretan sortutako hondakin eta zaborrik gabe geratu beharko da.
–Baldin inguruabarren bat dela-eta sustatzaileak abisua eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Lizarra Hegoaldeko Koordinazio Unitatearekin jarri beharko du harremanetan (telefonoa: 608 06 26 39; helbide elektronikoa: gmaestellasur@navarra.es).
5. Ingurumen jarraipena.
–Lanak habitat halofiloetan eta estepakoetan aditua den teknikari batek gainbegiratuko ditu. Obraren jarraipenaz txostenak eginen dira hamabost egunean behin. Txosten horietan jasoko dira obren aurrerapena eta ukitutako habitaten azalerak, horien mota eta egoera bereizita. Gainera, txosten honetako baldintzak betetzearen berri emanen da, bai eta lanak egin bitartean ingurumenean eragina izan dezakeen edozein ezohiko egoeraren berri ere. Argazkien eranskina erantsiko da.
–Lanak amaitu ondoren, eta, gutxienez, hurrengo hiru urteetan, lanek ukitutako larre gazien eta hezeguneen komunitateen bilakaeraren jarraipena eginen da, baita egindako landaketena ere. Ingurumen-jarraipen hori Biodibertsitatearen Zerbitzuan aurkeztu beharreko urteko txostenetan jasoko da.
–Ingurumen-txosten hau egiten da deusetan ukatu gabe sustatzaileak, obrak egin aurretik, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duten organoek eman beharreko baimen guztiak lortu behar izatea. Horri dagokionez, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren 2023ko irailaren 19ko txostenean adierazitako jarraibide guztiak beteko dira, jabari publiko hidraulikoan obrak eta instalazioak egiteko baimenak izapidetzeari, jabari publiko hidraulikotik datozen baliabide hidrikoen aprobetxamendu pribatiboari, ur kontinentalak kutsa ditzaketen uren eta hondakin-uren isurketari eta abarri buruzkoak.
3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau igortzea Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atalera, Ibai Ingurunearen Atalera, Basozaintzara (Lizarra Hegoaldeko barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko urriaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN LABURPENA
Proiektuaren helburua da Los Arcos-Elizagorria hornidura-hodia berritzea, zeina 2009an idatzitako proiektu orokor honen zati baita: "Viana eta Jurramendiko Mankomunitatearen Erribera hornitzea".
Egungo sarea diseinatu zenean 25 urteko aldia kontuan hartu zen, baina 30 urte baino gehiago daramatza funtzionamenduan, prestazio eskasekin eta hainbat biztanlegune urez hornitzeko mugak dituela; hori dela eta, ezin dira bete 2009an inguru horretarako idatzitako proiektuaren helburuak, hau da, ibaitik hurbil dauden Erriberako herriei hornidura bermatzea, bai kantitatez bai kalitatez.
Proiektuak El Busto, Elizagorria, Los Arcos, Piedramillera eta Santsol herriak ukitzen ditu. Azpiegitura lineala denez, ukitutako lurrek zerrenda bat osatzen dute, 12 metro inguruko zabalerakoa eta 8.409 metroko luzerakoa; NA-1110 errepideko 57+340 KPan du hasiera, Los Arcosko hirigunearen hego-mendebaldean, eta bukaera NA-1120 eta NA-6330 errepideen arteko bidegurutzera iritsi baino metro batzuk lehenago, Elizagorriko hirigunearen iparraldean.
Funtsean, lanen xedea da goi-hornidurarako 500 mm-ko diametroko hodi berriak paratzea, burdinurtu nodularrezkoak, 8.409 metro egiten dutenak, dagozkien bentosa kutxatilekin, hustubideekin eta konexioekin.
Lanak hasi aurretik, lurra garbitu eta sastrakak kenduko dira. 12 metro inguruko zabalerako eta 40 cm inguruko sakonerako landare-lur geruza bat kenduko da, eta ondoren erabiltzeko gordeko da.
Zangaren ezponda 1/3 (H/V) izanen da, eta 90 cm-ko zabalerarekin behealdean. 2,00 m-ko sakoneratik aurrera sartuko da hodia.
Obraren gurutzagune bereziak: instalazioaren hasieran, NA-8401 errepidearena (2+730 kilometro-puntua, 20,00 metroko luzerarekin) eta NA-1110 errepidearena (57+350 kilometro-puntua, 42 metrokoa); Río de Valseca izeneko ibilguarena (6 metroko luzera); batera eginen diren NA-1120 errepidearena (3+520 kilometro-puntua) eta A-12 autobiarena (61+790 kilometro-puntua, 65 metrokoa) eta Río de San Pedro izeneko ibilguarena (18 metroko luzera).
Zulaketarako eraso-hobia 12,0 x 3,5 metrokoa izanen da oinplanoan, 20 cm-ko lodierako eta 2 metroko zabalerako masa-hormigoizko (HM-20 ) zolata batekin. Iritsiera-putzua lurrean eginen den zulaketa bat izanen da, 2 x 2 metrokoa oinplanoan, altzairuzko estalkia agertu arte.
Zangak, kutxatilak eta zulaketak hondeatzetik soberan geratzen den material guztia baimendutako zabortegi batera eramanen da. Hormigoizko zoladura eraisteko, aurrebaketa erabiliko da, eta HM-35 hormigoizko 18 cm-ko lodierako geruza baten bidez birjarriko da.
Hodiaren trazadura non den arazorik gabe jakin ahal izateko, seinaleztapenerako hormigoizko habexkak jarriko dira puntu jakin batzuetan (bideen gurutzagunea, alor batzuen muga, etab.).
Guztira 28 kutxatila aurreikusi dira, erregistro-puntuen, bentosen eta hustubideen artean banatuta. Kutxatilak hormigoiarekin (HA-25) eta altzairuarekin (B-500 S) eginen dira, eta lurraren gainetik 50 eta 70 cm artean aterako dira (alorretan), errazago aurkitzeko.
II. ERANSKINA.–UKITUTAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEI ETA PERTSONA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTEN EMAITZAK
21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, 2023ko maiatzaren 10ean, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, kontsulta-izapidea hasi zuen ukitutako administrazio publikoentzat eta pertsona interesduntzat. Zehazki, honako hauei egin zaie kontsulta:
–Los Arcos, El Busto, Piedramillera eta Elizagorriko udalak.
–Naturaguneen eta Espezie Babestuen Atala.
–Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia.
–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.
–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.
–Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa.
–Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.
–Sustrai Erakuntza fundazioa.
Bi erantzun jaso dira:
–Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, 2023ko uztailaren 5eko txostenean, erantzun du ez dagoela proposamenaren esparruan jarduteko aurreikuspenik.
–Ebroko Konfederazio Hidrografikoak behin betiko txostena eman zuen 2023ko irailaren 19an, dokumentazio berriari buruz, 2023ko ekainaren 29an emandakoaren osagarri.
Arroko Erakundeak, aurkeztutako ingurumen-dokumentazioa xehetasunez aztertu eta ur-ingurunearen gaineko inpaktuak aztertu ondoren (lurrazaleko eta lurpeko urak), izapidetzen ari den proiektuaren aldeko txostena egin du, baldin eta bertan jasotako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzen badira, jarduketa-eremuan ur-ingurunearen gaineko eraginak minimizatzera bideratutako neurri guztiez gain, eta eremuko dinamika hidrologikoa nabarmen aldatzen ez dela bermatzen bada. Halaber, adierazten dute une oro ziurtatuko dela lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatea, eta kontu handiz ibili beharko dela obra-fasean, San Pedro ibaian eta Valseca ibaian, biak ere hodirako proiektatutako trazadurak zeharkatzen dituelako.
Era berean, Uren Legearen testu bateginean (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua) eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan (urtarrilaren 11ko 9/2008 Errege Dekretua) jasotako eremuei dagokienez, hala behar izanez gero kontuan hartu beharreko jarraibideei buruzko oharrak ematen dituzte: proiektua gauzatzeko jarduketak, jabari publiko hidraulikoko ondasunetan daudenak eta polizia-eremuko jarduketak (zortasun-eremua, lehentasunezko fluxupeko eremua eta uholde-arriskua duen eremua).
Azkenik, jabari publiko hidraulikotik datozen baliabide hidrikoen aprobetxamendu pribatiborako aldez aurreko emakida eta administrazio-baimena behar direla ohartarazi dute, eta Uren Komisarian eskatu behar dela.
Iragarkiaren kodea: F2315186
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
