233. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

69E/2023 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera arruntak egiteko laguntzak emateko deialdia. DDBN identifikazioa: 724478.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 14. artikuluak ezartzen du langileek eskubidea dutela laneko segurtasun eta osasun arloan benetako babesa izateko, eta enpresaburuak bere zerbitzuan dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu behar dituela lanarekin zerikusia duten alderdi guztietan.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen du Laneko Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioaren helburua dela laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak sustatzea, batez ere enpresa txikietan, honelako ekintzak kudeatuz eta bultzatuz: informazioa, laguntza teknikoa eta prestakuntza ematea eta arriskuen prebentzioari buruzko araudia bete dadin sustatzea. Autonomia-erkidegoetan dagozkion organoak egotea ezartzen du, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak sustatzeko helburu horrekin berarekin.

Xedapen gehigarri horrek adierazten duenez, halaber, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak, erregelamendu bidez zehazten den moduan, urtero transferituko dizkio Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioari, Gizarte Segurantzaren Kontingentzia Profesionalen Funtsaren kargura, laneko arriskuen prebentzioa bultzatzeko ekintzak egiteko kredituak, eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioari dagokio behar den zuzkiduraz hornitzea Laneko Arriskuen Prebentziorako Estatuko Fundazioa, bai eta autonomia-erkidegoetako organo eskudunentzako transferentziak egitea ere. Autonomia-erkidegoei dagokienez, transferentziak finalistak izanen dira, eta jasotako kredituak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera arautuko dira.

Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialaren LXXXIII. bileran, 2023ko apirilaren 28koan, laneko arriskuen prebentzioaren arloko ekintza arruntak finantzatzeko funtsen lurralde-banaketa onetsi zen, autonomia-erkidegoek 2023an kudea zezaten, Laneko Arriskuen Prebentziorako Espainiako Fundazioaren Patronatuak proposatutako eta bilera hartan onetsitako banaketa-irizpideen arabera.

Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioari atxikitako Enplegu eta Lan Gaietarako Konferentzia Sektorialeko Idazkaritza Iraunkorrak egindako ziurtagirian jasota dago 2023an Nafarroako Foru Komunitateari 400.814,41 euro dagozkiola. Diru-sarrera horiek laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera finalistetara bideratu behar dira, horretarako laguntza deialdi bat eginez, zuzenduta bai sektore bakoitzaren esparruan ordezkaritza duten enpresa-erakunde eta sindikatuei, bai batzuek eta besteek beren helburuetatik edozein lortzeko eratutako fundazio edo bestelako entitateei.

Ondorioz, bidezkoa da laneko arriskuen prebentzioaren arloan ekintza arruntak egiteko laguntzen deialdia onestea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearekin bat.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Laneko arriskuen prebentziorako ekintza arruntak egiteko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012-81500-4819-494127 [PEP: E-23/000598-01]: Laneko arriskuen prebentzioaren arloko ekintza arruntak egiteko laguntzak. Konferentzia sektoriala

2024

400.814,41

4. Baimendutako diru kopuru osoaren erdia sektoreko ekintzetarako proiektuak finantzatzeko erabiliko da, eta beste erdia sektore arteko ekintzak finantzatzeko. Dirulaguntzen bi aukeretako batean (sektorekoak edo sektore artekoak) kreditu erabilgarria agortzen ez bada, zenbateko hori beste aukerako ekintzak finantzatzeko erabiltzen ahalko da.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko urriaren 30ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Dirulaguntzaren xedea eta araubide juridikoa.

Deialdi honetako laguntzen helburua da 50 langile baino gutxiagoko enpresetan langileen segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzea, honako ekintza hauek eginez: informazioa eta laguntza teknikoa ematea, prestakuntza diseinatzea eta prebentzioari buruzko araudia bete dadin bultzatzea.

Deialdi honetan aplikagarriak izanen dira, nolanahi ere, uztailaren 21eko TES/864/2023 Aginduaren 1., 2., 3., 4., 5., 6., 7.1, 17.1., 18.1. eta 20.etik 25.era bitarteko artikuluak, 23.3, 4. eta 5. artikuluak izan ezik. Agindu horren bidez, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen arabera laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduerak egiteko dirulaguntzak norgehiagokako araubidean emateko oinarri arautzaileak onetsi ziren.

2. oinarria.–Dirulaguntzaren esparrua.

Dirulaguntzaren xedea izanen da Nafarroako Foru Komunitatean 50 langile baino gutxiagoko enpresetan jarduerak egitea, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzen hobekuntza sustatzeko.

3. oinarria.–Laguntza-motak, diruz lagunduko diren proiektuen edukia eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Sektoreko eta sektore arteko ekintzak egiteko proiektuak lagunduko dira diruz, gehienez ere 60.000 euro emanez proiektu bakoitzari.

2. Laneko arriskuen prebentziorako proiektuek bakarrik lau motatako ekintzak jasotzen ahalko dituzte:

a) Langileei zein enpresaburuei zuzenduta, laneko arriskuen prebentzio-ekintzaren printzipioei buruzko informazioa hobetzeko ekintzak.

b) Prebentzio-jardueren aplikazio praktikoak eta materialak eragindako arazoak aztertzeko eta konpontzeko laguntza teknikoko ekintzak.

c) Produkzio-jardueraren sektoreetan eta azpisektoreetan eman daitekeen prestakuntza, eta prestakuntza horren metodoak eta edukiak diseinatzeko ekintzak, batez ere enpresa txikiek osatuta daudenetan bereziki.

d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia bete dadin bultzatzeko ekintzak, enpresaburuek eta langileek eta/edo haien legezko ordezkariek laneko arriskuen prebentzioaren arloko lege-, erregelamendu- eta hitzarmen-xedapenak ezagutu eta aplika ditzaten sustatzeko, bereziki produkzio-jardueraren sektore- eta lurralde-esparruetan garatutako mekanismoen eta tresnen bitartez.

3. Sektoreko nahiz sektore arteko proiektuetan jasotako ekintzek bat etorri beharko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Laneko Osasunaren Planen ildoetako batekin edo Laneko Segurtasun eta Osasunerako Espainiako Estrategiarekin.

4. oinarria.–Onuradunak.

1. Honako erakunde hauek izan daitezke onuradun: azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren erakundeak, dagokien sektore-esparruan ordezkaritza duten enpresa-erakundeak eta sindikatuak, bai eta horiek beren helburuetako edozein lortzeko eratutako fundazioak edo bestelako entitateak ere.

2. Sektore arteko ekintzak egiteko proiektuak aurkezten ahalko dituzte Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 12. artikuluan aipatzen diren erakundeek, bai eta erakunde horiek beren helburuetako edozein lortzeko eratutako fundazioek edo bestelako erakundeek ere.

3. Sektoreko ekintzak egiteko proiektuak aurkezten ahalko dituzte sektore horren esparruan ordezkaritza duten enpresa-erakunde eta sindikatuek, bai eta horiek beren helburuetako edozein lortzeko eratutako fundazioek edo bestelako entitateek ere.

4. Onuradun izan nahi dutenek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

b) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

c) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

d) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena jaso ez izana sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

5. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.

1. Laguntza hauek emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da. Beraz, aurkeztutako eskaerak alderatu eginen dira, proiektuak sektorekoak edo sektore artekoak diren kontuan hartuta, haien artean lehentasunak ezartzeko.

2. Lan Zerbitzuak, organo kudeatzailea den aldetik, ebaluatuko ditu eskaerak 9. oinarrian ezarritako balorazio-irizpideen arabera, eta ebazpen-proposamena igorriko dio Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiari. Proposamen horretan adieraziko du onuradunek dirulaguntza eskuratzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela. Dirulaguntza eman ala ez ebazteko eskumena duenak gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko du ebazpena, eskaerak aurkezteko azken egunetik aurrera.

3. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamar egunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) izapideen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Laguntza eskaeran adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko bakarra (GHEb), eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

3. Eskaerarekin batera, egin asmo diren jarduketen proiektua aurkeztu beharko da, honako hauek adierazita: proiektu motaren azalpena (sektorekoa edo sektore artekoa), helburu eta jarraipen- eta emaitza-adierazleak; aurreikusitako kronograma; memoria ekonomikoa eta dirulaguntzaren xede diren gastu guztien aurrekontu xehatua eta horien justifikazioa, 7. oinarrian adierazitako gastu bakoitzari egotz dakiokeen ehunekoa eta guztizko zenbatekoa adierazita (langileria gastuak, joan-etorrietakoak eta zabalkundekoak); proiektuan arituko diren prebentzioko teknikarien edo laguntzaileen kopurua; pertsona bakoitzaren kostua eta lanorduak.

Proiektuaren erredakzioan hizkuntza inklusiboa erabili beharko da. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

7. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Diruz laguntzen ahalko dira laguntzaren xede den jarduerarekin zalantzarik gabe lotuta dauden gastuak, baldin eta gauzatzeko beharrezkoak badira, dirulaguntza eman den egunetik 2024ko ekainaren 30era bitartean fakturatu badira eta 2024ko abuztuaren 1era arte ordaindu badira:

a) Entitateak, proiektua gauzatzeko lanetan zuzenean aritzeko, kontratatzen dituen teknikarien gastuak, proiektuan diharduten bitartean. Teknikarien gehieneko prezioa orduko 47 eurokoa izanen da, kostu sozialak barne. Proiektuko ekintzak aurrera eramateko langile horien joan-etorrien gastuak, joan-etorri horiek kasuan kasuko nominaren bidez ordaintzen direnean.

b) Entitateak kontratatutako eta proiektua gauzatzeari lotutako administrazioko eta/edo laguntzako langileen gastuak, proiektuan diharduten bitartean. Administrazioko eta/edo laguntzako langileen gehieneko prezioa orduko 30 eurokoa izanen da, kostu sozialak barne.

c) Aurkezten den proiektuko ekintzekin lotutako edukiak zabaltzeko gastuak, zabalkunde hori materialen eta komunikabideen bidez egiten denean.

Eduki horien zabalkundean ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

Ez dira kontzeptu honetan sartzen langileria gastuak.

d) Jardueraren jatorrizko aurrekontuan sartuta daudenak edo organo kudeatzaileak onartu ondoren aldatu direnak, eta gauzatzearen memoria teknikoa eta ekonomikoa aurkeztu aurretik ordainduta daudenak, deialdian ezarritako kronogramaren barruan badaude.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Proiektuen xedeko enpresetan laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduketak egiteak eragindako gastuak, baldin eta jarduketa horiek enpresak berak nahitaez egin beharrekoak badira prebentzio lana antolatzeko modalitateren baten bitartez.

b) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira (berariaz adierazi beharko du).

3. Gastu diruz lagungarriren bat, BEZa kenduta, 12.000 eurotik gorakoa bada (ekipamendu ondasunen hornidura kasuetan edo aholkularitza edo laguntza enpresek zerbitzu prestazio bat egiten duten kasuetan), onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz aukeratu dela. Horretarako, gutxienez hiru eskaintza aurkeztuko ditu, eta aukeratutako eskaintza zergatik hautatu duen justifikatu beharko du "Hornitzailea aukeratzeko justifikazioa" izeneko inprimakian, zeina laguntzen fitxan baitago.

Onuradunak ez dira beharturik egonen hiru eskaintzak aurkeztera, baldin eta, dirulaguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan behar adina entitate hornitzaile edo zerbitzu-emaile ez badaude edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Edonola ere, alderdi horiek aipatu inprimakian frogatu beharko dira.

8. oinarria.–Azpikontratazioa.

Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoaren erdia, gehienez, azpikontratatuta egin daiteke. Ondorio horietarako, ulertuko da azpikontratazioa egiten dela onuradun batek hirugarrenekin hitzartzen duenean diruz lagundutako jardueraren zati bat gauzatzea, onuradun horrek kanpoko baliabideak izanez gero egiten ahal dituen jarduerak izanik. Azpikontratazioa 60.000 eurotik gorakoa bada, kontratu bat egin beharko da idatziz, eta kontratu hori frogagiriekin batera aurkeztu beharko da.

9. oinarria.–Laguntzak emateko irizpideak.

1. Aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, lehentasun-hurrenkera ezartzeko, honako balorazio-irizpide hauen arabera:

a) Planteamendu orokorra eta ekintzaren diseinua. 40 puntu gehienez. Sektoreko ekintzak sektore hauetako batera bideratuta badaude: egoitza-establezimenduak, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza, elikagaien industria, metalezko produktuen fabrikazioa, ibilgailuen salmenta eta konponketa, eraikuntza, merkataritza. Sektore arteko ekintzak honako hauetako batera bideratuta badaude: amiantoaren ondoriozko arazoren bat, istripuen ikerketa sustatzea, laguntza-sektoreetako arrisku psikosozialen diagnostikoa, amatasunaren babesa lanean, haurdunaldiko arriskua, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren edo genero-indarkeriaren aurkako prebentzioa, altuerako erorketen prebentzioa.

b) 3.3 oinarrian ezarritako helburu eta jarduera-ildoekin bat etortzea. 25 puntu gehienez. Honako hauek aztertuko dira: planteamendu orokorra, ematen duen balio erantsia, proiektuaren eta helburuen eta espero diren emaitzen arteko koherentzia, proiektua garatzeko metodologia (prozedura eta justifikazioa), eta prozedura edo tresna berritzaileen aplikazioa.

c) Proiektua garatzen duten entitateak eta talde teknikoa. 15 puntu gehienez. Honako hauen balorazioa: proiektuaren zuzendaritza teknikoaren esperientzia, jarduera nagusiak egiteko ardura duen lantaldearen osaeran dauden profilak eta entitate eskatzailearen eta proiektuaren garapenean parte hartzen dutenen egiaztapena, antzeko ekintzak egiten izandako esperientzia eta profiletan zehaztasuna eta enpresekin harreman zuzena eskaintzen duen laguntza profesionalerako sare edo egitura bat izatea.

d) Aurrekontua. 10 puntu gehienez. Honako hauek barne hartzen ditu: aurrekontua garatu beharreko jarduerekin bat etortzea eta aurrekontuaren xehetasuna.

e) Proiektuaren hartzaile diren langileen irismen-maila. 5 puntu gehienez.

f) Proiektuaren onuradun izanen diren enpresen kopurua. 5 puntu gehienez.

2. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, b) irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

10. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Entitate onuradunek konturako ordainketa bat eskatzen ahalko dute 2024ko martxoaren 31 baino lehen, eta, horretarako, gauzatze-memoria bat aurkeztu beharko dute, non egiaztatuko baita emandako zenbatekoaren gutxienez %40 gauzatu dela.

2. Gainerako zenbatekoa ordaintzeko, ekintzak benetan gauzatu direla egiaztatzen duen gauzatze memoria bat aurkeztu beharko da 2024ko ekainaren 30a baino lehen. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena.

11. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea eta likidazioa egitea.

1. Onuradunek 2024ko ekainaren 30a baino lehen justifikatu beharko dute egindako proiektua, egun hori barne. Horretarako, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bidez:

a) Memoria teknikoa, proiektua gauzatu izana eta lortu nahi den helburuaren lorpen-maila justifikatuko dituena, finantzatutako ekintza bakoitzerako adierazle multzo bat barne, horien bidez ebaluatu ahal izateko lortutako emaitzak, bai eduki teknikoari dagokionez, bai eraginkortasunari, efizientziari eta ekonomiari dagokienez. Era berean, adierazleek aukera eman beharko dute jakiteko, besteak beste, diruz lagundutako ekintza bakoitza zenbat erabiltzailek jaso duten eta emaitzarekiko haien gogobetetasun-maila (1etik 6ra).

Zabalkunde gastuak baldin badaude, zabaldu den materialaren edukia aurkeztu beharko da, bai eta materiala zabaldu eta jaso dela frogatzen duen dokumentazioa ere.

b) Onuradunak proiektua gauzatzean egindako gastuaren erantzukizunpeko adierazpena. Ondorio horietarako, egindako gastutzat ulertzen da onuradunak egin duena proiektua gauzatzeko, nahiz eta oraindik ordaindu ez.

2. 2024ko ekainaren 30a baino lehen (egun hori barne), onuradunek dirulaguntzaren justifikazio ekonomikoa aurkeztu beharko dute, modu telematikoan, laguntzen fitxaren bitartez:

a) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

–Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izen-zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.

–Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere.

–Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.

–Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.

–2024ko ekainaren 30era arte egindako fakturak eta horien ordainagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko dutenak.

b) Baldin eta onuraduna salbuetsita badago balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) ordaintzetik, edo hura ordaindu beharrik ez badu, dagokion dokumentazio ofiziala aurkeztuz frogatuko du egoera hori.

3. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan erredaktatu beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira.

4. Ekainaren amaieran egiaztagiririk ez duten gastuei dagokienez, 2024ko abuztuaren 1a arte (egun hori barne) aurkezten ahalko dira gauzatze-aldian benetan egindako gastua eta ordainketa egiaztatzen duten faktura eta agiri guztiak. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

5. Aurkeztutako frogagiriak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak organo eskudunari aurkeztuko dio dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpen proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu izana.

6. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du dirulaguntza likidatzeko, bukatzeko eta, hala badagokio, itzultzeko ebazpena, frogagiriak aurkezten direnetik kontatzen hasita.

12. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasunari buruzko adierazpena, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz.

Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea oinarrietan ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala agertzea zabaltzen den materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik beherakoa bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

13. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb).

14. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iragarkiaren kodea: F2315584