233. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

SAKANAKO MANKOMUNITATEA

Garbigunearen zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Sakanako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2023ko maiatzaren 18an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Sakanako Mankomunitatearen garbigunearen zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantza.

Ordenantza hori 30 egunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2023ko 118. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 6koan, eta Mankomunitatearen iragarki-taulan.

Jendaurrean egoteko epea bukaturik, inork ez du erreklamaziorik aurkeztu; beraz, arestian aipatu batzar orokorrean harturiko erabakiarekin bat, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da. Kasu honetan, ondorio juridikoak sortzeko, inguruabar hori argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, behin betiko testuarekin batera.

Lakuntzan, 2023ko urriaren 4an.–Mankomunitateko burua, Aitor Larraza Carrera.

SAKANAKO MANKOMUNITATEAREN GARBIGUNEAREN ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Garbigunea zentro bat da, non gaika biltzen baitira etxeko jardueren ondorioz etxebizitzetan sortutako hondakinak, zerbitzuek eta industriek sortzen dituzten hondakinak (etxekoekin parekatzen direnak) eta saltokietako hondakinak. Herritar orok erabiltzen ahal du, han uzteko berrerabili, birziklatu edo balorizatzeko modukoak diren materialak.

Sakanako Mankomunitateak zuzenean kudeatzen ditu hiru garbigune. Arbizun, Altsasun eta Ziordian daude. Garbiguneak ezinbestekoak dira hondakinen arloko udal politika estrategikoak definitzeko. Politika horien xedeak izan behar du ezartzea hondakinak biltzeko araubide efiziente bat eta hondakinak sailkatzeko sistema eraginkor bat, eta hondakinen fluxuen trazabilitate egokia bermatzea. Azken batean, lortu nahi da emaitza hobeak izatea hondakinen kudeaketa orokorrean eta aurrera egitea birziklatzeari lotutako helburuak erdiesteko bidean.

Zerbitzu honen bidez, erraztasunak eman nahi zaizkie herritarrei, etxeko gauza handiak eta bestelakoak utzi ahal izateko bilketa-egutegian ezarritako egunera arte itxaron beharrik gabe. Orobat, garbigunera eramaten ahal dira etxeetako eraikitze eta konpontze obra txikietatik heldu diren hondakinak, eta aukera ematen da egoki kudeatzeko etxean sortutako hondakin arriskutsuak (haiek biltzeko zerbitzu berariazkorik ez dago). Bestalde, biltegiratzeko toki gutxi duten saltoki eta zerbitzuei aukera ematen die bolumen handiko hondakinak (kartoia, plastikoak...) uzteko, eta astean 20 kg hondakin baino gehiago sortzen duten arrandegiei laguntzen die behar bezala kudeatzen arrainetik datozen azpiproduktuak (Sandach hondakin deritze). Azkenik, maskoten eta bestelako animalien gorpuak erretzeko zerbitzua ere eskaintzen du.

Hondakinen udal kudeaketak zenbait erronka dauzka. Erronka horien oinarriak dira hondakinen konposizioa askotarikoa eta konplexua dela, herritarrengandik oso hurbil daudela, oso ikusgarriak direla jendearentzat eta hondakinek ingurumena eta gizakien osasuna kaltetzen dutela.

Bestalde, garbiguneek, baita ere, laguntzen dute hondakinak baliabidetzat hartzen, eta errazten dute ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatzea. Izan ere, aukera ematen dute, batetik, aurrera eramateko hondakinen bilketarako eta berrerabilpenerako boluntarioen programak eta, bestetik, prebentziorako proposamenak ezagutarazteko.

Sakanako Mankomunitateak kontuan hartzen du hondakinak sortzeagatik ordaindu behar dela dioen sistema ("pay-as-you-throw" delakoa), eta horregatik onesten ditu dagozkion tasak zerbitzu hori emateagatik.

Ordenantza hau onestea, hortaz, beharrezkoa da, zerbitzua zer baldintzatan emanen den ezartzeko eta apirilaren 8ko 7/2022 Lege berrian birziklatzeari eta ekonomia zirkularra bultzatzeari lotuta ezarrita dauden helburu zorrotzak betetzeko (7/2022 Legea, hizpide dituena ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuak).

I. TITULUA.–ZERBITZUAREN NONDIK NORAKOAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea, batetik, Arbizuko (Utzubar Ekogunea) eta Altsasuko (Otadia alderdia, zenbakirik gabe) udalerrietako instalazioetan ematen den garbigunearen zerbitzu publikoaren barne- eta funtzionamendu-araubidea, eta bestetik, zerbitzu horren erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak. Ordenantza hau ez da aplikatuko Ziordiko garbigunean.

Garbigunea instalazio bat da; han herritarrek modu aktiboan parte hartzen dute hondakinak kudeatzen. Mankomunitateak espazio hori uzten die, han utzi ditzaten etxean, saltokietan, zerbitzuetan edo industrietan sortutako hondakinak.

Garbigunearen zerbitzu publikoaren helburua da herritarrei toki bat ematea, han utzi eta behar bezala kudea ditzaten beren hondakinak. Zehazki, xede hauek dauzka:

–Hondakinen kontrolik gabeko isurketa eta kutsadura ekiditea.

–Tratatu edo suntsitu beharreko hondakinen bolumena gutxiagotzea.

–Balio dezaketen materialen bereizketa egokia egitea.

–Hondakinetan dauden materialak berreskuratzea, zuzenean birziklatzeko.

–Ingurumenari buruzko sentsibilizazio eta prestakuntza programak sustatzea.

–Berrerabilera sustatzea.

2. artikulua. Garbiguneen zerbitzu-eremua.

Arbizuko eta Altsasuko garbiguneetan uzten ahalko dira Sakanako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan sortutako hondakinak, baldin eta onargarriak badira. Udalerri hauetaz ari gara: Ziordia, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Ergoiena, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Arakil eta Irurtzun.

Ez dira onartuko eremu horretatik kanpo sortutako hondakinak, ez eta jatorri argirik ez dutenak ere.

3. artikulua. Zerbitzua norentzat den.

Honako hauek erabiltzen ahal dituzte garbiguneak:

–Partikularrek, beren kabuz, etxeko jardueren ondorioz etxebizitzetan sortutako hondakinak uzteko.

–Zerbitzu eta industriek, baldin eta etxeko hondakinen antzeko hondakinak sortzen badituzte, horiek uzteko.

–Saltokiek, berezko jardueragatik sortutako hondakinak uzteko (arrandegiak, fruta-dendak, altzari-dendak, lastaira-dendak eta abar).

–Autonomoek eta enpresek, baldin eta eraikuntzako obra txikiak eta etxeko konponketak egiten badituzte (igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, eskaiola, zurgintza eta abar), horiek eragindako hondakinak uzteko.

–Sakanako Mankomunitatea osatzen duten herrietako udalek (paperontzi selektiboetan utzitako hondakin birziklagarriak biltzen dituzten udal-zerbitzuak, edo ibilgailuek harrapatutako lagun egiteko animalien gorpuak edo beste batzuk bide publikotik kentzen dituztenak).

–Salbuespen gisa, beste entitate publiko edo pribatu batzuek ere erabiltzen ahalko dituzte garbiguneak, baldin eta arestian aipatutako hondakinen antzekoak sortzen edo edukitzen badituzte, eta hondakinok Sakanako Mankomunitatearen lurralde-eremuan sortu badira. Dena den, horretarako, interesdunek aldez aurretik egin beharko dute eskaera, eta Sakanako Mankomunitateko zerbitzu teknikoen berariazko baimena beharko dute.

Hondakinak haiek sortu dituen pertsonak edo haren legezko ordezkariak edo ordezkari boluntarioak entregatu beharko ditu.

Edonola ere, zerbitzua erabiltzeko, beharrezkoa izanen da zerbitzu horrekin lotutako zerga-zorrik ez izatea, eta ez izatea zehapenik ordaindu gabe ordenantza hau ez betetzeagatik.

Hondakin horiek dituztenek Sakanako Mankomunitateko garbiguneetan entregatzen ahalko dituzte, ordenantza honetan zehaztutako baldintza berberetan.

4. artikulua. Zerbitzu ematea.

Garbiguneko zerbitzu publikoa zuzenean emanen du Sakanako Mankomunitateak, azpiegituren titularra eta zerbitzuaren arduraduna den aldetik, ordenantza honetan ezarritakoa zorrotz betez.

5. artikulua. Tasa, zerbitzu emateagatik.

Zerbitzuaren erabiltzaile mota eta haren xedea kontuan hartuta, honako hauek salbuetsita daude tasak ordaintzetik:

1.–Sakanako Mankomunitatea osatzen duten udaletako zerbitzuek egiten dituztenean hondakin onargarrien entregak.

2.–Gainerako erabiltzaileek egiten egiten dituztenean hondakin onargarrien entregak. Hala ere, honako hauen entregak ez daude tasa ordaintzetik salbuetsita:

a) Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH), harrizkoak, etxean eraikitzeko eta konpontzeko obra txikietatik datozenak: adreiluak, hormigoia, baldosak, plaketak, zeramikazko zoladurak, eskaiola, igeltsua, sabairako plakak eta moldurak, konketak, komunak, dutxa-platerak, teilak eta abar, amiantoa duen fibrozementuzko elementurik gabeak.

b) Tamaina handiko beste EEH batzuk, harrizkoak ez direnak, etxean eraikitzeko eta konpontzeko obra txikietatik eratorriak: egur-zatiak (parketa, tronadura, markoak...), plastikozko zatiak, PVCzko leihoak, kristalak, bainu-manparak, polikarbonato uhinduzko plakak, isolatzaile termikoak eta akustikoak, onduline, olanak, lurzoru binilikoak, tela asfaltikoa eta abar.

c) Erabiltzen ez diren pneumatikoak, ibilgailu ez-industrialetakoak.

d) Lagun egiteko animalien (maskotak) gorpuak.

3.–Harrizko EEHen eta bestelako EEH nahastuen (ez-harrizkoak eta handiak) entrega guztiak, etxean eraikitzeko eta konpontzeko obra txikietatik datozenak, baldin eta partikularrek pertsonalki egiten badituzte eta 100 kg-tik beherako pisua badute (25 kg-ko 4 zakuren baliokidea) eta behin eta berriz gordailutzen ez badira (hilean 500 kg gehienez, 25 kg-ko 20 zakuren baliokidea).

4.–Sakanako Mankomunitateak Prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalaren bidez onetsiko ditu zerbitzu hauetako tasak.

6. artikulua. Onar daitezkeen hondakinak.

Garbiguneetan, oro har, soilik onartuko dira etxeko hondakinak eta saltokietakoak.

Etxean sortutako hondakin arriskutsuak ere onartuko dira, baldin eta jatorria industriala ez bada.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) ere onartuko dira, baldin eta eraikuntzako obra txikietatik eta etxeko konponketetatik badatoz. Kasu horretan, aurkeztu beharko da hirigintzako lizentziaren eskaera, hirigintza lizentzia, erantzukizunpeko adierazpena, aurretiazko komunikazioa edo baliokidea.

Ez da onartuko industria-jarduerak sortutako fabrikazio-, eraldaketa-, erabilera-, kontsumo-, garbiketa- edo mantentze-prozesuen ondoriozko industria-hondakinik. Obra handietako hondakinik ere ez da onartuko.

Garbiguneetan I. eranskinean zerrendatutako hondakinak baino ez dira onartuko. Hondakinak bereizita entregatuko dira.

Sakanako Mankomunitateak beretzat gordetzen du hondakinak ez onartzeko eskubidea, nahiz eta I. eranskinean jasota egon, segurtasun- eta higiene-arrazoiengatik, biltegiratze-ahalmen faltagatik eta hondakinak behar bezala kudeatzea eragozten duten bat-bateko arrazoiengatik.

7. artikulua. Onartu ezin diren hondakinak.

Garbiguneetan ezin izanen dira onartu, Sakanako Mankomunitateak berariaz baimendu ezean, II. eranskinean zerrendatutako hondakinak.

Onartu ezin diren hondakinen zerrenda (II. eranskina) gutxi gorabeherakoa da, ordenantza honen xedea ez baita horiek zehatz-mehatz identifikatzea.

8. artikulua. Kopuruak eta mugak.

Erabiltzaileak oinez edo beren ibilgailuan iristen ahalko dira garbigunearen instalazioetara. Garbiguneetan 3.500 kg arteko BGMko (baimendutako gehieneko masa) ibilgailuei bakarrik baimenduko zaie deskarga.

9. artikulua. Berrerabiltzeko objektuak.

Garbiguneek berrerabilpenerako eremu bat izanen dute, bertan uzteko erabiltzaileek entregatu dituzten eta, duten kontserbazio-egoeragatik, oraindik erabiltzeko moduan dauden etxeko gauzak (altzariak, etxetresna elektrikoak, jostailuak, liburuak eta abar).

Segurtasunari eta arriskuen prebentzioari lotutako arrazoiak direla eta, garbiguneko langileen baimenik gabe ezin izanen da hondakinen artean bilatu edo hondakinik hautatu eta manipulatu, ez eta garbigunean utzitako hondakinik hartu ere.

Garbiguneen espazioa mugatua denez eta berrerabil daitezkeen tresnak askotarikoak direnez, honela funtzionatuko dute berrerabilpenerako eremuek:

1.–Objektu jakin bat nahi dutenak garbigunera joanen dira eta garbiguneko langileei eskatuko diete. Horretarako aurrez aurre beteko dute eskaera-inprimakia (eredu normalizatuaren araberakoa). Eskaera modu elektronikoan ere aurkezten ahalko dute, Mankomunitatearen web-orriaren bidez (www.sakana-mank.eus), bai eta indarrean dagoen legedian ezarritako beste edozein bide erabiliz ere.

2.–Eskaera egiteko unean eskatutako objektua eskuragarri badago eta arriskuen prebentzioko baldintza guztiak betez eskuratzen ahal bada, berehala emanen zaio. Inola ere ez da baimenduko erabiltzailea edo garbiguneko langileak edukiontzietara igotzea, horietan sartzea edo antzeko beste ekintzaren bat egitea beste erabiltzaile batek aldez aurretik utzitako objektu bat ateratzen saiatzeko.

Prozedura honi jarraituz entregatutako objektuak eskatzaileak bakarrik erabiltzen ahalko ditu, eta ezin izanen ditu inola ere merkaturatu. Garbiguneko langileek eskubidea dute eskaerak ukatzeko, argi eta garbi jakiterik ez badao eskatutako objektua azkenean zertarako erabiliko den.

Eskatzaileek 18 urtetik gorakoak izan beharko dute, eta erroldatuta egon Sakanako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean.

10. artikulua. Garbiguneen kudeaketaren eta kontrolaren gaineko erantzukizuna.

Sakanako Mankomunitatea, bere langileen bidez, arduratuko da garbiguneak kudeatzeaz eta kontrolatzeaz, ordenantza honetan ezarritakoari jarraikiz.

Garbiguneak ematen duen zerbitzuak honako alderdi hauek hartzen ditu: hondakinak jasotzea, zaintzea, ondoren garraiatzea eta kudeatzaile baimenduei ematea, birziklatzeko, balorizatzeko edo ezabatzeko.

Hondakinen sortzaileek edo edukitzaileek garbiguneetan onar daitezkeen hondakinak jartzen ahalko dituzte Sakanako Mankomunitatearen esku, ordenantza honetan zehazten diren baldintzetan, eta Mankomunitateak hondakin horien jabetza eskuratuko du entregatzen direnetik. Sortzaileek edo edukitzaileek erantzukizunik ez dute izanen hondakin horiek eraginiko kalteengatik, halakorik eraginez gero, baldin haiek uztean aipatu ordenantza eta aplikatzeko diren gainerako arauak begiratu badira.

11. artikulua. Hondakinen jabetza.

Hondakinak garbigunean uzten diren unean, horiek Sakanako Mankomunitatearen jabetzakoak izatera igarotzen dira.

II. TITULUA.–ZERBITZU EMATEKO MODUA

12. artikulua. Zerbitzuaren ordutegia.

Sakanako Mankomunitateak ordutegi bat ezarriko du garbigunearen zerbitzurako, herritarren beharrak kontuan hartuta.

Ezin izanen da garbiguneetara sartu ezarritako ordutegitik kanpo.

13. artikulua. Sarbidea kontrolatzea eta hondakinen entrega.

Garbiguneko sarreran informazio-taula bat paratuko da; hartan zehaztuko dira honako hauek:

–Instalazioaren izena.

–Instalazioaren jabe den entitate publikoaren izena.

–Funtzionamendu-ordutegia.

–Harremanetarako telefono zenbakia eta web helbidea.

Erabiltzaileek, garbigunera sartzeko, aldez aurretik beharko dute hango arduradunen baimena.

Garbigunera sartzean, gerta liteke hango arduradunek identifika dadila eskatzea erabiltzaileari. Hortaz, NANa erakutsi beharko die, bai eta han utzi nahi dituen hondakinak nondik datozen frogatzen duten agiriak ere. Orobat, arduradunek begiz ikuskatuko dituzte garbigunean utzi nahi diren hondakin guztiak. Halaber, erabiltzaileari azalduko diote non utzi behar duen hondakin bakoitza, eta non dauden edukiontziak. Erabiltzaileak unean-unean jarraituko die arduradunek emandako jarraibideei, eta hondakinak bereizita utziko ditu dagozkien edukiontzietan.

Garbiguneko arduradunek handik alde egiteko eskatzen ahalko diete erabiltzaileei, baldin eta jarraibideak aintzat hartzen ez badituzte edo instalazioak behar bezala erabiltzen ez badituzte. Kasu larrienetan, garbigunera sartzea debekatzen ahalko diete.

Garbigunera bisitan joateko, aldez aurreko baimena beharko da. Halaber, bisitariek Mankomunitateko zerbitzu teknikoetako langileek lagunduta joan beharko dute.

14. artikulua. Garbiguneko arduradunen eskudantziak.

Garbiguneetan, instalazioetarako ezarritako irekiera-orduetan, une oro egonen dira arduradunak, eta horiek emanen dute zerbitzua.

Langile horiek dituzten eskudantziak, erabiltzaileei dagokienez, honako hauek dira:

1.–Garbiguneetako instalazioak txukun eta egoera onean mantentzea.

2.–Erabiltzailea identifikatzea, eta informazioa biltzea garbigunean utzi nahi dituen hondakinen izaerari, jatorriari eta kopuruari buruz.

3.–Begiz ikuskatzea garbigunean utzi nahi diren hondakin guztiak.

4.–Behar izanez gero, hondakinak aldez aurretik garbiguneko baskulan pisatu daitezen eskatzea.

5.–Erabiltzaileen, ibilgailuen eta hondakinen onarpen- eta sarrera-erregistroa eramatea. Datuak artxibatu eta tratatuko dira honako hauetan ezarritakoa betez: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Direktiba indarrik gabe uzten duena. Ikuskatzeko ahalmenei kalterik egin gabe, honako datu hauek bilduko dira:

a) Erabiltzailearen identifikazio osoa (izen-abizenak eta NAN, pertsona fisikoen kasuan; eta sozietatearen izena eta IFZ, pertsona juridikoen kasuan).

b) Garbigunean zer egun eta ordutan sartu den.

c) Eramandako hondakin motak.

d) Hondakin mota bakoitzaren kantitatea.

e) Tasa gisa ordaindutako zenbatekoa, halakorik bada.

f) Hirigintza-lizentziarik edo bestelako gaikuntza-titulurik duen ala ez.

g) Gorabeherak.

6.–Hondakinen irteera-erregistroa eta xede-planten erregistroa eguneratuta edukitzea.

7.–Erabiltzaileei aholku ematea hondakinak uzteko tokiei buruz.

8.–Nahitaez bete beharreko jarraibideak ematea ibilgailuarekin egin beharreko maniobrei buruz, hondakinak uzteko moduari eta lekuari buruz, debekuei buruz, segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauei buruz, eta instalazioen funtzionamendu egokirako beste edozein aginduri buruz.

9.–Garbiguneko debekuak eta arauak behar bezala betetzen direla zaintzea. Hona hemen horietako batzuk:

a) Debekatzea hondakin ez-onargarriak uztea.

b) Erabiltzaileak uko egiten badio bere burua identifikatzeari eta hondakinen izaerari, jatorriari eta kantitateari buruzko informazioa emateari, hari debekatzea dakartzan hondakinak garbigunean uztea.

c) Erabiltzaileak uko egiten badio hondakinak bereizita uzteari, hari debekatzea dakartzan hondakinak garbigunean uztea.

d) Garbigunean onargarriak ez diren hondakinak utzi badira benetakoa ez den informazioa emanda edo onargarriak diren beste hondakin batzuekin nahastuta, hondakin horiek eramatea eskatzea.

e) Hondakinak baimenik gabe har daitezen eragoztea.

f) Erabiltzaileei eragoztea hondakinen artean bilatzen ibiltzea edo horiek hautatu edo manipulatzea.

g) Erabiltzaileei eragoztea edukiontzietara igotzea edo horietan sartzea.

h) Garbigunera ordenantza honetan jasotakoa ez den beste helburu batekin joaten direnei edo ordenantza honetan ezarritako arauak betetzeari uko egiten dietenei garbiguneko instalazioetatik modu baketsuan alde egin dezaten eskatzea.

10.–Berrerabiltzeko eramandako objektuen gaineko eskaerak onartzea ala ez, ordenantza honetan ezarritako prozedurari jarraikiz.

11.–Obra txikietatik datozen hondakinen entrega eta biltegiratzea egiaztatzen duten agiriak ematea, jarraikiz ezarrita dagoenari martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuan (Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean eraikuntza eta eraispenetako hondakinen sorrera eta kudeaketa arautzen dituena).

12.–Sakanakako Mankomunitateko buruak eta mankomunitatearen barnean hondakinak biltzeko zerbitzuaren ardura duen pertsonak agintzen dizkioten beste eskudantzia guztiak.

15. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Garbiguneetako erabiltzaileek une oro bete beharko dituzte hango arduradunek ematen dizkieten jarraibideak ibilgailuarekin egin beharreko maniobrei buruz, hondakinak uzteko moduari eta lekuari buruz, debekuei buruz, segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauei buruz, eta instalazioen funtzionamendu egokirako beste edozein aginduri buruz.

Instalazioetara adingabeekin sartuz gero, haien gaineko ardura duen erabiltzaileak garbiguneko arauak betearazi beharko dizkie; bereziki, segurtasunari eta istripuei aurrea hartzeko neurriei buruzkoak.

Debeku da garbiguneko instalazioetara animaliak sartzea, salbu eta ibilgailuaren barnean badaude.

Garbigunera 3.500 kg arteko BGM duten ibilgailuetan sartzen ahalko dira erabiltzaileak.

Garbiguneetako erabiltzaileen ibilgailuak zuhur ibiliko dira esparruaren barruan, talkak eta harrapatzeak saihesteko, eta gehienez ere 10 km/h-ko abiaduran. Ibilgailuetan ahalik eta arreta handienarekin egin behar dira maniobrak, eta, une oro utzi behar zaie gainerako ibilgailuei pasatzeko tokia.

Erabiltzaileek edo haien ordezkariek beren burua identifikatu beharko dute, eta utzi nahi dituzten hondakinen izaerari, jatorriari eta kantitateari buruzko informazioa eman beharko dute, bai eta hirigintza-lizentziarik edo bestelako gaikuntza-titulurik duten jakinarazi ere. Datu horiek tratatuko dira datuen babesari buruzko araudian ezarritakoaren arabera.

Garbiguneko langileek hala eskatuz gero, hondakinak pisatu beharko dira garbiguneko baskulan.

Erabiltzaileek hondakin bakoitza dagokion edukiontzian utziko dute, txukun, eta bakoitzaren izaera kontuan hartuz. Edukiontziak gainezka badaude, ezin izanen da hondakinik utzi edukiontziak hustu arte.

Erabiltzaileek kontu handiz eginen dituzte hondakinak dagozkien edukiontzietan deskargatzeko, ontziz aldatzeko eta uzteko eragiketak, gainerako erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko, eta bereziki zainduz ez dutela hautsik edo zaratarik sortzen.

Hondakinak bota ondoren, beharrezkoa izanez gero, erabiltzaileek nahigabe isuritako hondakinak jaso beharko dituzte lurretik, eta eremua garbitu.

Debekuak hausten badira edo erabilera-arauak betetzen ez badira, garbiguneko arduradunak erabiltzaileei aginduko die han utzi nahi dituzten hondakinak garbigunetik kanpo eramateko, eta erabiltzaileek men egin beharko diote agindu horri.

16. artikulua. Debekuak.

Debeku dira honako hauek:

1.–Garbigunera sartzea hango arduradunen baimenik gabe.

2.–Garbigunean uztea garbigunearen zerbitzu-eremutik kanpo sortu diren hondakinak.

3.–Onargarriak ez diren hondakinak uztea edo onargarriak direnekin nahastea.

4.–Hondakinak garbigunearen ondoko kanpoaldean uztea, zerbitzu-ordutegiaren barruan edo kanpoan.

5.–Hondakinak edukiontzietatik kanpo edo hondakinari ez dagozkion edukiontzietan uztea.

6.–Garbigunean utzitako hondakinen artean bilatzen ibiltzea eta horiek hautatu edo manipulatzea.

7.–Garbibuneko hondakinen edukiontzietara igotzea edo horietan sartzea.

8.–Garbigunetik hondakinak hartzea hango arduradunaren baimenik gabe.

9.–Garbigunera sartzea ezarritako ordutegitik kanpo.

10.–Garbigunearen esparruan, sarbideetan eta zerbitzuari atxikitako lurretan edozein motatako desmuntatzeak, zatikatzeak, piezakatzeak, hausturak edo manipulazioak egitea.

11.–Beste erabiltzaile batzuei eskatzea garbigunera botatzera eraman dituzten hondakinak; ibilgailuak geldiaraztea; zerbitzua normal erabiltzeko oztopoak jartzea edo hura galaraztea edo garbiguneko esparruan, sarbideetan edo zerbitzuari atxikitako lurretan egotea hondakinak uztea ez den beste zerbaiterako.

12.–Segurtasun-arrazoiak direla eta, debekatuta dago erretzea garbigunearen esparru osoan.

III. TITULUA.–ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

I. KAPITULUA.–ZEHATZEKO PROZEDURA ETA AHALA

17. artikulua. Zehapen-ahalmena.

Sakanako Mankomunitateko buruari dagokio zehapeneko administrazio espedienteak ebaztea, horretarako eskumena aitortua baitu Mankomunitatearen Estatutuen 22.12 artikuluan eta Toki Araubideko xedapen indardunetan.

18. artikulua. Zehapen araubidea.

Zehatzeko prozedurari, arau-hauste eta zehapenen preskripzioari, kalte-ordainei, isun hertsatzaileei, exekuzio subsidiarioari eta publizitateari dagokienez, aplikatuko da ezarrita dagoena Sakanako Mankomunitatean hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantzan.

II. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK

19. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honetan ezartzen diren betebeharrak urratzen dituzten egiteak eta ez-egiteak dira arau-hausteak. Ordenantza honetan ezarritako arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

20. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Hondakinak edukiontzietatik kanpo edo hondakinari ez dagozkion edukiontzietan uztea.

b) Uko egitea lurretik jasotzeari deskargatzean, ontziz aldatzean eta hondakinak dagozkien edukiontzietan uztean isur daitezkeen hondarrak.

c) Oro har, ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duen beste edozein arau-hauste edo ez-egite, eta ez badago berariaz tipifikatua arau-hauste astun edo oso astun gisa.

21. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Ez ematea hondakinen izaerari, kantitateari edo sorburuari buruz eskatutako informazioa, edo informazio faltsua ematea.

b) Urratzea garbiguneko langileen agindu eta jarraibideak.

c) Uko egitea hondakinak pisatzeari garbiguneko baskulan.

d) Errespeturik gabe tratatzea garbiguneko arduradunak.

e) Arau-hauste arinak errepikatzea. Urtebetean gutxienez bi arau-hauste arin egiten direnean esanen da errepikatzea dagoela.

22. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:

a) Hondakinak garbigunearen ondoko kanpoaldean uztea, zerbitzu-ordutegiaren barruan edo kanpoan.

b) Garbigunean utzitako hondakinen artean bilatzen ibiltzea eta horiek hautatu edo manipulatzea.

c) Garbiguneko hondakinen edukiontzietara igotzea edo horietan sartzea.

d) Garbigunetik hondakinak hartzea hango arduradunaren baimenik gabe.

e) Garbigunearen esparruan, sarbideetan eta zerbitzuari atxikitako lurretan edozein motatako desmuntatzeak, zatikatzeak, piezakatzeak, hausturak edo manipulazioak egitea.

f) Onargarriak ez diren hondakinak uztea edo onargarriak direnekin nahastea.

g) Beste erabiltzaile batzuei zerbitzua normal erabiltzea nahita eragoztea edo oztopatzea.

h) Kalteak nahita eragitea instalazioetan, ekipoetan eta azpiegituretan.

i) Garbigunera sartzea ezarritako ordutegitik kanpo.

j) Arau-hauste astunak errepikatzea. Urtebetean gutxienez bi arau-hauste astun egiten direnean esanen da errepikatzea dagoela.

III. KAPITULUA.–ZEHAPENAK

23. artikulua. Arau-hauste arinen zehapenak.

Arau-hauste arinek 2.000 euro arteko isuna izanen dute zehapen. Hondakin arriskutsuak edo lurzoru kutsatuak tartean badira, 20.000 eurora bitartekoa izanen da isuna. Aurrekoari kalterik egin gabe, gainera, debekatzen ahalko da garbigunearen zerbitzua erabiltzea gehienez ere 2 urtez.

24. artikulua. Arau-hauste astunen zehapenak.

Arau-hauste astunek 2.001 eta 100.000 euro arteko isuna izanen dute zehapen. Hondakin arriskutsuak edo lurzoru kutsatuak tartean badira, 20.001 eta 600.000 euro artekoa izanen da isuna. Aurrekoari kalterik egin gabe, gainera, debekatzen ahalko da garbigunearen zerbitzua erabiltzea 2 eta 5 urte bitarte.

25. artikulua. Arau-hauste oso astunen zehapenak.

Arau-hauste oso astunek 100.001 eta 3.500.000 euro arteko isuna izanen dute zehapen. Hondakin arriskutsuak edo lurzoru kutsatuak tartean badira, 600,01 eta 3.500.000 euro artekoa izanen da isuna. Aurrekoari kalterik egin gabe, gainera, debekatzen ahalko da garbigunearen zerbitzua erabiltzea 5 eta 10 urte bitarte.

26. artikulua. Zehapenak aplikatzea.

Zehapenak ezarriko dira irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Arau-haustea eragin duen egitatearen oihartzuna.

b) Erruduntasun-maila edo intentzionalitatea.

c) Lortutako onura.

d) Arau-hausteak behin eta berriro egitea.

Organo eskudunak zehapenik baxuena ezar dezake, baldin eta behar bezala justifikatuta badago kontuan harturik aplikatu beharreko isunaren astuntasuna, arau-haustetzat hartutako egitatea eta inguruabarrak.

Arau-hauste bat egitearen ondorioz halabeharrez beste arau-hausteren bat ere egin bada, arau-hauste astunenari dagokion zehapena bakarrik ezarriko da.

Aurretik prestatutako plan bati segituz edo aukera bera aprobetxatuz, egintza edo ez-egite asko egin izana, zehapenen ondorioetarako, etengabeko arau-haustetzat hartuko da, betiere administrazio agindu bera edo antzekoak urratzen badira.

27. artikulua. Zehapenak ordaintzea.

1.–Zehapena dagokion zenbatekoaren gaineko %50eko deskontuarekin ordaintzen ahalko da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aurretik ordaintzen bada eta aurkaratze orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

2.–Kasu bakoitzean dagokion zehapena ordaintzeari kalterik egin gabe, eta deskontuarekin ordaindu den ala ez gorabehera, eragindako kaltea konpondu beharko du arau-hausleak, eta aldatutako egoera lehengoratu.

28. artikulua. Erantzukizuna.

Ordenantza honetan jasotako edozein zehapen ezartzeak ez du galarazten zehatuak izan lezakeen erantzukizun zibila edo penala.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Interpretazioa.

Sakanako Mankomunitateak ahala du ordenantza hau aplikatzean sor daitezkeen zalantzak interpretatu eta ebazteko.

Bigarren xedapen gehigarria.–Gaikuntza.

Gaikuntza ematen zaio Sakanako Mankomunitateko buruari garbigunean ematen diren zerbitzuak eskatzeko eredu normalizatuak onesteko eta aldatzeko.

Buruak emandako ebazpen bidez ezarriko dira erabiltzaileendako harrera eta arretarako ordutegiak eta egutegia; hori guztia, zerbitzuaren funtzionamendua arautzeko. Ordutegi horiek une oro egonen dira ikusgai Sakanako Mankomunitatearen egoitza elektronikoan eta garbigune bakoitzaren sarreran.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Indarra hartzea.

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabost egunen buruan, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 eta 70.2 artikuluekin bat, eta indarrean iraunen du harik eta aldatzen edo indargabetzen den arte.

I. ERANSKINA.–GARBIGUNEETAN ONAR DAITEZKEEN HONDAKINAK

1.–Kartoia: kartoizko kutxak eta enbalajeak.

2.–Metalak eta txatarra: ur-erradiadoreak, bizikletak, antenak, aulkiak, hondakin arriskutsurik eduki ez duten bidoiak, metalezko bainuontziak, harraska metalikoak, txorrotak, sukaldeko tresnak (zartaginak, kazolak...), errezel-barrak eta errailak, hodi metalikoak eta abar.

3.–Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH), harrizkoak, etxean eraikitzeko eta konpontzeko obra txikietatik datozenak: adreiluak, hormigoia, baldosak, plaketak, zeramikazko zoladurak, eskaiola, igeltsua, sabairako plakak eta moldurak, konketak, komunak, dutxa-platerak, teilak eta abar, amiantoa duen fibrozementuzko elementurik gabeak, eta aerosolak.

4.–Etxean eraikitzeko eta konpontzeko obra txikietatik datozen beste EEH handi batzuk, harrizkoak ez direnak: zur zatiak (parketa, tronadura, markoak...), plastikozko zatiak, PVCzko leihoak, kristalak, bainurako manparak, polikarbonato uhinduzko plakak, isolatzaile termikoak eta akustikoak, onduline, olanak, lurzoru binilikoak, tela asfaltikoa eta beste batzuk.

5.–Etxeko gauza handiak, birziklatu ezin direnak: lastairak, somierrak, sofak, olanak, gomak, kautxuak eta bestelakoak.

6.–Zur hondakinak: zurezko altzariak (armairuak, aulkiak, mahaiak...), ateak eta leihoak, paletak, zurezko kutxak eta taulak, ez dutenak kristalik, plastikorik, burdinarik eta ondoren birziklatzea zailtzen duten bestelako hondakin desegokirik.

7.–Plastikozko filma (LDPE): plastikozko enbalaje-filma, ez duena zumitzik, zakurik, sokarik eta ondoren birziklatzea zailtzen duten bestelako hondakin desegokirik.

8.–Plastiko gogorraren hondakinak (HDPE, PP, PVC...), arriskutsuak ez direnak: fruta-kutxak, edukiontziak, solteko salgaietarako ontzi handiak (GRC), loreontziak, jostailuak, pertsianak, hodiak, kolpe-leungailuak, hamakak, hozkailu eramangarriak, kuboak, palankanak, aterki-ontziak, hustubideak, ezkiak, loreontziak, aulkiak eta plastikozko beste altzari batzuk.

9.–Porex (poliestireno hedatua): poliespanezko kutxak, babes-enbalajeak eta abar. Hondakin horiek Altsasuko eta Arbizuko garbiguneetan soilik biltzen dira.

10.–Aparatu elektriko eta elektroniko handiak (GAAE), 50 cm-tik gorako neurrikoak: hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak, lehorgailuak, ontzi-garbigailuak, sukaldeko plakak, termo elektrikoak, olio-erradiadoreak, berogailuak, labeak, bitro-zeramikak, aire girotuko aparatuak, makina saltzaileak, joko-makinak eta abar.

11.–Gailu elektriko eta elektroniko txikiak (PAEE), 50 cm-tik beherako neurrikoak: kontsumorako etxetresna elektriko txikiak, hala nola xurgagailuak, mikrouhin-labeak, plantxak, txigorgailuak, frijigailuak, kafe-errotak, kafe-makinak, ile-lehorgailuak, sukaldeko irabiagailuak, balantzak, aizto elektrikoak, ilea mozteko aparatuak, hortzak eskuilatzekoak, bizar-makinak, masaje-aparatuak, tresna elektrikoak (taladratzeko, zulatzeko, zerratzeko, zizailatzeko, errematxatzeko, iltzatzeko, torlojutzeko, soldatzeko, soropila ebakitzeko eta abar), josteko makinak, irratiak, bideokamerak, soinu eta bideo ekipoak, musika-tresnak eta abar.

12.–Informatikako eta telekomunikazioetako ekipo txikiak: monitorerik gabeko mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, periferikoak (sagua eta teklatua), inprimagailuak, kalkulagailuak, fax-terminalak, telefono mugikorrak, hari gabeko telefonoak, erantzungailu automatikoak eta abar.

13.–Telebistak, monitoreak eta pantailak.

14.–Lanparak eta luminariak: fluoreszenteak, kontsumo txikiko bonbillak, LED bonbillak, deskarga-bonbillak eta luminariak (filamentuzko bonbillak eta halogenoak izan ezik).

15.–Erabiltzen ez diren pneumatikoak, ibilgailu ez-industrialetakoak.

16.–Hondakin arriskutsuak; etxean sortutakoak soilik:

a) Plastikozko ontziak, barnean eduki dutenak motor-olioa, lubrifikatzailea eta abar.

b) Metalezko ontziak, barnean eduki dutenak pintura, disolbatzailea, kola, desurgatzailea, aguarras sintetikoa, tindua, zuraren babeskia eta abar.

c) Aerosolak.

d) Automobilginzako olio erabilia.

e) Olio iragazkiak.

f) Pilak eta metagailuak.

g) Erregaiak: gasolina eta gasolioa; 10 litrora arte, gehienez.

h) Automobilgintzako bateriak eta metagailuak, oro har.

i) Merkuriozko termometroak.

17.–Hondakin ez-arriskutsuak; etxean sortutakoak soilik:

a) Beira hutsezko ontziak, Ecovidriorako direnak.

b) Ecoembeserako diren etxeko ontziak (plastikozkoak, metalikoak, brikak).

c) Erabilitako arropa.

d) Inprimagailuetako toner- eta tinta-kartutxoak.

e) CDak, DVDak, bideo-zintak eta kaseteak.

f) Butano-bonbonak, oxigeno-bonbonak edo kanpinerako bonbonak.

g) Su-itzalgailuak.

h) Erradiografiak.

i) Loreontzietatik eta lorategietatik datorren lurra.

II. ERANSKINA.–GARBIGUNEETAN EZIN ONAR DAITEZKEEN HONDAKINAK

Garbiguneetan ezin izanen dira onartu, besteak beste, honako hondakin hauek:

1.–Zuntz-zementuaren hondakinak, amiantoa dutenak. Mankomunitateak herritarrentzako arreta-zerbitzu espezifiko bat du, behar bezala kudeatzeko amiantoa duten plaka uhinduak (uralita), isolatzaileak, hodiak, andelak eta abar.

2.–Inausketa- eta sega-hondakinak, lorezaintzako eta berdeguneen mantentze-lanetatik datozenak. Mankomunitateak horiek metatzeko eremu bat du. Sakanako zabortegi zaharrean dago, Arbizun, eta kameren sistema baten bidez kontrolatua.

3.–Etxeetan edo saltokietan sortutako hondakinak, biltzen ahal direnak edukiontzi batean edo ontzi marroian.

4.–Osasun-zentroetan eta albaitaritza-zentroetan sortutako hondakin sanitarioak, ontziak eta ontzi-hondakinak barne, halakoak badituzte edo izan badituzte.

5.–Nekazaritzako eta abeltzaintzako hondakinak: simaurrak, mindak, animalia-ehunen hondakinak (ardien ilea eta abar), plastikozko hondakinak (silorako plastikoa, berotegiko plastikoa eta abar, plastikozko enbalajeak izan ezik).

6.–Nekazaritzaren sektoreko produktu fitosanitarioen ontziak (herbizidak, intsektizidak eta fungizidak). Alternatiba: Sigfitok baimendutako bilketa-puntuetara eramatea.

7.–Farmazia-hondakinak, sendagaiak edo erabilera terapeutikoko produktuak, farmazietan utz daitezke eta.

8.–Lurrak, harriak eta hondeaketako produktuak, obra publiko zein pribatuetakoak.

9.–Kale-garbiketako hondakinak (ekortzeko makina mekanikoek bildutako hondarrak...).

10.–Araztegiko lohiak, hobi septikoetako lohiak eta estolden garbiketako hondakinak.

11.–Motordun ibilgailuak (autoak eta motozikletak). Alternatiba: ibilgailuak tratatzeko zentro baimenduetara eramatea (autoak desegiteko zentroak).

12.–Isurtzen direnean leherkorrak, korrosiboak, oxidatzaileak edo erraz su hartzeko modukoak diren hondakinak.

13.–Identifikatu gabeko hondakinak edo behar bezala identifikatu ez direnak edo modu anbiguoan identifikatu direnak.

Iragarkiaren kodea: L2314530