233. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ORKOIEN

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko garbiketako langilearen lanpostu bat

Orkoiengo Udaleko alkateak, urriaren 25eko 2023- 0752 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen garbiketako langilearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Hona hemen deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea garbiketako langilearen lanpostu bat, lan-kontratu finkoaren bidez. Lanpostuak 27 zenbakia du Udalaren plantilla organikoan, eta lanaldi osokoa da.

1.2. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda osatu nahi da, deialdi honen 12 eta 13. arauetan xedaturikoarekin bat.

1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.4. Lanpostuak E mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eginiko sailkapenaren arabera, bai eta Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.

1.5. Hautatzen diren pertsonek bete beharreko eginkizunetan hauek daude, bertzeak bertze: eraikin eta lokaletako zoruak eta altzariak garbitzea, haien higienizazioa eta kontserbazioa bermatzeko teknika, lanabes eta produktuak erabiliz eta laneko segurtasun eta osasunaren arloan aplikatzen ahal den araudiarekin bat, eta, orokorrean, gaur egun nahiz etorkizunean E mailari dagozkiokeen lanak, baldin badira ofizio eta lanbideen eta maneiatzen diren erreminta eta lanabesen bilakaeraren ondoriozkoak eta antolakuntza sistemetan eta egiten diren zerbitzuen osagaietan izaten diren aldaketen ondoriozkoak.

Orobat, lanpostua betetzen duena arduratuko da eskaerak egiteaz, albaranak eta fakturak baimentzeaz, langileen balizko ordezkapenak eta opor-txandak antolatzeaz eta abar.

1.6. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez, aipatutako estatutua garatzeko eta betearazteko emandako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta aplikatu beharreko gainerako arauak.

2. Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo hortik gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskola Agiria edo horren baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik.

2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honetako 9. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta horien jabe beharko dute izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Orkoiengo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, aurrez aurre edo elektronikoki, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honen I. eranskin gisa argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabideari Nortasun Agiri Nazionalarenen fotokopia gehituko zaio, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen duen agiri ofizial baliokidea, baita izangaiak lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduak frogatzen dituzten ziurtagiri jatorrizkoak edo kopia kautotuak ere.

3.3. Desgaitasuna duten pertsonek horren egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, etorkizunean egin daitezkeen deiei begira.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.5. Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean adierazi beharko dute, beste orrialde batean, zer nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen dituzten.

4. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Orkoiengo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, Orkoiengo Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5. Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduna.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Alejandro López Orejuela, Orkoiengo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Diego Viñas Ayuso. Lehen alkateordea.

1. epaimahaikidea: Roberto Pascal Garcés. Orkoiengo Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna. Ordezkoa: Jesús Enrique Irurzun Juanco. Zerbitzu anitzetako enplegatua.

2. epaimahaikidea: María Olaetxea Otermin, administrari-ofiziala Orkoiengo Udaleko Langileen Arloan.

Ordezkoa: Ainara Sánchez Pérez. Udaleko kirol eta kultura teknikaria.

3. epaimahaikidea: Jon Uribeetxeberría Iriarte. Udaleko lan-kontratuko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: José Ignacio Ropero Sánchez. Udaleko funtzionarioen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: María Ángeles Díaz Ramos. Orkoiengo Udaleko Idazkaria.

Ordezkoa: María Teresa Pinillos Salvador. Orkoiengo Udaleko kontu-hartzailea.

5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruzko auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu: lehiaketaldia eta oposizioaldia. Oinarri hauetan adierazi bezala eginen dira.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak. Udaletxeko iragarki-taulan argitaratuko dira gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak, egin baino 48 ordu lehenago.

7. Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria. Xedea du izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea eta gehienez ere 30 puntu emanen dira, baremo honekin bat:

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 20 puntu.

b) Prestakuntza osagarriagatik, baldin haren edukiak lanpostuarekin zuzenean ikusteko badu, gehienez ere 10 puntu.

7.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak; horiek guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

7.3. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak, noiznahi.

8. Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahal dira:

8.2. Lehenengo probak ariketa bakarra izanen du. Galdera sorta bati erantzun beharko zaio; zenbait aukera emanen dira erantzuteko, baina horietako bakarra izanen da zuzena. Galderak izanen dira zenbakietarako eta ortografiarako gaitasunari buruzkoak, bai eta II. eranskinean ageri diren gaiei buruzkoak ere. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Ariketa honetan, gehienez ere, 70 puntu lor daitezke eta bazterturik geldituko dira 35 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.3. Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta hiztegirik, kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

8.4. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

8.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

9. Probak gainditu dituztenen zerrenda, kontratatzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Ariketaren kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu Orkoiengo Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

9.2. Emaitzak argitara eman eta 15 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren Erregistro Orokorrean:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dela bereizia izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

c) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzeko galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik ez duela erakusten duena, deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei jarraikiz. Aipatu osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak ezin izanen dira kontratatu.

d) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, zinpeko deklarazio bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko Funtzio Publikoan.

e) Hala behar badu, Orkoiengo Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

9.3. Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen dute kontratatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere legokiokeen erantzunbeharra ukatu gabe.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Orkoiengo Udalak gainditu dutenen zerrendan, 9.1 apartatuan aipatzen den horretan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du lanpostua.

10. Kontratazioa.

10.1. Hautapen prozedura amaitu eta izangaiek aurreko oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoan, alkateak kontratazioa eginen du.

10.2. Deialdiaren emaitza Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Hautatzen den pertsonak kontratua sinatu beharko du hilabeteko epean, oposizio-lehiaketaren emaitza jakinarazten denetik. Epe horretan, eta ezinbertzekoetan salbu, kontratua sinatzen ez badute, kontratatuak izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrelakorik gertatuz gero, 9. oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

11. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarri denarekin bat, Orkoiengo Udaleko alkate udalburuak aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko ditu, deialdi honen 13. oinarrian ezarritako prozedurari jarraikiz.

–Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

–Hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda.

12. Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendak osatzeko prozedura.

Kalifikazio epaimahaiaren espedientea jasota, Orkoiengo Udaleko alkate udalburuaren ebazpen bidez, hautaprobak gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta hautapen prozesuaren ariketa guztiak gainditu ez dituztenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, honako dokumentazio hau aurkezteko:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren kopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Hala behar badu, Orkoiengo Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak, aski justifikatutako ezinbertzekoetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

Agiriak aurkezteko epea bukaturik, Orkoiengo Udaleko alkate udalburuaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, hala behar badu, aldi baterako kontratazioa egiteko zerrenda hauek:

a) Lanposturik gabeko izangai gaindituen zerrenda.

b) Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, probak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangai ez badira.

Oposizioa gainditu bai, baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, eta gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan zenbat eta puntuazio handiagoa erdietsi, halakoxea izanen da lehentasuna aldi baterako kontratazioa egiteko zerrendetan.

14. Datu pertsonalen babesa.

Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Orkoiengo Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Datuen tratamenduaren xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea garbiketako langilearen lanpostu bat, lan-kontratu finkoaren bidez, eta lanaldi osoan.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
  • DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez aurreikusitako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (delegadoprotecciondatos@orkoien.com).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.

15. Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barnean.

c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen erakundean berean, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_C.pdf

II. ERANSKINA.–ADMINISTRAZIOKO GAIEN ZERRENDA

1. Nafarroako toki-erakundeen lege araubidea: udalerriak. Tokiko eskumenak. Antolaketa eta administrazioa.

2. Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko bilkura, Alkatetza eta Tokiko Gobernu Batzarra. Informazio batzordeak. Udal erakundeen funtzionamendua.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak. Eskubideak eta betebeharrak. Diziplina araubidea.

Lanbideari buruzko gaien zerrenda.

1. Garbiketa prozesu batean sartzen diren elementuak.

a) Garbiketa, zikinkeria, desinfekzioa eta higienea.

b) Paramentuak, zoruak eta sabaiak estaltzen dituzten materialak: motak eta behar duten tratamendua.

c) Altzariak: motak eta behar duten tratamendua.

d) Kristalezko azalerak: motak, kristalen ezaugarriak eta zikinkeria motak.

e) Komunak garbitzea: komun-ontzien, osagarrien eta ispiluen higienizazioa eta desinfekzioa.

f) Garbitzeko lanabesak eta/edo erremintak: motak eta erabilerak.

g) Erraz erabiltzeko aparatu elektromekanikoak: xurgagailuak edo gisakoak.

h) Garbiketa produktuak: motak, manipulazioa, dosifikazioa, biltegiratzea eta etiketak paratzea.

i) Produktu kimikoak garbiketan.

2. Zoruak, paretak eta sabaiak garbitzeko prozedura eta teknikak: erratza pasatzea, erratz hezea pasatzea, aspiratzea, fregatzea, hautsa kentzea.

3. Eraikin eta lokaletako kristalak garbitzeko teknikak: barnetik eta kanpotik garbitzea.

4. Garbiketa lanaren antolaketa: eginkizunak, denbora eta espazioa.

5. Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiek prebenitzea; norbera babesteko ekipamenduak.

6. Hondakin eta zaborren gaikako bilketa: sailkapena eta tratamendua.

I. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA

a) Laneko eskarmentuagatik, gehienez ere 20 puntu.

Enpresa edo administrazio publikoren batean deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunetan garbitzaile gisa egindako zerbitzuak: urtebete oso bakoitzetik, puntu 1 eta gehienez ere 20 puntu. Zerbitzu egin bada osoa baino lanaldi laburragoetan eta urtebete baino gutxiago iraun badu, hainbanaketa eginen da dagokion heinean.

Laneko eskarmentua frogatuko da honako hauek aurkeztuz: enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiria, lan-kontratua eta lan bizitza.

Enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagirietan hauek jaso beharko dira: kategoria profesionala, lanaldi mota (lanaldi partzialak izanez gero, portzentajea edo ordu kopurua zehaztuta) eta lan egindako denboraren hasiera eta amaiera data zehatzak.

Laneko eskarmentua baloratzeko oharrak:

1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.

3. Proportzioan kontatuko dira lanaldi partzialeko kontratuak eta urtebete baino gutxiago irauten dutenak.

b) Bete beharreko lanpostuarekin zuzenean ikusteko duen edukiaren gaineko prestakuntza osagarriagatik, gehienez ere 10 puntu, ondoko baremoari jarraikiz.

20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,5 puntu.

20 ordu eta hortik goiti, 40 ordura gabe: 1 puntu.

40 ordu eta hortik goiti, 100 ordura gabe: 1,5 puntu.

100 ordu eta hortik goiti: 2 puntu.

Orkoienen, 2023ko urriaren 25ean.–Alkatea, Alejandro López Orejuela.

Iragarkiaren kodea: L2315135