Iragarkia
230. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 6a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
170/2023 EBAZPENA, urriaren 17koa, Barneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileak Uretako Erreskate Taldean sartzeko hautaketa-prozedura bat.
Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legeak biltzen du, 45. artikuluan, uretako eta ur azpiko eta mendiko erreskate eta salbamendu teknikoko salbamendu-talde bereziak sortzea. Talde horietan behar bezala prestatutako eta kualifikatutako langileak arituko dira.
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren uztailaren 31ko 102/2018 Foru Aginduaren bidez, Uretako Erreskate Taldea (UET) funtzionalki Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Esku-hartze Operatiboaren, Suhiltzaile Etxeen, Kanpainen eta Taldeen Atalari atxikitzen zaio. Gutxienez 14 kidek osatuko dute taldea.
Azken urteotan hainbat kidek taldea utzi duenez, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Uretako Erreskate Taldean kide gutxiegi dago, eta taldearen jarraipena ezbaian dago. Hori dela eta, beharrezkoa da hautaketa-prozedura bati hasiera ematea, kide berriak taldera sar daitezen.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileak Uretako Erreskate Taldean sartzeko hautaketa-prozedura bat onestea, 5 kide berri taldean sartzeko. Prozedura ebazpen honi atxiki zaio.
2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari eta izendatutako epaimahaikideei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko urriaren 17an.–Barneko zuzendari nagusia, Salvador Díez Zapata.
NAFARROAKO SUHILTZAILEEN ZERBITZUKO LANGILEAK URETAKO ERRESKATE TALDEAN SARTZEKO HAUTAKETA-PROZEDURA, BOST KIDE BERRI TALDEAN SAR DAITEZEN
1. Xedea.
Hautaketa-prozedura honen helburua da Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileak hautatzea, Uretako Erreskate Taldean bost kide berri sar daitezen, taldea behar bezala funtzionatzeko beharrezkoa den zuzkidura osatzeko.
2. Baldintzak.
Prozedura honetan parte hartuko duten izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan suhiltzaile, suhiltzaile-gidari edo suhiltzaile-kabo izendatu izana eta lanpostu bat betetzen ari izatea, eta bigarren jarduerako egoeran ez egotea.
b) Borondatezko eszedentzia egoeran edo nahitaezko eszedentzian ez egotea eskaera aurkezten den unean.
c) Gutxienez titulu hauetako bat edukitzea: FEDASeko 2 izarreko kirol-urpekaria, AVANCED OPEN WATER edo baliokideak, edo sakonera txikiko urpekariaren titulu profesionala.
d) Proba praktikoak egiten diren egunean, urpekaritza egiteko federazio-lizentzia edo asegurua izatea, indarrean.
e) Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko beste talde berezi bateko kide ez izatea.
3. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
Hautaketa-prozedura honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, prozedura honen "Langile publikoentzako informazioa: barne-igoerak, lekualdatzeak eta beste zerbitzu batzuk" aipamenean sartuta.
Parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Prozedura honetako bete beharreko baldintzetan eskatzen den urpekaritza-titulazioaren fotokopia.
b) Urpekaritza egiteko federazio-lizentziaren edo aseguruaren fotokopia.
c) Alegatutako merezimenduen fotokopiak.
Merezimendu hauek ez dira aurkeztu behar:
Administrazio publikoetan egindako zerbitzuen egiaztapena, izangai bakoitzaren espedientean zuzenean sartuko baitira, eta epaimahaiaren esku jarri, baremazioa egin dezan.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4. Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Barneko zuzendari nagusiak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta aginduko du www.navarra.es/eu helbidean argitaratzeko, deialdiaren aipamenean, esanez ezen, ondorengo bost egun naturaletan, baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta zuzentzen ahalko dituztela egindako akatsak, halakorik badago. Hori telematikoki eginen dute, Interneten bidez, www.navarra.es/eu helbidean, deialdiaren aipamenean.
Ezarritako epean eskaerarik aurkezten ez bada, Barneko zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe utzi dela deklaratzeko ebazpena emanen du, eta argitaratu eginen du.
Baztertutako izangairik ez bada, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean eta www.navarra.es/eu helbidean argitaratuko da, deialdiaren aipamenean.
Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Barneko zuzendari nagusiak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta www.navarra.es/eu helbidean argitaratzeko aginduko du, deialdiaren aipamenean. Zerrenda horrekin batera hautaketa-prozeduran ezartzen diren probak egiteko eguna eta ordua argitaratuko dira.
5. Epaimahaiaren osaera.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
–Epaimahaiburua: José Vicente Martínez Martínez, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko ofizialordea.
–Ordezkoa: Mikel Miren Oiaga Artajo, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.
–Epaimahaiko kidea: Alberto Garde Sesma, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.
–Ordezkoa: Juan Carlos Cisneros Samper, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko bitarteko suhiltzaile-ofizialordea.
–Epaimahaiko kidea: Gorka Erro Jiménez Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzailea.
–Ordezkoa: Alberto Bretón Mendía, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.
–Epaimahaiko kidea: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileen batzordeko ordezkari bat, langileen batzordeak izendatua.
–Ordezkoa: Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko langileen batzordeko ordezkari bat, langileen batzordeak izendatua.
–Idazkaria: M.ª Teresa Osta Peteiro, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.
–Ordezko idazkaria: María del Puy Armañanzas Pagola, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Langile Operatiboen Kudeaketarako Bulegoko burua.
5.2. Epaimahaia hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu hautaketa-prozeduraren oinarriak aplikatzerakoan sortzen diren auzi guztiak.
5.4. Baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako jasotako arrazoiren bat, kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi, deialdia egin duen organoari. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
6. Hautaketa-prozeduraren garapena.
Hautaketa-prozedurak lau fase edukiko ditu: egoera estresagarriak jasateko tolerantzia baloratzeko fasea, proba teorikoen eta praktikoen fasea, merezimenduak kalifikatzeko fasea eta gaikuntza-fasea.
6.1. Egoera estresagarriak jasateko tolerantzia baloratzeko fasea.
NAPIko teknikariek eginen dute. Helburua izanen da izangaiek egoera estresagarriak jasateko duten tolerantzia neurtzea. Baztertzailea izanen da. Kalifikazioa gai edo ez-gai izanen da.
6.2. Proba teorikoen eta praktikoen fasea.
Fase honetara pasatuko dira, bakarrik, egoera estresagarriak jasateko fasea gainditu dutenak.
Proba teoriko bakoitzean puntuazioaren %50 lortu beharko da gai kalifikazioa lortzeko.
Proba praktikoetan gai edo ez gai kalifikazioa emanen da, eta horietako batzuek, gainera, puntuazioa izanen dute.
6.2.1. Proba teorikoen fasea.
Fase hau Fedas 2 izar eskuliburua oinarritzat hartuz eginen da, eta test erako galdetegi bat eta murgiltzeari buruzko bi problema teoriko-praktiko edukiko ditu. Dena egiteko, azterketan emanen diren parametroak eta taulak erabiliko dira.
Testaren edo problemen puntuazio osoaren %50era iristen ez direnak baztertuta geratuko dira.
6.2.2. Proba praktikoaren fasea.
Epaimahaiak esaten duen tokietan eginen dira.
II. eranskinean zehazten diren proba guztietan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak kanpoan geratuko dira.
a) Igeriketa hegalekin.
Proba honela eginen da: igerilekuko ertzetik irtenda, 500 metroko distantzia eginen da hegalekin, gehienez ere 7 minutuan. Erabili beharreko hegalen gehieneko neurria 70 zentimetrokoa da. Aipatu distantzia egiteko 7 minutu baino gehiago behar dutenak kanpoan geratuko dira. Aipatu denboratik beherako segundo bakoitzeko 0,05 puntu emanen dira.
b) Hegalik gabeko igeriketa.
Proba honela eginen da: 100 metro eginen dira, crowll estiloan, gehienez 2 minutuan. Aipatu distantzia egiteko 2 minutu baino gehiago behar dutenak kanpoan geratuko dira. Aipatu denboratik beherako segundo bakoitzeko 0,05 puntu emanen dira.
c) Salbamendua.
Proba honela eginen da: izangaia uretara sartuko da eta 12,5 metro egingo ditu ur-azalean, "salbamendu" estiloan (burua uretatik kanpo). Ondoren, urpean ibiliko da apnea eginez, 4 metroko gehieneko sakoneran, eta handik urez betetako eta 4 kilo berunekin zamatutako atoi-maniki bat aterako du ur-azalera. Ur-azalera irtendakoan, manikia beste ertzera, hau da, 12,5 metro atoan eramanen du, urak biktimaren (manikiaren) arnas-bideak gaindi ditzan galaraziz uneoro, eskuaz igerilekuko ertza ukitu arte; orduan manikia hondora joan dadin utziko du. Proba honetarako hegalak erabiltzen ahal dira, eta izangaiak, aukeran, urpekaritzarako betaurrekoak erabiltzen ahalko ditu. Ariketa egiteko minutu 1 eta 30 segundo baino gehiago behar duena kanpoan geratuko da. Aipatu denboratik beherako segundo bakoitzeko 0,05 puntu emanen dira.
d) Urpeko ekipamenduaren proba.
Proba honela eginen da: izangaia uretan sartuko da materialik gabe, urpekaritza-ekipamendua aurkituko du hondoan, 4 metroko gehieneko sakoneran, ekipamendua era egokian jarriko du, eta ur-azalera igoko da, ekipamendua behar bezala jarrita, 3 minutuan, gehienez. Aipatu denboratik beherako segundo bakoitzeko 0,05 puntu emanen dira. Izangaia uretatik ateratzen bada ekipamenduaren elementuren bat falta duela, edo elementuren bat gaizki jarrita, edo 3 minutuko denbora-muga gaindituta, kanpoan geratuko da.
e) Apnea dinamikoa.
Proba honela eginen da: izangaiak 25 metroko distantzia eginen du urpean apnea eginez, hegalik erabili gabe. Proba honetarako ez dago denbora mugarik, eta gai edo ez gai kalifikatuko da.
f) Urpeko trebetasun-proba.
Proba honela eginen da: izangaiak hoditeriaren zati bat lotu beharko du ur azpian, ikuspenik gabe, eta gero pieza igoko du ur-azalera flotazio-puxika baten laguntzarekin. Izangaiak ainguratze-txikotatik jaitsi beharko du hondoraino, 4 metroko sakoneraraino, gutxi gorabehera. Behin hondoan, aldez aurretik paratutako filiar bati segituz, ainguratze batera iritsiko da, non hauek aurkituko baititu, 2 metroko erradio batean: hodi-zatia bridaren parte batekin, bridaren beste partea, 3 torloju bere azkoinekin, 30/32 bi giltza finko eta flotazio-puxika, ainguratzeari katigatua. Izangaiak hau dena egin beharko du: brida bere tokian jarri, gutxi gorabehera elkarren artean 120 gradu bereiz dauden hiru torlojuekin finkatu, giltzekin estutu bridaren bi parteak ez mugitzeko moduan, puxika jarri eta multzoa altxa. Behin hori guztia eginda, buiaren txikotatik igo beharko du, erregelamenduzko igotze-abiaduran, inola ez 9 m/s baino arinago. Proba egiteko gehieneko denbora 15 minutu da. Denbora kontatzen hasiko da murgilketa hasten denean, eta amaituko da urpekaria berriro ur-azalean dagoenean. Ariketaren balorazioa GAI edo EZ GAI izanen da. Proba ongi egin dela joko da pieza ur-azalera ateratzen denean puxikarekin, ongi montatua, hiru torlojuak beren tokietan eta estututa dituela, eta urpekaria igotzen denean abiadura egokian, eta emandako denboraren barruan. Proba egiten hasi baino lehen, uretatik kanpo, izangaiei utziko zaie pieza ongi montatuta ikusten. Segurtasuneko urpekari bat izanen da uneoro, igerilekuaren hondoan, izangaien ondoan. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak jarriko ditu proba egiteko urpekaritzako betaurrekoak. Betaurreko horiek aldatuta egonen dira, urpekariak ez dezan ikus.
d) eta f) apartatuetako probak (Urpeko ekipamenduaren proba eta Urpeko trebetasun-proba, hurrenez hurren) egiteko, izangaiak ekarri beharko ditu urpekaritza-jantzia, hegalak, eskarpinak eta betaurrekoak, urpeko trebetasun-proban izan ezik, zeinean Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak jarriko baititu betaurrekoak.
Urpekaritzako probak egiteko behar den gainerako materiala (botilak, txalekoak, berunak, erregulatzaileak eta manometroak) Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak jarriko du.
6.3. Merezimenduak kalifikatzeko fasea.
Proba teorikoen eta praktikoen fasea amaitu eta gero, gainditu dutenen merezimenduak kalifikatuko dira.
3. oinarrian xedatutakoarekin bat, izangai bakoitzak merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu prozedura honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean. Salbuespen bakarra administrazio publikoetan egindako zerbitzuak izanen dira, epaimahaiari zuzenean igorriko baitzaizkio horren frogagiriak.
Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduez.
Alegatu eta frogaturiko merezimenduak prozedura honen I. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Merezimenduen balorazioa bukatu ondoren, epaimahaiak izangaiek lortutako puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web orrian, izangai bakoitzak guztira lortu duen puntuazioa ezartzeko, eta bost egun balioduneko epea emanen du, interesdunek beren eskubidearen arabera komeni zaiena erreklamatu dezaten balorazio horri buruz.
Erreklamazioak aurkezteko epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, epaimahaiak prozedurako elementuen gaineko behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web orrian.
6.4. Gaikuntza-fasea.
Aurreko faseetan izangaiek lortu duten kalifikazioa atera eta gero, epaimahai kalifikatzaileak gainditu duten izangaien zerrenda prestatuko du, lortu duten puntuazioaren arabera.
Gainditu dutenen artean, puntuaziorik onena lortu duten bost hautatuko dira Sustapen Ministerioaren 14/10/1997 Aginduaren 25. artikuluak aipatzen duen mediku-azterketa egiteko (agindu horrek urpeko jardunetan aritzeko segurtasun-arauak onesten ditu). Mediku-azterketa hori Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren ardura izanen da, eta erabakitzen den tokian eginen da, indarreko legerian ezartzen diren irizpideen arabera.
Mediku-azterketa horretan aldeko txostena lortzen ez dutenak baztertu eginen dira, eta gaindituen zerrendan hurrengo postuan dagoena bidaliko da mediku-azterketa egitera, eta horrela hurrenez hurren, bost izangaik aldeko txostena lortzen duten arte.
Prozedurako guztirako puntuazioetan gertatzen ahal diren berdinketak ebatziko dira, lehenik, I.eranskineko baremoaren 4. apartatuan puntuaziorik handiena dutenen alde. Berdinketak irauten badu, zozketaren bidez ebatziko da. Zozketa ekitaldia egiteko izangai guztiei eginen zaie deialdia.
Hautatzen diren bost izangaiek gaikuntza-fasea egin beharko dute. Fase horrek hauek izanen ditu:
a) Sakonera gutxiko urpekaritza profesionalari buruzko ikastaroa.
b) Nabigazio-lizentziari buruzko ikastaroa.
c) Sei hilabeteko praktikaldia Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Uretako Erreskate Taldean.
Ikastaroak Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren kontura eginen dira, esanen den tokian, eta baztertzaileak izanen dira.
Ikastaroetako ikastorduak lanordutzat hartuko dira.
Izangaiak ez du ikastarorik egin beharko, eskatzen den titulazioaren edo titulazio handiagoren jabe bada.
Bi ikastaroak gainditu eta gero, izangaiak praktikan dauden erreskate-urpekari bezala sartuko dira, eta Taldeak ezartzen dituen praktikak egin eta gainditu beharko dituzte.
7. Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.
Praktikaldia amaitu eta gero, epaimahai kalifikatzaileak espedientean sartuko ditu izangaiek prestakuntza ikastaroetan lortu dituzten kalifikazioak, baita Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Uretako Erreskate Taldeko arduradunaren aldeko txostena ere, praktikaldia egoki egin izanari buruzko; gero, gainditu duten izangaien zerrenda onetsiko du eta Barneko zuzendari nagusiari bidaliko dio izangaiak Taldeari atxikitzeko proposamena. Zuzendari nagusiak ebazpena emanen du, izangaiak Uretako Erreskate Taldeari atxikiko dizkiona.
8. Kideen araubide berezia.
Uretako Erreskate Taldeari atxikitzen zaizkion izangaiak, lanean hasten direnean Talde horren araudi espezifikoaren mende egonen dira, bai eta ondoren onar daitezkeenen mende ere.
Halaber, kide berri hauen lanpostuaren osagarria %10 igoko da, horrela baitago ezarrita Uretako Erreskate Taldeko kide guztientzat. Taldeari atxikita egoteari uzten dioten unean utziko diote, halaber, osagarria kobratzeari.
9. Errekurtsoak.
Epaimahai kalifikatzailearen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Barneko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Hautaketa-prozeduraren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahai kalifikatzaileak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin.
II. ERANSKINA.–BAREMOA
1. Urpekaritzako titulazioengatik edo ziurtagiriengatik:
Gehienez ere 30 puntu, titulazio hauengatik:
a) FEDASeko hiru izarreko urpekaria, edo baliokidea: 5 puntu.
b) FEDASeko izar 1eko urpekaritza-instruktorea edo FEDASeko 2 izarreko urpekaritza-instruktorea edo baliokidea: 10 puntu.
c) FEDASeko 3 izarreko urpekaritza-instruktorea edo baliokidea: 15 puntu.
d) Sakonera ertaineko urpekari profesionala: 20 puntu.
e) Urpekaritza profesionaleko sakonera handiko urpekari profesionala eta goragoko maila duten bestelako titulazio profesionalak: 30 puntu.
Kirol titulazioen artean maila handiena duena baino ez da baloratuko. Titulazio profesionalak egiaztatzen badira, mailarik handienekoa baloratuko da, bakarrik, eta orduan ez dira aintzat hartuko kirol titulazioak.
2. Urpekaritza espezialitateengatik:
Urpekaritza espezialitate bakoitzeko, 2 puntu, eta gehienez ere 10 puntu, baldin eta behar bezala egiaztatuta eta aitortuta badaude (esaterako: urpeko mozketa eta soldadura, erreskatea, Nitrox, eta abar).
3. Ontziak erabiltzeko titulazioengatik:
Gehienez ere 5 punturekin baloratuko da, baremo honen arabera:
a) Nabigazio-lizentzia: 1 puntu.
b) Oinarrizko nabigaziorako patroia: 2 puntu.
c) Aisialdirako ontzietako patroia: 3 puntu.
d) Yateko patroia: 4 puntu.
e) Yateko kapitaina: 5 puntu.
4. Antzinatasunagatik suhiltzaile, suhiltzaile-gidari edo suhiltzaile-kabo lanpostuetan funtzionario gisa:
Gehienez ere 5 puntu; 0,25 puntu emanen dira suhiltzaile, suhiltzaile-gidari edo suhiltzaile-kabo lanpostuetan emandako urte bakoitzeko, deialdi hau argitaratzen den unean.
II. ERANSKINA.–PROBA TEORIKOEN ETA PRAKTIKOEN BALORAZIOA
PROBA | BAZTERTUAK | PUNTUAZIOA |
Igeriketa hegalekin | + 7 minutu | 0,05 puntu 7 minutu azpitiko segundo bakoitzeko |
Hegalik gabeko igeriketa | + 2 minutu | 0,05 puntu 2 minutu azpitiko segundo bakoitzeko |
Salbamendua | +1 minutu eta 30 segundo | 0,05 puntu 1,5 minutu azpitiko segundo bakoitzeko |
Urpeko ekipamenduaren proba | + 3 minutu | 0,05 puntu, 3 minutu azpitiko segundo bakoitzeko |
Apnea dinamikoa | Ez gai, 25 metroko distantzia apnean ez egitea | Gai, 25 metroko distantzia apnean egitea |
Urpeko trebetasun-proba | Ez gai, denbora-muga gainditzeagatik edo proba behar den bezala ez egiteagatik | Gai, proba denboraren barruan eta behar den bezala egiteagatik |
Iragarkiaren kodea: F2314763
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
