230. ALDIZKARIA - 2023ko azaroaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

120E/2023 EBAZPENA, urriaren 24koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroan laneko segurtasunaren arloko ikerketa sarietarako deialdia egiten duena. DDBN identifikazioa: 723222.

Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legeak hitzaurrean jasotzen duenez, askotariko arlotan ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b) sortzea, zabaltzea eta aplikatzea funtsezkoa da Nafarroaren aurrerakuntzarako. I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Nafarroako gizarteak egun aurrez aurre duen desafio horietako bat da lan esparruko segurtasuna.

Istripu-tasen datuek aditzera ematen dutenez, intzidentzia-indizeari erreparatuta (baja eragin duten istripuen kopurua, arrisku horren aurrean izan diren ehun mila langile bakoitzeko) Estatuko batezbestekoaren gainetik dago Nafarroa: Estatuko batezbestekoa 7.350ekoa da, eta Nafarroakoa, 7.902koa. Halaber, maiztasun-indizea (lan egindako milioi bat ordu bakoitzeko gertatuko istripuak) handiagoa da Nafarroan Estatuan baino, batezbestekoak 46,9 eta 42,8 baitira, hurrenez hurren.

Ikerketa zientifikoa eta berrikuntza teknologikoaren garapena (I+G+b) sustatu nahi da laneko arriskuen prebentzioan, eta, horretarako, sari-deialdia eginen da laneko segurtasunaren arloa ikertzen duten zenbait lan saritzeko, alegia, Nafarroako unibertsitateetan aurkeztu diren gradu eta master amaierako lanik onenak eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileena saritzeko deialdia.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkit 32. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroan laneko segurtasun arloko ikerketa sariak emateko deialdia onestea, bi modalitate hauetarako:

a) Unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako sariak.

b) Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenerako saria.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Honako kreditu hauek baimentzea, 2023ko gastu-aurrekontuaren kargura:

a) Laneko segurtasunaren arloan egin diren unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenak saritzeko, 3.000 euroko kreditua, "(E) Saria, laneko segurtasunaren arloko ikasketa-amaierako lanari" izeneko G20001 G2100 2268 467302 partidaren kargura.

b) Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileena saritzeko, 5.000 euroko kreditua, "(E) Saria, SINAIk laneko segurtasunaren arloan landutako proiektu edo artikulu berritzaileenari" izeneko G20001 G2100 2268 467300 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2023ko urriaren 24an.–Zientzia, Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea eta helburua.

Sari hauen helburua da ikerketa zientifikoa eta berrikuntza teknologikoaren garapena (I+G+b) sustatzea laneko arriskuen prebentzioaren esparruan. Horretarako, lanik onenak sarituko dira, bi modalitate hauetan:

a) Laneko segurtasunaren arloan egin diren unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako sariak, bi kategoria hauetan: gradu amaierako lana (GrAL) eta master amaierako lana (MAL).

b) Laneko segurtasunaren arloan, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landu duten proiektu edo artikulu berritzaileenerako saria.

2. oinarria. Xedeko pertsonak eta entitateak.

1. Unibertsitate amaierako lanik onenen sariketan parte hartu nahi dutenek laneko segurtasunaren arloa ikertzen duen unibertsitate ikasketen amaierako lan bat –gradu amaierakoa (GrAL) edo master amaierakoa (MAL)– izan beharko dute egina, 2021/2022 edo 2022/2023 ikasturtean defendatua.

2. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenaren sariketan SINAIko eragileek har dezakete parte, baldin eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean honako kategoria hauetan akreditaturik badaude: unibertsitatea, ikerketa zentroa, zentro teknologikoa, enpresen I+G+b unitatea eta osasun ikerketako institutua.

3. Deialdian parte hartzeak berekin dakar oinarriok onartzea, bai eta epaimahaiak edo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak hartzen dituzten erabakiei men egin beharra ere.

3. oinarria. Aurkezten diren lanek bete beharrekoak.

1. Unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariketara aurkezten diren lanek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gradu amaierako lan bati (GrAL) edo master amaierako lan bati (MAL) eskatzen zaizkion baldintza guztiak betetzea, eta dagokion ebaluazioa gainditu izana kasuan kasuko fakultate edo ikastegian.

b) Gutxienez 8 puntu jaso izana, 10etik.

c) Nafarroako unibertsitateren batean eta 2021/2022 edo 2022/2023 ikasturtean aurkeztua eta defendatua izatea.

d) Saririk eskuratu ez izana beste GrAL eta MAL sari-deialdiren batean.

2. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenaren sariketara aurkezten diren lanek edo proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ikerketa proiektuen kasuan, 2022. edo 2023. urtean amaituak izatea.

b) Artikulu zientifikoen kasuan, 2022. edo 2023. urtean argitaratuak izatea.

4. oinarria. Parte hartzeko eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es) tramiteen katalogoko fitxa baliatuta (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaera aurkeztean, erantzuna bitarte elektronikoen bitartez jasotzeko laukitxoa markatu beharko da.

3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide telematikoa.

b) GrAL, MAL, ikerketa proiektu edo artikuluaren kopia.

Horrez gain, unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariketan parte hartu nahi izanez gero, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lortutako kalifikazioaren egiaztagiria.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa, aditzera emateko aurkeztutako lana bere horretan ebaluatu zuela dagokion unibertsitateak, eta ez dela beste inongo sariketatan saritua izan.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE).

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria. Balorazio irizpideak.

Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa

60

1.1. Helburuak eta metodologia

20

1.2. Zorroztasuna informazio-iturrien erabileran

20

1.3. Estiloaren zuzentasuna

20

2) Aztergaiaren garrantzia

40

2.1. Landutako gaiaren interesa

20

2.2. Inplikazio praktikoak

20

GUZTIRA

100

1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa. 60 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

1.1. Helburuak eta metodologia. Helburuak argi eta zehaztasunez definitzea baloratuko da, eta proposatutako metodologia helburu horiek lortzeko egokia izatea. 20 puntu gehienez.

1.2. Zorroztasuna informazio-iturrien erabileran. Bibliografia- eta dokumentazio-iturri zabalak eta egokiak baliatzea baloratuko da, eta datuen tratamendu aproposa. 20 puntu gehienez.

1.3. Estiloaren zuzentasuna. Lanaren adierazpidea, idazkera eta aurkezpena argiak izatea baloratuko da. 20 puntu gehienez.

2) Aztergaiaren garrantzia. 40 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

2.1. Landutako gaiaren interesa. Baloratuko da gaia originala den laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketak aurrera egin dezan. 20 puntu gehienez.

2.2. Inplikazio praktikoak. Baloratuko da lana zein neurritan den lagungarria laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko baldintzak hobetzeko, eta prebentzioan diharduten eragile eta enpresek kontuan hartzeko moduko proposamen zehatzak egiten diren. 20 puntu gehienez.

6. oinarria. Epaimahaia.

1. Sariketaren epaitza epaimahai batek emanen du. I+G+b Zerbitzuko Nafarroako Berrikuntzaren Behatokiaren Ataleko burua izanen da epaimahai horretako burua, eta I+G+b Zerbitzuko bi teknikari, epaimahaikideak.

2. Epaimahaiak ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak, eta organo eskudunari proposatuko dio sariak nori eman. Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da.

3. Unibertsitate ikasketen amaierako lanak baloratzeko, Nafarroan kokatuta dauden unibertsitateen aholkua eta laguntza izaten ahalko ditu epaimahaiak (Nafarroako Unibertsitate Publikoarena, Nafarroako Unibertsitatearena eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalarena).

7. oinarria. Sariak.

1. Honako sari hauek emanen dira unibertsitate ikasketen amaierako lanen modalitatean:

a) Gradu amaierako lana (GrAL):

–GrAL saria, 1.000 euro.

b) Master amaierako lana (MAL):

–MAL saria, 1.500 euro.

–MAL accesita, 500 euro.

2. Honako sari hauek emanen dira proiektu edo artikulu berritzaileenaren modalitatean:

a) Proiektu berritzaileena:

–Saria, 1.500 euro.

–Accesita, 1.000 euro.

b) Artikulu berritzaileena:

–Saria, 1.500 euro.

–Accesita, 1.000 euro.

3. Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sariak, aurkeztutako lanek ez badute behar besteko kalitaterik.

8. oinarria. Sariak emateko ebazpena eta ordainketa.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria izanen da sariak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez. Jakinarazpen horretara sartzeko, eskatzaileak identifikatzeko sistema elektronikoren bat eduki beharko du, hala nola Cl@ve, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala.

Ebazpen horretan berean eskuratutako sariaren zenbatekoa ordainduko zaie saridunei.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

9. oinarria. Jabetza intelektuala.

Egileek aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.

10. oinarria. Datuen babesa.

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin, aditzera ematen da ezen eskaera bidaltzearekin eskuratuko diren datu pertsonalak honako helburu honekin tratatuko direla: Nafarroan laneko segurtasunaren arloan egindako unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko. Halaber, honako hau jakinarazten da:

–Tratamenduaren arduraduna: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua.

–Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan egindako zeregin bat betetzeko eta botere publikoak baliatzeko (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1 art.).

–Hartzaileak: ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo araudiak hartarako gaitzen duela.

Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, parte-hartzaileek eskubidea dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, helbide honetara:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Iragarkiaren kodea: F2315095