23. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKAROZE

Ordenantza, euskara ikasteko laguntzak arautzen dituena

Ezkarozeko Udalak, 2022ko irailaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Euskara ikasteko laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Ordenantza 30 egun baliodunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko 202. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 11n, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea bukatu denez inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, eta jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta hori argitaratzen da, behin betiko testuarekin batera, ondorio juridikoak izan ditzan.

Ezkarozen, 2022ko azaroaren 21ean.–Alkatea, Pablo Miqueleiz Compains.

EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Ezkarozeko Udalak laguntza ekonomikoak emanen ditu euskara ikasteko, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da laguntzak emateko araubidea ezartzea, euskara ikasteak dakartzan gastuak, zati batean, finantzatzeko.

Ezkarozeko Udalak urtero eginen du laguntzen deialdia, ekaineko lehen hamabostaldian.

2.–Onuradunak.

Euskara ikasteko laguntza eska dezakete baldintza hauek betetzen dituztenek:

a) 16 urte baino gehiago izatea.

b) Ezkarozen erroldaturik egotea eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagotik gutxienez, eta, zer ikastarotarako eskatzen den laguntza, harexek dirauen bitartean.

c) Eskoletara joatea %75etan baino gehiagotan.

Erroldatuek ezin izanen dituzte laguntzak jaso, baldin eta, administrazio publikoren bateko langileak izanik, euskalduntze plan bereziren batean sartuak badaude.

3.–Jarduera diruz lagungarriak.

Diruz lagunduko dira ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak, autoikasketa etab., aurreko urteko uztailetik deialdiaren hila arte egindakoak.

Eskatzaileek bitan baizik ezin izanen dute jaso maila bereko ikastaroa egiteko laguntza. Hau da, bigarrenez jasotzen ahalko da laguntza aurretik diruz lagunduriko maila bera egiteko, baldin frogatzen badute eskola orduen %75etan gutxienez parte hartu izana.

4.–Laguntzen zenbatekoa eta haien banaketa.

4.1. Laguntza izanen da matrikularen zenbatekoaren %33.

4.2. Nolanahi ere, ikasleak ez du 250,00 euroko laguntza baino handiagoa eskuratuko deialdi bakoitzean, edozein dela egindako ikastaroen kopurua.

4.3. Dirulaguntzen zenbateko osoa handiagoa bada aurrekontuan deialdirako erreserbatu den diru kopurua baino, azken hori hainbanatu eginen da deialdi honetan ezarritako baldintzak bete eta dirulaguntzen onuradun direnen artean.

4.4. Laguntza honek, eta beste batzuek (baldin badaude), ez dute inoiz eginen matrikularen zenbatekoaren %100 baino gehiago, eta emandako zenbatekoa ehuneko hori baino handiagoa bada, hainbanatu eginen da.

4.5. Ez dira inola ere gastutzat hartuko garraioari eta materialari dagozkienak.

5.–Eskabideak aurkeztea.

5.1. Epea: interesdunek eskabideak aurkeztuko dituzte Udaleko Idazkaritzan, abuztuaren 15a baino lehen.

Epe hori ezin izanen da luzatu eta ez da eskabiderik onartuko epetik kanpo.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

–Eskabidea, beteta. Eredua Euskara Zerbitzuan eska eta/edo bete daiteke.

–Erroldatze agiria, antzinatasuna adierazirik.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Horrek ikastaroaren ezaugarriak azalduko ditu: iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua.

–Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), matrikularen %100 ordaindua dagoela dioena.

–Dirulaguntza zer banku-libretatan jaso nahi den, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

–Euskaltegiak egindako asistentzia-agiria. Bertan, gainditutako maila edo mailak ere azalduko dira.

Agiri guztiak jatorrizkoak izanen dira edo Udalean konpultsatuak.

Eskatzaileen datuak tratatuko dira abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera (Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa).

Aurkezten den dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo akatsik atzematen bada, interesdunari eskatuko zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzala 10 egun balioduneko epean. Ez badio epe horretan erantzuten errekerimenduari, ez da berriz errekerituko, eta iritziko zaio eskaeran atzera egin duela.

6.–Dirulaguntza emateko ebazpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hilabeteko epean, deialdia ebatziko da alkatearen ebazpen baten bidez, eta aginduko da dirulaguntzaren %100 ordain dadila.

6.2. Bekak emateari buruzko ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei.

6.3. Onartutako zenbatekoaren ordainketa gehienez ere hilabeteko epean eginen da, dirulaguntzak ebatzi eta biharamunetik hasita.

6.4. Udalean agertzen bada dirulaguntzaren onuradunak zorren bat duela bere izenean, horren zenbatekoa kenduko zaio jaso beharrekoari.

6.5. Ebazpen horrek amaiera emanen dio administrazio bideari, eta haren kontra, hautara, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroan administrazioarekiko auzietan eskumena duen organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

7.–Onuradunen betebeharrak.

a) Udalari ematea diruz lagunduriko ikastaroetan gertatzen diren garrantzizko aldaketen berri, nahitaez.

b) Ebaluatzaileei lana erraztea.

c) Diruz lagundutako ikasketek beste erakunderen batetik ere laguntza ekonomikorik jasoz gero, berehala jakinaraztea Udalari.

8.–Zehatzailea.

Onuradunek ez badituzte betetzen berei ezarritako betebeharrak, laguntzaren zenbateko osoa itzuli beharko dute, eta ezin izanen dute parte hartu hurrengo urteko deialdian.

EUSKARA IKASTEKO LAGUNTZEN ESKABIDEA

Deiturak eta izena:

Helbidea eta posta kodea:

NANa:

Telefonoa:

Nire izenean edo ondoko hau ordezkatuz:

Deiturak eta izena:

Helbidea eta posta kodea:

NANa:

Telefonoa:

HONAKO HAU AZALTZEN DUT: euskara ikasteko laguntzen berri izan dut, eta betetzen ditut onuradunei horiek jasotzeko ezarritako baldintzak (ordenantzaren 2. artikulua). Hala bada, dokumentazio hau aurkezten dut:

–Erroldatze agiria, antzinatasuna adierazirik.

–Ikastaroa antolatu duen entitatearen egiaztagiria. Honako hauek azalduta: iraupena, maila, ordu kopurua eta kostua.

–Matrikularen ordainagiria (banketxeak luzatua), matrikularen %100 ordaindua dagoela dioena.

–Dirulaguntza zer banku-libretatan jaso nahi den, libreta haren lehenbiziko orrialdearen fotokopia.

–Euskaltegiak egindako asistentzia-agiria. Bertan, gainditutako maila edo mailak ere azaltzen dira.

Hori dela eta, galde egiten dut eskabide hau onar dadila, eta eman dakidala euskara ikasteko laguntza

Eguna eta sinadura:

Iragarkiaren kodea: L2217770