23. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Aldaketa, Kirol instalazioak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, aldatutako ordenantzaren testu osoa argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, behin betiko onetsi baita, jendaurreko epean inork ez baitu erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu. Hasierako onespenaren iragarkia 2022ko 226. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 15ean.

Antsoainen, 2022ko abenduaren 30ean.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

ORDENANTZA, PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA UDA-NEGUETAKO IGERILEKUAK, GUNE HIDROTERMALA ETA INSTALAZIO OSAGARRIAK OSATZEN DITUZTEN KIROL INSTALAZIOAK ERABILTZEKO ETA KIROL ABONUKO JARDUERETARAKO

13. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da jarraituz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari, eta haren 28. artikuluaren baimenaren babesean.

Ordaintzeko betebeharra dutenak

2. artikulua. Ordainarazpen hauek ordaintzera beharturik daude igerilekuetako erabiltzaileak, gune hidrotermalekoak, instalazio osagarrietakoak eta kirol abonuan izena emandakoak.

Ordaintzeko betebeharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da sarrera edo udal baimena eskuratzen denean, sartzeko igerilekuetan, gune hidrotermalean eta instalazio osagarrietan, baita kirol abonuaren jardueretan izena ematean ere.

Tarifak

4. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dira aplikatu beharreko tarifak.

Kudeaketa arauak

5. artikulua. Instalazioetan sartzeko unean eginen dira egun bateko balioa duten txartelak edo sarrerak eta hilabeteko abonua. Horretarako, arau berezia gisa, instalazioetako diru-bilketa zerbitzuei ordaindu beharko zaie prezioa. Haiek eginen dituzte txartelak, eta ordainketaren frogagiri izanen dira.

6. artikulua. Instalazioak abonu bitartez erabili nahi dituztenek –abonu hori izan denbora mugarik gabea nahiz denboraldikoa– Udalak finkatzen duen moduan eta baldintzetan eskuratuko dute.

7. artikulua. Urtero Udalak erabakiko du noiz hasi eta noiz bukatuko den igerilekuen denboraldia, baita instalazio bakoitza zer ordutan ireki eta itxi ere.

Igerileku estalia eta gune hidrotermala ezin dira itxita eduki arrazoi teknikoengatik baino, hau da, berariazko mantentze-lanetarako edo matxurak konpontzeko, horretarako beharrezkoa bada instalazioa gelditzea, ezinbestekoa den denboran; horrelakoetan ez zaie kalte-ordainik emanen erabiltzaileei, baldin eta arrazoitutako itxiera ez bada luzeagoa urtean ondoz ondoko 50 egun baino.

Honako hau izanen da 2023an kirol-instalazioak irekitzeko eta ixteko egutegia eta ordutegia:

Igerileku estalia-udako igerilekuak.

Instalazioen itxiera

Urtarrilaren 1a eta abenduaren 24a, 25a eta 31

Igerileku estaliaren itxiera

Irailaren 11tik 24ra

Neguko ordutegia

Astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era eta 15:30etik 22:00etara

Larunbatetan, 09:30etik 22:00etara

Igande eta jaiegunetan, 9:30etik 14:30era.

(Igeri-ontziak itxiko dira instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago)

Udako kanpaina

Ekainaren 9tik irailaren 10era.

Udako ordutegia

Egunero, 10:00etatik 21:30era.

(Igeri-ontziak instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago itxiko dira).

Aste Santua

Apirilaren 6a, 7a, 8a, 9a eta 10a, 9:30etik 14:30era

Antsoaingo festak

Irailaren 15a, 9:30etik 14:30era

Urtarrilaren 6a, maiatzaren 1a, urriaren 12a, azaroaren 1a, eta abenduaren 4a, 6a eta 8a.

9:30etik 14:30era

(Igeri-ontziak itxiko dira instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago)

Sarrera, Idaki kirol-zentrora eta muskulazio gelara.

Instalazioen itxiera

Urtarrilaren 1a eta abenduaren 24a, 25a eta 31

Ordutegia

Astelehenetik larunbatera, 7:30etik 22:00etara

Igande eta jaiegunetan, 8:00etatik 14:30era.

(Gelak itxiko dira instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago)

Antsoaingo festak

Irailaren 15a, 7:30etik 14:30era.

Aste Santua

Apirilaren 6a, 7a, 8a, 9a eta 10a, 8:00etatik 14:30era

Urtarrilaren 6a, uztailaren 25a, abuztuaren 15a, urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 4a, 6a eta 8a.

8:00etatik 14:30era

(Gelak itxiko dira instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago)

Idaki gune hidrotermala.

Instalazioen itxiera

Urtarrilaren 1a eta abenduaren 24a, 25a eta 31

Gune hidrotermalaren itxiera, geldialdi teknikoa:

Uztailaren 1etik 31ra eta otsailaren 6tik 12ra

Ordutegia

Astelehenetik larunbatera, 9:30etik 22:00etara

Igande eta jaiegunetan, 9:30etik 14:30era

(Igeri-ontziak itxiko dira instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago)

Antsoaingo festak

Irailaren 15a, 9:30etik 14:30era.

Aste Santua

Apirilaren 6a, 7a, 8a, 9a eta 10a, 9:30etik 14:30era

Urtarrilaren 6a, abuztuaren 15a, urriaren 12a, azaroaren 1a eta abenduaren 4a, 6a eta 8a.

9:30etik 14:30era

(Igeri-ontziak itxiko dira instalazioak itxi baino 30 minutu lehenago)

Oharra: Egoera bereziak direla-eta, Udalak eskubidea izanen du instalazioak irekitzeko eta ixteko epeak aldatzeko, eta jendearentzat irekia egoteko ordutegiak aldatzeko. Tokiko Gobernu Batzordea izanen da egutegiaren eta ordutegien aldaketa bereziak egiteko organo eskuduna.

–Ordu-tarteak eta sarbideen kontrola:

Kirol-instalazioen erabilera optimizatzeko, edo indarrean dagoen araudia betetzeko, gerta daiteke kirol-instalazioek izatea erabiltzeko ordu-tarteak , eta edukierak kontrolatzea. Erreserba-prozedura behar besteko denboraz jakinaraziko zaie erabiltzaileei.

Instalazioak erabiltzeko arauak

8. artikulua. Instalazioen barrenean diren bitartean, erabiltzaileek aldean eraman beharko dituzte txartelak –sarrera erosi izanaren frogagiria edo sartzeko txartela, indarrekoa– eta arduradunei erakutsi, eskatzen badiete, bestela kanporatuko baitituzte.

9. artikulua. Instalazioetan sartzen diren guztiek men egin beharko diete ikusgai dauden funtzionamendu arauei. Beraz, instalazioen erabiltzaileek une oro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioa erabiltzekoak, zeinak ikusgai baitaude.

10. artikulua. Instalazioetan sartu ahal izateko, abonatuak nahitaez eduki beharko ditu ordainduta kuotak, tarifen eranskinean zehazten direnak.

Erabiltzaileek, baja eskatu gabe, hiru ordainagiri ordaindu ez badituzte, Udalak baja emanen die, ofizioz, instalazioen erabilpenean. Horrek ez du kenduko bajaren eguna arte sortu diren kuotak ordaintzeko beharra.

11. artikulua.

a) Indarreko araudia –barnean direla kirol abonuari buruz sor litezkeen aldaketak– ikusgai egonen da instalazioetako iragarki-taulan, baita Udalaren eta Idaki kirol-zentroaren web-orrietan ere.

b) Kirol abonuaren erreserba-programa erabiltzeko, beharrezkoa da bertan izena ematea. Izen-ematea izapidetuko da horretarako gaitutako web-orrian edo kirol-instalazioetako harreragunean.

c) Izen-emateen eta bajen tramitazioa eta prozedura, baita zerbitzu hau erabiltzeko baldintzak ere, ikusgai egonen dira instalazioetako iragarki-taulan eta horretarako gaitutako web-orrian.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

13. artikulua. Arau-hauste arinak.

Honako hauek dira arau-hauste arinak:

1.–Esparruko instalazioak zuzen ez erabiltzea.

2.–Behar bezalako oinetakoak ez erabiltzea bai berdeguneetan bai igeri-ontzien esparruan.

3.–Jatea edo edatea horretarako eremuetatik kanpora.

4.–Ez erabiltzea paperontziak, hautsontziak eta instalazioa garbi edukitzeko gainerako elementuak.

5.–Esparruan sartzea bizikletak, trizikloak, patinak, etab.

6.–Igerilekuen instalazioetan sartzea 8 urtetik beherakoak, heldu baten laguntzarik gabe. Helduak adingabea babestu beharko du eta portaera egokia duela begiratu, instalazioetan dagoen bitartean. Etengabe zainduko du; bereziki, igeri-ontzietan dagoen bitartean.

7.–Gune hidrotermalaren instalazioetan sartzea 14 urtetik beherakoak, heldu baten laguntzarik gabe. Helduak adingabea babestuko beharko du eta portaera egokia duela begiratu, instalazioetan dagoen bitartean, eta etengabe zainduko du.

8.–Igerilekuan edo eremu hezeetan dutxatu gabe sartzea.

9.–Uretan erabiltzea uretako gauzaki edo bestelakoak, besteei traba egiten ahal dietenak, edo arriskuan jar dezaketenak norberaren nahiz besteen osotasun fisikoa. Orobat, jostatzea jaurtitzen diren gauzakiekin edo besteei traba egiten dietenekin.

10.–Bainatzeko txanorik gabe bainatzea neguko igerilekuan eta gune hidrotermalean.

11.–Helduak txipli-txaplako igerilekuan egotea beharrik gabe.

12.–Txipli-txaplako igerilekuan sartzea bainujantzirik edo pixoihalik gabe.

13.–Txipli-txaplako igerilekuaren barnean jatea edo jatera ematea.

14.–Erretzea gune itxietan, igeri-ontzietan, hondartzetan eta haurrendako jostaketa eremuetan.

15.–Aulkiak eta mahaiak okupatzea gainean gauzak ezarriz, berehalakoan erabiltzeko asmorik gabe.

16.–Aire zabaleko jantokia zikin uztea erabili ondoan.

17.–Kasurik ez egitea instalazioko langileek egiten dituzten oharrei, erabilera dela eta (begiraleek, sorosleek, udal langileek eta oro har mantentze lanetakoek egiten dituztenei).

18.–Instalazioko edozein arau ez betetzea, arau-hauste astuna edo oso astuna ez denean.

14. artikulua. Arau-hauste astunak.

Honako hauek dira arau-hauste astunak:

1.–Txartelaren titularra ez denak hura erabiltzea, salbu salaketa baldin badago hura galtzeagatik edo norbaitek ebasteagatik. Txartelaren titularra izanen da arau-hauste honen erantzulea.

2.–Egun berean 2 falta arin egitea.

3.–Instalazioan animaliak sartzea, itsu-txakurrak izan ezik.

4.–Bainulariei traba egitea.

5.–Basakerietan aritzea.

6.–Horditurik edo edozein drogaren eraginpean bainatzea.

7.–Beste edozein arau ez betetzea, eragiten ahal badio beste erabiltzaileen segurtasunari edo arau-hauslearen beraren segurtasunari, bereziki honako hauek gaizki erabiltzaileari dagokionez: igerilekuak, bainu turkiarrak, hidromasajea, terma, presioko dutxak, jacuzzia eta aldagelak.

8.–Kalte egitea instalazioko edozein higigarri edo higiezini.

9.–Instalazioaren barnean ordena publikoa asaldatzea dakarren edozer egitea edo ez egitea.

10.–Langile arduradunak eta instalazioan lan egiten dutenak iraintzea edo mendratzea.

11.–Instalazioetan sartzea hordi itxura nabarmenarekin edo drogen eraginpean.

12.–Armairua itxirik uztea eguneko erabilpenaren ondotik.

15. artikulua. Arau-hauste oso astunak.

1.–Falta astunak errepikatzea.

2.–Instalazioaren barnean egiten diren falta astunak, bereziki eragiten dietenak bizikidetzari, ordenari eta segurtasunari.

3.–Faltsutzea instalaziora sartzeko txartelak edo giltzak.

4.–Instalazioko materiala edo besteen ondasunak lapurtzea eta ebastea.

5.–Beste edozein eraso, larritzat hartzen dena, erabiltzaileen edo instalazioko langileen kontra.

6.–Instalazioaren barnean drogak saldu edo kontsumitzea.

7.–Instalaziora sartzea edozein arma aldean eramanik.

8.–Sarbideen kontroletatik sartzea edo sartzen saiatzea abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe; edo sartzea edo sartzen saiatzea aurreikusitako sarbideak ez diren beste edozein lekutatik.

9.–Jendaurreko ordutegitik kanpo sartzea instalazioetara, bidea edozein dela ere.

Zehapenak

16. artikulua. Arau-hausteak honela zehatuko dira:

Arau-hausteak kalifikazioaren arabera zehatuko dira, kontuan hartuta ekintzen larritasuna, honako hauei dagokienez:

–Pertsonen segurtasuna, errespetua eta osasuna.

–Instalazioetan egindako kaltea.

–Indarrean dagoen araudia betetzea.

–Ekintzaren intentzionalitatea, errepikapena edo berrerortzea, eta arau-haustea astundu edo arindu dezaketen beste inguruabar batzuk.

Faltak, kalifikazioaren arabera, honela zehatuko dira:

–Falta arinek ekarriko dute ohartarazpena edo kirol-instalazioetara sartu ezina, erabiltzeko eta gozatzeko, egun 1etik 20 egunera bitarte.

–Falta astunek ekarriko dute ohartarazpena eta kirol-instalazioetara sartu ezina, erabiltzeko eta gozatzeko, 30 egunetik 180 egunera bitarte.

–Falta oso astunek ekarriko dute abonatu edo erabiltzaile gisa dituen eskubide guztiak etetea, 180 egunetik 2 urtera bitartean, eta, kasu oso larrietan, kirol-instalazioetatik behin betiko kanporatzea.

Abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe instalazioetan sartuz gero sarbideen kontroletatik, edo sartzen saiatuz gero, horrek berekin ekarriko du zehapen ekonomikoa; zehazki, 16 urtetik gorakoen eguneko sarreraren zenbatekoa bider hamar egitearen emaitza.

Abonatua izan gabe edo dagokion sarrera erosi gabe instalazioetan sartuz gero ezarritako sarbideak ez diren beste edozein lekutatik, edo jendaurreko ordutegitik kanpo, horrek berekin ekarriko du 300,00 euroko zehapen ekonomikoa.

17. artikulua. Zehapenak aplikatzea:

Instalazioetako arduradunek (mantentze-lanetako langileak, sorosleak, sarbideen kontroletako langileak, zaintzaileak eta garbitzaileak) ofizioz jardun dezakete instalazioen funtzionamendu arauak bete daitezen, arau-hausleari hitzez jakinarazita arau-hausteari buruz, ohartarazita horrek dakartzan ondorio eta zehapenei buruz, eta kautelazko zehapena ezarrita.

Zehapenak larritasun-mailaren arabera aplikatuko dira, honela:

–Kirol-instalazioko langileek aplikatuko dituzte lehenik falten edo ez-betetze arinen zehapenak. Honako hauek egiten ahal dituzte:

  • Arau-hauslea kautelaz zehatzea, debekua ezarrita kirol-instalazioetara sartzeko eta instalazio horiek erabiltzeko, gehienez ere 72 orduz, zehapenaren arrazoien berri emanda eta gertaeren berri emanda Kirol Zerbitzuari, eta hark baloratuko du beharrezkoa den 17. artikuluari heltzea.
  • Arau-hauslea adingabea bada, kirol-instalazioen arduradunak baloratuko du ea aplikatzen dituen zehapen murriztaileak, kirol-instalazioetara sartzeko eta instalazio horiek erabiltzeko debekua, edo pedagogikoak diren beste neurri batzuk. Bigarren kasuan, arau-haustea salatu duen instalazioko langilea izanen da arduraduna jarraipena egiteko ea zehapena betetzen ote den.

–Kirol-instalazioko arduradunak aplikatuko ditu falta edo ez-betetze astunen zehapenak, eta honako hauek ezartzen ahalko ditu:

  • Arau-hauslea kautelaz zigortzea kirol-instalazioetara sartzeko debekuarekin eta instalazio horiek erabiltzeko debekuarekin, zehapen-espedientea izapidetzen ari den bitartean (30 egun, gehienez ere), eta arau-hausleari jakinaraztea zigorraren arrazoiak eta izapideak.
  • Diziplinazko espedientea irekitzea.

–Falten edo ez-betetze astunen zehapenak Antsoaingo Udalak aplikatuko ditu, eta honako hauek ezartzen ahalko ditu:

  • Arau-hauslea kautelaz zigortzea kirol-instalazioetara sartzeko debekuarekin eta instalazio horiek erabiltzeko debekuarekin, zehapen-espedientea izapidetzen ari den bitartean (30 egun, gehienez ere), eta arau-hausleari jakinaraztea zigorraren arrazoiak eta izapideak.
  • Diziplinazko espedientea irekitzea.
  • Neurri eta prozedura judizialak jartzea.

18. artikulua. Falten azkentzea eta preskripzioa:

1.–Faltek sortzen duten erantzukizuna honako kasu hauetan azkentzen da:

a) Zehapena betetzeagatik.

b) Faltek preskribatzeagatik.

c) Zehapenek preskribatzeagatik.

d) Titularraren heriotzagatik.

e) Zehapena kentzeagatik, dagokion errekurtsoa jarri ondoren.

2.–Faltek preskribatzea.

Falta arinek bi hilabeteren buruan preskribatuko dute, astunek lau hilabeteren buruan, eta oso astunek egin direnetik urtebeteren buruan.

Preskripzioa eten eginen da zehapen-espedientea hastea erabakitzen denetik, eta preskripzio-epea berriz zenbatuko da baldin espedientea geldirik badago bi hilabete baino gehiagoz.

19. artikulua. Prozedura:

–Arau-hauste arin edo astun bat egin dela jakiten denean, kirol-instalazioen arduradunak espedientea ebatziko du, entzunaldia eman ondoren interesdunari edo, adingabea bada, haren legezko tutoreari.

–Egindako arau-haustea falta oso astuntzat jo daitekeenean, Antsoaingo Udalak espedientea hastea erabakiko du, gertakariak argitzeko eta erantzukizunak zuritzeko. Horretarako, instruktorea eta idazkaria izendatuko ditu, eta interesdunari helaraziko dizkio egotzitako egitateak eta egindako izendapenak, eta entzunaldia emanen dio.

Instrukzioa bukatutakoan, Antsoaingo Udalak dagokion erabakia hartuko du, espedientetik ondorioztatzen denaren arabera. Erabaki hori interesdunari jakinarazi beharko zaio idatziz.

–Ezarritako zehapena betetzen hasiko da, zehapena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera.

–Kontuan hartuz egindako faltaren izaera, inguruabarrak eta aurreikus daitekeen kalifikazioa eta zehapena, alkateak diskrezionalitatez xedatzen ahalko du espedientaturiko abonatuari edo erabiltzaileari debekatzea instalazioetan sartzea eta horiek erabili eta gozatzea, edo etetea abonatu gisa dituen eskubide guztiak, espedientea izapidetzen ari den bitartean; nolanahi ere, eta gehienez ere bi hilabetez, denbora hori kontuan hartuko da, ezartzen den zehapena betetzerakoan, hala badagokio.

–Antsoaingo Udalak edo hark eskuordetutako pertsonak ezarritako zehapen guztien aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkezten ahalko zaio Udalari, hamar egun naturaleko epean; falta astun eta oso astunengatik ezarritako zehapenak badira eta aldez aurreko eta nahitaezko berraztertzeko errekurtsoa ezetsi bada, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da Udalaren osoko bilkurari zuzendurik, ohiko nahiz ezohiko hurrengo bileran, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu beharko da 30 eguneko epean, berraztertzeko errekurtsoaren ezestearen jakinarazpena egiten denetik aurrera kontatzen hasita.

TARIFEN ERANSKINA

Kirol-instalazioak: uda-neguetako igerilekuak, gune hidrotermala eta instalazio osagarriak

I. epigrafea.–Denbora mugarik gabe inskribatzen diren erabiltzaileen tarifak.

–A eta B apartatu hauetako kuotak ordainduko dituzte:

A apartatua.

A.1. Banakakoen inskripzio kuotak:

–5 eta 15 urte bitartekoak: 60 euro.

–16 urtetik gorakoak: 90 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, baldin betetzen badituzte ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. apartatuko baldintzak: 60 euro.

A.2. Inskripzio kuota murriztuak (26 urtetik beherako familiako hirugarren kidetik aurrera):

–5 eta 15 urte bitartekoak:

  • 3. kidea: 40,00 euro.
  • 4. kidea: 27,00 euro.
  • 5. kidea eta hurrengoak: 14,00 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • 3. kidea: 59,00 euro.
  • 4. kidea: 40,00 euro.
  • 5. kidea eta hurrengoak: 21,00 euro.

B apartatua.

B.1. Hileko kuotak, igerilekua eta gune hidrotermala erabiltzeko (banakakoak):

–5 eta 15 urte bitartekoak: 11,20 euro.

–16 urtetik gorakoak: 20,50 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, baldin betetzen badituzte ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. apartatuko baldintzak: 13,40 euro.

B.2. Hileko kuotak, igerilekua eta gune hidrotermala erabiltzeko (murriztuak, 26 urtetik beherako familiako 3. kidetik aurrera):

–5 eta 15 urte bitartekoak:

  • 3. kidea: 8,60 euro.
  • 4. kidea: 6 euro.
  • 5. kidea eta hurrengoak: 3,40 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • 3. kidea: 15,70 euro.
  • 4. kidea: 10,70 euro.
  • 5. kidea eta hurrengoak: 5,70 euro.

II. epigrafea.–Denboraldiko abonuak.

–5 eta 15 urte bitartekoak:

–Udako denboraldia: 95,00 euro.

–16 urtetik gorakoak:

–Udako denboraldia: 150,00 euro.

–Erretirodunak eta pentsiodunak, baldin betetzen badituzte ordenantza honetako tarifen aplikaziorako arauen 9. apartatuko baldintzak:

–Udako denboraldia: 78,00 euro.

III. epigrafea.–Hileko abonua, hilabete naturala. (Salbu ekaina, uztaila eta abuztua).

–5 eta 15 urte bitartekoak: 32,50 euro.

–16 urtetik gorakoak: 48,70 euro.

IV. epigrafea.–Eguneko sarrerak:

–5 eta 15 urte bitartekoak: 9,50 euro.

–16 urtetik gorakoak: 13,50 euro.

V. epigrafea.–Sarrera-bonuak.

5etik 15 urtera bitarte:

–Honako hau da zenbait saiotarako bonuen zenbatekoa:

  • Bost sarrerako bonua, hiru hilabetean agortu beharrekoa: 38,00 euro.
  • Hamar sarrerako bonua, sei hilabetean agortu beharrekoa: 50,00 euro.

–16 urtetik gorakoak:

  • Bost sarrerako bonua, hiru hilabetean agortu beharrekoa: 47,25 euro.
  • Hamar sarrerako bonua, sei hilabetean agortu beharrekoa: 87,75 euro.

VI. epigrafea.–Bestelako zerbitzuak.

–Gim abonua (Ura abonua + gimansioa), hilean:

"Ura abonua"ri dagokiona, kategoriaren arabera, gehi 10 euro hilean.

–Kirol abonua (Ura abonua + kirol abonua), hilean:

"Ura abonua"ri dagokiona, kategoriaren arabera, gehi 19,5 euro hilean.

–Idaki abonua (Ura abonua + kirol abonua), hilean:

"Ura abonua"ri dagokiona, kategoriaren arabera, gehi 27,5 euro hilean.

Oharrak:

1. Gimnasioan alta eskatzeko, aldez aurreko baldintza da denbora mugarik gabeko abonua izatea kirol-instalazioetan.

2. Kuota sortuko da hilabete natural bakoitzeko lehen egunean. Alta hilabete naturala hasirik eskatzen bada, ordainduko da hilabetea bukatzeko falta den egunen artean hainbanaturik.

3. Bajak ondorioak izanen ditu gertatu eta hurrengo hilabete naturaletik aurrera, eta aurrez aurre edo modu telematikoan eskatu beharko da, sinadura digitalaren bidez, hilaren 25a baino lehen.

4. Kirol plus abonua eta Idaki abonua izeneko programek uztailean ez dituzte izanen Kirol abonuaren jarduera bideratuak.

Udalak ordainketaren zenbatekoa itzultzen ahalko du, behar bezala dokumentatutako justifikazio berezien aurrean (hala nola mediku txostenak, aholkatzen dutenak jarduera ez egitea, behar bezala justifikatutako eta gerora sortutako egoera ekonomikoak edo etxebizitzaz aldatzea, horrek biziki zailtzen badu jarduerara joatea).

–Txartelak egitea edo berriz egitea galtzeagatik edo hondatzeagatik: 7,60 euro, salbu eta egin behar diren txartelak 5 urte baino zaharragoak badira; orduan doakoa izanen da.

–Kirol abonuaren prezioak, abonatu gabeendako:

  • Antsoainen erroldatuak egonik, Udalaren kirol-instalazioetako abonurik ez dutenek: 35 euroko kuota hilean.
  • Antsoainen erroldatu gabe eta Udalaren kirol instalazioetan abonatu gabe daudenak. 42 euroko kuota hilean.
  • Kirol abonuari buruzko oharrak:
  • Kuota hilabete bakoitzaren hasieran ordaindu beharko da. Hilabetea hasita dagoela eskatzen bada alta, hileko kuota egun kopuruaren arabera hainbanatuko da, alta eman den egunetik zenbatzen hasita.
  • Bajak aurrez aurre, idatziz edo telematikoki eskatu behar dira, sinadura digitalaren bidez, hilaren 25a baino lehen, eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrera izanen dituzte ondorioak.

VII. epigrafea.–Antsoaingo bizilagunek kirol espazioak erabiltzea.

1.–Pilotalekua:

–Pilotalekua erabiltzea pilota partidetarako:

a) Argi guztiarekin: 14 euro orduko.

b) Argi oinarrizkoarekin: 10,10 euro orduko.

c) Argirik gabe: 7,40 euro orduko.

–Pilotalekua bestelako kirol erabileretarako:

a) Argi guztiarekin: 43,70 euro orduko.

b) Argi oinarrizkoarekin: 38,40 euro orduko.

c) Argirik gabe: 27,40 euro orduko.

2.–Kiroldegia:

–Kiroldegiaren erabilera:

a) Argiarekin: 43,70 euro orduko.

b) Argirik gabe: 27,40 euro orduko.

3.–Futbol zelaia.

–129,70 euro partida bakoitzeko, argirik gabe.

–174,30 euro partida bakoitzeko, argiarekin.

4.–Igerileku estalia:

–Kalea/ordua: 40 euro.

–Takilla alokatzea:

–IDAKI kirol zentroko aldageletako takilla. 9 euro hiruhilekoan.

–Jarduera gela:

150 euro ordua.

Rokodromoa:

–Prezioak:

a) Abonatuen saioa: 3 euro. Abonatu gabeen saioa: 5 euro.

b) 10 saioko bonua, abonatuendako: 25 euro;

10 saioko bonua, abonatu gabeendako: 40 euro.

c) Denboraldia, 16 urtetik gorako abonatuendako (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra): 50 euro.

Denboraldia, 5-15 urte bitarteko abonatuendako (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra): 25 euro.

Denboraldia, 16 urtetik gorako abonatu gabeendako (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra): 75 euro.

Denboraldia, 5-15 urte bitarteko abonatu gabeendako (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra): 37,5 euro.

Oharra: Rokodromoa erabiltzeko, ezinbestekoa da indarrean dagoen urteko mendiko federazio-txartela izatea.

TARIFEN APLIKAZIORAKO ARAUAK

1. Erabiltzaile bakoitzak dagozkion kuotak ordainduko ditu, honako arau hauei jarraikiz:

2. Inskripzio kuotak behin bakarrik ordainduko dira, instalazioetan alta ematean, eta lehen ordainagiriarekin batera igorriko dira.

3. Denbora mugarik gabe izena ematen bada, kuotaren arabera dagokion hasierako kidetze-saria ordaindu beharko da, edo, bestela, gutxienez 12 hilabete egon beharko da abonatu gisa, hasierako kidetze-saria ordaindu gabe.

4. Kirol-instalazioak erabiltzeko kuotak hilero ordainduko dira. Alta hilabete naturala hasirik eskatzen bada, ordainduko da hilabetea bukatzeko falta den egunen artean hainbanaturik.

Tarifetan agertzen diren adin tarte bakoitzeko kuotak hainbanaturik ordaintzen hasiko dira hilabete naturala bukatzeko falta diren egunen arabera, behar den adina betetzen den hilabetea barne dela.

5. Abonatuak edozein aldaketa izapidetu nahi badu bere abonuari dagokionez, edo instalazioen erabilpenean baja eskatu nahi badu, aurrez aurre edo telematikoki jakinarazi beharko du, sinadura digitalaren bidez, hilaren 25a baino lehen. Bajek, noiz egiten diren, ondoko hilabetean izanen dute indarra.

6. Betiere nahitaezko betebeharra izanen da banku batean helbideratzea, behar diren kuotak kobratzeko.

7. Kuota murriztuak izateko baldintzak:

–Kuota murriztuak 26 urtetik beherakoei aplikatuko zaizkie, bi baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Familiako 2 kide igerilekuko denbora mugarik gabeko abonatu izatea, banakako kuotak ordaintzen dituztenak murrizketarik gabe.

b) Familiako kide horiek izatea aita, ama, legezko tutoreak edo 26 urtetik beherako anai-arrebak, eta bere guraso edo legezko tutoreetako batekin bederen bizitzea.

–26 urtetik gorako anai-arrebek ez dute murrizketarako eskubiderik sortzen, eta ez dute kuota murrizturako eskubiderik.

–Udalak noiznahi egiaztatzen ahal ditu murrizketarako eskubidea ematen duten familia-egoerak, eta, betiere, hilabetero berrikusiko dira.

–Izena emanik, edo hileroko ordainagiria eginik, kontuan hartu ziren familiaren inguruabarrak aldatzen badira, horiek ez dute ondoriorik izanen hurrengo hilabetera arte.

8. Erretiratuek eta pentsiodunek, gizarte sektore horretarako ezarritako kuotak izan nahi badituzte, frogatu beharko dute haien diru-sarrerek ez dutela gainditzen lanbide arteko gutxieneko soldata, kontuan hartuz familia-unitatearen per capita errenta.

9. Eszedentziak: Etenik geldituko da bai hileroko kuotaren kobrantza bai kirol-instalazioetako sarrera, nahitaezko lekualdatze bat gertatzen delarik, gutxienez ere sei hilabete irauten duena, lana edo irakaskuntza arautuak direla eta. Egoera horiek frogatzeko, erakutsi beharko da egoki den lan-kontratua, enpresaren agiria edo ikastetxeko matrikula ofiziala. Eszedentzia-eskaera hilaren 25a baino lehen eskatu behar da, eta hurrengo hilabetetik aurrera izanen ditu ondorioak.

10. 5 urtetik beherako bat denbora mugarik gabe abonatzeko kirol-instalazioetan, beharrezkoa izanen da haren ama, aita edo legezko tutorea denbora mugarik gabeko abonatua izatea.

Iragarkiaren kodea: L2300002