23. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1355E/2022 EBAZPENA, abenduaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita 13,2 kV-eko lur azpiko linea elektrikoaren tarte berri baterako proiektuari buruz, "Bezkitz" transformazio zentro berria eta "Makirriain Leotz" transformazio zentroa lotzeko, Leozko udalerrian. Sustatzailea I-DE Redes Eléctricas Inteligentes da.

2022eko urriaren 3an, Azpiegitura Energetikoen Atalak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuari ekiteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4.b) multzoan.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Leozko Udalari eta Erdialdeko Garapen Partzuergoari kontsulta egin zaie, baina ez da erantzunik jaso horretarako ezarritako epean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren helburua eremuko hornidura elektrikoaren kalitatea eta segurtasuna hobetzea da, sarean uztaiak paratuta. Lur azpiko tarte berri bat paratuko da "Tafalla-Barasoain" 13,2 kv-eko linean, "Bezkitz" TZ berritik (koordenatuak: x 614898, y 4714721) "Makirriain Leotz" TZra (koordenatuak: x 617080, y 4714256). Linea berria Bezkiztik aterako da ekialderantz, Makirriainen sartzeko NA-5113 errepidera iristen den bide batetik, eta herri horretako transformazio zentroan bukatuko da.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Guztira, 3.027 m-ko luzera eta 0,2-0,42 m arteko zabalera duen lur azpiko kanalizazio bat eginen da, oso-osorik egun dauden bideetatik. Zangak egiteko 655 m³ lur mugituko direla kalkulatzen da.

Proiektua Orbaibarko Mendiak paisaia babestuaren barruan dago. Lur azpiko linea bat denez, paisaiaren gaineko inpaktua oso txikia izanen dela uste da. Lineak jarraituko duen bidea lehorreko alorretan, artadietan (Europar Batasunaren intereseko 9340 habitata) eta sastraka mediterraneotan (Europar Batasunaren intereseko 4090 habitata) barna doa. Orbaibarko Mendiak kontserbazio bereziko eremua proiektuak ukitutako eremutik 350 metro hegoaldera dago, gutxi gorabehera.

Makirriainera iritsi aurretik, lineak jarraituko duen NA-5113 errepideak Santsoain ibaiaren adarra den erreka bat gurutzatzen du. Lineak jarraituko duen bidea Erdialdeko BTT ibilbidearen parte da.

Kontsulten emaitza ikusita, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, aldeko txostena ematen dio 13,2 kV-eko lur azpiko linea elektrikoaren tarte berri baterako proiektuari, "Bezkitz" transformazio zentro berria eta "Makirriain Leotz" transformazio zentroa lotzekoari, eta adierazten du ez dela ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. 13,2 kV-eko lur azpiko linea elektrikoaren tarte berri baterako proiektuak, "Bezkitz" transformazio zentro berria eta "Makirriain Leotz" transformazio zentroa lotzeko I-DE Redes Eléctricas Inteligentesek Leozko udalerrian sustatu duenak, ez du ondorio nabarmenik ingurumenaren gainean ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzetan eta, beraz, ez du behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. sekzioan aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.

Aurrekoa gorabehera, baimenak berekin dakar baldintza hauek betetzea:

–Lineak lehendik dauden bide eta errepideen trazadurari jarraituko dio, landaredi naturalari eta Batasunaren intereseko habitatei eragin gabe.

–Bideetatik kanpo hondeaketaren bat eginez gero, obren hasieran landare-lurraren 30 cm-ko gutxieneko lodierako geruza bat kenduko da, eta gainerako hondeaketa-lurretatik bereizita pilatu beharko da. Ondoren, ukitutako eremu guztiak leheneratuko dira, landare-lurra zabaldu eta ondoren orraztuta, inguruko lurren fisiografiarekin ongi egokitzen den arte.

–Sarbideak egun dauden azpiegituren bidez eginen dira. Materialak pilatzeko eta obrako makinen joan-etorrietarako eremuak ahalik eta azalera txikiena hartuko du, eta argi zedarrituko da tokian bertan, obrei ekin aurretik. Ez dago baimendurik obrako materialak pilatzea, ezta makinak izateko lekua ingurumenaren aldetik sentikorrak diren tokietan kokatzea ere (naturagune babestuak edo Natura 2000 Sarekoak, arboladi naturalak eta ibai bazterrak).

–Ur ibilguen inguruetan, espresuki debekatuta dago ibai ibilguan edonolako isuriak egitea, eta arreta berezia jarriko da substantzia kutsagarriak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak eta hormigoia.

–Txosten honek ez du sustatzailea salbuesten indarreko legediaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk eskuratzetik.

–Sustatzaileak zerbaiten berri eman behar badio Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldeari (obren hasiera, eta abar), mezu elektronikoa bidaliko dio Tafalla-Zangoza barrutiari (gmatafalla@navarra.es).

2. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Azpiegitura Energetikoen Atalari, Leozko Udalari eta Basozainak/Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tafalla-Zangoza barrutia), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2217626